Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2015eko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1515

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 18koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, herritarren parte-hartzearen arloko Elkarrekin Bonuak programaren 2015eko deialdia egiten duena.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez, Elkarrekin Bonuak programa arautzen da, hots, bakearen, giza eskubideen, indarkeriarik ezaren eta printzipio demokratikoen sustapena sustatzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, hain zuzen ere bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.

Programa horren bidez, diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen arloan garatutako proiektuak finantzatzeko da.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezartzen denez, laguntza horien deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, eta, han, zehaztuko egingo dira deialdiaren xedea, laguntza-ildo bakoitzaren diru-hornidura, bonuen diru-zenbatekoa, proiektuen hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea, eskabide-eredu normalizatu bat, diru-laguntzak justifikatzeko epea eta era, eta, hala badagokio, baliabide elektronikoak erabiltzeko prozedurak eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak programaren 2015eko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen arloan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2015eko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere amaituta egon beharko dute 2015eko abenduaren 31n.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Programa honetarako 60.000 euro bideratuko dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak bete.

2. – Herritarren parte-hartzearen esparruko diru-laguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakea, bizikidetza eta giza eskubideen arloan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Herritarren parte-hartzearen arloko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuko ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari; alegia, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Ezingo dira metatu bonuak proiektu berean kopuru hauek gainditzeraino:

a) 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

b) 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

c) 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.

4.– Laguntzek honako lege hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzarik eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Ituraren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2015eko azaroaren 14ra bitartean, non eta ez diren funtsak egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez, eta atzera botako dira ebazteke dauden diru-laguntza guztiak.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira leku hauetan: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoak (Zuzenean); lurralde-ordezkaritzak eta beste erakunde laguntzaile batzuk. Bestela, Herri-administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideak ere erabil daitezke.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Programa honen erakunde onuradunek aurkeztu beharreko eskabideak inprimaki normalizatuetan egin beharko dira (ebazpen honen eranskinean ageri dira inprimakiok).

2.– Eskabideekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako agiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Balorazio Batzordea

Balioespen Batzordea eratuko da. Hona hemen kideak:

– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburua.

– Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.

– Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekidea.

9. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Ebazpenak erakunde onuradunei eta hartzaileei jakinaraziko zaizkie, eta jakinarazpenean Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta erakunde hartzaileak ordaindu beharreko kopurua jasoko da.

10 artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Diru-laguntza justifikatzeko epea hiru hilabete izango da, egindako jarduera bukatzen den egunetik hasita.

2.– Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek diru-laguntzaren erabilera justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, eta, horien artean, betiere honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak); generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazio bat.

c) Entitate hartzailearen ziurtagiri bat, proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten jasotzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloaz ebazpen honetan berariaz arautu gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 18a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala