Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2002ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
508

9/2002 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, Euskaltel, S.A. Sozietatearen 2002. ekitaldiko kapital gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzeko baimena ematen duena.

Euskaltel SA enpresak telekomunikabideen zerbitzuak eta sareak kudeatzea, ustiatzea, merkaturatzea eta banatzea du helburu. Bere proiektua, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko operadore integrala bihurtzea da.

Sozietatearen Administrazio Kontseiluak 2001eko abenduaren 19an izandako bileran Akziodunen Batzar Nagusiari kapital gehikuntzaren onarpena proposatzea erabaki zuen, kapitalaren zenbatekoa berrehun eta berrogeita hamar milioi eta berrehun mila (250.200.000) eurotan jarriz. Horretarako, hirurogei (60) euroko milioi bat eta berrogei mila (1.040.000) akzio aterako dira.

Kapitala gehitzeko txostena —Administrazio Kontseiluak gertatutakoa— aztertu ostean, bidezkotzat jo da gehikuntza horretan parte-hartzea. Horretarako milioia zortziehun eta hirurogeita hamabi mila (1.872.000) euro jarriko ditu 60 euroko hogeita hamaika mila eta berrehun (31.200) akzio erosteko. Euskal Autonomia Erkidegoaren partaidetza kapital sozialean %3an gelditzen da horrela.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 44.1 artikuluan xedatzen denez, Jaurlaritzak dekretu-bidez eman behar dio baimena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari edozein eratako sozietateak sortzeko edo horietan partaide izateko. Horretarako, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta enpresa atxikita egongo den saileko sailburuak egin beharko dute proposamena, biok batera. Ekarpena, balioa dena dela, dirutan edo jabari pribatuko ondasunen bidez egin ahal izango da.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzak 2002ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari Euskaltel S.A. Sozietate Anonimoaren kapital gehikuntzan parte hartzeko baimena ematea milioia zortziehun eta hirurogeita hamabi mila (1.872.000) euroko ekarpenarekin. Harpidetuko diren akzioen izendatuari dagokio, oso-osorik, zenbateko hori. Gehikuntza egin ostean Euskal Autonomia Erkidegoak Euskaltel SAren kapitalean izango duen portzentaia %3koa izango da, hots, berrehun eta berrogeita hamar milioi eta berrehun mila (250.200.000) euro.

2. artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari baimena ematea akzioen harpidetza eta estaldura egiteko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean egiteko, eta aurreko artikuluetan xedatzen dena betetzeko ezinbestekoak diren jardunak burutzeko.

AZKEN XEDAPENA

Onartzen denetik izango ditu ondorioak Dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala