Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2002ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
519

EBAZPENA, 2001eko abenduaren 26koa, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Ebazpen honen bidez, 2000ko abuztuaren 3ko Ebazpena, laneko osasunaren alorrean eskumenak eskuordetzeari buruzkoa, baliogabetu egiten da.

Estatuaren araudiak (bereziki Lan Arriskuen Prebentzioaren Legeak (azaroaren 8ko 31/1995) eta Prebentzio Zerbitzuen Arautegiak (zeina urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuz onartu, apirilaren 30eko 780/1998 Errege Dekretuz aldatu eta 1997ko ekainaren Aginduz zati batean garatu baitzen)honako hauek arautzen ditu: entitate espezializatuen akreditazio prozedurak, hots, enpresekin loturarik ez dutenak eta prebentzio zerbitzu gisara jardungo dutenak; enpresetako prebentzio sistemaren kontu-ikuskaritza burutu nahi duten pertsona edo entitate espezializatuei baimena ematea; eta laneko arriskuen prebentzio-alorrean prestakuntza jarduerak gauzatu eta ziurtatzeko entitate publiko eta pribatuei baimena ematea. Araudi horretan arautzen dira, halaber, akreditazio eta baimen horien baldintzei eusten zaienentz frogatzearen ondoriozko prozedurak, baita ere, autonomia erkidegoetako organo agintedunetan erregistro bat sortzea aurreikusten da, non prebentzio zerbitzu gisara jarduteko baimena jaso duten entitate espezializatuak inskribatuko baitira. Inskribatuko dira, orobat, prebentzio sistemen auditoriak edo ebaluazioak burutzeko baimena eman zaien pertsona edo entitate espezializatuak.

Aurreko lerroaldeetan aipatu dugun araudiak lan-alorreko agintariei egozten dizkien eskumenak Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak bereganatu ditu, uztailaren 27ko 303/1999 Dekretuko 16 t) artikuluan ezarritakoaren arabera; izan ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretuko 16 t) artikulu horretan honako hau adierazten baita: “laneko osasunaren alorrean Laneko Agintariei dagozkien egitekoak, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari egotzitako eskumenak kontuan izanik”.

2000ko abuztuaren 3an (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 182 zk., 2000ko irailaren 21ekoa), garai hartako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari lan-osasunaren alorreko zenbait eginkizun gauzatzea eskuordetzen zion ebazpena eman zuen:

a) Enpresarekin loturarik ez duten prebentzio-zerbitzu gisara espezializatutako entitateen akreditazioa; enpresetako prebentzio sistemaren kontu-ikuskaritza gauzatu nahi duten pertsona edo entitate espezializatuei baimena ematea; eta laneko arriskuen prebentzio-alorrean prestakuntza jarduerak burutu eta ziurtatzeko baimena ematea entitate publiko edo pribatuei.

b) Entitateen akreditazio- edo baimen-baldintzak, aurreko idatz-zatian aipatutakoak, badirautela frogatzea; eta frogaketa horren ondoriozko egitekoak gauzatzea.

c) Prebentzio zerbitzu gisara kreditatutako entitate espezializatuen eta enpresetako prebentzio sistemaren kontu-ikuskaritza gauzatzeko baimena duten pertsona edo entitate espezializatuen erregistroa.

d) Aipatutako prozeduren erregulazio kontuetan arriskuei aurrea hartzeko araudiak lan alorreko agintaritzari egozten dizkion egitekoak burutzea.

Administrazio-jarduera eraginkorra eta arina izan behar dela eta berez eskuordetzaren figura behin-behingoa dela kontuan hartuta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 13. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, honako hau

EBATZI DUT:

1.– 2000ko abuztuaren 3ko Ebazpena, laneko osasunaren alorrean eskumenak eskuordetzeari buruzkoa, baliogabetzea.

2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko abenduaren 26a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala