Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2004ko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
3870

139/2004 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Loiuko Udalak nahitaezko desjabetzea egiteko, "Etxatxu-Beike eta Kareagane arteko espaloia urbanizatzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Loiuko Udalak 2003ko abenduaren 23an egindako osoko bilkuran hartutako erabaki bidez, nahitaezko desjabetzearen espedienteari hasiera ematea erabaki zen eta jendaurrean jarri ziren nahitaezko desjabetzea egiteko, "Etxatxu-Beike eta Kareagane arteko espaloia urbanizatzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko apirilaren 1ean egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banaka eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio-espedientean adierazten denez, ez zen inolako alegazio-idazkirik aurkeztu.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Proiektuaren helburua da Etxatxu-Beikeren eta Kareaganeko autobus geltokiaren artean, bi espazio publiko horien artean, espaloi bat egitea. Espaloi hori ezinbestekoa da auzokideen interesentzako, izan ere ibilgailu ugari dabilen bide batean oinezkoentzako gune urbanizatu eta babestua gaitu eta bide horretan zehar ibiltzen diren oinezkoen eta auzokideen segurtasuna areagotuko baita.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko uztailaren 6an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Etxatxu-Beike eta Kareagane arteko espaloia urbanizatzeko proiektua" burutu dadin egin beharreko desjabetzea egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Loiuko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude banaka zehaztuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala