Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2006ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
647

EBAZPENA, 2005eko urriaren 7koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD2-13426/04 espedientean Arrate Carrillo López andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Arrate Carrillo López andreak etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko 2004ko azaroaren 5ean egindako eskabidearekin batera hasi ziren jarduketa hauek.

2.– 2005eko otsailean Bizkaiko lurralde-ordezkariak hartutako Ebazpenaren bitartez, 2005eko otsailaren 20a baino lehen eskatzen zaio ondoko helbideko etxebizitza eskualdatzeko eskrituraren fotokopia aurkezteko: Mikel Zarate kalea, 10, 3.a c, Mallabia; edo, bestela, eskualdatutako etxebizitzari buruzko erregistro-orriaren kopia osoa aurkezteko eskatzen zaio.

Horretarako epea amaitu eta ez zuen inolako agiririk aurkeztu, 2005eko otsailaren 28an aurkeztu zituen.

3.– Bizkaiko lurralde-ordezkariak 2005eko martxoaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko aukera ukatu zitzaion.

4.– Arrate Carrillo López andreak martxoaren 10ean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka. Bertan, ebazpenarekin bat ez datorrela adierazten du, eskatutako agiri guztiak aurkeztu zituela alegatuaz. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatu zuen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da gora jotzeko errekurtso hori ebazteko eskumena duen organoa, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtso-egileak interesduna dela kreditatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandako ondorioetarako, eta errekurtsoa arau horretan ezarritako epean eta moduan aurkeztu da.

3.– Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, honela dio 71.1 artikuluan: prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da.

4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 70. artikuluan dioenez, eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, ordezkaria badu, bere ordezkariarenak, baita jakinarazpenak jasotzeko aukeratutako bidea eta lekua ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaria, argi eta garbi adieraziak.

c) Lekua eta eguna.

d) Eskabide-egilearen izenpea edo benetan bere borondatea dela erakusteko edozein eratako egiaztapena.

e) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskabidea.

Bestalde, 71.1 artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da (2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutakoa), babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek, eskatzaileen erregistroari dagokionez, honela dio bigarren artikuluan: ondokoak dira bizikidetza-unitateak edo pertsona fisikoak babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan bere eskaerari alta emateko bete beharreko baldintzak:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularretako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bizi beharko du.

b) Bizikidetza-unitateko kideek ez dute etxebizitzarik eduki behar, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubide edo usufruktuan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Kasu honetan, eskatzaileen erregistroan inskribatzeko ukapena motibatua da, hain justu ere, hartarako epearen barruan (2005eko otsailaren 20a), etxebizitza eskualdatzeko eskrituraren fotokopiarik edo, halakorik ezean, eskualdatutako etxebizitzari buruzko erregistro-orriaren kopiarik ez zuelako aurkeztu (delako etxebizitzaren helbidea hauxe da: Mikel Zarate kalea, 10, 3.a c, Mallabia). Agiri horiek 2005eko otsailaren 28an aurkeztu zituen; beraz, sasoiz kanpo.

Eta ildo horretan honako hau adierazi behar da: bere titularitatepekoa izan zen etxebizitzaren salerosketa-kontratua eskatu zitzaionean, jada ez zen etxebizitza horren titularra; beraz, babes ofizialeko etxebizitza eskatzaileen erregistroan inskribatzeari dagokionez egiaztatua zegoen etxebizitzarik ez izatea; eta horren ondorioz, izapideak betetzeari dagokionez azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikulua aplikatu behar da; eta, bestalde, aipatu dokumentazioa ebazpena eman baino lehen aurkeztu zenez, badu eraginik eta onartu egin behar da, betiere aipatu legearekin bat etorriaz.

Besta arazo bat da ez duela egiaztatu aurreko urteetan ez zela etxebizitza baten titularra; hala ere, etxebizitza eskatzaileen erregistroan inskribatzeari dagokionez ez da eskatzen betekizun hori; hortaz, ebazpena eman zen egunean etxebizitzarik ez izatea egiaztatuta zegoenez, bidezko da aurkeztutako errekurtsoa onestea.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har erabilgarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Bizkaiko lurralde-ordezkariak SD2-13426/04 espedientean emandako Ebazpenaren aurka Arrate Carrillo López andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baiestea. Lurralde Ordezkaritzak, beraz, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan alta eman beharko dio erregistroan sartzeko eskabideari.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko urriaren 7a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala