Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2006ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
648

EBAZPENA, 2005eko azaroaren 8koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB1-0331/05-LC eta EB1-0443/05-LC espedienteetan Diego José Etxezarreta Iglesias jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2005eko ekainaren 6ko Aginduaren bitartez, EB1-0331/05-LC eta EB1-0443/05-LC espedienteen babespean, hasiera eman zitzaion Salburuan babes ofizialeko 401 etxebizitza eta Gasteizko Zapatari kalean babes ofizialeko 12 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2005eko ekainaren 24an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Arabako lurralde-ordezkariak, 2005eko irailaren 26ko emandako ebazpenen bidez, prozedura horietan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen.

3.– 2005eko urriaren 27an, Diego José Etxezarreta Iglesias jaunak aipatu ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, honako hau alegatuaz: dibortzioaren ostean, andre ohiari bere etxebizitzaren

% 100 saldu zion, 61.492 euroren truke, eta horrek ez du egiten 72.000 euroko goreneko zenbatekoa. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatu zuen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Honakoak dira erabili beharreko arauak: abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; 2002ko ekainaren 14ko Agindua, babes ofizialeko etxe-bizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa; eta 2005eko ekainaren 6ko Aginduak, Salburuan babes ofizialeko 401 etxebizitza eta Gasteizko Zapatari kalean babes ofizialeko 12 etxebizitza esleitzeko hainbat espezifikazio finkatzen dituztenak.

3.– Bestalde, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenaren arabera, babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko baldintza izango da bizikidetza-unitateko kideetatik inork etxebizitzarik ez izatea, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubidean, ez gozamenean, Dekretu honen 11. artikuluak adierazten dituen onuradunen esleipen-prozedurari hasiera emango dion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua argitaratu baino bi urte lehenagotik.

Aurrekoa dena dela, Etxebizitzaren Premiaren Inguruko Egoerei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduak, 3. artikuluan, etxebizitzarik ez izatearen baldintzari salbuespen batzuk egiten dizkio, besteak beste:

4.– Banantze edo dibortzio jardunbide baten ostean, eskatzaileak beste etxebizitzarik ez duenean, baldin eta epai-erabaki baten indarrez ordura arteko familia-etxebizitza beste ezkontideari bi urtetik gorako epean erabiltzeko esleitu bazaio, betiere etxebizitza-premiaren inguruabarrei buruzko Aginduaren 2.1 artikuluak aipatzen duen datatik hara zenbatuta.

Ezkontideen ohiko etxebizitza izan dena inorenganatzen bada, betiere, eskrituraren arabera, eskatzailearen partaidetza 72.000 eurotik beherakoa bada.

Etxebizitza Sailburuordetzaren 2005eko otsailaren 8ko 1/2005 Instrukzioaren arabera, dibortzio edo banatze kasuetan 72.000 euroko balioa kalkulatzeko, hipoteka-karga kendu ondoren ateratzen den zenbatekoa likidoa izan beharko da kontuan. Espedientea aztertu da, eta etxebizitza saltzetik ateratzen den zenbatekoa garbia 72.000 eurotik beherakoa dela egiaztatu da, 61.492,07 eurokoa baita; beraz, bidezko da aurkeztutako errekurtsoa onestea.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

EB1-0331/05-LC eta EB1-0443/05-LC espedienteetan, 2005eko irailaren 26an, sail honen Arabako lurralde-ordezkariak emandako Ebazpenaren kontra, Diego José Etxezarreta Iglesias jaunak aurkeztutako errekurtsoa onetsi egiten dut; eta Lurralde Ordezkaritzari adierazten diot eze, Diego José Etxezarreta Iglesias jaunaren SD1-001670/04 eskabidea aipatu sustapeneko onartuen zerrendan sar dezala.

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Gelan. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 8a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala