Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2006ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
649

EBAZPENA, 2005eko azaroaren 18koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD2-03291/05 espedientean Irina Shenguelia Shapiro andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Irina Shenguelia Shapiro andreak etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko 2005eko apirilaren 19an egindako eskabidearekin batera hasi ziren jarduketa hauek.

2.– Irina Shenguelina Shapiro andreari Bizkaiko Lurralde-ordezkariaren 2005eko ekaineko ebazpen baten bidez ekainaren 20a baino lehen banatze edo dibortzio-auzian emandako epaitza irmoaren eta hitzarmen arautzailearen kopia konpultsatua aurkezteko eskatu zitzaion.

2005eko ekainaren 16an agiriak aurkezteko epea luzatzeko eskatu zuen.

3.– Bizkaiko lurralde-ordezkariak 2005eko uztailaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko aukera ukatu zitzaion, eskatutako agiriak ez aurkeztegatik.

4.– Irina Shenguelia Shapiro andreak, ebazpen horrekin bat ez zetorrela-eta, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2005eko uztailaren 11n, banatze-epaitzarekin batera.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da gora jotzeko errekurtso hori ebazteko eskumena duen organoa, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu da. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, honela dio 71.1 artikuluan: "Prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da".

Bestalde, 71.1 artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da (2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutakoa), babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek, eskatzaileen erregistroari dagokionez, honela dio bigarren artikuluan: "Ondokoak dira bizikidetza-unitateak edo pertsona fisikoak babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan bere eskaerari alta emateko bete beharreko baldintzak:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularretako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bizi beharko du.

b) Bizikidetza-unitateko kideek ez dute etxebizitzarik eduki behar, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubide edo usufruktuan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Eskuartean dugun honetan, konpontze epearen barruan, orain errekurtsogile denak eskatutako agiriak aurkezteko epea luzatzeko eskatu zuen; errekurtsoarekin aurkeztutako banaketa-epaitzaren kopia onartu behar dela uste dugu, eta ez da epez kanpotzat jotzen. Halere, hitzarmen arautzailearen kopia ez du oraindik aurkeztu, eta honenbestez, eskatutako agiri guztiak aurkeztu gabe daudela ondorioztatzen da.

Honegatik guztiagatik, errekurtsoa atzera bota da eta Etxebideren Erregistroan izen-emana egon ahal izateko honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu: beste eskaera bat, banatze-epaitza irmoaren eta hitzarmen arautzailearen kopia, etxebizitzarik ez duela, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatua dagoela (noiztik zehaztuz) egiaztatzen duten agiri guztiak eta 2004ko ekitaldiari dagozkion diru-sarrerak.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har erabilgarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Irina Shenguelia Shapiro andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtsoa Bizkaiko Lurralde ordezkariak SD2-03291/05 espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, eta bere hartan sendetsi behar da, zuzenbidearekin bat baitator.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 18.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala