Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2006ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
653

AGINDUA, 2006ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, Antzuolako (Gipuzkoa) Iturbe Haundi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2005eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez, Antzuolako (Gipuzkoa) Iturbe Haundi baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2005eko urriaren 18ko 198. zk. duen EHAAn argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Antzuolako (Gipuzkoa) Iturbe Haundi baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Antzuolako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urtarrilaren 10a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugen barne sartuko dira, alde batetik, eraikina bera eta, bestetik, honen inguruko lurrak. Horrela, eremuak honako muga hauek izango ditu: Iparraldean, alde honetako fatxadatik 17 m-ra dagoen zortasun-bidea; Hegoaldean, alde honetako fatxadatik 40 m-ra dagoen lerro paralelo bat; Ekialdean, alde honetako fatxadatik 25 m-ra dagoen lerro paralelo bat; eta Mendebaldean, baserriaren fatxadatik 25 m-ra dagoen bide publikoa.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako muga horiek, isolatua dagoen eta etorkizunean garatzeko asmorik ez duten Iturbe Haundi baserriaren ingurumen eta ikusmeneko balioak babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta balioesteko. Horrenbestez, baserriaren inguruko lurrek eta eraikinerako bideak okupatutako espazioak babestu behar dira, baserriaren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barne, baserriaren eraikinaz gain, bere ingurua ere hartzen dugu.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Lizarraga auzoko goialdean, erdi-mailako aldapan dago kokatua baserria. Oinplano karratuko eraikina da, 25 m x 25 m, eta bi isurkiko zurezko estalkia du. Bizkarra, Hego-mendebaldeko fatxada nagusiarekiko elkarzuta du. Bi solairu eta ganbara ditu.

Fatxada nagusiaren beheko solairua harri-hormaz egina dago, eta ia erdian erdi-puntuko bi arku dobelatu ditu. Lehen solairuan, zentratua ez dagoen armarri bat dago, eta bi aldeetara balkoi karelatua, leiho bat eta argizulo bat ditu harlanduz inguratuak. Bizkarra, pinoiaren erdian dagoen harlanduzko zutabe angeluzuzen batek eusten du. Pinoi horren bi aldeetara irekita dago. Ipar-mendebaldeko fatxada ia osorik harlandusko gotikoz egina dago, fatxada nagusiaren ondoan dagoen zati txiki bat izan ezik; zati hau harri-hormazkoa da. Fatxada horretan hiru gezileiho daude. Hego-ekialdeko fatxadaren zati bat harlandusko gotikoz egina dago, eta beste bat harri-hormaz. Bertan, beheko solairuan, harlanduz inguratutako sei leiho-bao daude. Lehen solairuko eta ganbarako teilatupean zenbait leiho-bao daude. Ipar-mendebaldeko fatxadaren zati handiena ere harlandusko gotikoz egina dago. Bertan, Iparraldeko ganbarara sartzeko atea dago. Beheko solairuko erdian beste sarrera txikiago bat ere agertzen da. Gainera, fatxadan irregularki kokatuta, beste bost leiho txiki ikus daitezke.

Barruan, eraikinaren egitura, pieza bakarreko zurezko hamalau zutabek eusten dute. Zutabe hauek, beheko solairuko lurzoruan hasten dira harrizko zapaten gainean. Zutabeen egitura honek, barruko zurajea osatzen duten hainbat habe eta beso mihiztatu eusten ditu. Deskribatutako zonak, baserriaren oinplanoaren bi heren hartzen ditu. Harlandusko gotikoko horma handi batek, goian deskribatutako zona eta gainerako zona bereizten ditu. Horma hau, oinplanoaren Hego-ekialdean dago eta beste aldea hartzen duen etxebizitza-zona babesteko suhesi funtzioa betetzen du. Lehen solairuraino heltzen den beste horma bat, hau ere gotikoa, goian deskribatutakoarekiko elkarzut da, eta zurezko barruko egitura eta oinplanoko Hego-mendebaldeko zona banatzen ditu. Zati honetan, XVIII. mendekoa bezala datatutako atalondo nagusia dago. Bertatik, Hego-ekialdean dagoen etxebizitzako zonara sartzen da, burdin forjatuz egindako ate blindatu bat gurutzatuta.


Azterketa dokumentala