Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2006ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
655

AGINDUA, 2006ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, Aiako (Gipuzkoa) Aizpitarte baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2005eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez Aiako (Gipuzkoa) Aizpitarte baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2005eko urriaren 19ko EHAAren 199. zenbakian argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Aiako (Gipuzkoa) Aizpitarte baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Aiako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Aiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urtarrilaren 10a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugen barne sartuko dira, alde batetik, eraikina bera eta, bestetik, honen inguruko lurrak. Horrenbestez, eremu horrek honako muga hauek izango ditu: Ipar-mendebaldean, fatxadatik 24 m-ra dagoen Aia eta Asteasu bitarteko errepide probintzialeko areka; Hego-mendebaldean, baserriaren fatxadatik 25 m-ra paraleloan doan lerro bat; Hego-ekialdean, baserriaren fatxadatik 40 m-ra paraleloan doan lerro bat; eta Ipar-ekialdean, baserriaren fatxadatik 14 m-ra paraleloan doan lerro bat.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako muga horiek, zona isolatu batean dagoen Aizpitarte baserriaren ingurumen eta ikusmeneko balioak babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta baloratzeko. Horrenbestez, baserriaren inguruko lurrek eta eraikinerako sarrerak okupatutako espazioak babestu behar dira, baserriaren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barne, baserriaren eraikinaz gain, bere ingurua ere hartzen dugu.

II. ERANSKINA
Deskribapena

Harri-hormaz egindako oinplano angeluzuzeneko XVIII. mendeko baserri barrokoa Kurpidea bailaran dago, aldapa handiko gune batean. Bi solairu, ganbara eta sotoa ditu. Hiru isurkiko estalkia.

Hego-mendebaldera begira dagoen fatxada nagusiaren beheko solairuan, etxebizitzara sartzeko bi orriko ateak dituzten bi sarbide ditu, bai eta beste sarbide txikiago bat ere. Alde honetan hiru leiho tartekatu daude. Lehen solairuan, estalkipean, lau leiho erregular azaltzen dira. Ipar-mendebaldeko fatxada oso baxua da lurzoruaren aldaparen ondorioz. Bertan, zurezko bi orri dituen harlanduz inguratutako ate dintelatua dago. Atearen gainean, eta fatxadaren neurria kontuan hartuta, armarri handia aurkituko dugu. Aipatutako guztiaz gain, fatxada honetan bi leiho txiki daude. Ipar-ekialdeko fatxadako beheko solairuan ate bat dago. Fatxada horretan ere bost leiho daude, bi beheko solairuan eta hiru estalkipean. Alde honetan ere itsututako atari zahar bat agertzen da. Hego-ekialdeko fatxada, lurzoruaren aldaparen ondorioz, oso altua da. Alde horretako beheko solairuan, sotorako sarrera eta bost leiho-bao diferente daude; lehen solairuan berriz, lau leiho. Fatxada honetako bao guztiak harlanduz inguratuak daude.

Eraikinak oso oinplano erregularra du, eta haritzezko sei ardatz-pilare ditu. Pilareak, eraikinaren armadura jarri eta mihiztatzen den harrizko zapata-oinarrien gainean daude. Beheko solairutik hasi eta ganbarara heltzen diren habeak eusteko besoak ditu. Ganbaran, pilareez gain, estalkia eusteko petralen gainean beste hainbat pilare partzial daude. Egiturak, arotzeriako arte-markak ditu.


Azterketa dokumentala