Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4760

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateako Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen Arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egutegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutakoUPV/EHUko Graduondoko Batzordearen arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Arautegi honek Graduondoko Batzordea arautzen du UPV/EHUko Estatutuetako 89. eta 90. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

Graduondoko Batzordearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen Arautegia onartzea eranskinean jasotako idazkeran.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCIA.

GRADUONDOKO BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Osaera.

1.– Graduondoko Batzordearen burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldeko hamabost lagun, hiru jakintzaren adar bakoitzeko, irakaskuntzaren edo ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia eta graduondoko ikasketa ofizialen gestioan esperientzia dutenak; eta master edo doktoregoko bost ikasle. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere, proportzioa gordeta; era berean, batzordeko kideak izendatzeko prozedura eta funtzionamendua arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko dira emakumezko eta gizonezko kideen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Batzordeak idazkari teknikoa izango du; Akademia Antolakuntzako burua izango da idazkari teknikoa, eta ahotsa izango du, baina ez botorik. Kargua utziz gero edo gaixorik edo kanpoan egonez gero, Akademia Antolakuntza Zerbitzuko teknikari abokatua izango da haren ordezkoa.

3.– Graduondoko Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

4.– Gehienez ere segituko bi agintaldi bete ahal izango dira UPV/EHUko Graduondoko Batzordean.

2. artikulua.– Eskumenak.

Graduondoko Batzordearen eskumenak dira:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Graduondoko ikasketen helburuak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, plangintza estrategiko orokorraren barruan, bai eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena onartzekoa ere.

c) Graduondoko ikasketetako kalitate batzordeek beren lana zuzentasunez egiten dutela bermatzea eta ziurtatzea.

d) UPV/EHUko graduondoko titulu ofizialetako eta graduondoko berezko ikasketen garapena ebaluatzea, bai eta UPV/EHUko graduondokoen kalitateari buruzko urteko txostena egitea ere.

e) Graduondoko tituluak sortu edo aldatzeko proposamenen berri ematea.

f) Graduondoko ikasketen arloko ikasketa berrikuntzako programen berri ematea.

g) Ikastegiak eta sailak sortu, aldatu eta kentzeko proposamenen berri ematea Gobernu Kontseiluari, kasuan kasuko campuseko batzarra entzun ondoren.

h) Batzordearen eskumeneko diren berezko tituluak luzatzeko erabakia hartzea.

i) Doktorego tesien epaimahaietarako proposamenak egitea.

j) Graduondoko sari bereziak onartzea ikastegiek eta doktoregoko eskolek egindako pro­posamenari jarraituz.

k) Graduondoko ikasketen harmonizazioa zaintzea.

l) Estatutuek eta horiek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere. Ondorio horietarako, graduondokoei buruzko unibertsitate arauetan Doktoregoko Azpibatzordea edo Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordea aipatzen diren bakoitzean, aipamen horiek Graduondoko Batzordeari buruzkoak direla ulertuko da.

m) Bere eskumeneko ikasketetako kalitatezko prestakuntza programen katalogoei buruzko iritzia ematea.

3. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Hautesle izango dira, nork bere jakintzaren adar nagusian aurkeztu diren hautagai zerrendei botoa emateko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkor guztiak, betiere, jardunean badaude eta zerbitzuak betetzen UPV/EHUn.

2.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izango dute (hautagarri izan ahalko dira) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoek, baldin eta jardunean eta zerbitzuak betetzen ari badira UPV/EHUn, irakaskuntzaren edo ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua badute hautagai zerrendak ixteko epea bukatzean, eta esperientzia badute graduondoko ikasketa ofizialen gestio lanean. Hautagai zerrendak jakintzaren adarren arabera aurkeztuko dira, eta hautagaiak kasuan kasuko adarrekoak izan behar dira.

a) Graduondoko ikasketa ofizialen arloko esperientziatzat hartuko da: ikastegiko dekano edo zuzendari izatea edo izana; doktoregoko eskolako zuzendari izatea edo izana; ikastegiko dekanoorde edo zuzendariorde izatea edo izana; ikastegiko idazkari izatea edo izana; saileko zuzendari izatea edo izana; unibertsitateko ikerketa institutuko zuzendari izatea edo izana; graduondoko programa ofizialetako arduradun izatea; edo kargu horietan aritu izana; egungo Doktorego Azpibatzordeko kide edo antzinako Doktoregoko Batzordeko kide izana. Horiez gain, akademia gestioaren arloko karguren batean aritu izana ere hartuko da esperientziatzat.

b) Irakaskuntzaren arloko esperientziarako, gutxien dela 2 bosturteko izan beharko dira egiaztatuta edo horren baliokidea.

c) Ikerketako esperientziarako, ikerketako seiurteko bat izan beharko da Ikerketako Jarduna Egiaztatzeko Estatuko Batzordeak (CENAIk) egiaztatua edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egindako pareko ebaluazioren baten bidez lortua edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo pareko agentziaren batek emana; edo gaitasunengatik edo arlo akademikoan izandako ibilbidearengatik komunitate zientifikoan itzal handia aitortua daukan curriculuma izatea.

3.– Irakasle eta ikertzaileen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe horretan guztian bete beharko dira hautagarri izateko baldintzak.

4. artikulua.– Ikasleek bete beharreko baldintzak hautagai izateko.

1.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izateko eta hautetsi izanez gero Graduondoko Batzordeko kide izan ahal izateko, ikasleak doktoregai edo master ofizialetako ikasle izan behar dira, eta matrikula indarrean izan behar dute UPV/EHUn.

2.– Ikasleen agintaldia bi urtekoa izango da.

5. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Ondokoak dira Graduondoko Batzordeko ordezkariek kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Gobernu Kontseiluak kargutik kentzeko proposamena egitea.

g) Arautegi honetako 3.2 eta 4. artikuluetan zehaztutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

h) Segidan hiru bileretara edo tarteka bost bileretara huts egitea.

i) Batzordearen osaera osoan desoreka handia izatea gizonezkoen eta emakumezkoen artean, xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordeak, Gobernu Kontseiluari proposatuko dio, UPV/EHUren Ikasle Kontseilua entzun ondoren, karguan berrestea hautagai zerrenda bereko ordezkoa, edo, ordezkorik ez badago, arautegi honetan zehaztutako baldintzak beteta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

6. artikulua.– Kide hautetsiak eta errektoreak proposatutakoak.

1.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordean irakasle eta ikertzaileek hamabost ordezkari izango dituzte: hamar hautetsiak izango dira eta bost, errektoreak proposatuak.

2.– Ikasleen bost ordezkarietatik hiru Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkarien artetik aukeratuko dira; arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasleak aurkeztu ahal izango dira eta horretarako zehaztutako epean aurkeztuko diote hautagaitza Klaustroko Mahaiko buruari. Beste bi ordezkariak errektoreak egindako proposamenari jarraituz berretsiko dira, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

7. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko prozesuko Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskunde prozesurako Hauteskunde Batzordea eratuko da, era honetara osatua: batzordeburua akademia antolakuntzaren arloko eskumenak dituen errektoreordea izango da; idazkaria, idazkari nagusia; eta kide bat, hautesleen artetik zozketaz aukeratua.

2.– Batzordearen eginkizunak izango dira: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, arautegi hau interpretatzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea eta erreklamazioak ebaztea.

8. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozedurari hasiera ematea.

1.– Idazkari nagusiak egingo du hauteskunde prozesuari hasiera emateko deia, Graduondoko Batzorderako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko xedez.

Deialdia egiteko erabakia argitaratu egingo da, eta ondokoak jaso beharko dira bertan:

a) Hautesle errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

c) Behin-behineko errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagarriek hautagai izateko guraria adierazteko daukaten epea.

f) Hautagai izateko guraria adierazi dutenek hauteskunde batzordeburuari beren hautagaitza aurkezteko daukaten epea.

g) Behin-behineko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

h) Hautagaien kontra egiteko edo akatsak zuzentzeko epea.

i) Behin betiko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

j) Bozketa eguna eta tokia.

k) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

l) Emaitzen kontra egiteko epea.

m) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

2.– Akademia antolakuntzaren arloko eskumenak dituen errektoreordeak emango ditu argitara erroldak, hautagaitzak eta hauteskundeetako emaitzak.

9. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozeduraren nondik norakoak.

1.– Hautesle errolda jakintzaren adarren arabera osatuko da, oinarri hartuta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkor bakoitzari atxikipenez dagokion jakintzaren adarra.

2.– Hautagai izan nahi duten unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek idatzia aurkeztu beharko diote akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeari, adieraziz hauteskunde prozesuan hautagai izan nahi dutela eta zehaztuta jakintzaren zein adarretakoak diren. Idatzia hauteskunde egutegian hautagai izateko guraria adierazteko zehaztu den epearen barruan bidali beharko da, eta, edozelan ere, arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeak, hiru eguneko epean, jakintzaren adar bakoitzean hautagai izateko guraria adierazi dutenen zerrenda igorriko die guztiei, horren arabera banakako hautagaitza (eta nahi izanez gero ordezko eta guzti) aurkez dezaten horretarako ezarritako epearen barruan.

4.– Hautagaitza aurkezteko epea behin amaituta, Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egingo du hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, eta akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeak argitara emango ditu jakintzaren adar bakoitzerako aurkeztu diren hautagaitzak (ordezkoekin edo ordezkorik gabe).

5.– Bozketaren egunean, hautesleek beren jakintzaren adarreko hautagaitza bakar bati emango diote botoa.

10. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, hautesleek aldez aurretik eman ahal izango dute botoa Hauteskunde Batzordeko buruaren aurrean edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

11. artikulua.– Hauteskunde mahaiak.

Hauteskunde egunean, Hauteskunde Batzordeak behar beste hauteskunde mahai eratuko ditu bozketa behar bezala gauzatze aldera. Hauteskunde mahaietako buruak akademia antolakuntzaren arloan eskumenak dituen errektoreordeak izendatuko ditu, eta bi mahaikide izango dira jendaurrean egindako zozketa bidez aukeratuak hautagai ez diren hautesleen artetik.

12. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskuordetza daukan errektoreordeak, Graduondoko Batzordeko kide izen­datuko du jakintzaren adar bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia. Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

2.– Ezin izango dira, inolaz ere, sail berera atxikitako pertsonak izendatu batzorderako. Zerren­dako lehenengo hiruren artean sail berera atxikitakoak badaude, kide izateko izendatuko dira lehenengoa eta sail berekoak ez diren bi hurrengoak.

13. artikulua.– Errektoreak proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

1.– Gainontzeko bost ordezkariak (bat jakintzaren adar bakoitzeko) errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren taldekoak izanik arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenen artetik aukeratuak. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Gobernu Kontseiluak berretsi egin beharko ditu errektoreak proposatutako ordezkariak.

3.– Berretsi ezean, errektoreak beste proposamen bat egingo du Gobernu Kontseiluak berrets dezan.

4.– Kargua utzi delako hutsik geratu diren postuak edo batzordea handitzea erabaki delako bete beharrekoak betetzeko, hautetsien zerrendako ordezkoak izendatuko dira horretarako aukera baldin badago; bestela, ordezkorik ez badago, jakintzaren adar berean boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia izendatuko da. Hala ere, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko, betiere irizpide berberei jarraituz. Errek­toreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

14. artikulua.– Ikasleen hautagai zerrendak.

1.– UPV/EHUko doktoregaien edo/eta masterretako ikasleen hiru ordezkariak aukeratzeko, ikasle horiek hautagai zerrenda aurkeztu beharko diote Klaustroko Mahaiko buruari; horretarako epea bozketa egingo den Klaustroko bilerako zehaztapenetan adierazitakoa izango da.

2.– Hautagai zerrendetan titularrak eta ordezkoak zehaztu beharko dira.

15. artikulua.– Bozketa Unibertsitateko Klaustroan.

Hautesle izango dira Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariak.

16. artikulua.– Ikasleen ordezkariak aukeratzeko hauteskunde prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskumenak eskuordetuta dituen errektoreordeak, UPV/EHUko doktoregaien edo/eta masterretako ikasleen ordezkari izendatuko ditu boto gehien lortu dituzten hiru hautagaiak.

2.– Izendatutako ordezkariek indarrean izan behar dute UPV/EHUko doktorego programako edo master ofizialeko matrikula.

3.– Berdinketarik egonez gero, Klaustro Mahaiak zozketa bidez ebatziko du.

17. artikulua.– Errektoreak proposatutako ikasleen ordezkariak.

1.– Ikasleen beste bi ordezkariak errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari UPV/EHUko doktoregaien edo/eta masterretako ikasleen artetik aukeratuta; ikasleok indarrean izan behar dute UPV/EHUko doktorego programako edo master ofizialeko matrikula. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko.

18. artikulua.– Batzordea eratzea.

Gobernu Kontseiluak hautagaiak berretsi edo izendapenak egin eta 15 eguneko epean eratuko da Graduondoko Batzorde berria.

19. artikulua.– Barne arautegia.

1.– Graduondoko Batzordeak barne arautegia onartuko du. Bestelakorik ezarri bitartean, Ikastegien Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoetarako zehaztutako arauei jarraituko zaie, arau horiek ezartzea posible den heinean.

2.– Barne arautegian zehaztu egin beharko da zein irizpide ezarriko diren banakako hautagai zerrendetako ordezkoek kide anitzeko organoan parte hartu dezaten titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo, oro har, behar bezala egiaztatutako arrazoiren batengatik titularra ez dagoenean. Egoera horretako batean dauden titularrek horren berri eman beharko diote batzordeburuari barne arautegian zehaztutakoari jarraituz.

3.– Eginkizunak hobeto betetzeko, batzordeak Batzorde Iraunkorra izendatu ahal izango du, bai eta behar beste azpibatzorde ere; horiek guztiak autonomoak izango dira eta erabakimena izango dute eskuordetuta dituzten gaietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko kide diren irakasle eta ikertzaileek kredituak lortu ahal izango dituzte, jardun akademikoari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz. Ikasleek kredituak izango dituzte batzordeko kide izateagatik, arloko araudiari jarraituz.

Bigarrena.– Batzordearen osaera osoan desoreka handia baldin badago gizonezko eta emakumezkoen artean, batzordea berritu egin beharko da urtebeteko epean, parekotasuna lortze aldera.

XEDAPEN IRAGANKOR

Arautegi hau indarrean jarri ostean egingo den lehen Klaustroko aztergaien zerrendan Graduondoko Batzorderako ikasleen ordezkarien hauteskundeei buruzko puntua sartuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratuko da Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordea aukeratzeko hauteskundeei buruzko arautegia (2005eko apirilaren 7ko EHAAn argitaratua), baina batzordeak jardunean jarraituko du Graduondoko Batzordea eta Graduko Batzordea eratu arte.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA:
JAKINTZAREN ADARRAK

Estatutuen 89.1 artikuluaren ondorioetarako, jakintzaren adartzat hartuko dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, II. eranskinean jasotakoak:

Arteak eta Giza Zientziak.

Zientziak.

Osasun Zientziak.

Gizarte eta Lege Zientziak.

Ingeniaritza eta Arkitektura.


Azterketa dokumentala