Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2012ko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
5915

EBAZPENA, 2012ko urriaren 31koa, Berrikuntza eta Teknologiako saiburuordearena. Honen bidez, argitara ematen da 2008ko azaroaren 27ko Aginduaren esparruan ezarritako laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia. Agindu horren bidez, oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko proiektuak burutzeko laguntza-programa arautzen da («Nets Programa»).

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko azaroaren 27ko Aginduaren bitartez, oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko proiektuak egiteko NETs laguntza programa arautzen da (2008ko abenduaren 23ko EHAA). Agindu hori Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez aldatu da.

Aipatutako aginduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, egoki da hor iragarritako laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 13. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen helburua da Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko azaroaren 27ko Aginduan ezarritako laguntzen 2013. ekitaldiko deialdia egitea. Agindu horren bitartez, oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko proiektuak egiteko Nets laguntza-programa arautzen da. Agindu hori, halaber, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez aldatu da.

2.– Programa hori finantzatzeko, 4.000.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2013ko ekitaldirako eta arlo horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kontura.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, ez eta, indarrean dagoen legeriari jarraituz kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, kopuru hori prozedura ebatzi aurretik handitzearen ondorioz sortutako diru-kopurutik gorakoa ere. Halako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) Nets programa finantzatzen laguntzen du.

2. artikulua.– Betekizunak.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, Nets programa arautzen duen Aginduko 7. eta 8. artikuluetan proiektu eta onuradunei buruz ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatean aurkeztu beharko dira (Urkixo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao), bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz, bai eta https://www.spri.es/idi/idi web gunean ere.

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi, eta 2013ko martxoaren 29an bukatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen da. Bada, agindu horrekin bat etorriz, prozedura ebazteko eta deialdiko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 31.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.


Azterketa dokumentala