Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2012ko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
5917

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 5ekoa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena, 2013ko ekitaldiari doakionez, zentro teknologikoei eta beren korporazioei eta itun teknologikoei laguntzeko programaren deialdia publiko egiteko dena (Emaitek Programa).

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko irailaren 25eko Aginduak arautzen du zentro teknologikoak eta beren korporazioak eta itun teknologikoak laguntzeko programa. Emaitek Programa (2008ko urriaren 16ko EHAA, 98. zk.).

Aipatutako aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, egoki da, 2013ko ekitaldiari doakionez, diru-laguntzetarako urteko deialdia publikoa egitea; eta, hartarako, beharrezko arauak ematea.

Laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 9.2 artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da: zentro teknologikoak eta beren korporazioak eta itun teknologikoak laguntzeko programa (Emaitek programa) arautzeko, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko irailaren 25eko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2013ko ekitaldirako deialdia egitea. Hartarako, finantziazioa esleituko zaie, betiere daukaten jarduera globalaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean.

10. artikuluko 4.2 eta 5. puntuetan zehazten da zein agiri aurkeztu behar dituzten erakunde onuradunek, euretan 2013ko ekitaldiaren aldia sartuko da. Emaitzetara zuzendutako zentro teknologikoari egokitzearena ebaluatzea, 2012ko ekitaldiari dagokiona izango da."

Zentro teknologikoei 2013 urterako emandako diru-laguntzaren % 50ekoa izango da lehen ordainketa, eta diru-laguntza ebazpena jakinarazi bezain pronto gauzatuko da, betiere 15. artikuluko 2.a) puntuan zehaztu epea igaro eta uko adierazirik ez bada.

Zentro teknologikoei 2013. urterako emandako diru-laguntzaren % 40ko bigarren ordainketa, 14.1.b) artikuluko a, b eta c idatz-zatietan xedatutakoak aurkeztu ostean ordainduko zaie zentro teknologikoei; eta gainerako % 10a 14.1.c) artikuluan ezarritako baldintzetan ordainduko da.

Korporazioei eta itun teknologikoei 2013. urterako emandako diru-laguntzaren % 80koa izango da lehen ordainketa, eta diru-laguntza ebazpena jakinarazi bezain pronto gauzatuko da, betiere 15. artikuluko 2.a) puntuan zehaztu epea igaro eta uko adierazirik ez bada, eta, gainerako % 20a, 14.2.b). artikuluan ezarritako baldintzetan ordainduko da.

Helburu hori betetzeko, 30.500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Zenbateko horren % 5 korporazio eta itun teknologikoei emango zaie, eta aipatu aginduaren 5. artikuluko 2 eta 4 paragrafoetan aurreikusitakoa aplikatuko da.

Programaren agindu arautzailearen 2. artikuluaren arabera, zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Horrela gertatuz gero, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordeak ebazpen bidez jakinarazi beharko du.

2. artikulua.– 2013ko deialdiko kontrol-adierazleak eta helburuak.

Zentro teknologikoei eta beren korporazio eta itun teknologikoei laguntzeko programa (Emaitek programa) arautzen duen Aginduaren 9.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honek kontrol-adierazleak eta helburuak –deialdi honi lotutakoak– biltzen ditu eranskinean.

3. artikulua.– Eskakizunak.

Zentro teknologikoak eta beren korporazio eta itun teknologikoak laguntzeko programa (Emaitek programa) arautzen duen Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izateko, agindu horren 4. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte eskatzaileek.

4. artikulua.– Eskaerak eta epeak.

1.– Eskabide-eredua Interneteko www.euskadi.net/industria helbidetik deskargatu ahal izango da, baita korporazio eta itun teknologikoen Ekintza Plan Globalaren proposamena lantzeko dokumentu-gida ere.

2.– Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak honako tokietan aurkeztu beharko dira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen Lurralde Ordezkaritzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak zehaztutako tokietan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako tokietan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2013ko martxoaren 29an amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraikiz, ebazpen honetan bildutako laguntzak emateko, Autonomia Erkidegoko 2013. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kreditua ebazpen honetako 1. artikuluan aurreikusitako zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldatu egingo da, errealitatean den zenbatekoari egokitzearren. Eta aldaketa hori argitara eman beharko da, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen batez eman ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 5a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala