Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2012ko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
5918

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 12koa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena, 2013ko laguntzetarako deialdia ezagutarazten duena, industria ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko laguntza-programa arautzen duen Aginduak ezarritakoaren esparruan (Etorgai Programa).

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bidez, Etorgai Programa arautu zen, EAEn industria-ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak egiteko laguntzei buruzkoa.

Aipatutako aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hor iragarritako laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman.

Laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 9. artikuluan ezarritako ahalmenaren indarrez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea 2013ko ekitaldirako. Industria ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektu integratuak EAEn egiteko laguntza-programa arautu zen agindu horren bidez (Etorgai programa). Proiektuak 2013, 2014 eta 2015eko ekitaldietan egitekoak izan daitezke.

Helburu hori betetzeko, 27.500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, ez eta, indarrean dagoen legeriari jarraituz kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, prozedura ebatzi aurretik kopuru hori handitzearen ondorioz sortutako diru-kopurutik gorakoa ere. Halako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Deialdiaren gai diren laguntzez baliatu ahal izateko, proiektuei eta onuradunei buruz Etorgai programa arautzen duen Aginduko 4. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatean aurkeztu beharko dira (Urkixo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao), zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz; horrez gain, https://www.spri.es/idi/idi web-gunean ere aurkez daitezke.

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2013ko martxoaren 29an amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen da. Bada, agindu horretako 5.3 artikuluan zehaztutako ondorioetarako, prozedura ebazteko eta deialdiko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 12a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.


Azterketa dokumentala