Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2014ko azaroaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4959

3/2014 LEGEA, azaroaren 13koa, 2014-2017 Euskal Estatistika Planari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak azaroaren 13ko 3/2104 Legea, 2014-2017 Euskal Estatistika Planari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

ZIOEN AZALPENA

Euskal Herriko Estatutuaren 10. artikuluko 37. zenbakiaren arabera, «Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du honako arloetan: (...) 37. Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika bere helburu eta eskumenetarako».

Artikulu hori aplikatuz, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea onetsi zuen. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera arautu zen, jarduera horretan jardungo zuen erakundea eratu zen eta lurralde historikoetako eta EAEn dauden beste erakunde publiko batzuetako estatistikak arautu zituen. Lege hori, beraz, ezinbesteko abiapuntua izan da.

Dena den, estatistika-jardueraren erregulazioa ez da arau horretara mugatzen, estatistika-jarduera Euskal Estatistika Planak antolatuko duela aurreikusi baita. Plana indarrean dagoen bitartean, estatistikak eta horiei lotutako bestelako jarduerak arautuko dira, baina horretarako lege bidez onetsi behar da plana. Jarduera-esparruaren goren puntua da plana, eta urteroko estatistika-programek garatuko dute.

Aurreko planak, 1989-1992, 1993-1996, 1997-2000, 2001-2004, 2005-2008 eta 2010-2012 aldietakoak, urteko estatistika-egitarauen bidez garatu ziren eta aldi bakoitzean zein estatistika egingo zen, nork egingo zituen eta zein baldintza tekniko emango ziren zehaztu zuten. Plan hauetako azkenaren indarraldia bukatu denez, Eusko Legebiltzarrak berri bat onetsi behar du.

Hori dela bide, lege honen bidez, 2014-2017 Euskal Estatistika Plana onesten da. Lau urte horietan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolamenduak egingo dituen estatistikak eta antzeko jarduerak ezartzen dira planean.

Ondorioz, legearen artikuluetan, erakundearen zereginak (eremu materiala) eta epeak (denbora eremua) zehazten dira.

Legearen 1. artikuluan zehazten da haren eremu materiala; hain zuzen, testu artikulatuaren eranskinean, egin behar dituen estatistika eta antzeko jarduerak zehazten dira. Eranskina, gainera, arau balio berarekin sartzen da legean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 6.2 artikuluan ezarri da plana indarrean dagoen bitartean estatistikak eta horiei lotutako bestelako jarduerak jasoko direla. Baina 2014-2017 Euskal Estatistika Planak, egiteko horiek aipatzeaz gainera, eragiketa bakoitzaren ezaugarri nagusiak ere azaltzen ditu, hobeto defini daitezen horien ezaugarriak eman behar direla uste delako. Horrekin ez da, ordea, urteko estatistika-egitarauen eraginkortasuna ukitzen, hauetan eragiketa bakoitzerako behar diren zehaztapenak ematen baitira. Gainera, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluan ezarri bezala, estatistikak eta azterlanak egokitu behar dira, eta horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolamenduak sistematikoki sexuaren aldagaia sartuko du Euskal Estatistika Planaren barruan egiten diren estatistika-eragiketetan. Ildo honetan, eta ikuspegi horren garrantzian sakonduz, Jaurlaritzaren borondatea eta konpromisoa da ezen Estatistikari buruzko 4/1986 Legearen 39.3 artikuluaren arabera Eusko Jaurlaritzak Euskal Estatistika Kontseiluan izendatu ditzakeen pertsona kopuruaren barruan egon dadila, modu sistematikoan, Emakunde erakunde autonomoaren ordezkari bat.

Eranskinean, beraz, eragiketak banan-banan aipatzeaz gainera, bakoitzaren ezaugarriak ere azaltzen dira. Hona hemen eragiketen ezaugarriak:

a) Helburu orokorrak, urteko estatistika-egitarauetan garatzen direnak.

b) Erakunde arduraduna. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen II. tituluko III. kapituluan aipatutako eskumena dauka. Eskumen hori legearen 35. artikuluan zehaztutako Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolamenduaren esparruko organo eta erakundeei ematen zaie soilik.

c) Beste erakunde parte-hartzaile batzuk. Partaide gisa aritzeko aukera dute, bai eragiketa osoan zehar, bai eragiketaren faseren batean.

d) Gai-arloa. Ikerketarekin lotutako jardueraren esparru generikoa mugatzea da helburua.

e) Egoera. Estatistika-eragiketari lehenagotik ekin zaion ikusi beharra dago, hurrenez hurren gauzatu den edo honakoa bere lehendabiziko esperientzia den kontuan hartuta.

f) Emaitzak zenbatero hedatuko diren. Emaitzak zenbatero izango dituzten jakinarazten zaie herritarrei, lana egiteko maiztasuna alde batera utzita. Informazioa behin eta berriz bilduta edo datuak behin eta berriz landuta lortutako emaitzak izan daitezke.

g) Eragiketa-mota. Estatistika zein motatakoa den azaldu nahi da, batez ere informazio-bilketarik ote dakarren berekin (direktorioa, zentsua, laginketa bidezko inkesta), edo abiapuntu izan diren informazioei bestelako xehetasunik gehitzen zaien (bilketa, sintesia), edo tresna osagarriren bat ote den eta azken horrek normalizazioa, metodologia hobetzea edo estatistika garatzea ote dakarren.

Bestalde, 4. artikuluan ezarri da erakundeek, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek ezinbestean eman behar dutela plan honetan arautzen diren estatistikak gauzatzeko behar den informazioa.

Bestalde, ezin da ahaztu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak estatistiken ekoizpena Administrazioko datuen bidez egitearen alde egiten duela; Herri Administrazioan erabiltzen diren prozedurak berritzeko egindako ahaleginak ahalik eta errentagarrien bihurtu nahi ditu, kudeaketa eta estatistika xedeetarako aldi berean erabil daitezen, eta, horrela, ahal den neurrian, herritarrei informazioa bi aldiz ez eskatzeko.

Amaitzeko, lege honetako azken xedapenetan planaren oinarrizko eremuetatik bigarrena jorratzen da: denbora eremua. Planaren indarraldia 2017ko abenduaren 31n amaituko dela ezartzen da, hau da, aurrekontuen ekitaldiak amaitzen direnean; baina, planaren indarraldia amaitzen denerako besterik onetsi ez bada, indarraldia luzatu ahal izango da.

1. artikulua.– Onespena eta edukia.

1.– 2014-2017 Euskal Estatistika Plana onesten da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera 2014-2017 aldirako arautzen duen tresna da plan hori; hala ere, behar izanez gero haren iraupena luzatu egingo da.

3.– Lege honetako eranskinean zehazten diren estatistikak eta antzeko jarduerak burutu beharra jasotzen du planak.

2. artikulua.– Urteko estatistika-egitarauak.

1.– 2014-2017 Euskal Estatistika Plan hau urteko estatistika-egitarauen bidez garatu eta burutuko da.

2.– Urteko estatistika-egitarauetan zehaztu eta definituko dira estatistika-eragiketa horiek gauzatzeko ezaugarriak, betiere aurrekontuko zuzkiduren barruan.

3.– Salbuespen gisa, urteko estatistika-egitarauek plan honetako eranskinean jasotako ezaugarrietako bat aldatu ahal izango dute; horretarako, alabaina, lehenbizi Euskal Estatistika Batzordeak aldeko txostena egin beharko du. Aldaketa egiteko arrazoiak eman beharko dira. Hori gorabehera, inoiz ez dira aldatuko eragiketaren izaera eta helburuak.

3. artikulua.– Estatistika-jardunaren araubide juridikoa.

1.– Planaren ondoriozko estatistika-jardunean Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 2. artikulua eta ari garen lege hauxe aplikatuko dira.

2.– Plana garatze eta egikaritze aldera onartzen diren urteko estatistika-egitarauak sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 2. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako arauzko xedapenetan.

3.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jardunean kontuan izan beharko dira Estatistika Europarren Praktika Onen printzipioak, zeinak aurreikusita baitaude Batasuneko estatu kideetako agintaritzen independietzia, integritate eta erantzukizunari buruz Batzordeak Europako Parlamentuari eta Kontseilu Europarrari helarazitako Komunikazioan, bai eta estatu kideetako eta Batasuneko agintaritzen independentzia, integritate eta erantzukizunari buruz Batzordeak egindako Gomendioan (COM 2005, 217 azkena, 2005eko maiatzaren 25ekoa).

4.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera egindako estatistika ofizialei eta Jaurlaritzako sailen estatistika-organoek egindako estatistikei dagozkien emaitzak beti publikoak izango dira eta formatu berrerabilgarrian argitaratu beharko dira. Interesatu orok eskatu eta erabili ahal izango ditu estatistika horien datuak.

4. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

1.– 2014-2017 Euskal Estatistika Planean jasotzen diren estatistikak nahitaez bete behar dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezartzen diren pertsonek eta erakundeek eman beharreko datuen artean sartuko dira etniari, osasunari eta bizitza sexualari lotutako datu pertsonalak.

3.– Ukitutako pertsonak berariaz eta idatziz baimenduta soilik erabili ahal izango dira ideologia, afiliazio sindikala, erlijioa eta sinesteak agertzen dituzten izaera pertsonaleko datu pertsonalak, bai eta pertsonaren eta familiaren intimitatea ukitu dezaketen zirkunstantziak, arau bidez ezartzen direnak.

4.– Baimena ematen zaie informatzaile izaera daukaten entitate publiko edo pribatuei, kasuan kasuko eragiketa estatistikoaren erregulazioan ezarritakoaren arabera, eragiketa estatistikoaren erakunde jasotzaileei lagatzeko, interesatuen baimenik gabe, beraiei buruz dauzkaten izaera pertsonaleko datuak.

5.– Dena den, estatistika antolakundeari emandako datuak sekretu estatistikoaren eraginean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19tik 23ra arteko artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Planaren indarraldia.

2014-2017 Euskal Estatistika Plana indarrean jartzen denetik 2017ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Luzapena.

Planaren indarraldia amaitzen denerako beste Euskal Estatistika Planik onetsi ez bada, automatikoki luzatu egingo da, harik eta Ppan berriren bat indarrean jarri arte. Alabaina, ez dira sartuko aurrez ezarritako epeak edo aldiak direla medio kanpoan geratzen diren estatistika-jardunak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 14a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala