Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2014ko azaroaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4961

209/2014 DEKRETUA, urriaren 28koa, eraikuntzaren kalitate-kontrola arautzen duena.

Eusko Jaurlaritzak, 1990az geroztik, eraikingintzaren kalitate-kontrola arautu du Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Lehenik, 295/1990 Dekretua, azaroaren 20koa, onartu zuen, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko prozedura zehatz bat arautzeko, eraikingintza- eta urbanizazio-obretan aplika zedin. Gero, 238/1996 Dekretuak, urriaren 22koak, eraikuntzaren kalitate-kontrola arautu du gaur egun arte, eta, horrez gainera, garapeneko beste zenbait dekretu eta agindu ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak.

Halaber, saiakuntza-laborategien egiaztatzea arautu da, 1990etik aurrera, eta apirilaren 20ko 69/2004 Dekretua, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategiak kreditatzeari buruzkoa, ezarri da.

Azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, Eraikingintza Antolatzeari buruzkoak, 3.2 artikuluan ezarri zuen Eraikingintzaren Kode Teknikoa izango zela eraikinen eta instalazioen kalitatearen inguruko oinarrizko eskakizunak arautuko zituen esparrua. Halaber, 14. artikuluan, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko erakunde eta laborategiak hartu zituen eraikingintzaren arloko eragiletzat.

Gero, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onartzen duenak (aurrerantzean, EKT), arau-esparru berri hori osatu zuen, eta eraikingintzaren inguruko aurreko oinarrizko araudi guztiak indargabetu zituen, erregulazio berria ekarri baitzuen, bai azterlan geoteknikoaren eta proiektuen edukien eskakizunei dagokienez, bai eraikinen funtzionalitatearekin, segurtasunarekin eta bizigarritasunarekin zerikusia duten oinarrizko betekizunei dagokienez.

Bestalde, abuztuaren 29ko 1027/2007 Errege Dekretuak, eraikinetako instalazio termikoen erregelamendu berria onartu zuen, eta uztailaren 18ko 1247/2008 Errege Dekretuak, berriz, egitura-hormigoiari buruzko jarraibide berria (EHE-08). Bizigarritasun- eta segurtasun-alderdietan eragiten dute dekretu horiek, hurrenez hurren.

Gero, abenduaren 22ko 25/2009 Legeak, hainbat lege aldatzekoak (lege horiek zerbitzu-jardueretara sarrera librea izateari eta haren erabilerari buruzko Legera egokitu ahal izateko), aldatu egin zuen eraikingintza antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 14. artikulua. Eta, horrenbestez, laborategiei eta kalitatea kontrolatzeko erakundeei buruzko araudi berri bat onetsi zen: martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzen duten erakundeek eta eraikingintzaren kalitate-kontrolerako saiakuntzak egiten dituzten laborategiek jardueran aritzeko bete beharreko baldintzak garatzen dituena.

Eraikingintzaren eta zerbitzu-jardueren oinarrizko araudia berritzeko prozesua amaiturik, kalitate-kontrolari buruzko beste arau-testu bat onetsi behar da, planteamendu berriak bilduko dituena eta haiekin bat etorriko dena. Horretarako, hain zuzen, dekretu hau ematen da.

Bost kapitulutan egituratuta dago dekretua. Lehenengoak kalitate-kontrolari buruzko xedapen orokorrak, dekretuaren xedea eta arauaren aplikazio-eremua jasotzen ditu.

Ondoren, II. kapituluak, zeina lau ataletan banatuta baitago, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko prozesuaren faseak garatzen ditu, obrak ikuskatzeko araubidea ere barnean hartuta.

Kapitulu horren 1. atalak kalitate-kontrola garatzen du proiektuaren fasean, Kalitatea Kontrolatzeko Plana eta plan horren edukiak barnean hartuta, Eraikingintzaren Kode Teknikoan ezarritakoari jarraituz. Horrenbestez, kalitate-kontrolak, lehen hartzen zuen eremua (produktuen harrera) aintzat hartzeaz gainera, proiektua, obra egikaritzea eta azken egiaztapenak edo zerbitzu-probak ere barnean hartzen ditu.

2. atalean, obren kalitatea kontrolatzeko prozedura jaso da, obrak hasi aurretik eta egikaritu ostean kontuan hartu beharrekoa. Obraren trazabilitatea ziurtatzeko jaso beharreko dokumentazioa arautzen du, bai eta agiri horiek biltzeko modua ere, ondoren obraren azken dokumentazioan sartzeko, EKTan ezarritakoaren arabera.

3. atala obren amaierari buruzkoa da, eta prozesu hau garatzen du: obraren azken dokumentazioa egitea eta Obra Amaierako Ziurtagiria lortzea, obraren kalitatea bermatzeko dokumentu gisa.

Amaitzeko, 4. atalak obren ikuskapenak egitea kontuan hartzen du, dekretu hau betetzen dela egiaztatzeko.

Bestalde, III. kapituluak saiakuntza-laborategien eta eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeen jarduera xedatzen du, azken horiek azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, eraikingintza antolatzeari buruzkoak, 14. artikuluan aipatzen dituen eragile berriak diren aldetik.

IV. kapitulua kalitatea hobetzeko tresnei buruzkoa da: dokumentu aitortuak eta erakunde baimenduak, EKTan aipatzen direnak, haien onespena eta erregistroa bideratzeko. Halaber, eraikingintzaren kalitatea sustatze aldera, eraikinentzako kalitate-profilak eta materialentzako, produktuentzako edo eraikuntza-elementuentzako bereizgarriak eta kalitate-markak edo -zigiluak sortzeko aukera ematen da. Haien aplikazioa borondatezkoa izango da, eraikinak bete beharreko derrigorrezko betekizunetatik haratagoko eskakizunetan oinarrituko baitira. Horrenbestez, eraikinek kalitatearen aitorpen objektiboa lortzeko aukera izango dute, horretarako kreditatutako hirugarrengo batek emanda; hartara erabiltzaileek eskaintza hobeto ezagututa aukeratuko dute, eta eraikingintzako gainerako eragileek kalitateari buruzko erreferentzia komun bat izango dute.

V. kapituluan Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Batzordea eratzen da, eta haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea ezartzen dira, kalitate-kontrolari buruzko aurreko dekretuetan ezarritakoari jarraipena emanez. Batzordea handitu da, honako kide berri hauekin: Eusko Jaurlaritzan herri lanen alorreko eskumena duen sailaren ordezkaritza, kalitatea kontrolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ordezkari bat, eta Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

Amaitzeko, xedapen gehigarri bat, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu testuak, bai eta eranskin bat ere, erantzukizunpeko adierazpenaren bi ereduak biltzen dituena, bata kalitatea kontrolatzeko erakundeentzat, eta, bestea, saiakuntza-laborategientzat.

Hori guztia dela-eta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2014ko urriaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da kalitatea kontrolatzeko prozedura arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan eraikingintza- eta urbanizazio-obrak egikaritzeko, erregimen publiko zein pribatuan.

2.– Dekretu honen xedea da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten saiakuntza-laborategiek eta eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeek bete beharreko baldintzak betetzen dituzten ala ez kontrolatzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretu hau bete beharko dute Eraikingintza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak ezarritakoari jarraituz, eraikingintzatzat hartzen diren eta proiektua behar duten obra guztiek.

2.– Halaber, urbanizazio-obrek nahitaez bete beharko dute dekretu hau, hirigintza-araudian ezarritakoari jarraituz urbanizazio-proiektua derrigorrez egin behar bada.

3.– Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira ingeniaritza zibileko obrak, hots, azpiegitura, obra hidrauliko eta garraioetarako obrak.

4.– Dekretu honetan ezarritakoa ulertuko da sektore-araudien ondorioz kasu bakoitzari dagozkion kontrolen kalterik gabe, hots, bai instalazioetan, bai urbanizazioko zein eraikineko elementuetan egin beharreko kontrolen kalterik gabe (igogailuak, instalazio elektrikoak, telekomunikazio-instalazioak, berokuntza-instalazioak, etxeko ura berotzeko instalazioak, edo dekretu honetan araututakoaz bestelako berariazko kontrola behar duten beste batzuk).

II. KAPITULUA
ERAIKUNTZAREN KALITATEA KONTROLATZEKO PROZESUAREN FASEAK
1. ATALA
PROIEKTUA

3. artikulua.– Egikaritze-proiektua.

Egikaritze-proiektuen memorian eta baldintza tekniko partikularren orrian, eraikinetan behin betiko sartuko diren material, obra-unitate, ekipo eta sistemen ezaugarriak, betekizunak, estandarrak eta kalitatezko parametroak jasoko dira. Hori guztia egingo da, nahitaez bete beharreko araudi espezifikoa betez eta proiektua idatzi duenak ezarritako irizpideei jarraikiz.

4. artikulua.– Kalitatea Kontrolatzeko Plana.

1.– Egikaritze-proiektuak Kalitatea Kontrolatzeko Plana izeneko eranskina eraman beharko du nahitaez, eta plan horren balioespena proiektuaren aurrekontu zehatzaren barnean sartu beharko da, aparteko kapitulu gisa.

2.– Teknikari gaituek idatziko dute Kalitatea Kontrolatzeko Plana, obra-motaren arabera, egikaritze-proiektuan eta planaren gainerako dokumentuetan adierazitakoarekin bat etorriz eta plana egin duenarekin koordinatuz, betiere, eskuragarri dauden eranskinak eta aldez aurreko azterlanak kontuan hartuta.

3.– Edukia. Kalitatea Kontrolatzeko Planean honako alderdi hauek zehaztuko dira, gutxienez:

a) Memoria, zeinak obraren datu orokorrak eta kalitatea kontrolatzeko aplikatu beharreko araudia barne hartuko baititu.

b) Produktuak, materialak, ekipoak eta sistemak obran hartzeko irizpideak, horiekin batera joan behar den dokumentazioa adierazita, EKTaren 7.2.1 eta 7.2.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera. Honako hauek berariaz adierazi beharko dira:

– Jatorrizko dokumentazioa, hornidura-orria eta etiketa.

– Fabrikatzailearen berme-ziurtagiriak.

– Prestazio-adierazpenak, CE markaketa edo nahitaezko administrazio-baimenak.

– Eska daitezkeen edo borondatezkoak diren kalitatezko bereizgarriak.

– Produktu, ekipo eta sistema berritzaileen egokitasunaren ebaluazio teknikoak.

c) Saiakuntza bidezko hartze-kontrola behar duten produktuak, EKTaren 7.2.3 artikuluan ezarritakoren arabera, eta produktu horiek onartzeko eta errefusatzeko irizpideak, honako hauek adierazita:

– Saiakuntza bidez egiaztatu beharreko gutxieneko edo gehienezko parametroak.

– EKTan, kode horri eragiten dioten eta nahitaez bete beharrekoak diren indarreko jarraibide edo erregelamenduetan eta egikaritze-proiektuaren zehaztapenetan oinarrituta egin beharreko saiakuntzak, azterketak eta probak.

– Probatu beharreko sortak eta Kalitatea Kontrolatzeko Planaren garapena osatzen duten gainerako parametroak zehaztea.

d) Obraren egikaritzearen kontrola ezartzeko irizpideak, EKTaren 7.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Honako hauek berariaz aipatu behar dira:

– Proiektuan adierazitakoarekiko adostasuna, legeria aplikagarria, eraikuntza-jardunbide egokiaren arauak eta zuzendaritza fakultatiboaren instrukzioak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapenak eta gainerako kontrolak.

– Eraikuntzako produktu, elementu eta sistemen arteko bateragarritasuna ziurtatzeko beharrezko neurrien gainean egin beharreko egiaztapenak.

e) Eraikinaren azken prestazioak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapenak eta zerbitzu-probak.

f) Kalitatea Kontrolatzeko Planaren balioespen ekonomikoa, aurreikusitako saiakuntza, azterketa eta proba bakoitzaren kopurua eta kostua zehaztuta.

4.– Gerora, gerta daiteke –obrak hala eskatzen duela-eta– proiektuari aldaketak egitea, Eraikingintza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 12.3.d) artikuluan ezarritako moduan; bada, aldaketa horiek Kalitatea Kontrolatzeko Planean jasotako alderdi edo egiaztapenei eragiten badiete, Obra Zuzendaritzak aldaketa horiek dokumentatu egingo ditu, idatziz, plana landu duen teknikariak planaren egokitzapenak egin ditzan.

5. artikulua.– Proiektuaren kontrola.

1.– Proiektuaren kontrolaren bidez, EKTa eta gainerako araudi aplikagarria betetzen dela egiaztatuko da, eta frogatu egingo dira, halaber, proiektuaren definizio-maila, kalitatea eta proiektatutako eraikinak azkenean izango duen kalitatean eragina izan dezaketen alderdi guztiak. EKTaren 1. artikuluan adierazitako oinarrizko baldintza bati edo zenbaiti dagozkion oinarrizko eskakizun guztiei edo batzuei buruzkoa izan daiteke kontrol hori.

2.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen arloan eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, proiektuaren kontrol teknikoa zein egoeratan egingo den ezarriko da (proiektu osoaren kontrola edo irizten diren zatiena). Kontrol hori nahitaez egin beharko da, obra egikaritu aurretik egin ere. Egoera horiek irizpide hauetan oinarrituz ezarriko dira:

a) Eraikitze-tipologia.

b) Eraikinaren prestazioek izan behar duten konplexutasuna edo eskakizun-maila.

c) Eraikinaren kokalekua.

d) Beste edozein egoera, aurrekoetatik desberdina dena, eta proiektatutako eraikinaren azken kalitatean eragina duena.

3.– Halaber, aurreko idatzi-zatian adierazitako aginduak proiektuaren oinarrizko eskakizunak betetzeari buruzko kontrola ahalbidetzeko beharrezkoak diren prozedurak ezarriko ditu.

2. ATALA
OBREN GARAPENA

6. artikulua.– Obrak hasi aurrekoa.

1.– Sustatzaileak egikaritze-proiektuaren ale oso bat helaraziko dio zuzendaritza fakultatiboari, obren kalitatea kontrolatzeko prozesua eraginkortasunez koordinatzea helburu hartuta. Ale hori obran gordeko da, eta etengabe eguneratuko da, obran zehar gerta litezkeen aldaketak txertatuz.

2.– Zuzendaritza fakultatiboa jakinaren gainean egonik, sustatzaileak, zuzenean eta zeinahi delarik ere eraikitzailea, kalitatea kontrolatzeko laborategi baten edo batzuen zerbitzuak kontratatuko ditu Kalitatea Kontrolatzeko Planean bildutako saiakuntzak, probak edo azterketak egiteko, eta planaren edo dagokion zatiaren ale bat jarriko du laborategi bakoitzaren eskura.

3.– Laborategiek zuzendaritza fakultatiboari emango dizkiote dekretu honen 16. artikuluaren 3. idatzi-zatian ezarritakoa betetzen dela egiaztatzen duten agiriak.

Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategiak administrazio publikoenak izanez gero, lehen adierazitako dokumentazio hori ez dute helarazi beharko.

4.– Eraikitzaileak, Kalitatea Kontrolatzeko Planarekin eta eragiten dion indarreko araudiarekin bat etorriz, kontrolerako baliabideen eta kontrolaren dokumentazioa bildu eta entregatzeko sistemaren aurreikuspena egingo du, eta gainerako eragileei modu koordinatuan laginketak emateko arduraduna izendatuko du. Eta horren guztiaren berri emango dio zuzendaritza fakultatiboari.

7. artikulua.– Materialak, ekipoak eta sistemak hartzea.

1.– Obrak egikaritu bitartean, hornitzaileek eraikitzaileei entregatuko dizkie nahitaez bete beharreko araudiak –eta, hala badagokio, proiektuak– eskatutako identifikazio- eta berme-dokumentuak, material, ekipo eta sistemei buruzkoak, bai eta kalitate-bereizgarriei, egokitasun-ebaluazio teknikoei eta erabilera- eta mantentze jarraibideei buruzko dokumentazioa ere, eta eraikitzaileak obrak egikaritzeko zuzendaritzari helaraziko dizkio dokumentu horiek guztiak.

2.– Obra egikaritzeko zuzendaritzak egiaztatuko du dokumentazio hori materialak, ekipoak eta sistemak hartzeko nahikoa dela, eta egokitzat jotzen dituen saiakuntza eta probak aginduko ditu, Kalitatea Kontrolatzeko Planean zehaztutakoaren eta zuzendaritza fakultatiboak agindutakoaren arabera.

3.– Kalitatea kontrolatzeko kontratatutako laborategiek emaitzen kopia bana helaraziko diete obrako zuzendaritzari eta obrak egikaritzeko zuzendaritzari.

8. artikulua.– Obra egikaritzeko kontrola.

Obra-unitate bakoitzaren egikaritze-kontrola egingo da. Horrenbestez, zuinketa, erabilitako materialak, banaketa eta obra behar bezala egikaritu izana egiaztatuko dira, eta kontrol hori idazki batean jasoko da, baita egikaritze-prozesuan edo obra amaitu ondoren egingo diren egiaztapenak eta zerbitzu-probak ere, eta obra egikaritzeko zuzendaritzak bilduko du informazio hori guztia.

9. artikulua.– Materialak eta obra-unitateak onartzea edo ukatzea.

1.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorrean eskumena duen sailburuak emandako agindu bidez ezarriko diren fitxa normalizatuetan adieraziko da materialak eta unitateak onartu edo ukatu diren.

2.– Saiakuntza, proba eta azterketen materialak edo emaitzak bat ez badatoz egikaritze-proiektuan ezarritakoarekin, hau da, proiektu hori osatzen duten dokumentu guztietan ezarritakoarekin (memoria, baldintza-agiria, neurketak eta aurrekontua, segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana, Kalitatea Kontrolatzeko Plana, hondakinak kudeatzeko azterlana eta planoak), zuzendaritza fakultatiboak neurri zuzentzaile egokiak ezarri eta justifikatuko ditu, eta horiek guztiak jasota utziko ditu Agindu eta Asistentzien Liburuan eta aipatutako fitxa normalizatuetan (fitxa horiek Kalitate Kontroleko Liburuari erantsiko zaizkio).

10. artikulua.– Eraikinaren saiakuntzak eta zerbitzu-probak.

Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorrean eskumena duen sailburuak emandako aginduaren bidez prozedura egokiak arautu eta ezarriko dira, Eraikingintzaren Kode Teknikoa eta gainerako araudi aplikagarria betetzen dela egiaztatzeko zerbitzu-proba eta saiakuntzak egiteko.

11. artikulua.– Dokumentazioa eta trazabilitatea.

1.– Kalitate-kontrolarekin zerikusia duten jarduera guztiak behar bezala dokumentatu behar dira, haien trazabilitatearen jarraipena egin ahal izateko, eta erregistro fisiko edo elektronikoak erabil daitezke horretarako, egindako egiaztapen, saiakuntza-akten eta ikuskapen-parteen agiri guztiak eskura eduki ahal izateko, bai eta hornidurei buruzkoak ere, egoki izanez gero.

2.– Hornitzailearen izenean jardungo duen pertsona fisiko arduradun batek sinatuko ditu hornidura-orriak.

3.– Jarduera egiteko arduradunak sinatuko ditu kontrol-jardueren erregistroak, bai eta kontrolatutako jardueraren edo horniduraren arduradunak ere, bertan egonez gero.

12. artikulua.– Kalitate Kontroleko Liburua.

1.– Obra egikaritzeko zuzendaritzak, obra egiten den bitartean, Kalitate Kontroleko Liburua egingo du, eta agiri hori obraren jarraipena egiteko nahitaezko dokumentuetako bat izango da.

2.– Edukia. Kalitate Kontroleko Liburuak agiri hauek izango ditu:

a) Esku hartu duten eragileen erregistroa.

b) Egindako kontrolen zerrenda.

c) Egindako saiakuntza, proba eta azterketen emaitzak, bai eta egikaritze-prozesuan edo obra amaitu ondoren egiten diren egiaztapen eta zerbitzu-proben emaitzak ere.

d) Materialen eta obra-unitateen onarpena edo errefusatzea adierazten duten fitxa normalizatuak.

e) Laborategien ziurtagiria, egindako saiakuntza, proba eta azterketen mota eta kopurua adierazten dituena.

f) Laborategiei buruzko dokumentazioa, 16. artikuluaren 3. idatzi-zatian ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzen duena.

g) Berme-ziurtagiriei, bereizgarriei, kalitatezko marka edo zigiluei, homologazioei eta antzeko agiriei buruzko dokumentazioa.

h) Eraikitzaileak bildutako jatorrizko dokumentazioa, hornidura-orriak edo etiketak, obra egikaritzeko zuzendariak ikuskatu ondoren gehitutakoak, obraren kalitate-kontrolaren zati diren aldetik, edo, hala badagokio, hornidura-ziurtagiriak.

i) Materialak edo obra-unitateak errefusatzearen ondorioz sortutako dokumentuak, bai eta hartutako neurri zuzentzaileei buruzkoak ere, hala nola txostenak, justifikazioak, konponbideak, egiaztapenak eta antzekoak.

j) Egikaritze-proiektuko materialen kalitateei edo espezifikazioei buruzko aldaketak, Kalitatea Kontrolatzeko Planaren aldaketak eta aldaketa horien ondorioz ezarri diren neurri zuzentzaileen justifikazioa.

k) 14. artikuluko 3. idatzi-zatian aipatutako txostena, hala badagokio.

Horrek guztiak adierazi eta justifikatuko du obra horri dagokion nahitaezko araudia bete dela, nola materialei hala obra-unitate eta instalazioei dagokienez.

3.– Obraren zuzendaritza fakultatiboak eta eraikitzaile orokorrak, eta, hala badagokio, haren erantzukizun partziala duenak, Kalitate Kontroleko Liburuko fitxa normalizatuetan sinatuko dute, onarpenaren edo ukatzearen emaitzen jakinaren gainean daudela adierazteko.

3. ATALA
OBREN AMAIERA

13. artikulua.– Kalitatea kontrolatzeko dokumentazioa.

1.– Obra amaitu ondoren, obra egikaritzeko zuzendariak dagokion elkargo profesionalean utziko du kontrolaren jarraipenaren dokumentazioa, edo, hala badagokio, eskumeneko administrazio publikoan utziko du.

2.– Obrako Azken Ziurtagiria dokumentu ofiziala izango da, eta obrak Egikaritze Proiektuaren kalitatezko espezifikazio guztiak betetzen dituela bermatuko du.

3.– Elkargoaren oniritziaren beharrezkotasunari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuak edo haren ordezko araudiak ezarritakoari jarraituz, Obrako Azken Ziurtagiriaren oniritzia ezinbestekoa denean, oniritzia emateko nahitaezko betekizuna izango da egiaztatzea ezen betetzen dela obraren jarraipenari buruzko nahitaezko dokumentazioa aurkezteko obligazioa, dekretu honen 12. artikuluan arautzen den Kalitate Kontroleko Liburua barne.

4. ATALA
IKUSKAPENAK

14. artikulua.– Obren ikuskapenak.

1.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailak, sustatzaileari eta zuzendaritza fakultatiboari jakinarazi ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoan egikaritzen ari den edozein obra ikuskatu ahal izango du, dekretu hau betetzen duela egiaztatzeko.

2.– Ikuskapen horren akta egingo da, eta lehen aipatutako saileko karrerako funtzionarioek, sustatzaileak eta zuzendaritza fakultatiboak sinatuko dute.

3.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak txosten bat egingo du, ikuskatutako obretan dekretu hau zenbateraino betetzen den adierazteko. Txosten hori sustatzaileari, obren zuzendaritza fakultatiboari eta dagozkion elkargo ofizialei helaraziko zaie. Halaber, Kalitate Kontroleko Liburuari gehituko zaio, dokumentu gisa.

4.– Aurreko idatzi-zatian aipatutako txostena loteslea izango da sustatzailearentzat, obraren zuzendaritza fakultatiboarentzat eta elkargo ofizialentzat, bakoitzaren eginkizunen barruan.

III. KAPITULUA
KALITATEA KONTROLATZEKO ERAKUNDEAK ETA KALITATE-KONTROLERAKO SAIAKUNTZA-LABORATEGIAK

15. artikulua.– Kalitatea Kontrolatzeko Erakundeak.

1.– Kalitatea kontrolatzeko erakundeek esku hartu behar badute, erakunde horiek nahikoa ahalmen izan beharko dute, bai eta jardungo duten arlorako beharrezko baliabide material eta giza baliabide egokiak ere, eta obran diharduten gainerako eragileetatik aparte esku hartuko dute.

2.– Kalitatea kontrolatzeko erakundeek, zenbait alderdi nahitaez bete beharreko araudira egokitzeari buruzko txostenak egitean, proiektuak ikuskatzeko zereginetan, obra egikaritzen laguntzean edo egiaztagiriak egitean, jarduerari ekin aurretik erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, artikulu honen 5. idatzi-zatian adierazitakoari jarraituz.

3.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailburuak emandako aginduaren bidez arautuko dira kalitatea kontrolatzeko erakundeen esku-hartzea nahitaez beharko duten kasuak.

4.– Administrazioak sustatutako obretan, obraren arduraduna den sailaren zerbitzu teknikoek parte hartu ahal izango dute, kalitatea kontrolatzeko erakunde gisa, eta horretarako ahalmen nahikoa izango dute, hala izendatuz gero.

5.– Eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeek erantzukizunpeko adierazpena egingo dute, dekretu honen I. eranskineko ereduari jarraituz. Adierazpen hori aurkeztuko zaio eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-arlo horiei dagozkien zereginen ardura duen zuzendaritzari.

6.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero, kontrol-erakundeak gaitasuna du, aurkeztutako unetik aurrera, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adierazitako jarduera horretan aritzeko, egoki diren egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-jardueren kalterik gabe, dekretu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Erantzukizunpeko adierazpen hori ez bada aurkezten, edo han ageri den funtsezko edozein datu, adierazpen edo erantsitako dokumentu zuzena ez bada, gezurra bada edo ez bada eman, horren berri izaten den unetik aurrera ezingo zaio jarraipenik eman ukitutako eskubidearen gauzatzeari edo jarduerari, eta horretarako administrazio-ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71. bis artikuluaren 4. idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz, betiere, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak Eraikingintzaren Kode Teknikoaren alorreko eskumena duen ministerioari helaraziko dizkio erakundeen erantzukizunpeko adierazpenean ageri diren datuak, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Erregistro Orokorrean sartzeko.

16. artikulua.– Kalitatea kontrolatzeko saiakuntza-laborategiak.

1.– Nahitaez bete beharreko arauak eta EKTan, jarraibide teknikoetan, araudietan eta baldintza teknikoen agiri ofizialetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko saiakuntza, zerbitzu-proba eta analisi guztiak egin behar dituzte artikulu honen 3. idatzi-zatian ezarritakoaren araberako erantzukizunpeko adierazpena egin duten saiakuntza-laborategiek, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzekoek.

2.– Aurreko betekizuna aplikatuko zaie, halaber, eraikuntzak jarriko diren lursailen azterketa geoteknikoak egiteko saiakuntzei.

3.– Eraikingintzaren Kalitatea kontrolatzeko saiakuntza-laborategiek erantzukizunpeko adierazpena egingo dute, dekretu honen I. eranskineko ereduari jarraituz. Adierazpen hori aurkeztuko zaio eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-arlo horiei dagozkien zereginen ardura duen zuzendaritzari.

4.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero, saiakuntza-laborategiak gaitasuna du, aurkeztutako unetik aurrera, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adierazitako jarduera horretan aritzeko, egoki diren egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-jardueren kalterik gabe, dekretu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Erantzukizunpeko adierazpen hori ez bada aurkezten, edo han ageri den funtsezko edozein datu, adierazpen edo erantsitako dokumentu zuzena ez bada, gezurra bada edo ez bada eman, horren berri izaten den unetik aurrera ezingo zaio jarraipenik eman ukitutako eskubidearen gauzatzeari edo jarduerari, eta horretarako administrazio-ebazpena emango du eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzako titularrak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71. bis artikuluaren 4. idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz, betiere, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak Eraikingintzaren Kode Teknikoaren alorreko eskumena duen ministerioari helaraziko dizkio laborategien erantzukizunpeko adierazpenean ageri diren datuak, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Erregistro Orokorrean sartzeko.

17. artikulua.– Laborategien eta erakundeen ikuskapen-araubidea.

1.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak zaindu beharko du laborategiek eta erakundeek betetzen dituztela eskatzen zaizkien baldintza teknikoak. Horretarako, laguntza teknikoaren emaitzak frogatu, egiaztatu eta ikertu ahal izango ditu; halaber, instalazioak ikuskatu ahal izango ditu, bai eta gertaerak, ekintzak, elementuak, jarduerak, balioespenak eta gerta daitezken jazoerak ere, hurrengo idatzi-zatietan ezarritakoari jarraituz.

2.– Aurreko idatzi-zatian aipatutako zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen badu, eta laborategiek eta erakundeek beren jardueran aritzeko bete behar dituzten baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, dokumentu hauek eskatu ahal izango ditu:

a) Identifikazio-datuak: Eraketa-eskritura, eta sozietatearen estatutuak edo banakako enpresaburua titularra dela egiaztatzen duen agiria, kasu bakoitzean dagokionaren arabera.

b) Laborategiaren edo erakundearen jardueraren legezko egoera egiaztatzen duten agiriak, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren kopia barne.

c) Sinatutako erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eta azken indarraldiari dagokion ordainketaren agiria, edota beste berme-tresna batzuen egiaztagiriak; esate baterako, abalen edo fidantzen agiriak, ematen dituen laguntza teknikoen araberakoak.

d) Jarduera egiteko baliatzen den establezimenduak, hala badagokio, horrelako instalazioek bete beharreko segurtasun-baldintzak, baldintza teknikoak eta ingurumenari dagozkionak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

e) Kokapen-planoa, udalerria eta sarbideak adierazita.

f) Lokalen planoa, eta eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

g) Zuzendarien, teknikarien eta langileen datuak, bakoitzaren lanbide-kualifikazioa, zereginak, lan-harremana eta arduraldia adierazita.

h) Erabilgarri dituen makina, tresna eta software guztiei buruzko datuak, dagokionaren arabera, haien ezaugarriak eta prozedurak adierazita.

i) Dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan azaldutako baldintzen araberako kalitatea kudeatzeko sistemari dagokion azken kanpo-auditoriaren egiaztagiria.

j) Kalitatea kudeatzeko sistemarekin eta laguntza teknikoa emateko ezarritako prozedurekin lotutako beste barne- edo kanpo-auditorien egiaztagiriak, ebaluazioak edo ziurtagiriak, halakorik izanez gero.

k) Laborategien kasuan, eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak iragarritako kontraste-saiakuntzen kanpainetan parte hartu izana egiaztatzen duten agiriak.

Laborategiak edo erakundeak ez baditu aurkezten eskatutako dokumentuak, edo, aurkeztutako agiriak aztertu ostean egiaztatuz gero ez dituela betetzen eskatutako baldintzak, ezingo du jarduerarekin jarraitu, eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzaren titularraren ebazpenaren bidez egoera hori adierazi ostean.

3.– Aurreko idatzi-zatian adierazitakoaren kalterik gabe, aipatu zuzendaritzak laborategiak edo erakundeak in situ ikuskatu ahal izango ditu, eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ikuskapenean kontraste-saiakuntzak egitea eskatu ahal izango da, aipatu zuzendaritzako ordezkariak erabakiko duen laborategiaren bidez, eta ikuskatutako laborategi edo erakundeak bertan egoteko aukera izango du.

Ikuskapen horren akta egingo da, bi kopiatan, zeina laborategi edo erakundearen ordezkariak eta aipatu zuzendaritzari atxikitako karrerako funtzionarioek sinatuko baitute. Akta hori artxibatu egingo da, kalitate-sistemaren erregistro gisa, eta haren kopia Administrazioaren eskuetan geratuko da.

Ziurtapeneko Erakunde Nazionalak egiaztatutako laborategi eta erakundeak ikuskapen teknikoetatik salbuetsita daude, baina jardueran aritzeko legezko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, agiriak aurkeztuta, hala eskatuz gero.

Ikuskapen teknikoa egiteko bisita amaituz gero desadostasun-aktaren bidez, eskatutako baldintzak betetzen ez direlako, laborategiak edo erakundeak ezingo du jarduerarekin jarraitu, eraikuntzaren eta eraikin-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzaren titularraren ebazpenaren bidez egoera hori adierazi ostean.

4.– Kalitatea sustatzea eta bermatzea helburu hartuta, eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzak ezarri ahal izango du laborategien arteko kontraste-saiakuntzak egiteko betebeharra, egoki iritzitako aldizkakotasunez, laborategiek saiakuntzak egiteko erabiltzen dituzten sistemen eraginkortasunari buruzko emaitzak lortze aldera.

18. artikulua.– Kalitatea kontrolatzeko erakundeen kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kontrolatzeko erakundeek justifikatu behar dute kalitatea kudeatzeko sistema bat ezarri izana, UNE-EN ISO/IEC 17020 arauaren arabera. Bitarteko hauetako edozeinen bidez justifikatuko dute hori:

a) Ziurtapeneko Erakunde Nazionalak edo Ziurtapenerako Europako Lankidetzako kide den europar erakunde homologo batek emandako urteko egiaztagiria, emandako ziurtagiriaren irismena adierazten duena.

b) Urteko kanpo-auditoria, aurrekoek egiaztatutako erakundeek egina, kalitate-sistemak egiaztatzeko erakundeentzako UNE-EN ISO/IEC 17021 arauen arabera, UNE-EN ISO/IEC 17020 arauak eskatutako baldintzak beteta.

c) Urteko kanpo-auditoria, aurrekoek egiaztatutako erakundeek egina, UNE-EN ISO/IEC 17021 arauen arabera, kalitate-sistema UNE-EN ISO 9001ekin bat datorrela ebaluatzen duena, eta aipatu Errege Dekretuan laguntza teknikoa emateko jardueretarako ezarritako gainerako baldintzak (bai baldintza teknikoak, bai langileei buruzkoak) betetzen dituela egiaztatzen duena.

19. artikulua.– Kalitatea kontrolatzeko saiakuntza-laborategien kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kontrolatzeko saiakuntza-laborategiek justifikatu behar dute kalitatea kudeatzeko sistema bat ezarri izana, UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren arabera. Bitarteko hauetako edozeinen bidez justifikatuko dute hori:

a) Ziurtapeneko Erakunde Nazionalak edo Ziurtapenerako Europako Lankidetzako kide den europar erakunde homologo batek emandako urteko egiaztagiria, emandako ziurtagiriaren irismena adierazten duena.

b) Urteko kanpo-auditoria, aurrekoek egiaztatutako erakundeek egina, kalitate-sistemak egiaztatzeko erakundeentzako UNE-EN ISO/IEC 17021 arauen arabera, UNE-EN ISO/IEC 17025 arauak eskatutako baldintzak beteta.

c) Urteko kanpo-auditoria, aurrekoek egiaztatutako erakundeek egina, UNE-EN ISO/IEC 17021 arauen arabera, kalitate-sistema UNE-EN ISO 9001ekin bat datorrela ebaluatzen duena, eta dagokion saiakuntzaren egokitasun teknikoa eta aipatu Errege Dekretuan ezarritako gainerako baldintzak (bai baldintza teknikoak, bai langileei buruzkoak) betetzen direla egiaztatzen duena.

IV. KAPITULUA
KALITATEA HOBETZEKO TRESNAK

20. artikulua.– Dokumentu aitortuak.

Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailburuak emandako aginduaren bidez ezarriko da Eraikingintzaren Kode Teknikoko dokumentu aitortuak izapidetzeko eta onesteko berariazko prozedura, aipatu kodea egokitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen eta biztanleriaren behar zehatzetara. Halaber, aipatu sailaren eginkizuna izango da dokumentu onetsiak Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Erregistro Orokorreko dagokion atalean inskriba daitezen sustatzea.

21. artikulua.– Erakunde baimenduak.

Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailburuak emandako aginduaren bidez ezarriko da produktu edo sistema berritzaileen egokitasunaren ebaluazio teknikoak egiteko erakunde baimenduak edota Eraikuntzako Kode Teknikoaren aplikazioa bideratzen duten zerbitzuak emateko erakunde eta entitateak bermatzen dituzten beste baimen edo ziurtagiriak aitortzeko berariazko prozedura. Halaber, aipatu sailaren eginkizuna izango da erakunde horiek Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Erregistro Orokorreko dagokion atalean inskriba daitezen sustatzea.

22. artikulua.– Kalitate-profilak, -ziurtagiriak eta -bereizgarriak.

1.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailak ezarri ahal izango ditu eraikuntzen profil edo kalitate-mailak, nahi izanez gero aplikatzeko. Profil edo maila horiek derrigorrezko betekizunetatik haratago egongo dira, eta haien ezaugarriak ebaluatzeko eta aitorpenak egiteko berariazko prozedurak arautuko dira.

2.– Halaber, aipatu sailak eraikuntzako material, produktu edo elementuen borondatezko kalitate-bereizgarriak eta marka edo zigiluak ezar ditzake, bereizgarri horiek emateko berariazko prozedurak araututa.

3.– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailaren eginkizuna izango da aurreko idatzi-zatietan adierazitako aitorpenak Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Erregistro Orokorreko dagozkien ataletan inskriba daitezen sustatzea.

V. KAPITULUA
ERAIKUNTZAREN KALITATEA SUSTATZEKO BATZORDEA

23. artikulua.– Eraketa eta atxikimendua.

1.– Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordea eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan arlo horretan egiten diren jardunen jarraipena egiteko organo gisa.

2.– Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordea eraikuntzaren eta eraikin-kalitatearen alorreko eskumena duen sailari atxiki zaio.

24. artikulua.– Osaera.

1.– Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Lehendakaria: eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzako titularra.

– Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzako bi ordezkari.

– Ingurumen eta Lurralde Politikaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkari bat; gutxienez, zuzendariaren maila izango du, eta sail horrek izendatuko du.

– Herri Lanen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkari bat; gutxienez, zuzendariaren maila izango du, eta sail horrek izendatuko du.

– Industria Segurtasunaren, Energiaren eta Meategien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren ordezkari bat; gutxienez, zuzendariaren maila izango du, eta sail horrek izendatuko du.

– Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuko ordezkari bat.

– Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

– Euskal Herriko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

– Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako eta Bizkaiko Ingeniari Industrialen Elkargo Ofizialetako ordezkari bat.

– Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialetako ordezkari bat.

– Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Perituen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialetako ordezkari bat.

– Euskal Herriko Herri Lanen Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialetako ordezkari bat.

– Euskal Herriko Geologoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoko laborategietako ordezkari bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoko kalitatea kontrolatzeko erakundeetako ordezkari bat.

– Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sustatzaileen eta eraikitzaileen elkarteen ordezkari bat.

– EAEko kontsumitzaileen elkarteen ordezkari bat.

Idazkaria: Eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailean jardute-eremu horiei dagozkien zereginak dituen zuzendaritzako teknikari bat.

2.– Beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, batzordeko kide titularrak ordezkatzeko, horien kargua hutsik dagoenean edo gaixorik edo kanpoan daudenean.

3.– Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordeko kide titularrak eta ordezkoak –aurreko idatzi-zatietan ezarritakoaren arabera– izendatzea, Eusko Jaurlaritzan eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailburuaren eginkizuna izango da.

4.– Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordea osatu behar duten pertsonak izendatzerakoan, gaitasun, ahalmen eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

25. artikulua.– Egitekoak.

Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordeak honako eginkizun hauek ditu:

a) Dekretu honen aplikazioak sor ditzakeen arazoak aztertzea eta dekretua eguneratzeko neurriak proposatzea.

b) Eraikuntzaren kalitate-kontrolarekin zerikusia duten gaietan administrazio publiko guztien jardunak koordinatzeko beharrezko neurriak aztertu eta proposatzea.

c) Eusko Jaurlaritzan eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorreko eskumena duen sailari eraikuntzaren kalitateari buruzko informazioa ematea.

26. artikulua.– Funtzionamendu-erregimena.

1.– Kalitatea Sustatzeko Batzordeari dagokio funtzionamendu-erregimena lantzea eta aldatzea.

2.– Kalitatea Sustatzeko Batzordeko kideek beren jardueretan euskara zein gaztelania erabiltzeko aukera izango dute. Halaber, gai-zerrendetan, aktetan, ziurtagirietan eta testu idatzietan, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzen erabilera bermatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, dekretu honetan aurreikusitako jarduera eta prozeduretan bitarteko elektronikoak erabiltzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, zeintzuk datu-trukaketa ahalbidetuko baitute, administrazio-izapideak sinpletze eta azkartze aldera.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengoa.– Dekretu hau ez zaie aplikatuko indarrean jarri aurretik honako egoera hauetako batean dauden obrei:

a) Administrazioak onartutako egikaritze-proiektuak dituzten obrak.

b) Lanbide-elkargoen derrigorrezko oniritzia izapidetuta duten obrak.

c) Egikaritze-fasean dauden obrak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxa normalizatu berriak onesten ez diren bitartean, dekretu honen 9. artikuluari jarraituz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsitako Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxa normalizatuak aplikatuko dira, dekretu honen aurka ez dauden heinean.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Eraikuntzaren Kalitatea Sustatzeko Batzordea, harik eta bere funtzionamendu-erregimena lantzen duen arte, Barne Erregimeneko Erregelamenduaren arabera arautuko da (zeina urriaren 22ko 238/1996 Dekretuak sorturiko kalitatea kontrolatzeko batzorde desagertuak onartu baitzuen), eta, subsidiarioki, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Dekretu hau indarrean jartzean, indargabetuta geratzen dira honako xedapen hauek:

a) 238/1996 Dekretua, urriaren 22koa, eraikuntzaren kalitatearen kontrola arautzen duena.

b) 69/2004 Dekretua, apirilaren 20koa, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategiak kreditatzeari buruzkoa.

2.– Halaber, indarrik gabe geratzen da lege honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko urriaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala