Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2015eko urtarrilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
364

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 30ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat, Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legearen arlokoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa hartu ondoren, eta artikulu horren c) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat, honako lege honen arlokoa dena: Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legearen arlokoa (akordioa ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 30a.

Araubide Juridikoaren sailburuordea,

SABINO TORRE DÍEZ.

ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO BITARIKO LANKIDETZA-BATZORDEA

AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearena, honako lege honen arlokoa: martxoaren 25eko 2/2014 Legea, Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzkoa.

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak honako akordio hau hartu du:

1.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak, 2014ko ekainaren 19an, akordio bat hitzartu zuen, Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legearekin lotuta sortutako eskumen-desadostasunak aztertu eta desadostasun horiek nola konpondu proposatzeko. Akordio horretan xedatutakoa betez osatutako lan-taldeak aurretik egindako negoziaketekin bat etorriz, bi aldeek uste dute desadostasun horiek konponduta geratu direla, Lege horretako manuei dagokienez hartutako konpromiso hauek direla bide:

A) Bi alderdiak bat datoz esatean 1, 3, 5.2, 11, 12, 13, 35 eta 38. artikuluetan jasotako erreferentziak, Gobernuaren kanpo-politikaren «gidalerroei, xedeei eta helburuei» buruzkoak, eta 38. artikuluko eta azken xedapenetatik bigarreneko bigarren paragrafoko aurreikuspenak konstituzionalki Estatuari dagozkion eskumenen arabera interpretatu behar direla, eta, beraz, nazioarteko harremanen arloan Estatuak duen eskumen-esparru esklusiboari lotuta. Ondorioz, gidalerro, xede eta helburu horiek autonomia-erkidegoek euren autonomia politikoaren arabera dituzten eskumenak erabiliz garatzen dituzten kanpo-jarduerei aplikatu beharreko neurriak ezartzen dituztenean, autonomia-erkidegoen kanpo-proiekzioko jarduerak arautu eta koordinatzera mugatuko dira, modu esklusiboan Estatuari dagokion kanpo-politikaren zuzentze eta gauzatzean sor daitezkeen kalteak saihestu edo konpontzeko.

B) Bi alderdiak bat datoz esatean Legearen 34. eta 35. artikuluak eta lehenengo xedapen gehigarria zentzu honetan interpretatu behar direla: autonomia-erkidegoek, hiri autonomoek eta toki-erakundeek proposatutako jarduerak kanpo-ekintzaren estrategian ez integratzea erabakitzen bada, erabaki horrek oinarrituta egon behar du, eta horren oinarria izango da jarduera horiek ez datozela bat Gobernuak ezarritako kanpo-politikaren gidalerro, xede eta helburuekin. Halaber, autonomia-erkidegoek, hiri autonomoek eta toki-erakundeek aurrez ikusitako kanpo-proiekzioko jarduerei dagokienez, kanpo-ekintzaren estrategiaren aurreikuspenak kanpo-proiekzioko jarduera horiek arautu eta koordinatzera mugatuko dira, modu esklusiboan estatuari dagokion kanpo-politikaren zuzentze eta gauzatzean kalterik sor ez dezaten.

2.– Egindako akordioa dela bide, bi alderdiak bat datoz esatean akordio honetan jasotako xedapenekin lotuta adierazi diren desadostasunak konpondu egin direla, eta planteatutako eztabaida amaitu egin dela.

3.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Madril, 2014ko abenduaren 18a.

Ogasun eta Herri Administrazioetako Ministroa,

CRISTOBAL MONTORO ROMERO.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala