Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2015eko apirilaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1882

3/2015 FORU ARAUA, apirilaren 7koa, mendeko finantza-ekarpenetatik, mendeko zorretik eta lehentasunezko partaidetzetatik datozen errenta negatiboak integratu eta konpentsatzeko araubidea onartzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «3/2015 Foru Araua, apirilaren 7koa, mendeko finantza-ekarpenetatik, mendeko zorretik eta lehentasunezko partaidetzetatik datozen errenta negatiboak integratu eta konpentsatzeko araubidea onartzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2015eko apirilaren 7a.

Diputatu nagusia,

Martin Garitano Larrañaga.

HITZAURREA

Ekonomiaren eta finantzen krisiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu biztanleriaren hainbat sektorerentzat. Horri erantzutearren, azken urteotan Gipuzkoako Batzar Nagusiek era askotako neurriak hartu dituzte zergen alorrean, eta haien helburua izan da krisi horretan kaltetuen gertatu diren zergadunei –finantza-entitateekin hartutako hipoteka-konpromisoak ezin betetzeagatik etxebizitza galdu duten pertsonei, esaterako– haren ondorio negatiboak arintzea, pertsona horiek etxetik botatzea eta hipotekak exekutatzea helburu duten eragiketei aplikatzen zaizkien kargen tributazio erregeletan salbuespenak edo aldaketak ezarriz.

Logika horren barruan kokatu beharra dago mendeko zorraren edo lehentasunezko partaidetzen ondorioz 2015. urtea baino lehen sortutako errenta negatiboak integratu eta konpentsatzeko sistema, hain zuzen ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiak dagoeneko jasotzen duena abenduaren 16ko 18/2014 Foru Arauak, 3/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak sartu eta zerga alorreko beste aldaketa batzuk onartzen dituenak, haren barruan sartu eta gero. Berariazko konpentsazio araubide hau ezarri zen aurreztaileei arintzeko informazio eskas baten ondorioz arrisku handiko finantza produktuetan edo euren profil inbertsorera ongi egokitu gabekoetan behin inbertituta aurrezkiak galdu izanak eragindako efektuak.

Bere jarduera ekonomikoaren finantzaketari lotuaz, kooperatiben mugimenduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren sare produktiboan guztiz erroturik dagoenak, mendeko finantza-ekarpenetara jo du mendeko finantzaketa sistema gisa, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean aurreikusitako inbertsio-tresna diren aldetik. Mendeko finantzaketa horren zati handi bat aurreztaile txikien gain geratu zen, aurrezki gehienak horrelako produktuetan inbertitu dituztelako.

Inbertsio horiek balio-galera nabarmena izan dute, eta horren arrazoia funtsean da haiek kotizatzen duten merkatu antolatuan (SEND) ia guztiz desagertu dela eskaera. Kasurik larrienak gertatu dira entitate jaulkitzailearen konkurtso-deklarazioak eta haren ondorengo likidazioak eragin dutenean ekarpena egin duenak erabat galtzea hasieran inbertitutako kopurua.

Egoera horren aurrean, era horretako ekarpenen titular askok erreklamazio judizialak aurkeztu dituzte inbertitutako kopuruak euren eskuetara itzul daitezen, eta horren ondorioz une hauetan kontratuak deuseztatzeko epaiak ematen ari dira. Hori guztia dela-eta, gaur egun ugaltzen ari dira mendeko finantza-ekarpenen titularrek eta entitate merkaturatzaileek adostutako akordio estrajudizialak.

Testuinguru horretan, titulu horien izaera hibridoak eragindako konplexutasun berezia kontuan hartuta, eta kooperatiben mendeko finantzaketaren zerga tratamendua beste lurralde historikoekin harmonizatuta egon dadin, foru arau honek ezartzen du zer kalifikazio zehatz izango duten, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, mendeko finantza-ekarpenen titularrek lortzen dituzten errentek ekarpen horiek gerta daitezkeen egoera guztietan.

Bestalde, azaldutako zirkunstantziei erreparatuta, eta finantza-produktu horien zerga tratamendua lurralde historikoen artean harmonizatzeko, errenta negatiboak konpentsatu eta integratzeko gaur erabiltzen den sistema osatzen da denbora-muga jakin bati lotuta ez dagoen sistema bat ezarrita, non mendeko zorrari eta lehentasunezko partaidetzei erreferentzia egiteaz gainera, kooperatiben mendeko finantza-ekarpenak ere aipatzen baitira berariaz.

Artikulu bakarra.– Aldatzea 2014ko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

Aldaketa hauek sartzen dira 2014ko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Bat.– Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita zortzigarrena, honako hau dioena:

«Hogeita zortzigarrena.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean aurreikusita dauden mendeko finantza-ekarpenen ondorioz pertsona fisikoek lortutako etekinei aplikatu beharreko zerga araubidea.

1.– 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57. artikuluko 5. apartatuan aipatzen diren mendeko finantza-ekarpenetatik datozen errentak kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako etekintzat joko dira, foru arau honen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Tratamendu fiskal hau aplikatuko da ondorengo egoeretan, zein egunetan gertatzen diren edo gertatu diren aintzat hartu gabe:

a) Balore horiek eskualdatu, itzuli, amortizatu, trukatu edo bihurtzeko eragiketen kasuan, lortutako etekinak aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera kalifikatuko dira.

Entitate merkaturatzaileekin adostutako akordio estrajudizialen ondorioz egiten diren transakzioek ere tratamendu bera izango dute, dagozkien ordainketei konturako atxikipena aplikatu edo ez.

b) Tituluen harpidetza deuseztzat jotzen duten epaiak ematen direnean, titularrak ondare irabazi edo galera bat izan duela joko da, epaia irmo bihurtzen den ekitaldiari egotzi beharko diona. Irabazi edo galera hori diferentzia honen emaitza garbia izango da: titularraren alde aitortutako berandutza-interesak ken hark ordaindu behar dituen kopuruak gehi dagozkien berandutza interesak. Horrek ez du zertan ekarriko autolikidazioak zuzentzea.

c) Tituluak jaulki dituzten kooperatibak konkurtso egoeran deklaratu badira eta titulu horiek kreditu konkurtsal bihurtzen badira, zergadunek bi aukera izango dituzte: batetik, kreditu horrek eragindako ondare-aldaketa errenta orokorrean sartzea, foru arau honen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, bestetik, xedapen gehigarri honetako 1. apartatuan ezarritako kalifikazioa aplikatzea.

3.– Xedapen gehigarri honetan xedatutakoak ez du aldatuko mendeko finantza-ekarpenen zerga-tratamendua kooperatiba jaulkitzaileei dagokienez. Izan ere, kooperatiba horiei Kooperatiben zerga araubideari buruzko urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauaren 15.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie beti».

Bi.– Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita bederatzigarrena, honako hau dioena:

«Hogeita bederatzigarrena.– Mendeko finantza-ekarpenetatik, mendeko zorretik eta lehentasunezko partaidetzetatik datozen errenta negatiboak integratu eta konpentsatzeko araubidea.

1.– Foru arau honen 66. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoa gorabehera, apartatu horretako a) eta b) letretan aipatzen diren saldo negatiboetan zatiren bat baldin badagokie Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 57.5 artikuluan aipatzen diren mendeko finantza-ekarpenetatik datozen ondare galerei edo kapital higigarriaren etekin negatiboei, zati hori letra horietan aipatzen den saldo positiboarekin konpentsatu ahal izango da –letra batekoarekin zein bestekoarekin–, betiere foru arau honen 66.1 artikuluan aurreikusita dagoen lau urteko epea igaro ez bada. Konpentsazioa egiteko, ez da kontuan hartuko galerak edo etekin negatiboak noiz gertatzen diren edo gertatu diren.

Konpentsazio araubide hau berdin aplikatuko zaie ondare galerei eta kapital higigarriaren etekin negatiboei, mendeko finantza-ekarpenak berrerosteko eta harpidetu edo trukatzeko eragiketengatik jasotako baloreen eskualdaketatik datozenean.

2.– Mendeko zorra eta lehentasunezko partaidetzak jaulki badira inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta finantza-bitartekarien informazio-betekizunei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legeak bigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan, aurreko apartatuan zehaztutako tratamendu bera aplikatuko zaio saldo negatiboetan ondare galeretatik edo kapital higigarriaren etekin negatiboetatik datorren zatiari, baita berrerosteko eta harpidetu edo trukatzeko eragiketengatik jasotako baloreen eskualdaketatik datozenei ere, galera edo etekin negatiboak zein egunetan gertatzen diren kontuan izan gabe.

3.– Xedapen gehigarri honetan araututako integrazio eta konpentsazio araubidea 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da».

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan jasotakoari jarraituta sortuko ditu ondorioak.


Azterketa dokumentala