Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2015eko abenduaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5463

235/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Dekretua aldatzen duena.

Apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren bidez ezarri ziren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.

Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eginkizun eta arloen artean dago, besteak beste, Saileko arlo guztietan gastua baimentzea. 8.c) artikuluan xedatzen duenaren arabera, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari egokituko zaio, adibidez, Sailaren gastua baimentzea 1.000.000 eurotik gorako espedienteetan, Gobernu Kontseiluaren eskumenak ezertan galarazi gabe. 9.k) artikuluak, ordea, beste hau ezartzen du: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren ardura izango dela, beste batzuen artean, Sailaren gastua baimentzea 1.000.000 eurotik beherako espedienteetan.

193/2013 Dekretua onartu zenetik iragan den denbora eta tarte horretan pilatutako eskarmentua kontuan izanda, ekiteko modua aldatzea komeni da, hau da, gastua Saileko zuzendaritzek onartzeko eginkizuna deszentralizatzea zenbatekoa kontratu txikitzat jotakoei dagokienean, aldaketa horrek eraginkortasuna eta operatibotasuna areagotuko dituelakoan.

Irakasleen lizentzia eta baimenekin lotuta, 10. eta 29. artikuluak aldatu dira, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak eman behar dituenak zehazte aldera.

Araubide Juridiko eta Zerbitzu Zuzendaritzari dagokionez, lehenengo eta behin, 4. artikuluari beste paragrafo bat erantsi zaio, bi eskumen barne hartzen dituena: Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimenik behar ez duten Sailaren arloetan hitzarmen eta akordioak baimentzearena, bata, eta horiek sinatzearena, bestea; horrez gainera, 26.1.1. ataleko h) idatzi-zatia aldatzea ere proposatu da, egungo Dekretuaren inkoherentzia bat zuzentzeko eta Sailaren jarduera osoarekin zerikusia duten ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak hasteko eta tramitatzeko eskumena zuzendaritza batean uzteko. Azkenik, puntu berri bat sartu da 29. artikuluan, Lurralde ordezkariaren ebazpen edo ekintzen aurrean jarritako gorako errekurtsoak ebazteko organo eskuduna zein den zehazteko.

Azkenik, aldaketa baliatu da Dekretuan oraintsu indargabetu diren organoei egiten diren aipamenak sortu diren beste berri batzuengatik ordezkatzeko. Sortu diren organo berri hauek dira EEI Institutua eta IDEATK Institutua; biak sartu dira Hirugarren Xedapen Gehigarrian azaltzen diren kontratu txikien kontrataziorako organoen zerrendan. Era berean, TKNIKA Zentroaren erreferentziak eguneratu dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak, 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran, aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuari, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenari 2. artikuluko d) paragrafoaren 8. eta 10. Ataletako erreferentziak aldatzea, honako edukiarekin (Kide anitzeko organoak eta beste organo batzuk):

«8.–) Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI).»

«10.–) Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK).»

Bigarren artikulua.– 4. artikuluan paragrafo bat erantsi da (Sailburua):

«Era berean, eta beste organo batzuei berariaz esleitu ez bazaizkio, sailburuari dagokio Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimenik behar ez duten hitzarmen eta akordioak baimentzea Sailari dagozkion gaietan, baita horiek sinatzea ere.

Hirugarren artikulua.– 5. artikuluko 1. atalean m) paragrafoa erantsi da (Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza):

«m) Bere ekintza-eremuan sartutako espedienteetatik eratorritako gastua onartzea indarreko legearen arabera txikitzat jotzen diren kontratuei badagokie, salbu eta baimentze hori beste organo baten eskumena ez bada.»

Laugarren. artikulua.– 7. artikuluko d) paragrafoari idazketa berria eman zaio eta egungo d) paragrafoa e) paragrafo bilakatzen da (Zuzendaritzak):

«d) Bere ekintza-eremuan sartutako espedienteetatik eratorritako gastua onartzea indarreko legearen arabera txikitzat jotzen diren kontratuei badagokie, salbu eta baimentze hori beste organo baten eskumena ez bada.»

«e) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein funtzio, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.»

Bosgarren artikulua.– 9. artikuluko k) eta l) paragrafoak aldatu dira (Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza):

«k) Zuzendariari dagozkio honako hauek: 1.000.000 eurotik beherako espedienteetan Sailaren gastua baimentzea, eta Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein prestatzea. Hemen ezarritakoaren salbuespentzat joko da Dekretu honen 5. artikuluko m) paragrafoan, 7. artikuluko e) paragrafoan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.»

«l) Sailaren kontratazio-organoa zuzendaria da, betiere lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, Dekretu honek beste organo batzuei esleitutako kontratu txikiak salbuetsita.»

Seigarren artikulua.– 10. artikuluko 2. ataleko k) paragrafoa aldatu da (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza):

«k) Zerbitzu eginkizunak ematea. Era berean, lizentzia eta baimen hauek ematea: a) Gaixotasuna dela-eta lanaldia murrizteko baimena; b) Sindikatu- edo langile-ordezkaritzako eginkizunak gauzatzeko baimena; c) Emakume funtzionarioaren aurkako genero-indarkeriagatiko baimena; d) Gaixotasun kronikoa edo mugikortasun-arazoak dituzten senideak zaintzeko baimena; e) Langilearen eginkizun edo jardunarekin zuzenean lotutako lanbide-perfekzionamendu ikasketak egiteko baimena; f) Langilearen eginkizun edo jardunarekin zuzenean lotuta ez dauden gaiei buruzko ikasketak egiteko baimena; g) Hautetsia izatetik eratorritako eginkizunak betetzeko baimena (baimen horretarako murrizketa aplikatzeko aukera dagoenean); h) Ordaindu gabeko baimena; i) Hein batean ordaindutako baimena.»

Zazpigarren artikulua.– 26.1.1 artikuluko h) paragrafoa aldatu da, eta idazketa hau eman da:

«h) Kultura-ondarearen arloko zehapen-espedienteen instrukzioa egitea, horien ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie, betiere.»

Zortzigarren artikulua.– 29. Artikuluan, 1. atalean, j) paragrafoa erantsi da eta 2. atal bat erantsi da:

«j) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari ez dagozkion lizentzia eta baimenak ematea.»

«2.– Gorako errekurtsoa aurkez dakiekeen Lurralde ordezkariaren ebazpen eta ekintzen aurrean, arloa aintzat hartuta eskumena duen sailburuordeak izango du haiek ebazteko eskumena.»

Bederatzigarren artikulua.– Hirugarren xedapen gehigarrian (kontratu txikiak), hirugarren gidoian, TNIKA Zentroaren erreferentzia eguneratu da, eta, zazpi eta zortzigarren gidoietan, EEI Institutua eta IDEATK Institutua gehitu dira:

«– Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa (TKNIKA), abenduaren 1eko 222/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.»

«– EEI.»

«– IDEATK.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala