Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2016ko otsailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
874

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 17koa, Industriako sailburuordearena, «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeei laguntzak emateko deialdia argitaratzeko dena. Laguntza horiek 2014ko martxoaren 26ko Aginduak arautzen ditu. Agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatu du, 2016ko ekitaldirako.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez (2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatutakoa), arautzen da beka-programa hau martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza-programa –«Global Training»–, goi-mailako lanbide-prestakuntza edo unibertsitate-titulazioa duten gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egin ditzaten.

Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egokia da 2016ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Aginduan (2014ko martxoaren 26ko Agindua aldatzen du) aurreikusitako laguntzen 2016ko deialdia egitea. Agindu horren bidez arautzen da «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza-programa.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Deitutako laguntzak finantzatzeko, 4.120.000 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean hartarako ezarritako aurrekontu-kredituaren kargura.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epeak.

1.– Programa honetan parte hartzen duten erakundeek izapidetze telematikoaren bidez beteko dute eskabidea eta horrekin batera eskatzen den dokumentazioa, eta horretarako eskabide-eredua www.industria.ejgv.euskadi.eus web-orria erabiliz eskuratu eta aurkeztuko da Administrazioan, edo, bestela, www.industria.ejgv.euskadi.eus web-orrian eskabide-eredua bete eta grabatu, inprimatu eta, ondotik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzako lurralde-ordezkaritzaren batean aurkeztuz, dela zuzenean, dela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako bideren bat erabilita. Betiere, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin beharko da hori guztia. Eskabide-ereduak ebazpen honen III. eranskin gisa argitaratzen dira.

2.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da; amaitu, berriz, 2016ko apirilaren 11ko 12:00etan.

Laugarrena.– Aginduan jasotako baldintzen arabera, erakunde laguntzaile bakoitzeko deitu beharreko «Global Training» beken kopurua ez da izan behar 40 baino txikiagoa, ez eta 60 baino handiagoa ere.

Bosgarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 10. artikuluan (2015eko apirilaren 1eko Aginduaren bidez aldatutakoa) aipatzen diren balorazio-irizpideak ebazpen honen IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira.

V. eta VI. eranskinetan, proiektuen argitasuna zehazteko erakundeek bete behar dituzten taulak eta bekez baliatzeko aldiaren luzapen-aurreakordioaren ereduak ageri dira.

Ebaluazio-organoaren osaera VII. eranskinean dago jasota.

Seigarrena.– Deitzen diren laguntzak arautzeko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoa betetzearren –diruz lagungarri diren gastuak zehazteari buruzkoa–, ebazpen honen I. eranskinean, ezartzen da zein den eman beharreko prestakuntza espezifikorako ikastaroen Oinarrizko Programa, eta, II. eranskinean, aldiz, zenbat beka emango den eta zenbateko dotazioa emango zaien bekadunei hilean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 17a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

I. ERANSKINA

Aurretiko prestakuntza-ikastaroaren gutxieneko edukiak:

– Iraupena: 40 ordutik 60 ordura bitartekoa.

– Prestakuntza horrek honako gai hauek izango ditu, bestek beste:

1.– Nola jorratu atzerrian egiten den praktika.

2.– Kulturarteko negoziazioa.

3.– Komunikazio-teknikak.

4.– Talde-lana.

5.– Adimen emozionala.

6.– Berrikuntza.

7.– Beste batzuk, praktika motaren arabera.

II. ERANSKINA

Dotazioa, hileko balio unitarioan, beka guztientzat dagoen aurrekontua kontuan izanik kalkulatutakoa.

Beka-kopurua: 410. Beken iraupena: 6 hilabete

Hileko dotazioa

1.358,00 €

Agindu arautzailearekin bat etorriz, dotazio ekonomiko horren bitartez, honako gastu hauei egingo zaie aurre: EAEtik destinoko herrialderako joan-etorriak; mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzarako kotizazioak, eta, halaber, beharrezko bada, bisatuak eta txertoak lortzea ere.

III. ERANSKINA
GLOBAL TRAINING BEKAK - 2016
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK
(Ikus .PDF)

Va) ERANSKINA – ERAKUNDE ESKATZAILEAK ESKAINITAKO PRAKTIKEN LABURPEN-TAULA

(Ikus .PDF)

Vb) ERANSKINA - PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: GLOBAL TRAINING PROGRAMA – PRAKTIKAREN INFORMAZIOA

(Ikus .PDF)

V.b) ERANSKINA- APPLICATION FORM: GLOBAL TRAINING PROGRAMME – INTERNSHIP INFORMATION

(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN “GLOBAL TRAINING” PROGRAMAKO BEKAK
BEKAREN LUZAPEN GEHIGARRIARI BURUZKO AURREAKORDIOA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
EBALUAZIO-ORGANOAREN OSAERA.

Ebaluazio-organoa Nazioartekotzeko zuzendariak eta Zuzendaritzako hiru teknikarik osatuko dute:

Ainhoa Ondarzabal Izaguirre, Nazioartekotzeko zuzendaria.

Iñaki Ezkurra Yurrebaso, Nazioartekotze Programen arduraduna.

Mara Estibalez Presa, Nazioartekotzeko teknikaria, idazkaria.

Iker Arruabarrena Fernandez, Nazioartekotzeko teknikaria.


Azterketa dokumentala