Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2016ko martxoaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1028

AGINDUA, 2016ko martxoaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest-Gara Plana garatzeko proiektuak aurkeztuz Sail honekin batera lan egin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen prestakuntza antolatzea, eta irakasleek irakasle izateko prestakuntza baldintza onetan eta beharrezko kalitatearekin egiteko eskubidea eta betebeharra betetzen direla zaintzea, 2/2006 Lege Organikoaren, maiatzaren 3koaren, Hezkuntzakoaren, 102. artikuluan jasota dagoen bezala. Prestakuntza-prozesu horien azken xedea ikasleak direnez, prestakuntzak zentzua du hezkuntza-sistemaren ekitatearen eta bikaintasunaren onerako den neurrian, eta hezkuntza-sistema horretako erreferentzia ikaslea da, prestakuntzari zentzua eta hezkuntza-esparruari berrikuntza ematen baitizkio.

Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakasleak prestatzeko plan bat egin du. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin ditu, unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren; eta, beste alde batetik, proposatzen du irakasleek beren lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea emateko. Alde horretatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak konpromisoa eta ardura hartzeko eskatzen die prestakuntza hartu behar duten irakasleei, eskuratutako jakintza horiek ikasgelako eguneroko lanean isla daitezen, eta ikastetxean inpaktua sor dezaten, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetze aldera.

Plana definitzeko eta, batez ere, plana abian jartzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bere zerbitzuez gain, zenbait erakundek lagundu eta parte har dezan behar du. Prestakuntzaren arloan aritzeko duten gaitasuna guztiz onartuta izan behar dute erakunde horiek; izan ere, horrek bermatuko du helburuak beteko dituela planak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatu nahi du irakasleen esperientzia abiapuntu duen eta ikastetxeen testuinguruan sar daitekeen prestakuntza praktikoa. Horregatik, prestakuntza-jardueretan proiektu edo jarduera bat egitea, prestakuntzaren baitan, proposatuko zaie irakasle parte-hartzaileei, ikasgelan edo ikastetxean aplikatzeko, eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta ikastetxean azaltzeko. Eta atzerriko hizkuntzak irakasteko ikastaroetan, adituak ez diren irakasleei bideratuta daudenetan, edukiei lotutako ikaskuntza-metodologia erabiliko da.

Agindu honen bitartez, plan honetan parte hartzeko interesa duten erakunde guztiei egiten diegu dei proiektuak aurkez ditzaten, kontuan hartuz 2016-2017 ikasturteko jarduera-esparruak eta prestakuntza-ikastaro eta ekintzak. Era berean, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak, proiektuak hautatzeko prozesuak eta hautaketa egiteko organo arduraduna ezarri dira, eta esleipen-irizpideak argitaratu dira. Halaber, prestakuntza-jarduerak zein baldintzatan burutuko diren ere adierazi da.

Horregatik guztiagatik, indarrean diren legeekin bat eginik, eta abenduaren 23ko 5/2014 Legean baimendutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu badagoenez (lege horren bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko aurrekontu orokorrak), eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako xedapenak aintzat hartuta

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleak prestatzeko lanetan ari diren edo horrelako lanetan aritzeko prest egongo liratekeen erakunde publiko eta pribatu legez eratutakoei dei egitea, unibertsitatez kanpoko Irakasleak Etengabe Prestatzeko Plana garatzeko proiektuak aurkez ditzaten; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan aritzeko proiektuak izan beharko dira.

2.– Helburu hori lortzeko, guztira, 712.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

3.– Deialdi hau lehiaketa-sistemaren bidez ebatziko da.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradunak izango dira legez eratutako erakunde publikoak eta pribatuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Prest_Gara planaren baitan irakasleak prestatzeko jarduerak egiten dituztenak edo egiteko prest daudenak. Deialdi honen ondoreetarako, erakundetzat hartuko dira bakarrik prestakuntza-jarduerak egitea xede duten edo prestakuntza-jarduerak eta beste batzuk xede dituzten diru-irabazi asmorik gabeko federazioak eta elkarteak eta pertsona juridikoak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunak izateko, erakunde eskatzaileek ondoko betekizun hauek bete beharko dituzte.

a) Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntzen deialdietan inork ezingo du parte hartu baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeko aukera galdu badu edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badago, sexua diskriminatzeagatik zigortutakoak barne, beti ere otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

b) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteta izan behar dituzte.

c) Erakunde eskatzaileek zuzen eratuta eta inskribatuta eman beharko dute dagokien erregistroan, eta Ekonomia Jardueretan alta emanda egon beharko dute, prestakuntza-jarduerei dagokien epigrafean.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak espresuki ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamenduko 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Erakunde interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Betebehar hauek egiaztatuko ditu eskaeran erakundeak, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk ez direla jaso adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

b) Ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik egiaztatzea.

c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 12. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan jasotako egoeretako batean.

6.– Erakunde onuradunak eskubidea du prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak edo jada administrazio jardulearen eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko, 30/1992 Legeko 35. artikuluan adierazitakoa oinarri hartuta (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskubide hortaz baliatu ahal izateko, erakunde interesdunek eskaeran adierazi beharko dute dokumentazioa administrazioaren eskuetan dagoela, eta horrez gainera, kasu bakoitzean zer datatan eta zer prozeduratarako aurkeztu ziren ere jarri beharko dute.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Hurrengo ataleko multzoetako jarduera batekin edo gehiagorekin zerikusia duten lankidetza-proiektu bat edo gehiago aurkez ditzakete erakunde laguntzaileek. Aurkeztutako lankidetza-proiektuko jarduera guztiak gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta antolamendu-baliabideak izan beharko dituzte erakundeek.

2.– Prestakuntza-jarduerak multzo hauetan banatzen dira, eta adierazten den aurrekontua dute esleituta:

1. multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak:

1.1 multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak, 2016ko udan egiteko: 110.000 euro.

1.2 multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak, 2016-2017 ikasturtean zehar egiteko: 200.000 euro.

2. multzoa: unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan irakasleek (prestakuntza-zikloetakoek izan ezik) izan beharreko lanbide-gaitasunak garatzeko prestakuntza-jarduerak (atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntzakoak izan ezik), eta indarrean dagoen curriculumarekin eta Hezkuntza Sailak markatutako jardute-eremuekin zerikusia duten jarduerak.

2.1 multzoa: 2016ko uztailaren 4tik 2016ko urriaren 31ra egiteko prestakuntza-jarduerak: 132.000 euro.

2.2 multzoa: 2016ko azaroaren 2tik 2017ko ekainaren 30era egiteko prestakuntza-jarduerak: 200.000 euro.

3. multzoa: sailak aurreikusten ez dituen baina erakunde laguntzaileek proposatzen dituzten prestakuntza-jarduerak, daukaten eduki, ikuspuntu edo izaera berritzailearengatik irakasleen etengabeko prestakuntzarako bereziki interesgarriak direnak: 70.000 euro.

3.– Agindu honen IV. eranskinean dago sailak 1.1, 1.2, 2.1 eta 2.2 multzoetan proposatzen dituen prestakuntza-jardueren zerrenda. Haien eduki zehatza eta gauzatzeko baldintzak (helburuak, edukiak, orduak, gauzatzeko herria eta datak...) erakunde eskatzaileen eskura daude URL honetan: http://www.prestgaraentidadeak.net

4.– Erakunde eskatzaileek aukera izango dute sailak aurreikusi gabeko prestakuntza-jarduerak proposatzeko, daukaten eduki, ikuspuntu edo izaera berritzailearengatik irakasleen etengabeko prestakuntzarako bereziki interesgarriak badira. Jarduera horiek 3. multzoko hautaketa-prozedurako eskabideetan sartuko dira, eta lau baldintza bete beharko dituzte: berritzaileak izatea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatzen dituen lehentasunezko lerroen edukiekin bat etortzea (I. eranskinean biltzen da eduki hori), prestakuntza gutxienez 20 ordukoa izatea eta gutxienez 20 plaza eskaintzea.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.–.Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakunde interesdunak diruz laguntzea eskatzen den prestakuntza-jarduera bakoitzaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak bete beharko ditu, esteka honetan dagoen aplikazio informatikoan: http://www.prestgaraentidadeak.net

3.– Eskaerak, bana erakundeak lagundu nahi duen jarduera-multzo bakoitzeko, elektronikoki aurkeztuko dira, osorik eta ondo betetako eskabide elektroniko bidez: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/prest_gara/y22-izapide/eu

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoaren, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

5.– Diru-laguntzaren eskaerak ez badaude guztiz beteta, interesdunari hamar laneguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko; halaber, adierazi egingo zaio horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoen bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabil dezakete. Esteka honetan kontsulta daiteke zer ziurtagiri elektroniko dauden baimenduta: https://euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://euskadi.net/misgestiones

7 artikulua.– Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

8 artikulua– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzordearen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna.

Batzordekideak:

– Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunak.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako bi teknikari. Bietako baten ardura izango da idazkari-lanak egitea.

– Berritzegune bateko zuzendari bat.

9. artikulua.– Proiektuak aukeratzea.

1, 1.1, 1.2, 2.1 eta 2.2 multzoetako proiektuak aukeratzeko, II. eranskinean eskaerak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan; eta ukatu egingo dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten proiektuak. 3. multzoko proiektuak aukeratzeko, III. eranskinean finkatzen den baremoa hartuko da kontuan; eta ukatu egingo dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

2.– Ebaluazio-batzordeak bere esku izango du eskatu beharreko txosten teknikoak eskatzea aurkezten diren proiektuak egoki baloratzeko. Era berean, proposaturiko jarduerak hobeto burutze aldera, proposatu beharreko aldaketak proposatu ahal izango ditu.

3.– Deialdi honetako 4. artikuluko multzoetako jardueretan, aurkezten diren proiektuekin ez baldin bada aurreikusitako dotazioa erabat agortzen, ebaluazio-batzordeak aukerakoa du sobran geratzen diren kopuruak beste multzoen artean banatzeko proposatzea.

4.– Ebaluazio-batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dizkio ebazpen proposamenak.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Jardueraren gutxi gorabeherako kostuaren % 100 esleitu ahal izango die hautatutako proiektuei Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, gastu onargarrien kontzeptuak (prestakuntza ematen duten irakasleen gastuak, dietak eta joan-etorriak, gastu materialak, eta beste administrazio- eta kudeaketa-gastu batzuk) kontuan hartuta, erakunde laguntzaileak aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Diru-laguntza hauek jasotzea eta xede bera duen beste edozein laguntza jasotzea ez dira bateragarriak, nahiz iturri publikoetatik nahiz pribatuetatik jaso laguntza.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak 4. artikuluan adierazitako multzoen ebazpenak emango ditu, Ebaluazio Batzordearen proposamenak kontuan izanda, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik hasi eta sei hilabeteko epean. Ebazpen horiek elektronikoki jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, jende guztiak haien berri izan dezan.

2.– 4. artikuluan datozen multzoetako bakoitzari dagozkion ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan emango dira argitara. Hala egin eta hurrengo egunetik aurrera, argitaratze horrek jakinarazpen indarra izango du. Ebazpenean, hainbat gauza etorriko da zehazturik: eman diren dirulaguntzen zerrenda; eman ez direnena; eta prozeduratik kanpo geratu direnena; emandakoak zenbatekoak diren; eta ez emateko eta kanpoan uzteko arrazoiak.

3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira, inoiz, benetako jakinarazpentzat hartuko.

4.– Epe horren barruan ez bada ebazpenik ematen, eskabideak ukatu egin direla jo ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Hezkuntzako sailburuordeak, ebazpenaren bidez, ondorerik gabe utziko du, irakasleak matrikulatzeko hasierako epea igaro ondoren, aurreikusitako plazen % 40 bete gabe dituzten jardueren proiektuak egiteko proiektuen diru-laguntza. Halakoetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko die aipaturiko proiektuen erakunde onuradunei, betiere jarduera hasi baino lehen.

6.– Ebazpenak ez dionez administrazio-bideari amaiera ematen, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratzen den egunetik hasita.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza onartutzat joko da deialdiaren ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik hamar eguneko epean erakunde onuradunek espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote.

2.– Diru-laguntza zer helburu zehatzetarako eman den, horretarako erabiltzea; hau da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarri bezala eta gauzatzeko baldintza egokietan egitea prestakuntza-jarduera.

3.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.

4.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozer aldatzen bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

6.– Prestakuntza-ekintza bakoitza gauzatzeak dakarren administrazio-kudeaketako datu eta agiri guztiak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ematea, eta irakasleen segimendu eta ebaluazioko zenbait lan egitea. Horrela, erakundeek zeregin hauek izango dituzte:

a) Onartutako pertsonen asistentzia-kontrola egitea, eta parte-hartzaileen bajak Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari jakinaraztea, erreserbako zerrenda kudeatzeko.

b) Parte hartzen duten irakasleei gai edo ez gai kalifikazioa ematea. Erakundeak ezingo die gai kalifikazioa eman jarduera-orduen % 80ra joaten ez diren parte-hartzaileei, ez eta dagokion proiektua, txostena edo memoria entregatzen ez dutenei ere. Gerora ezin izango da kalifikazioa aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira, agiri bidez.

7.– Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren inguruan indarrean dagoen arautegia betetzea.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeak.

Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, bi epetan:

a) Lehenengo epean diruz lagundutako guztiaren % 60 ordainduko da, gehienez ere 2016ko azaroaren 2an, ikastaroan onartutako pertsona guztiak kontuan hartuta prestakuntza-jarduera guztiak egin direla bermatzen denean.

b) Bigarren epean gainerako % 40ri dagokio, eta 2017an ordainduko da, 15. artikuluan adierazitako dokumentazioa jaso eta gero.

15. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa bide elektronikoz aurkeztu beharko da, web-gune honetan: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

2.– Jarduera bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean, erakundeak, diruz lagundu den jarduera bakoitzeko, agiri hauek denak bildu eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzura bidali beharko ditu:

a) Jardueraren garapenari buruzko akta, hau jasotzen duena:

– Jardueraren garapenari buruzko balorazio orokorra.

– Irakasle parte-hartzaileen zerrenda. Berariaz adierazi beharko da irakasle bakoitzaren bertaratze-, partaidetza- eta aprobetxamendu-ehunekoa.

– Gai kalifikazioa lortu duten irakasleen zerrenda.

b) Ikastaroan erabilitako irakaskuntza-materialen kopia digital bat: apunteak edo material inprimatua, softwarea, aurkezpenak, ariketak eta jarduerak.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko fitxa bat, parte-hartzaile bakoitzak egin dituen jarduera praktikoen oinarrizko ezaugarriak jasotzen dituena, ikastaroaren ezaugarrietan ezarritakoarekin bat etorriz eta V. eranskineko fitxa-ereduari jarraituz.

d) Emandako diru-laguntzaren kontura egindako gastuak egiaztatzen dituzten egiaztagiriak, fakturak edo dokumentuak, eta jarduera gauzatu dela eta diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duen justifikazio-memoria eta jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, zorduna eta zenbatekoak eta hasieran aurkeztutako aurrekontuarekiko aldeak zehazten dituena.

3.– Erakundeek barne-ebaluaziorako ezartzen dituzten mekanismoak edozein izanda ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proiektuak ebaluatu ahal izango ditu, ezarritako helburuak noraino bete diren egiaztatzeko.

16. artikulua.– Laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da eta gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea.

1.– Erakunde onuradunak emandako eta jasotako zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak itzuli beharko ditu, honelakoren bat gertatuz gero:

a) diru-laguntza zein helburu zehatzetarako eskatu zuen eta esleitu zitzaion, horretarakoxe ez erabiltzea.

b) diru-laguntza esleitzeko arrazoi izan zen jarduera ez egitea.

c) diru-laguntza berak eskabidean adierazitako helburu jakin eta zehatzetan erabili duela ez justifikatzea.

d) edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAAn argitaratu zen), Agindu honetan edo diru-laguntza esleitzeko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Diru-laguntzak itzultzeko abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzak egiteari utzi gabe (698/91 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezartzen duena, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatzen dituena). Bestalde, horrela itzulitako diru-laguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Datuak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «entidadeak-garatu2012» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honen parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetako 1. artikuluan finkatutako diru-zenbateko osoa handitu ahal izango da, beti ere egin beharreko prestakuntza-jardueren kopurua kontuan hartuta eta baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetako aurrekontu-zuzkidurak agortzen ez badira. Dena dela, diru-laguntzak ebatzi aurretik egin beharko da hori, eta Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena eman eta EHAAn argitaratu beharko du.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I ERANSKINA
JARDUKETA-ESPARRUAK

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarentzat, hezkuntza-sistemaren helburua ikasleen erabateko hezkuntza da. Horretarako, oinarrizko konpetentziak eskuratzeko aukera-berdintasuna bermatu behar da, aniztasuna eta gaitasun ezberdinak behar bezala kudeatuz eta bikaintasunerantz etengabe aurrera eginez. Sistemak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan etengabeko hobekuntza bilatu behar du, bai eta hezkuntza-komunitate osoak prozesu horretan laguntzea ere.

Hori horrela izanik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lehentasunezko ildoak ezarri ditu, eta horietara bideratu behar dituzte ahalegin guztiak hezkuntza-zerbitzuek. Ildook kontuan hartu beharko dira Irakasleen Prestakuntza/Berrikuntza Plana definitzerako orduan.

1. ILDOA: ELEANIZTASUNERANTZ

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu Ikasleek komunikatzeko konpetentzia nahikoak gara ditzaten bi hizkuntza ofizialetan eta hirugarren hizkuntza batean (funtsean, ingelesean). Eta ikasleek garatutako Hizkuntza Komunikazioarako Gaitasun elebidun-eleaniztun hori asertibitatez, egokitasunez eta eraginkortasunez kudeatu dezaten gizarte-testuinguru gero eta anitzagoetan eta konplexuagoetan, izan hemengo gizarte sareetan zein mundu globalizatuan.

Mundura eta beste kultura batzuetara irekita dagoen euskal gizarte eleanitza sortzeko. Euskara hizkuntza komuna izango duena; ekitatea, inklusioa eta gizarte-kohesioa areagotzeko.

Euskararen erabilera zabala eta kalitatezkoa lantzea eta eskaintzea.

Mugikortasuneko eta kultura-, arte- eta zientzia-trukeko aukera-berdintasuna erraztea.

Dimentsio europarra integratzea.

Helburuak:

– Trebatzea hizkuntzetan espezialista diren irakasleak metodologia berrietan eta baliabide didaktikoetan, ahozko dimentsioa nabarmenduta, ahozko hizkuntza erabilera-hizkuntza izan dadin, ez soilik ikasketa-hizkuntza.

– Hizkuntzetan espezialista diren irakasleen arteko koordinazioa errazteko beharrezkoa duten aholkularitza ematea.

– Irakasleekin partekatzea ikas-irakas prozesuen jarraipen eta ebaluazioen ondorioak.

– Irakasleak prestatzea egungo ikasleek beharko dituzten komunikazio trebetasun berriak garatzeko. Izan ere, XXI mendeko euskal gazteek hizkuntza-prestakuntza luze-zabalagoa beharko dute; norberaren konpetentzia eleanitzaren kudeaketak eta gizartearen aniztasun eta konplexotasun hazkorrak plantetatuko dizkien erronkei erantzuteko.

– Baliabideak eskaintzea Hezkuntza alorreko eragileei hizkuntzaren erabilera kalitatezkoa, hizkuntza ahularen aldeko jarrera eta jokaera garatzeko.

– Hizkuntzen arteko bizikidetza ziurtatzea.

– Atzerriko hizkuntzan espezialistak ez diren irakasleak gaitzea, edukiak hirugarren hizkuntza batean eman ahal izan ditzaten.

– Irakasleen artean europar egitarauen markoaren barne dauden prestakuntza-ekintzetan parte-hartzea erraztea.

2. ILDOA: ANIZTASUNEAN ELKARREKIN BIZITZEN IKASI

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasle guztiek hezkuntza-komunitatearen barruan daudela senti dezaten, eta beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea, pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatuta. Eta ikasleak prestatzen joatea XXI mendeko (hemengo eta mundu zabaleko) gizarte anitz eta konplexuan duintasunez jasangarritasunaren ildotik bizitzeko.

Helburuak:

– Irakasleen artean Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa (2012-2016) bultzatzea.

– Irakasleei, oro har, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak antzemateko tresnak ematea.

– Irakasle espezialistei eta gainerako hezkuntzako langileei hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak detektatzeari, identifikatzeari eta artatzeari buruzko etengabeko prestakuntza erraztea.

– Irakasleei ikasle ororen, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleena barne, presentzia, parte-hartzea eta lorpena errazten duten ikas-irakas metodologiei eta estrategiei buruzko prestakuntza ematea.

– Irakasleak ikasgelako liskarren eta jokabide arazo larrien kudeaketan trebatzea.

– Irakasleei gelan adimen anitzak garatzeko prestakuntza ematea.

– Ikasleen artean Bake eta Bizikidetza Plana (2013-2016) bultzatzea.

– Irakasleen artean Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa hezkuntza sisteman lantzeko gida-plana bultzatzea.

– Irakasleen artean Adimen gaitasun handiko ikasleen hezkuntzarako planean aurreikusitako jarduerak bultzatzea.

Irakasleei prestakuntza eskaintzea testuinguru kaltetuetan bizitzeagatik gizarte bazterkeriaren arriskuan egon daitezkeen ikasleei behar duten arreta emateko.

– Irakasleen artean Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana (2012-2015) bultzatzea.

– Irakasleei bertako zein Europako testuinguruetan bizikidetzaren eta aniztasunaren arretaren arloko esperientzia, proiektu, jakin-nahi eta abarren trukerako espazio bat ematea.

– Irakasleek eta ikasleek benetako testuinguruetan beharrezkoak dituzten trebeziak garatzeko, mugikortasuna erraztea.

– Irakasleak prestatzea egungo ikasleei hizkuntza-elkarbizitzarako trebetasunak garatzen laguntzeko. Izan ere XXI. mendeko gazteek hizkuntza-elkarbizitza «bestela» garatzeko moduan egongo dira, eta hizkuntza-elkarbizitzari era konszientez eta ekitatez ekiteko hainbat gizarte trebetasun garatu beharko dituzte (asertibititea, enpatia, elkartasuna...).

– Irakasleak jasangarritasuna, ekitatea, justizia soziala eta elkartasuna bizitzeko konpetentzietan prestatzea.

– Irakasleak prestatzea ikasleak biodibertsitatearen errespetu eta zainketa trebetasunak garatzen laguntzeko, pertsona, kultura eta hizkuntza dibertsitateak, Planetako biodibertsitatearen barne daudela ulertuz.

– Unibertsitateak eta gainontzeko Sail eta eragileekin elkarlanean prestakuntza ekintzak sustatzea.

3. ILDOA: SARE_HEZKUNTZA

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek tresna digitalak eraginkortasunez erabiliz gaitasun digitala eskuratzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko.

Helburuak:

– Irakasleak irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzen lagun dezaketen tresna digitaletan trebatzea.

– Irakasleei tresna digitalek ikasgelan erabiltzen den metodologian izan ditzaketen erabilera eta aplikazioen berri ematea.

– Irakasleek material digitalak (dela beren jakintza-arloari buruzkoak, dela prestakuntza edo ebaluaziokoak) sortzea bultzatzea.

– Irakasleek hezkuntza- edo prestakuntza-baliabide gisa interesgarria izan daitekeen edozer material eskura jarri edo kontsultatu ahal izateko espazio bat eskaintzea.

– Euskara teknologiaren arloan erabiltzea erraztea.

4. ILDOA: OINARRIZKO KONPETENTZIEN GARAPENA

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek beren garapen pertsonalerako eta gizarte-kohesiorako oinarrizkotzat definitu diren konpetentziak gara ditzaten.

Helburuak:

– Irakasleei tresnak ematea, ezagutzak eskuratzean oinarritutako curriculum batetik konpetentzien curriculum batera igarotzea errazteko.

– Irakasleei laguntzea ikasleen oinarrizko konpetentziak hobetzeko proiektuak garatzen.

– Irakasleak trebatzea, ikasleei oinarrizko konpetentziak eskuratzen edo beren maila hobetzen lagunduko dieten metodologia berrietan edo tresna didaktikoetan.

– Irakasleei, oro har, eta kontsultoreei eta orientatzaileei, zehazki, tresnak ematea, oinarrizko konpetentzia bat edo batzuk hobetzeko zailtasun handienak dituzten ikasleei laguntzeko eta haien jarraipena egiteko.

– Irakasleei bertako zein Europako testuinguruetan oinarrizko konpetentziak eskuratzearen eta hobetzearen arloko esperientziak, proiektuak, jakin-minak eta abar trukatzeko espazio bat ematea.

– Irakasleengan sustatzea jasangarritasuneranzko konpetentzien garapena paradigma sistemiko baten baitan.

5. ILDOA: BIKAINTASUNERANTZ PRAKTIKA ONEN BIDETIK

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek konpetentzia pertsonalaren, beren gaitasunarekiko konfiantzaren, lorpenerako motibazioaren, erantzukizunaren eta autonomiaren sentimendua eskura dezaten.

Helburuak:

– Irakasleei tresnak ematea ikasleen konpetentzia pertsonala, lorpenerako motibazioa eta ahaleginaren balorazioa lantzeko.

– Irakasleei laguntza ematea bikaintasunerako berrikuntza-proiektuetan.

– Irakasleak metodologia berrietan edo tresna didaktiko berritzaileetan trebatzea, bikaintasunerako bidean.

– Irakasleei, oro har, eta tutoreei eta orientatzaileei, zehazki, tresnak ematea, zailtasun handienak dituzten ikasleei, alde batetik, eta adimen gaitasun handiak dituzten ikasleei, bestetik, laguntzeko.

– Irakasleei laguntzea egiten dituzten praktika didaktikoetan testuinguru kaltetuetan bizitzeagatik gizarte bazterkeriaren arriskuan egon daitezkeen ikasleek, bikaintasuna lor dezaten.

– Irakasleei ematea jardunbide egokien esperientziak trukatzeko espazio bat.

– Irakasleei ematea jasangarritasun esperientzien trukaketarako espazioa.

II. ERANSKINA
1.1, 1.2, 2.1, 2.2 BLOKEEN BAREMOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PARTE-HARTZAILE BAKOITZAK EGINIKO JARDUERAREN FITXA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
3. BLOKEAREN BAREMOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala