Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2016ko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1085

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 2koa, farmaziako zuzendariarena, Vitoria-Gasteizen (Araba) farmazia-bulego bat sortzeko baimena emateko dena.

Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba) farmazia bulego bat sortzeko Begoņa Duo Uriarte andreak aurkeztutako eskabidea ikusi da. Hauek dira oinarriak:

EGITATEAK

Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 13ko Aginduaren bidez, iragarri zen Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzeko prozedurari hasiera eman zitzaiola eta bigarren bat sortzea bidezkotzat jo zela.

Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, 2015eko azaroaren 25ean batzorde horrek hartutako erabaki batez, lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz; erabakia 2015eko abenduaren 3ko EHAAn argitaratu zen (231. zk.).

Hirugarrena.– Erabaki hori 2016ko urtarrilaren 27an irmo bihurtu zen.

Laugarrena.– Farmaziako zuzendariak, 2016ko otsailaren 3an, ofizioa helarazi zion Begoņa Duo Uriarte andreari; horren bidez jakinarazi zion aurkeztutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena berak lortu zuela, eta ondorioz, ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar ziola (338/1995 Dekretua, farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzekoa). Halaber, ohartarazi zion xedapen horretan ezarritako epean eskatutako agiri guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola esan nahiko zuela.

Bosgarrena.– Egun horretan bertan, 2016ko otsailaren 3an, Begoņa Duo Uriarte andreak Vitoria-Gasteizko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko baimena eskatu zuen 338/1995 Dekretuaren babesean, eta horrekin batera, dekretu horren 5. artikuluan eskatzen den dokumentazioa ere aurkeztu zuen.

Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Salburua bulebarra 44, Vitoria-Gasteizko farmazia-eremuko 1.1.02 osasun-aldean.

Seigarrena.– Farmaziako zuzendariak 2016ko otsailaren 15ean agiri ofizial bana bidali zien espediente honetan interesa zuten guztiei, batetik, espedientean pertsonatzeko, eta bestetik, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Hala egin zen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. eta 79.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Zazpigarrena.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2016ko otsailaren 29an, aldeko txostena egin zuen Begoņa Duo Uriarte andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 10. artikuluan.

Bigarrena.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, Begoņa Duo Uriarte andreak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, lehiakideak agiri guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela egiaztatu da. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari farmazia-bulegoa jartzeko baimena ematea.

Dena dela, jardun ahal izateko baimena lortu beharko da, emandako baimenak indarra izango badu; hala ezartzen da 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoan.

Horregatik guztiagatik, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Begoņa Duo Uriarte andreari baimena ematea farmazia-bulegoa jar dezan Salburua bulebarreko 44. zenbakian (Vitoria-Gasteiz - Araba), berak aurkeztutako agiriak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Begoņa Duo Uriarte andreak, dena den, farmazia horretan jardun ahal izateko dagokion baimena lortu beharko du aurretiaz, honen bidez emandako baimenak indarra izango badu. Baimen hori eskatzeko, lau hilabeteko epea izango du –ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita–, eta 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa bete beharko du.

Hirugarrena.– Ebazpen honen berri emango zaie interesdunei; era berean, ohartaraziko zaie honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelakoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Osasuneko sailburuordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 2a.

Farmaziako zuzendaria,

JON IŅAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala