Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2016ko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1086

36/2016 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita, nahitaez desjabetzeko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak proiektu honen eraginpeko eskubide eta ondasunak okupatzea: Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 egikaritze-unitatearen II. fasea.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Bilboko Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 egikaritze-unitatearen II. fasearen proiektua egin eta formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabili beharra adierazi zuen.

2015eko irailaren 22an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak nahitaezko desjabetze espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, 15 eguneko epean prentsan, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (194. zk.), eta 2015eko urriaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (207 zk.). Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, 2015eko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik daude espedientean jasotako zerrendan, horiek identifikatzeko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Diru-ahalmen gutxien duen biztanleria-taldeari etxebizitza duina eta prezio eskuragarrian bideratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetako 734.01 egikaritze-unitatearen II. fasearen proiektua egiteko behar diren ondasun eta eskubideak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hileko epean. Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira epeok.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERÍA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala