Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2024ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1828

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 15ean, Astigarragako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Astigarragako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua «Txalaka Araneder» A-27 plan partzialak definitutako E-1 lurzatiari dagokio. Lurzati hori industrialdean merkataritza/hirugarren sektoreko eraikin bat ezartzeko helburuarekin eratu zen. Eremua hiri-lurzoru finkatua da eta 1.853 m2-ko azalera du.

13 urtez erabili gabe egon ondoren, lurzati horretan hotel-proiektu bat garatzeko aukera proposatu da; hala ere, hainbat egokitzapen-lan egin ondoren, ezinezkotzat jo zen, lurzatiaren gaur egungo konfigurazioa dela eta. Triangelu forma eta S-1+PB+2 eraikin-profila ditu, eta ezaugarri horiek ez dira egokiak hotel-programa baterako.

Planak lurzatiaren muga eraikigarriak berregokitzea du helburu, eraikina angeluzuzena izan dadin, eta ez triangelu formakoa. Eraikin-profila ere aldatzen du, eta solairu batean handitzen du eraikinaren altuera; era berean, lerrokadurak, sestrak eta eraikuntzaren altuerak finkatzen ditu, lurzatiaren inguruan egin beharreko lagapenak zehazteaz gain.

Proposatutako eraikinaren aurrean dagoen triangelu formako eremuan lorategi bat aurreikusten da, eraikinaren irudiari eta fatxada nagusiari kalitatezko espazioa emateko.

Eraikuntza ekipamendu pribatuko eta hotel-erabilerako eraikin bakar bat izatea aurreikusten da, S-1+PB+3 profilekoa. Beheko solairuan, sartzeko ataria, harrera, taberna, sukaldea eta jatetxea proiektatu dira, eta aparkaleku gisa erabiliko den gune arkupedun bat. Eraikinak 1.157 m2-ko azalera du, eta guztira 2.362 m2-ko (t) eraikigarritasuna du sestra gaineko oinplanoan. Indarreko plangintzan aurreikusita dagoen eraikigarritasunari eutsi zaio. Bide, aparkaleku eta espaloietarako espazio publikoetarako 696 m2(s) laga dira.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak bi aurkezten ditu, interbentzio ezaren aukeraz gain (0 alternatiba). 0 alternatiba edo «interbentzio ezarena» baztertu egin da, lurzatiaren xede zen erabilera ez baita erabat garatu sektoreko plan partziala onartu eta 13 urte igaro ondoren. 1. alternatibak lurzatiaren erabilera aldatzen du eta industria-lurzati bihurtzen du; eta 2. alternatibak, ordea, hotel-eraikin bat proposatzen du mendebaldeko bidearekiko paraleloan, lurzatiaren alde guztien artean luzeena baita. Bigarren aukera horrek lehenaren oso antzeko eraginak izango lituzke ingurumenaren aldetik, eta aukerarik onena dela uste da, plangintzaren ondorengo garapen-bermeak handiagoak direlako.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, plana dagozkion eraikuntza-proiektuak eta urbanizazio-lan osagarriak idatzi eta izapidetu ondoren gauzatuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak eraginpeko lursailen hiri-lurzoruaren sailkapena mantentzen du eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, indarreko plangintzan aurreikusitako merkataritza/hirugarren sektoreko eraikina ezartzeko erraztasunak ematera mugatzen da, E-1 lurzatian aurreikusitako muga eraikigarriak, eraikuntza-profila eta lerrokadurak, sestrak eta eraikuntzaren altuerak egokituz. Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, planak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako kontsiderazioak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, urei, zaratari eta kutsadura akustikoari, hondakinen kudeaketari, isurketei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremuko lurzoruak antropizatuta daude; izan ere, industrialde finkatu batean hutsik dagoen orube bat da. Esparruaren barruan ez dago lur gaineko inolako ur-ibilgurik. Era berean, ez dago naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.

Bertan dagoen landaredia zona urbanizatuetako landaredi erruderal-nitrofiloa da, eta espezie inbaditzaileak daude, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo Paspalum dilatatum. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik. Era berean, ez dago espezie mehatxatuen EAEko katalogoan agertzen den edo mehatxatuta dagoen animalia-espezierik, ez eta kudeaketa-plana onartuta duten animalia-espezierik ere.

Lurzatia ez dator bat ondare-intereseko elementuekin. Hurbilen dauden elementuak Ergobiako zubia eta Donejakue Bidea dira, 100 metrotik gorako distantziara.

Hurbileko ingurunean ez dago paisaia-gune garrantzitsurik eta ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Aurreproiektuan katalogatutako arroetako batean.

Eremua ez dator bat akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremuekin, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko lurzati batekin ere.

Planak antolatutako eremua UAHErekin (Uholde Arrisku Handiko Eremuak) bat datorren Urumea ibaiaren zati batetik (Urumea-2 ibaia) hurbil dago (Kodea: ES017-GIP-URU-01). Planak antolatutako eremuan 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago, baina lehentasunezko fluxu-eremuak ez du eraginik. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, kontuan hartu beharreko T-500 kota (500 urteko errepikatze-denborako kota) +8,42 kota da. Beraz, sarbide eta bizitegi-erabilera guztiak kota horren gainetik proiektatu dira, eta garajeak ez du izango T-500 kotatik beherako arnasgunerik eta ebakuazio-irteerarik.

Bestalde, arrisku horrekin lotuta, ingurumen-dokumentuak dio, 2022-2027 uholde-arriskuaren kudeaketa-planaren arabera (197/2023 Errege Dekretua, martxoaren 21ekoa, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde-Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspena eta eguneratzea onartzen duena), 2017an amaitu zirela «Donostiako Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektu aldatua. 1. fasearen banakapena» obrak. Gainera, Urumea ibaiaren azken zati horren egokitzapen hidraulikorako beste lan batzuk egin dira, hala nola Astigarragako ibai-parkea eta Lorategi Hiriko zubia ordezkatzea. Horren guztiaren ondorioz, Martuteneko auzoa uholde-arriskutik kanpo geratu da gehienbat, eta Astigarragako hirigunean eta industrialdean murriztu egin da uholde-arriskua. Urumeako uholdeen aurrean beste defentsa-lan batzuk daude aurreikusita, URAk sustatuta, eta uholdeekin lotutako arriskuen egoerara hobetuko dute.

Udalak bidalitako dokumentazioak inpaktu akustikoari buruzko azterlana hartzen du barne: Astigarragako (Gipuzkoa) «Txalaka Araneder S-27 sektorearen Plan Partzialak mugatutako U.A A-27 eremuan kokatutako E.1 finkako jarduketa», Acusmedek 2023ko uztailean idatzia, ingurumen-dokumentu estrategikoaren I. eranskinean jasota dagoena. Horren arabera, azterlanaren xede den eremua B zonan dago –«Industria-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurraldeko sektoreak»–, baina, azterlanaren xede den lurzatiari dagokionez, merkataritza-erabilerakoa da (hotelak), eta hor hirugarren sektoreko eremuari (D mota) dagozkion kalitate akustikoko helburuak (KEB) hartzen diren erreferentzia gisa (5 dezibeliotan murriztuta, etorkizuneko hirigintza-garapena baita). Azterlan akustikoaren emaitzek erakusten dutenez, eguneko aldi guztietan zehar betetzen dira lurzatian eta eraikineko altuera guztietan aplika daitezkeen KEBak.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez izango dituen ondorio nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eraikuntza berria eraikitzeko orduan. Fase horretan, lanek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean.

Ustiapen-fasean, eragin esanguratsuenak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuarekin lotutakoak izango dira, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Beraz, garatu beharreko jarduketek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) 37., 45. eta 46. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita EAEko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuan bildutakoak ere.

Indarrean dagoen planteamenduarekiko planak proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.

Proposatzen diren jarduketen eta horien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, eraginak ez dira oso handiak izango, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, uholde-arriskuari, urei, zaratari eta hots-kutsadurari, hondakinen kudeaketari, isurketei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez dugu uste jarduketek eragin nabarmenik izango dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Beraz, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

– Uholdeen ondoriozko arriskuak murrizteko neurriak.

• Planetik eratorritako jarduketek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideekin (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen plan hidrologiko hori, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Miño-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako Espainiako alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak).

Zehazki, Plan Hidrologikoaren araudiaren 45.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eraikina diseinatzeko orduan uholde-arriskua izango da kontuan, eta bizitegi-erabilera berriak 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginik izango ez duen kotan kokatuko dira; horrenbestez, arriskua eta uholde mota kontuan hartuta diseinatu beharko da. Gainera, lurpeko garajeak eta sotoak izan ahalko dituzte, betiere bermatzen bada eremua iragazkorra dela 500 urteko errepikatze-denborako uraldien aurrean, eta berariazko azterlanak egiten badira eraikinak behera etortzea ekiditeko. Horretarako, kontuan hartuko da garraiatutako karga solidoa. Garaje eta sotook, gainera, ebakuazio-bideak eta haizebideak izango dituzte aipatu uholde-kotatik gora. Uholde-larrialdietan irisgarriak izatea hartuko da kontuan.

Era berean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan adierazitakoa.

• Plan Hidrologikoaren 37.5 artikuluaren arabera, Jabari Publiko Hidraulikoaren polizia-eremutik edo itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eremutik kanpo urpean gera daitezkeen eremuetan –horixe da E-1 lurzatiaren kasua–, Astigarragako Udalari dagokio erabilerak eta jarduerak baimentzea, baita Plan Hidrologikoaren araudian ezarritako mugak betetzen direla ziurtatzea ere.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

• Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Astigarragako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

• Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Inolaz ere ez da erabiliko espezie aloktono inbaditzailerik, eta leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzaileko hedakairik ez duela bermatuko da.

• Berdeguneak loreztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta bermatuko dute lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean flora inbaditzailearen propagulurik ez dagoela.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren hiri-antolamenduko plan bereziak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Astigarragako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada «Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lurzatiaren hiri-antolamenduko plan berezia» onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoak 19.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala