Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2024ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1829

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zamudioko (Bizkaia) P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko abenduaren 14an, Zamudioko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Zamudioko (Bizkaia) P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zezan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Zamudioko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Zamudioko (Bizkaia) P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Dagokigun kasuan, plana II.B eranskinaren goiburuari dagokio, 3.– Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta programak, II.A eranskineko 6. eta 7. apartatuetako baldintzak betetzen ez dituztenak.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zamudioko (Bizkaia) P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Zamudioko Torrelarragoiti industrialdean dago; zehazki, udaleko arau subsidiarioetan definitutako SUIC-2 Torrelarragoiti eremuan. Eremuak Torrelarragoiti industrialdearen plan partziala (1987) eta ondorengo aldaketa puntuala ditu bere baitan (behin betiko 2005eko urtarrilaren 11n onartua, BAO, 2005eko urtarrilaren 26koa). Gaur egun, eremua ia osorik eraikinekin finkatutako hiri-lurzoru bati dagokio.

SUIC-2 Torrelarragoitiren barruan, planak eremu eten bat antolatzen du, hiru eremu bereiziz osatua. Lehenengoak P-3 eta P-4 industria-lurzatiak, kirol-ekipamendua eta espazio libreak hartzen ditu (69.427 m2); eremu horretan, kirol-lurzatiaren barruan, bizitegi-eraikin bat dago, antolamendutik at geratuko dena. Bigarren eremuak Pinoa gizarte-ekipamendurako lurzatia hartzen du (6.970 m2). Hirugarrenak ez du eraikuntzarik, 4.746 m2-koa da, ekialdean dago, eta Lezamarekiko udal-mugaren, BI-737 errepidearen, BI-737 errepidetik Zamudiora sartzeko biribilgunearen eta trenbidearen (ETS) artean dago. Oro har, planak 81.143 m2 hartzen ditu.

Planak helburu hauek ditu: industria-lurzati bat hirigunetik urruntzea (egungo P-3 lurzatia); merkataritza-ekipamendu bat hirigunera hurbiltzea (gaur egungo Asua-Erletxe merkataritza-ekipamendurako lurzatia); kirol-ekipamendu baterako irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna aurreikustea, etorkizunean kirol-instalazioren bat eraikitzea ahalbidetuko duena (egungo kirol-ekipamendurako lurzatia); eta gizarte- eta merkataritza-lurzati baten irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna handitzea, mendekotasuna duten adinekoen egoitza eta bertan dagoen eguneko zentroa handitze aldera (gaur egungo Pinoa gizarte-ekipamendurako lurzatia).

Planaren antolamendu-proposamenak egungo P-3 industria-lurzatia Asua-Erletxe merkataritza-ekipamenduko lurzatian birkokatzea jasotzen du, industria-erabilera hirigunetik aldenduz. Era berean, Asua-Erletxe merkataritza-ekipamendua P-3 industria-lurzatiaren ondoan birkokatzen da, gizarte-ekipamenduaren aurrean, eta berdegunean integratzen da. Horrela, merkataritza-ekipamendua zahar-egoitzaren eta hirigunearen arteko trantsizio-elementu bihurtzen da, berdeguneari bizitza ematen dio eta hiriguneari zein industrialdeari berari zerbitzua ematen dio. P-3 industria-lurzati berriak ere 2.345 m2-ko azalera izango du; aldiz, merkataritza-ekipamendurako lurzati berriak 2.850 m2-koa.

Kirol-ekipamendurako lurzatia dagoen lekuan mantenduko da. Eremua antolatzen duen indarreko plan partzialak ez zion eraikigarritasunik eman kirol-ekipamenduari; haatik, arau subsidiarioek 7.000 m2-ko(t) irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna ematen zuten, eta lurzati horretako gehieneko oinplanoko-okupazioa 5.000 m2-koa da. Zamudioko Udalak lurzati horretan kirol-instalazio bat eraikitzeko aukera izan nahi duenez etorkizunean, plan bereziak 7.000 m2-ko(t) irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna berreskuratu du.

Kontuan hartuta Pinoa gizarte-ekipamenduko lurzatiak dagoeneko agortu duela indarreko plan partzialean emandako eraikigarritasuna, plan bereziaren bidez, lurzati horren irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna 1.000 m2(t) handitu da, azalera berari eutsiz, Bizkaiko Foru Aldundiak eguneko zentroa eta mendekotasuna duten adinekoentzako egoitza handitu ahal izan ditzan.

Gráficas Printek enpresaren P-4 industria-lurzatia bere egun dagoen moduan geratzen da.

Torrelarragoiti industrialdea urbanizatuta dago, eta, beraz, zerbitzu-azpiegitura guztiak ditu. Eraikuntzaren obra osagarriak egitea soilik aurreikusten da, birkokatzen diren lurzatietan harguneak jartzeko. Hirigintza-dokumentuaren arabera, planak antolatutako eraikinek errespetatu egiten dute EAEko Trenbide Sarearen LPSak trenbidera ezartzen duen distantzia, bai eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Arloko Planean Asua ibaira ezartzen den distantzia ere.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3. artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: SUIC-2 Torrelarragoitiren barruan, planak eremu eten bat antolatzen du, hiru eremu bereiziz osatua: P-3 eta P-4 industria-lurzatiak, kirol-ekipamendua eta espazio libreak, Pinoa gizarte-ekipamendurako lurzatia eta eremuaren ekialdean dagoen eraikuntzarik gabeko lurzatia. Planak lurzatien antolamendua aldatzea eta horietako batzuetan eraikigarritasuna handitzea dakar, eta hori guztia eragindako lursailen hiri-lurzoruaren sailkapenari eutsiz. Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, planak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren gogoetak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsadura akustikoari, hondakinen kudeaketari, urei, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua etena da, eta Zamudioko Torrelarragoiti industrialdean dauden hiru eremu bereizik osatzen dute. Guztira, planak Zamudioko ekialdean dauden 81.143 m2 antolatzen ditu. Eremu hori ia guztiz urbanizatuta eta eraikuntzez finkatuta dago.

Eremuaren artifizializazioa eta hiri-kokapena direla eta, ez da ingurumen-balio nabarmenik atzematen. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen interes geologikoko lekurik. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Lursail lauak dira eta, ikuspegi litologikotik, honela daude osatuta: pitzaduraren ondorioz iragazkortasun txikia duten margokareharriak, kareharrizko tuparriak eta kalkarenitak, txandakatuta. Oro har, eremuak ez du akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunik; hala ere, bai kirol-ekipamendurako lurzatiak bai merkataritza-ekipamendurako egungo lurzatiak bat egiten dute EAEko lurpeko ur-masen Getxo-Bergara Kuaternarioko Sektorearekin, Oizko Sinklinorioko Jabarikoarekin. Era berean, Sektore hori interes hidrogeologikoko eremu baten barruan dago.

Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Planaren xede den unitate etena osatzen duten eremuen barruan ez dago ibai-ibilgurik, baina unitate etenaren inguruan sare hidrografiko bat egituratzen da: batetik, Asua ibaia, sarearen ardatz nagusia, Torrelarragoiti industrialdearen iparraldean, eta, bestetik, haren ibaiadarrak: Eguzkitza erreka, Asua-Erletxeko egungo merkataritza-ekipamenduaren lurzatia mendebaldetik inguratzen duena; Larrabeitia erreka, Eguzkitzatik metro batzuk mendebaldera, lurpean; Oxinaga erreka, kirol-ekipamenduaren ondoan (lurpean); eta Korteta erreka, Pinoako gizarte-ekipamendutik gertu, zeinaren ibilgua aipatutako gizarte-ekipamenduaren mendebaldetik baitoa, partzialki lurrazaletik. Asua-Erletxe merkataritza-ekipamenduaren egungo lurzatia Asua ibaiari lotutako jabari publiko hidraulikoaren polizia-eremuaren barruan dago. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, planaren xede den eremua erkidego barruko Arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) du haren gaineko eskumena ur-arloan. Eremuak ez du bat egiten Plan Hidrologikoak babestutako Eremu Babestuen Erregistroko elementuekin.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) planaren eremua hartzen du hirigune eta etzeetan (landaredi erruderal-nitrofiloa), Asua-Erletxe merkataritza-ekipamenduaren egungo lurzatia izan ezik, belardi eta labore atlantiko gisa sailkatzen baita. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, merkataritza-lurzatiak ez du laborerik, eta eremuaren gainerakoan hiri-parke bat dago, eraiki ez diren azaleretan heskaiak eta zuhaitz apaingarriak dituena landatuta. Ez da mehatxatutako flora-espezierik hauteman inguruan, baina bai Cortaderia selloana, espezie aloktono inbaditzailea.

Planaren xede den eremu etenak ez du bat egiten mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede diren espazioekin; dena den, eremua inguratzen duten ibaiak Bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planaren xede dira, eta «hobetu beharreko tarte» gisa daude sailkatuta. Plan hori ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Bizkaiko Lurralde Historikoan. Edonola ere, ekarritako dokumentazioaren arabera, aztergai dugun eremuko fauna izango da gizakien presentzia gehien onartzen duena; alegia, hiriguneetan bizitzera moldatua dagoena. Ez planaren eremua, ez haren ingurua ez datoz bat Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planarekin. Plan hori Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuaren bidez onartu zen (2015-06-24ko BAO, 119. zk.). Eremu ia osoa hiri-eremuko paisaia-unitatean sartzen da, eremu antropogenikoan. Aztertutako eremuan ez da paisaia-mugarririk edo baloratutako paisaiarik agertzen. Kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementuekin ere ez du bat egiten, nahiz eta BI-737 errepidea, Asua-Erletxe merkataritza-ekipamendurako egungo lurzatiarekin muga egiten duena, Gernika eta Bilbao arteko Donejakue bidearen zati den (Kostaldea).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, a priori, eremua ez dago ibai-uholdeen eraginpean, baina bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokaleku batekin (kodea: 48905-00150).

Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da gisa honetako arriskurik identifikatu: higadura-arriskuak, sismikotasunaren ondoriozko arriskuak, salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arrisku handiak, baso-sutearen arriskua edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten eremuak. Planaren eremurako klima-aldaketaren ondoriozko arriskuei dagokienez, kontuan hartzekoa da bero-boladek gizakion osasunaren gainean eragindako inpaktua.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketak aurreikusten du eguneko aldi guztietan bete egingo direla 2 metroko altueran aplika daitezkeen KAHak. Haatik, garatu beharreko eraikinen fatxadetan (altuera guztietan) eragiten duen soinu-mapak adierazten duenez, etorkizunean, Pinoa gizarte-ekipamenduko eraikinean, Torrelarragoiti kalera begira dagoen fatxadan, eguneko aldian ez da beteko 1 dB(A) (ez da aurreikusten gaueko aldian KAHak gainditzea, eraikinean ez baita jarduerarik egiten aldi horretan). Emandako informazioaren arabera, lehendik dagoen eraikin bat denez, kutsadura akustikoaren murrizketa udalerriko BABE-en adierazpenean eta dagozkion eremuetako planetan kokatuko litzateke. Nolanahi ere, Torrelarragoiti kaletik igarotzeko abiadura egungo 50 km/h-tik 30 km/h-ra murriztuko balira, zarata-mailak 2 dB(A) inguru murriztuko lirateke, eta, hala, laguntza-eraikinean eguneko aldi guztietan aplikatu beharreko KAHak betetzea lortuko litzateke. Puntu horretan zarataren hedapena kontrolatzeari dagokionez, adierazi da ezin dela pantailatze-neurririk planteatu; izan ere, laguntza-eraikina hiri-bilbean dago; hortaz, pantaila gehienez ere 2 metro garai izan ahalko litzateke, eta altuera hori ez da nahikoa fatxada osoan aplikatu beharreko KAHak betetzeko. Edonola ere, dokumentazioak adierazten du barruko espazioa babestu beharko dela aplikatu beharreko KAHak bete arte.

Aurrekoa kontuan hartuta, planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude kirol-ekipamenduko lurzatian eraikigarritasuna berreskuratzearen eta Pinoa gizarte-ekipamenduko lurzatian eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko eraikuntza-obrak gauzatzearekin, bai eta P-3 eta E.C lurzati berrian industria- eta merkataritza-eraikuntza gauzatzearekin ere. Hori guztia dela eta, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira (obrak eta eraispenak), lur-mugimenduak egingo dira eta soberakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak egongo dira, istripuzko isurketengatik urei eta lurzoruei kalte egiteko arriskua egongo da, herritarrei eragozpenak ekar diezazkiekete emisio atmosferikoengatik eta zaratengatik, eta abar. Hori guztiz hiritarra den lurzoru batean izango da. P-4 lurzatia bat datorrenez kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin, bertan dagoen enpresa dagoen moduan finkatzen bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da. Fase honetan, era berean, kultura-ondareari eragiteko arriskua dago, P-3 lurzati berria Donejakue Bidea igarotzen den lekutik oso gertu baitago (kultura-ondasuna). Ondorioz, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da –EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu sailkatzekoa da dekretu hori–.

Egoera akustikoari dagokionez, aurretik aipatu den moduan, aurreikusten da etorkizunean ez direla beteko Pinoa gizarte-ekipamenduko eraikinaren mendebaldeko fatxadan aplikatu beharreko KAHak. Fatxada hori Torrelarragoiti kalera begira dago, eta bertako KAHak, eguneko aldian, 1 dB(A) gainditzen dira (fatxadei erasotzen dion soinua); ondorioz, zarata-mailak murrizteko zuzenketa-neurriak hartu behar dira.

Indarrean dagoen legeria betetzen bada eta, bereziki, urei, zaratari, kultura-ondareari, hondakinei eta isurketei eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzkoak, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Indarrean dagoen planteamenduaren aldean, planak proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez dugu uste jarduketek eragin nabarmenik izango dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zamudioko P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

– Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

• Edozelan ere, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43.2 artikuluan ezartzen den moduan, barnealdeko espaziorako kalitate-helburuak bete beharko dira eta, horretarako, udalek horren justifikazio-txostena egin beharko dute, aurretiaz dagokion lizentzia eman ostean, kanpoko ingurunea babesteko zuzenketa-neurriak ezarriz.

– Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko lurralde-plan sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta jabari publiko hidraulikoaren erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.

• Uraren Euskal Agentziaren txostena kontuan hartuta, gogorarazten da aurreikusitako hirigintza-garapenean eragina duten ibilgu guztiak kartografiatu beharko direla, eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren eta Ibaien eta Erreken LPSaren arabera ezarritako atzeratzeak berriz kalkulatu.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

• Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (kodea: 48905-00150) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatian Lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.

– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

• P-3 lurzati berria Donejakue Bidea (kultura-ondasuna) igarotzen den lekutik oso gertu dagoenez, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da –EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu sailkatzekoa da dekretu hori–.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko. Hala badagokio, eraikuntza-lanetan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legea beteko da.

• Ibaietako eta lurpeko uren kalitatea babesteari dagokionez, obran erabiltzen diren makinak hornitzeko eta mantentzeko eragiketak eta horien lubrifikatzaileak aldatzekoak instalazio osagarriak eta garbigunea dauden plataforma iragazgaiztuan egin beharko dira.

Obrek irauten duten artean, instalazio osagarriak eta garbigunea ahalik eta gehien urrundu beharko dira inguruko ibilguetatik. Instalazio osagarrien eremuak euri-urak biltzeko areka eta hidrokarburo-iragazkia izango ditu.

Gainera, material xurgatzaileak egongo dira istripuzko isurketak biltzeko (erregaiak, olioak, etab.). Halakorik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Beharra badago, obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Jabari publiko hidraulikoan eta bere babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko da.

Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: bat etorriz Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoarekin, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta bermatuko dute lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean flora inbaditzailearen propagulurik ez dagoela. Bereziki, Cortaderia selloana espezie inbaditzailearen presentzia kontrolatuko da; espeziea oso hedatuta baitago eremutik hurbil, eta behar bezala kenduko da eremuan detektatuz gero.

• Klima-aldaketa: planaren dokumentuan klima-aldaketaren ikuspegia txertatu behar da, eta, horretarako, antolamendu-irizpideen eta klima-aldaketaren artean dagoen lotura indartu behar da. Ildo horretan, istripu larrien edo hondamendien arriskua baloratzea gomendatzen da, bai eta Ihoberen «Euskadiko klima aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio gertaerei lotutako euro uholdea» dokumentua ere (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/euskadiko-clima-aldaketaren-egoeretan-muturreko-prezipitazio-gertaerei-lotutako-euro-uholdea), klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko azterketarako oinarri gisa.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, Ihobek argitaratuak, eraikinen energia-aurrezpena eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak zein sustatzaileak planteatutakoak –baldin eta ez badoaz aurrekoen aurka– hartzen badira, ez da aurreikusten Zamudioko P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zamudioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Zamudioko P-3 eta P-4 industria-lurzatiei eta SUIC.2 Torrelarragoiti ekipamendu-lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala