Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 1998ko uztailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
3232

AGINDUA, 1998ko ekainaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 1998-99 ikasturtean zehar burutzekoa den Eskola Antzerkigintzarako laguntza deialdia zabaltzeko dena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, bere NOLEGA programaren bidez, eskola giroa euskalduntzeko hainbat ekintza antolatzen eta burutzen ari da. Ekintza horietariko bat, azken urteetako ibiliak erakusten duenez, eskola giroan hizkuntzarekiko klase emankizun formalez gainera hizkuntz lanketarako ariketa bizi eta naturalak bideratzea da; hots, euskara asignatura huts moduan eman ordez, ikasle-irakasleen interes eta sentipenak kilikatuz hizkuntza lantzea. Eginbide horri erantzuteko jokamolde bat baino gehiago daudeke eskueran: idazlan lehiaketak, bertso-lanketa eta antzerkigintza, besteak beste. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, euskararen ahozko erabilera, hitzen ebakera zuzena eta doinuera egokia, bat-bateko jariakortasuna eta hitz etorria bultzatzeak umearen hizkuntz gaitasunari begira duen aparteko garrantziaz jabeturik, eskola giroko antzerkigintzak gure ikasle-irakasleen artean arreta berezia eta Hezkuntza Administrazioaren bultzada sendoa behar duela deritzo. Eginbehar horretaz jabeturik, eta aurreko urteetako ibiliari jarraiki, eskola giroa euskaldundu asmoz 1998-99 ikasturtean Eskola Antzerkigintzako taldeei bertatik bertarako laguntzabideak eskaini beharra ikusten da.

Honen guztiaren haritik

ERABAKI DUT:

Atal bakarra.– Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 1998-99 ikasturtean zehar burutzekoa den Eskola Antzerkigintzarako laguntza deialdi hau onartzea, Agindu honen Eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Oinarri-arauetan jardupide gaietan aurrikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.– Interesatuak deialdia eta oinarri-arauak inpugnatu ahal izango ditu, bai eta horien ondorioz Administrazioak egin ditzan egintza oro ere, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.– Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzak deialdi hau mamitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

Laugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.– Deialdi honetako laguntza-jasotzaileak Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxeak izango dira, Eskola Antzerkigintzan diharduten eta 1998-99 ikasturtean hurrengo oinarrietan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten taldeak dituztenak. Honetarako Euskal Autonomi Erkidegoko 1998ko aurrekontuetatik 16.300.000 pezetako diru-partida erabiliko da.

2.– Laguntza deialdi honek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako antzerkigintza hartuko du kontuan.

3.– Laguntza deialdi honetara A, B eta D irakastereduetan ari diren ikasleen antzerkigintza bildu ahal izango da.

Eskatzaileek ezin izango dute lehendik zabalik eduki Herri Administrazioek emandako antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk.

4.– Oinarriz ondoko hauek hartuko ditu laguntza deialdi honek kontuan: hasi antzerki lan klasikoetatik eta, txotxongiloa barne, ahozko hizkuntza eta adierazpena lantzeko baliagarri gerta daitezkeen antzerki mota guztietaraino.

5.– Euskara hutsean edo nagusiki euskaraz prestaturiko antzerkigintzara mugatzen da laguntza deialdi hau.

6.– Antzerki lanak, beren gidoiaren orijinaltasun mailari dagokionez, era honetakoak izan daitezke:

a) Antzerki lanketa honetan sortutakoak.

b) Aurrez argitaratutako euskal obrak.

c) Egokitzapenak.

d) Itzulpenak.

e) Bestelakoak.

7.– Antzerki taldeek, beren osakerari dagokionez, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikastetxe bereko eta, oinarriz, ikasgela bereko ikaslez osaturik egotea.

b) Ikasgela horretako ikasle guztiek parte hartzea. Partaidetza hori era askotakoa izan daiteke, hala ere:

– Antzezpen lana.

– Muntaia eta laguntza teknikoa.

– Korua.

– Bestelako prestakuntza lanak.

c) Antzerki talde orok arduradun bana izango du. Ikasgelaren euskara irakaslea izango da, oinarriz, talde arduradun hori.

8.– Laguntza deialdi honek ondoko fase hauek hartuko ditu kontuan:

a) Prestakuntza fasea: antzerki saioaren lehen asmoarekin hasten den unetik lehen emanaldiaren eguna arteko langintza.

b) Emanaldiak. Ebazpen eta Jarraipen Batzordearen esku geratzen da emanaldi-irteera proposamenak modulutan egokitzea. Egokitzapen hauen berri zehatza jasoko du Ebazpen eta Jarraipen batzordearen aktak.

Antzerki lanketa jakinen baten kasuan bigarren fase hori saihestea egokiago ikusten bada, eskabidearekin batera emango da honen berri, arrazoiak eta lan prozedura, helburuak etab. ondo zehazten dituen proiektu baten bidez. Ebazpen eta Jarraipen Batzordeak proiektua aztertu ondoren erabakiko du eske hori onartu ala ez eta, baiezkotan, soilik prestakuntza faserako laguntza eskaintzea. Batzordeak erabakiko du zer eratako jarraipena egingo duen kasu hauetan.

9.– 1998-99 ikasturtean burutuko den antzerkigintza hartuko du deialdi honek kontuan. Prestakuntza faseak, gutxienez, hilabeteko iraupen-hedadura izango du eta 1999ko Aste Santurako, beranduenik, burutua izan beharko du. Fase honetan langintza etenik gabe burutzea zaindu beharko da eta nagusiki irakastorduen barnean mamitu.

10.– Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten dirulaguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du. Edozein modutan ere, bi dirulaguntzen baturak ezingo du gainditu gastuaren %100.

11.– Antzeztalde bakoitzak hiru emanaldi eskaini beharko ditu, gutxienez, 1998-99 ikasturtean. Lehen emanaldia nork bere ikastetxeko ikasle eta/edo gurasoentzat eskainiko du; horretaz gainera beste bi emanaldi eskaini beharko ditu antzeztalde orok, gutxienez, bere eskualdeko bi ikastetxe desberdinetan, bertako ikasleentzat. Emanaldi hauek beste nonbait egitea komenigarria ikusten bada, eskabidean emango da honen berri zehatz eta arrazoitua. Erabaki eta Jarraipen Batzordearen esku dago kasu horiek onartzea edo ez onartzea, 8. oinarrian araututako kasuetan izan ezik. Salbuespen hauen berri zehatza jasoko du Erabaki eta Jarraipen batzordearen aktak.

12.– Laguntza deialdi honetara bildu nahi duen edozein ikastetxek, 1998ko irailaren 1etik hasi eta 1998ko urriaren 10 bitartean, egun biak barne, berariazko eskabide orria bete eta, beharrezko adostasun azalpena arduradunak eta zuzendariak sinaturik eta ekintzaren begiz jotako aurrekontua eta eskatzen den laguntza zehaztuz, lekuan lekuko Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu beharko du. Bestela, epe horren barruan postan sobre irekian aurkeztu beharko du ziurtatzera, zigilua eta data eskabideari berari ezarri ahal izateko, eta honako helbide honetara bidali: Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila (Nolega Atala). Wellingtongo dukearen kalea 2, Lakua, 01010 Vitoria-Gasteiz (edota Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 atalean ezartzen den edozein administrazio gunetan aurkeztu).

Eskabide orriak Hezkuntza Ordezkaritzetan eskura daitezke.

Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat somatuko balitz, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan ez bada eskabidea osatzen, besterik gabe artxibatu egingo da.

13.– HUISaren onarpena jasotako eskabideek, antzerki lana prestatu eta gutxienez hiru emanaldi eskaintzeagatik, dirulaguntza eskuratuko dute, beti ere 1998ko aurrekontuek hartarako bidea ematen duten neurrian.

Oinarrizko zenbateko hau ondoko eginbehar hauetarako erabiliko da:

– Joan-etorri gastuak, eskualde barruko emanaldiei dagozkienak.

– Baliabide materialen gastuak (bibliografia, janzkiak, dekoratuak,...).

Irizpide nagusi bezala, kontuan izan bedi eskola antzerkigintzako deialdi honek hizkuntz gaitasuna indartzeko helburua duela. Beraz, baliabide materialen gastuak ere ikuspegi horretatik bideratzekoak dira: efektu artistikoak, gorputz adierazmena eta antzeko xedeak hobetzearren egin litezkeen gastuak, beraz, ez dira lehenengo mailakotzat hartuko.

14.– Dirulaguntza jaso dezaten ikastetxeek, ikasturte amaiera baino lehen, bertako antzeztaldeen emanaldi-irteerei dagozkien ebaluaketa-fitxak, emanaldia jasotzen duten ikastetxeek beteak, eta langintzaren zer-nolakoa azaltzen duten galdekizunak behar bezala beteta bidali beharko dituzte 12. oinarrian adierazitako helbidera.

Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, laguntza itzuli egin beharko du, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-2-7ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

15.– Batzordeak, egindako lana biltzen duen galdekizuna eta ebaluaketa-fitxak aztertu ondoren, taldeen arteko batzuei Azpeitiko Antzerki Topaketetara joateko aukera eskainiko die. Topaketa hauetan eskola antzerkian diharduten taldeen erakuskari bat aurkeztuko da, bertako udalarekin elkar lanean. Topaketetara joateagatik, Batzordeak finkatutako laguntza jasoko dute bidai poltsa gisa, beti ere 1998ko aurrekontuek hartarako bidea ematen duten neurrian.

16.– Dirulaguntzen Ebazpen eta Jarraipenerako Batzorde bat eratuko da, honako kideok osaturik:

– Antzerki munduko bi ordezkari

– Pedagogi Berrikuntzarako zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa.

– PATetako Hizkuntz Normalkuntzako hiru teknikari.

– Nolega ataleko bi teknikari.

Batzorde honetako kideak Hezkuntza sailburuordeak izendatuko ditu. Batzorde horren eginkizuna aurkeztutako eskabideak aztertu eta ikastetxeei laguntzak eman dakizkien proposatzea da, honako irizpideok hartuko dira kontuan laguntza zenbatekoak finkatzeko:

– Ikastetxea Hizkuntz Normalkuntzako programan sartuta egotea.

– Ikasmaila.

– Gidoia sortze lana, egokitzapena, itzulpena edo eszenaratze hutsa izatea.

– Antzezlanaren neurria eta zailtasuna.

– Emanaldi kopurua.

– Emanaldiotarako mugitu beharreko ikasle kopurua.

– Eskabide kopurua eta deialdiaren erantzuteko ahalbideak. 17.– Batzordeak laguntza deialdiaren erabaki-proposamena helaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari eta honek dagokion Erabakia hartuko du 1998ko azaroaren 30a baino lehen.

Aipaturiko epean erabaki espresurik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da.

Erabaki horrek ez du Administrazio bidea agortzen eta bere aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

18.– Ordainketa diru-sarrera bakarrean gauzatuko da eta Erabakia argitaratu ondoren jarriko da tramitean.

19.– Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomi Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontuen Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza jasotzailea.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Lehen oinarri-arauan deialdi honetarako jarritako guztirako diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskaeren guztirako zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste dirulaguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik.


Azterketa dokumentala