Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2007ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3210

EBAZPENA, 2007ko apirilaren 11koa, Kirol zuzendariarena, Euskadiko Atletismo Federazioaren Estatutuen aldaketa onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen duena.

Euskadiko Atletismo Federazioa EAEko Kirol-Elkarteen eta -Federazioen Erregistroan inskribatu zen 1986ko maiatzaren 12an, 77 zenbakiarekin. Federazioaren estatutuak berriro erredaktatu dira orain.

Euskadiko Atletismo Federazioak 2007ko otsailaren 2an egindako Ezohiko Batzar Orokorrean bere estatutuak onartzeko erabakia hartu zuen eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.

Aldaketa hori bat dator urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.

Ondorioz, nire eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Atletismo Federazioaren Estatutuen aldaketa onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eta bere eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke Kirol zuzendariari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu ahal izango zaio EAEko Auzitegi Nagusiari, jakinarazten den egunetik bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko apirilaren 11.

Kirol zuzendaria,

JOSE RAMON GARAI ITURRIONDOBEITIA.

ERANSKINA
EUSKADIKO ATLETISMO FEDERAZIOAREN
ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioa nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duen irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da. Kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol elkarteak biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, atletismo modalitatea praktikatu, sustatu eta antolatzeko. Kirol modalitatea ondorengo diziplinek osatzen dute:

a) Atari Zabaleko Pista.

b) krosa.

c) Errepideko lasterketa.

d) Estaliko Pista.

2. artikulua.– Honako hauek arautzen dute Euskadiko Atletismo Federazioa: Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak; Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak; aipatu legeari dagozkion gainerako garapen-xedapenek; estatutu eta erregelamendu bereziek; eta bere organoek baliozkotasunez hartutako hitzarmenek.

3. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren helbidea: Cervantes hiribidea, 51, 11. eraikina, 3.solairua, 48970 Basauri, Bizkaia.

4. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak kirol modalitateari dagozkion jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatu, kalifikatu, baimendu, agindu eta antolatzen ditu EAEn.

5. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak bere kirol modalitateari dagokion euskal kirol federatuaren ordezkaritza du Estatuan eta nazioartean.

6. artikulua.– Federazioak, bere eginkizunak betetzeko, ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Estatuan eta nazioartean kirol modalitatea ordezkatzea, eta, hala dagokionean, federazioa beste erakunde batzuetan txertatzeko araubidea zehaztea.

b) Federazioa osatzen duten lurralde federazioen jarduera koordinatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea.

d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurraldeko federazioek ezarritako arauak aintzat hartuz, hala dagokionean.

e) Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan Federazioko estamentu guztien partaidetza antolatzea.

f) Kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.

g) Atletismoaren jardunean sortutako kirol gatazken berri izan eta ebaztea, betiere organo judizialen eta arbitraje-organoen eskumenak kontuan hartuz.

h) Federazioaren arauak betetzeaz arduratzea eta, horiei jarraiki, diziplina ahalmena burutzea.

i) Kirolean debekatuta dauden substantzia, talde farmakologiko eta arauz kanpoko metodoen erabilera prebenitu, kontrolatu eta zigortzen Administrazioarekin elkarlanean aritzea, horretarako zehaztuko den araudiari jarraiki.

j) dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea, helburu horri begira ezarriko den araudiaren arabera.

k) Baliabide ekonomiko propioen destinoa eta izendapena zehaztea. Federazioaren jarduerarako beste erakunde batzuek transferitzen dizkioten baliabideak kudeatzea; eta bere baliabide guztiak zuzen erabiltzen direla kontrolatzea.

l) Lurralde federazioei eta Federazioari atxikitako klub eta kirol elkarteentzako diru-laguntzak esleitu eta horien erabilera kontrolatzea.

m) EAEko administrazioekin elkarlanean aritzea kirola sustatzen eta, batik bat, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ezartzen dizkien lankidetza eta aholkularitzako eginkizunetan.

n) Federazioaren estatutuak eta kirol araudiak gertatzea.

ñ) Federazioaren kirol modalitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eta, ahal den neurrian, bermatzea dagokion lurralde eremuan.

o) Balio-urritasun fisikoak, psikikoak, sentsorialak edo mistoak (kirol egokitua) dituzten herritarrek kirola egiteko ardura duten kirol federazioekin batera lan egitea, balio-urritasunekook guztiz gizarteratze aldera eta behar duten laguntza teknikoa eskaintze aldera.

p) Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatu eta hobetzeko komeni den guztia ezartzea.

7. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak lurralde federazioekin batera garatuko ditu eginkizunak.

8. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak ez du inoiz diskriminatuko arraza, sexu, erlijio, iritzi, sinesmen eta beste egoera pertsonal nahiz sozialengatik.

II. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDE EGITEA. LIZENTZIAK

9. artikulua.– 1.– Federazio lizentzia agiri pertsonal eta besterenezina da, zeinak titularrari Euskadiko Atletismo Federazioko kide izaera eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko ahalmena ematen dion, betiere lehiaketa bakoitzean dauden arauei jarraiki.

Estamentu guztiek ezinbesteko baldintza dute federazio lizentzia edukitzea, bai Euskadiko Atletismo Federazioak eta bere lurralde federazioek, eta bai lurraldez gaindiko beste edozein erakundek antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.

Federazio lizentzia duten estamentu guztiek Euskadiko Atletismo Federazioak bere lehiaketetarako ezartzen dituen arau, erregelamendu eta xedapen guztiak bete beharko dituzte.

Euskadiko Atletismo Federazioak estamentu motak, eta horien eginkizunak eta baldintzak zehaztuko ditu erregelamenduaren bidez.

2.– Federazio lizentzia bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horren bidez, titularra bai euskal federazioari eta bai dagokion lurralde federazioari atxikita egongo da.

3.– Aldi berean bi federaziotako kide izatea, dagokion baimena lortzearen bidez gauzatzen da.

4.– Euskadiko Atletismo Federazioak eta lurralde federazioek elkarrekin adostu ahal dute borondatezko harpidetza duen, eta ofiziala izango ez den txartela sortzea, zeinen barne ez baitago lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea, ezta titularra federazio honetako kide izatea ere. Txartel horrek ofizialak ez diren zenbait kirol jardueretan parte hartzeko, eta zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko aukera soilik barne hartzen du.

5.– Federazio honek emandako lizentziak, Autonomia Erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko gaituko du bere titularra, indarrean dagoen araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.

10. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoan Euskadiko Atletismo Federazioak du dagokion kirol modalitateko federazio lizentziak emateko eskumena, eta lurralde federazioak horiek bideratzeko eskumena duten erakundeak dira.

2.– Federazio honek, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, honakoak ezarriko ditu araudiari jarraiki: lizentzien agiri, kirol eta ekonomia erregimena, bere eskubide eta betebeharrak, iraupena, indarrean sartzeko data, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta gainerako antzeko kontuak. Funtzio horrek barne hartuko du halaber nahitaezko arrisku-estaldurak bermatzen dituzten aseguru kolektiboak kontratatzea.

3.– Euskal federazioak borondatezko kuota gehigarria jaso ahal izango du federatuengandik, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk finantzatzeko.

4.– Federazioak lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia lurralde federazioen artean banatuko du Batzar Nagusiak onartutako terminoen arabera, eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Zenbateko garbi hori era honetan lortuko da: zenbateko gordinari aseguruei eta lurralde eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuotei dagozkien zenbatekoak kenduz.

11. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak onartuko ditu lizentzien formatua eta edukia, eta lizentzia horietan, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.

2.– Lizentziak komunikazioaren teknologiak era egokian aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak dituen euskarri batean, eta Eusko Jaurlaritzak euskarri horiei dagokionean onartutako ezaugarri teknikoekin bat etorriz igorriko dira.

3.– Lizentziaren agirian ondorengo kontzeptuak jasoko dira:

a) Nahitaezko aseguruen kuota.

b) Euskal federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 65 izango da.

c) Lurraldeko federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 35 izango da.

d) Federazioaren eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala dagokionean.

4.– Lizentziaren agirian, halaber, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak jasoko dira.

12. artikulua.– Federazioak igortzen dituen lizentzien iraupena urtebetekoa izango da, hots, denboraldi osorako.

13. artikulua.– Federazioak pertsona federatu berak izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunari dagozkion hipotesi, baldintza eta eraginak zehaztuko ditu Lizentzien Arautegian.

III. TITULUA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK

14. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioan ondorengo gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak egongo dira:

a) Batzar Nagusia deitutako gobernu organoa.

b) Zuzendaritza Batzordea deitutako kide anitzeko administrazio organoa.

d) Ordezkaritza organoa zeinen titularra federazioko lehendakaria izango baita.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

15. artikulua.– Batzar Nagusia federazioaren gobernu organo nagusia da, eta, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Lehendakaria hautatzea.

b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onartzea.

c) Estatutuak onartzea edo aldatzea.

d) Zentsura-mozioa onartzea.

e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea.

f) Federazioaren jarduera-plana onartzea.

g) Federazioaren arautegiak onartzea edo aldatzea.

h) Ondasun higiezinak izatea, besterentzea eta zergapetzea; maileguak adostea, eta zorraren edo ondare zati alikuotaren tituluak jaulkitzea, estatutu hauetan xedatutakoari jarraiki.

i) Federazioaren desegitea erabakitzea.

j) Beren garrantzia dela-eta Batzar Nagusiaren oniritzia eskatzen duten beste erabaki guztiak hartzea.

16. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, boto libre, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez. Hautaketa hori, lurralde federaziotako Batzar Nagusi bakoitzean egingo da.

2.– Edozein kasutan, hauteskundeak kirol modalitatearen joko olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira beti, eta lurralde federaziotako batzar nagusiak berritu eta gero.

3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzak berariazko baimena eman eta gero, hauteskunde-prozesuaren hasiera atzeratu edo aurreratu daiteke, aurreikusitako hasiera-egunean ezinezkoa gertatzen bada.

17. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia klub, kirol elkarte, kirolari, teknikari eta epaileen estamentuetako ordezkariek osatuko dute, ondorengo proportzioan:

a) Batzarreko kide guztien % 70, klub eta kirol elkarteen estamentuan.

b) Batzarreko kide guztien % 15, kirolarien estamentuan.

c) Batzarreko kide guztien % 15, teknikarien estamentuan eta Epaileen estamentuan. Era berean, ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.

2.– Aurreko erregela aplikatu eta gero estamentu bakoitzean geratzen den ehuneko osoa honela banatuko da: estamentu bakoitzeko, Euskal Federazioan erroldatutako pertsona guztiei dagokionean, atxikita dituen kide kopuruarekin proportzionala den ordezkari kopuru jakin bat esleituko zaio lurralde federazio bakoitzari.

3.– Euskadiko Atletismo Federazioaren Batzar Nagusiak 40 kide izango ditu Guztira.

18. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda, eta dagokien lurralde federazioari atxikita egonda, hauteskundeak egiten diren denboraldian nahiz aurrekoan kirol jarduera esanguratsua izan duten klub eta elkartetako ordezkarien artean hautatuko dira Klub eta kirol elkartetako estamentuko ordezkariak.

2.– Kirolarien estamentuko ordezkariak, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurrekoan lizentzia indarrean duten hamazortzi urtetik gorako kirolarien artean hautatuko dira. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariak.

3.– Teknikarien ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.

4.– Epaileen ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.

5.– Aukeratuak izan diren denboraldian Batzar Nagusiko kideen artean plaza librerik geratzen bada, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzari dagokion ordezkoen zerrendan agertzen den lehenengo pertsonak beteko du, Hauteskunde Arautegiak hartarako xedatutako prozedurari jarraiki.

6.– Lurralde federazioren batean estamentu jakinik ez badago, edo estamentua osatzen duten pertsona kopuruarekin lurralde federazio horri esleitutako gutxieneko ordezkaritza lortzen ez bada, estamentuaren plaza libreak lurralde federazio horren gainerako estamentuei proportzionalki esleituko zaizkie.

19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak ohiko eta ezohiko bilerak egiten ditu:

2.– Ekitaldi bakoitzean, gutxienez, ohiko bilera bat egingo du Batzar Nagusiak, urteko lehen seihilekoan. Xedea hauxe izango da:

a) Kontuen eta aurrekontuen egoera onartzea.

b) Jarduera-plana onartzea.

c) Lehiaketen egutegi ofiziala onartzea.

3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, halaber ohiko bileran tratatuko dira.

4.– Batzar Nagusiak ezohiko bilera ospatuko du ondorengo gaiak tratatzeko:

a) Hauteskundeak burutzea.

b) Zentsura-mozioa.

c) Arautegiak onartzea edota aldatzea.

d) Estatutuak onartzea edota aldatzea.

e) Federazioa desegitea.

20. artikulua.– 1.– Ohiko eta ezohiko batzarrak biltzeko deia egitea federazioko lehendakariari dagokio ofizioz; bestela, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 5ek eskatzen dutenean egingo du. Hori egin ezin bada, edo lehendakariak batzarrerako deialdiari dagokion betebeharra betetzen ez badu, deialdia Zuzendaritza Batzordeak ala Batzarreko kideen % 5a ordezkatzen duen kide talde batek egin ahal izango du.

2.– Horretarako eskumena duten edozein organo edo taldeek, eskaera egin eta gehienez 15 egun naturaletako epean egin beharko du lehendakariak Batzar Nagusirako deialdia.

21. artikulua.– Ohiko nahiz ezohiko Batzar Nagusirako deialdia eta gai zerrenda, Batzarreko kideei, idatziz, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkie. Euskadiko Atletismo Federazioari elektroniko posta eman badiote, medio honen bidez informazio guztia bidal diezaieke kirol federazioaren web orrialdean dokumentazioa ager daiteke batzarkideek eskura dezaten.

22. artikulua.– 1.– Batzarreko kideek lehendakariari bere ustez interesgarriak diren gaiak gai zerrendan sartzea eskatu ahal izango diote, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin, eta betiere, eskaera gutxienez Batzarreko kideen % 5ak proposatzen badu, sartu beharreko gaia federazioarentzat interesgarria bada; ala estamenturen bateko kideen % 5ak eskatzen badu, sartu beharreko gaiak dagokion estamenturako lehentasunezko interesa badu.

2.– Proposatutako gaia gai zerrendan sartzea onartzen ez bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, ukatzearen arrazoiak azalduz.

23. artikulua.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkoa izango da baldin eta kideen erdiak gehi bat joaten badira. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoa izango da bilerara joandako kide kopurua edozein dela ere.

24. artikulua.– Batzar Nagusian botoaren eskuordetzea ez da onartuko.

II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA

25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea federazioko administrazio-organoa da, eta federazioko gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketaz arduratuko da. Horiek, Batzar Nagusiaren arauei jarraiki garatu beharko ditu.

26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta gutxienez honakoek osatuko dute:

a) Lehendakariak, Federazioko lehendakaria ere izango denak.

b) Lehendakariordeak, lehendakarien funtzioak hartuko dituena ez badago, edo kargua uzten badu.

c) Diruzainak.

d) Batzordekideak. Batzordekide bana egongo da kirol diziplinaren arabera federazioan eratzen den batzorde bakoitzeko.

2.– Lurralde Federazioetako lehendakariek eskubide osoa dute Zuzendaritza Batzordeko kideak izango dira.

3.– Zuzendaritza Batzordeari Federazioko idazkariak lagunduko dio; hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Pertsona berak lehendakari eta diruzain karguak izan ditzake.

5.– Zuzendaritza Batzordearen kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkari eta diruzain karguak izan ezik, zein ordaindu ahal izango baitira.

6.– Batzar Nagusiko kideak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak joan ahal izango dira batzarretara; hitza izango dute baina botorik ez.

7.– Kide guztiek berariaz onartzen badute, federazioko kide anitzeko organoek posta elektroniko, fax, bideo-konferentzia eta antzeko baliabide teknikoen bidez hartu ahal izango dituzte erabakiak. Kasu hauetan, dagokion aktarekin batera fax, posta elektroniko eta dagozkion euskarrien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Batzarreko kideen hautaketa librean lurralde federaziotako lehendakariak salbuesten dira.

2.– Lehenengo eta behin lehendakariaren hautaketa Hauteskundeko Batzordeari jakinarazi dio eta honek zuzendari izenpeen legaltasuna konprobatuko du.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kideak berriz ere hauta daitezke, baina agintaldien muga hamabi urtekoa edo hiru agintaldietakoa izango da, eta Zuzendaritza Batzordean izandako zuzendaritzako kargu guztiak hartuko dira aintzat. Hala eta guztiz ere, aurreko agintalditik lau urte edo bat agintaldi igaro eta gero hautaketa edo izendatze prozesu berrietara aurkeztu ahal izango dira.

28. artikulua.– 1.– Federazioko lehendakariari ala, hori izan ezean, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25ari egokituko zaio federazioaren bileretarako deia egitea.

2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor eztabaidatu behar diren gaiak, nahiz horien inguruko dokumentazioa adierazi beharko dira.

3.– Gai zerrenda hori, gutxienez, bilera egin baino bi egun lehenago jakinarazi beharko zaie Batzarreko kideei, idatziz, behar bezala justifikatutako premia dagoenean salbu.

4.– Hala ere, deialdirik egon ez arren, baliozkotzat hartuko da kide guztiak joaten badira, eta aho batez hala erabakitzen badute.

5.– Kide guztiek berariaz onartzen badute, Zuzendaritza Batzordeak posta elektroniko, fax, bideo-konferentzia eta antzeko baliabide teknikoen bidez hartu ahal izango ditu erabakiak. Kasu hauetan, dagokion aktarekin batera fax, posta elektroniko eta dagozkion euskarrien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

29. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia gehi bat bertaratzen direnean, eta bigarren deialdira, gutxienez, kideen % 25a bertaratzen denean. Nolanahi ere, Federazioko lehendakaria edo lehendakariordea ere bertaratuko beharko dira.

2.– Federazioko lehendakaria, edo, hau egon ezean, lehendakariordea izango da, Zuzendaritza Batzordeko bileretako buru, eta bere jarduera zuzendu eta koordinatuko du.

30. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak modu kolektiboan ondorengo arrazoiren batengatik utziko du kargua:

a) Zentsura-mozioa onartzeagatik.

b) Lehendakariaren kargu-uzteagatik.

c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

d) Kideen % 50 baino gehiagoren dimisio edo heriotzagatik.

e) Kideen % 50 ezgaikuntza edo ezgaitasunagatik.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua ondorengo arrazoiengatik:

a) Dimititzeagatik ala hiltzeagatik.

b) Gaitasunik gabe uzteagatik ala gaitasuna galtzeagatik.

c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok kargua banaka uzten badute, lehendakariak horien ordezkoak izendatu ahal izango ditu, eta esleipen horiek Batzar Nagusiak egiten duen lehenengo bileran jakinarazi beharko dira.

4.– Lehendakariak kide berriak gehitu ditzake federazioko Zuzendaritza Batzordera, egoki deritzonean.

5.– Aurreko puntuetan xedatutakoa ezin izango da aplikatu lurralde federazioetako lehendakarien kasuan, eta kargua uzteko arrazoiak dagozkien federazioen estatutuetan ezarritakoak izango dira.

31. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna eskatu dezake zentsura-mozio baten bidez, zeinek xede horretarako deitutako bileran Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoa alde izan beharko baitu.

2.– Zentsura-mozioa onartzen denean Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua utzi beharko dute, Federazioko lehendakariak barne, lurralde federaziotako lehendakariek izan ezik, zein Zuzendaritza Batzordean eskubide osoko kide bezala sartuko baitira Zuzendaritza Batzorde berrira.

32. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kargua uzten duenean, jardunean jarraituko du, eta gehienez hilabeteko apean Hauteskunde Batzordearen bilera egiteko deituko du, hauteskunde-prozesuari hasiera eman diezaion. Han, beste lehendakari bat hautatuko da, eta hark bere Zuzendaritza Batzordea izendatuko du.

2.– Hori ezinezkoa balitz, Federazioko Batzar Nagusiko kide guztietatik gutxienez % 5a ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.

33. artikulua.– Federazioko idazkariak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.

b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak salbu.

c) Aipatu liburuen edukien inguruko ziurtagiriak egitea.

34. artikulua.– Federazioko diruzainak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Federazioaren kontuak eta ekonomi arloko eragiketak zuzentzea.

b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaintzea eta horietaz arduratzea.

c) Beharrezkoak diren Kontabilitateko dokumentu guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren balantzea, gero Batzar Nagusiak onar ditzan.

III. KAPITULUA
LEHENDAKARIA

35. artikulua.– Federazioko lehendakariak federazioaren legezko ordezkaritza hartzen du bere gain; Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu; Biek egindako saioen buru izango da, eta saio hauek zuzenduko ditu. Bestalde, berdinketa gertatzen bada, bere kalitateko botoaz baliatuz erabakiko du.

36. artikulua.– 1.– Federazioko lehendakaria Batzar Nagusiak hautatu duen pertsona hura izango da.

2.– Lehendakariaren kargua uzteko arrazoiak ondorengoak dira:

a) Dimititzeagatik ala hiltzeagatik.

b) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 104. artikuluan aurreikusitako zentsura-mozioa onartzeagatik.

c) Gaitasunik gabe uzteagatik edo gaitasuna galtzeagatik.

d) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Lehendakariak kargua uzten badu hautaketa berria egin beharko da kasu horretan, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deia egingo du, gehienez, hilabete bateko denbora-epean. Epe horretan, deialdirik egiten ez bada, Batzar Nagusiko kide guztien % 5 ordezkatzen duen edozein kidetaldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.

37. artikulua.– Lehendakaria berriz hautatu dezakete, baina agintaldien muga hamabi urtekoa edo hiru agintaldikoa izango da. Hala eta guztiz ere, aurreko agintalditik lau urte edo bat agintaldi igaro eta gero hautaketa edo izendatze prozesu berrietara aurkeztu ahal izango da.

Beste hautagairik ez badago, eta estatutu hauetan zehaztutako agintaldien muga bukatu bada, kargua uzten duen lehendakariak berriz aurkezteko aukera izango du.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

38. artikulua.– Estatutu hauetako 14. artikuluan jasotzen diren organoetako kideek dagozkien funtzioak betetzen jarraituko dute bere ondorengoek kargua hartu arte.

39. artikulua.– 1.– Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kualifikatuak eskatzen dituzten kasuetan izan ezik.

40. artikulua.– Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko baldintzak ondorengoak dira:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Administrazio-egoitza federazioaren jarduera-eremuan izatea. Ez-ohiko egoeretan Batzar Nagusiak baldintza hori barkatu ahal izango du.

c) Karguak edo funtzioak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.

d) Epai judizial irmoaren bidez kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.

e) Erabaki judizial irmoaren bidez ezgai deklaratuta ez egotea.

41. artikulua.– 1.– Federazioko organoek hartu dituzten erabaki guztien akta jaso behar du idazkariak. Aktan ondorengoak jaso beharko dira, gutxienez: bertaratutako pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den; eztabaidatu diren puntu nagusiak; bozketa nola egin den eta haren emaitza, eta erabakien edukia.

2.– Onartutako erabakiaren aurkako botoek, betiere arrazoituak badira, kide anitzeko organoen erabakietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetik aske utzi ahal dute.

42. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak nahi beste batzorde eta antzeko organo eratu ditzake, federazioaren kirol jardueraren sektore bat garatzeko nahiz federazioko talde edo estamentuen funtzionamendua hobetzeko.

43. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioak dopingari dagokionean ezar daitekeen arautegiak xedatzen dituen organoak izan beharko ditu.

2.– Euskadiko Atletismo Federazioak batzorde tekniko bat izango du, eta batzorde horrek federazioaren kirol zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko du.

3.– Halaber, Federazioa bide onetik joateko komenigarriak diren bestelako Batzordeak izan ditzake, eta dagozkien arautegietan garatuko dira.

44. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioko zuzendariek ondorengo eskubideak dituzte:

a) Eusko Jaurlaritzak federaziotako zuzendariak etengabe prestatzea, eta doako aholkularitza teknikoa ematea bere funtzioak era egokian bete ditzan.

b) Jardueretan izandako gastuak itzultzea, federazioak berak aurretik ezarritako mugen barruan.

c) Federazioaren bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.

d) Bere jarduera baldintza egokietan burutzea, duintasunari, segurtasunari eta higieneari dagokionean, bere funtzioen izaera eta ezaugarrien arabera.

e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen ziurtagiriren bat izatea.

f) Kirolaren esparruan egindako ekarpen sozialarengatik errespetua eta Ester ona jasotzea.

g) Federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.

h) Esleitzen zaizkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren materialak era iraunkorrean jasotzea.

i) Federazioaren arauetan aurreikusitako bestelakoak.

45. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioko zuzendariek ondorengo betebeharrak dituzte:

a) Bere betebeharrak garatzean jasotako eta ezagututako Informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala badagokio. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak kargua uzten duenean ere iraungo du.

b) Funtzioak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, uneoro federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.

c) Dagozkien kirol federazioek beren eskura jartzen dituzten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.

d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.

e) Funtzioak behar bezala betetzeko antolatzen diren prestakuntza jardueretan parte hartzea.

f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatuta dagoen edozein ordain ekonomikori uko egitea.

g) Funtzioak betetzen jarraitzea bere ondorengoek kargua hartu arte, ezinbestean utzi behar ez duenean salbu.

h) Eskumeneko organoek hartutako erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.

i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia ematea.

j) Euren interes pertsonalarekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamendutan parte ez hartzea. Interes pertsonala egongo da gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua zein neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten badio.

k) Organoek antolatutako bileretara joatea, zeinetako kidea baita, eta hauen deliberamendutan parte hartze aktiboa izatea, bere irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.

l) Emandako egiaztagiria behar bezala erabiltzea.

m) Federazioak onartu duen Kode Etikoa betetzea.

n) Federazio honen estatutu edo arautegietan aurreikusitako bestelakoak.

46. artikulua.– 1.– Kirol federazioaren lehendakari kargua bateraezina da beste kirol federazio bateko lehendakari karguarekin, nahiz eta beste kirol modalitate batekoa izan.

2.– Kirol federazioaren lehendakari kargua bateraezina da federazio horretan dagoen klub edo kirol elkarte bateko lehendakari karguarekin. Lehendakaritza betetzen duen pertsona titularra, hain zuzen, klub edo kirol elkarte bateko ordezkari gisa batzarrean egotegatik aukeratzen badute, federazioko edo klubeko kargua aukeratu beharko du, eta klubean duen karguari uko egiten diola ulertuko da, bietako bat espresuki aukeratzen ez badu.

3.– Kirol federazioaren lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barne dagoen federazio-eremuarekin zuzenean lotutako kargu ala enplegu publikoak betetzearekin.

4.– Kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Era berean, kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da bertarako lan harremana, harreman zibila ala merkataritzakoa dela medio zerbitzu profesionalak eskaintzearekin.

47. artikulua.– Federazioko zuzendariek debekatuta dituzte ondorengoak:

a) Kargua utzi edo dimititu eta gero kalte-ordainak jasotzea.

b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik.

c) Kirol edo ekonomi helburuak lortzeagatik pizgarriak jasotzea.

d) Bere enpresen bitartez ala hirugarren pertsonen nahiz erakundeen izenean kirol federazioarekin berarekin kontratuak egitea. Autokontratatzeko debeku horrek eragina du ezkontideengan, antzeko afektibitate harremanen bidez lotutako pertsonengan eta ondorengo nahiz aurrekoen enpresengan.

e) Kirol federazioaren ondarea erabiltzea ala ondare-abantaila bat lortzeko bertan duen postuaz baliatzea.

IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK

48. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren estamentuetako kideek, gutxienez, ondorengo eskubideak izango dituzte:

a) Federazio organoetan ordezkaritza izatea eta horietako kide izatea, estatutu hauen eta aplikagarria den arautegiaren arabera ezarritako eran eta proportzioan.

b) Federazioak antolatutako jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren inguruan ematen dituen arauei jarraiki.

c) Kirol hau hobeto garatu dadin eskatzen duten beste informazio jasotzea, eta federazioko gaien inguruan bere irizpide nahiz iritziak modu askean adieraztea.

d) Federazioaren arauak bete daitezela eskatzeko federazioko eskumeneko organoetara jotzea.

e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioaren arauei jarraiki.

f) Lizentzia egiaztatzen duen dokumentua eskuragarri izatea.

49. artikulua.– Federazioaren estamentuetako kideek ondorengo betebeharrak izango dituzte:

a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.

b) Federazioko organoek hartutako erabaki guztiak betetzea, hartarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo kentzen ez dituen bitartean.

c) Federazioaren helburuak lortzeko, era aktiboan parte hartzea.

d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.

e) Euskal selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.

50. artikulua.– Estatutu hauei dagozkien xedeetarako, klub edo kirol elkarteak dira Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen III. Tituluan aurreikusitakoari jarraiki eratutako elkarteak.

51. artikulua.– Klubak eta elkarteak, Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko federazio horri atxiki beharko dira, lurraldeko federazioaren bitartez. Era berean, klub eta kirol elkarteetako estamentuari dagokion federazio lizentzia eskuratu beharko dute.

52. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioko kirolariak dira kirolarien estamentuari dagokion federazio lizentziaren titularrak diren pertsona fisikoak.

53. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioko teknikariak federazioak eskatutako titulua, eta estamentu honi dagokion federazio lizentzia duten pertsonak dira.

2.– Teknikariak, hala dagokienean, federazioaren teknikarien elkargoan elkartuko dira.

54. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioko epaileak eskumeneko organoak emandako beharrezko titulua, eta dagokion federazio lizentzia duten pertsona fisikoak dira.

2.– Epaileak, hala dagokienean, federazioaren epaileen elkargoan elkartuko dira.

V. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

55. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren diziplina erregimenean honako hauek aginduko dute: ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. tituluan xedatutakoak; urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuak, edo ordezkatzen duen xedapenak; estatutu hauek; eta federazioaren beraren Kirol Diziplinazko Arautegiak.

56. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioak bere organo-egiturako kide diren pertsona guztiei dagokionean, eta federazio horretako kide diren pertsona fisiko edo juridikoei dagokionean soilik izango du diziplina ahalmena.

2.– Federazioak ezin izango du diziplina ahalmenik burutu kirol jarduera bereko beste lurralde eremuetako federaziotako kideei dagokionean, nahiz eta bere kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatu.

57. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea kirol diziplina ahalmena duten Euskadiko Atletismo Federazioko organoak dira, gainerako federazio organoak alde batera utzita.

2.– Diziplina Batzordea Euskadiko Atletismo Federazioari dagokion eremuaren barneko jardueren arduraduna izango da.

3.– Apelazio Batzordea, Euskal Federazioaren eta bere lurralde Federazioen Diziplina Batzordearen epaien aurka aurkezten diren helegiteetan egin beharreko jarduerez arduratuko da.

58. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea Zuzendaritza Batzordeak izendatutako kide kopuru bakoitiak osatuko du. Pertsona bakarreko organoa ahal izango da.

2.– Batzordeko kideak 4 urteko denbora-eperako izendatuko dira, eta kargua betetzeko nahikoak diren ezagutzak izan beharko dituzte.

3.– Diziplina eta Apelazio Batzordeetako kideak Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan daitezke, eta federazioko lehendakariaren irizpideen arabera beren kargutik mugiarazi daitezke.

59. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioaren Apelazio Batzordearen aurrean Diziplinazko Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.

2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Apelazio Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.

VI. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA

60. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren hauteskunde erregimenean ondorengoek aginduko dute: urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. tituluan xedatutakoak; hori garatzean ematen diren xedapenek; estatutu hauek; eta hauteskunde-arautegiak, zein derrigorrez Batzar Nagusiak onartu beharko baitu.

61. artikulua.– Federazioaren Batzar Nagusia aukeratzeko, hautesleak euskal federazioa osatzen duten lurraldeko federaziotako batzar nagusietako kideak izango dira. Aukeraketa honek ez ditu hauteskunde-prozesu baten ezaugarriak izango, eta Lurraldeko Batzar bakoitzean burutu beharko da, berritu eta gero deitzen den lehenengo bileran, indarrean dagoen arautegiari jarraiki.

62. artikulua.– Federazioan hauteskunde-prozesua sustatzeaz eta haren garapen egokiaz arduratzen den Hauteskunde Batzordea egongo da. Hauteskunde Batzordea pertsona bakarrekoa izan daiteke. Taldeko organoa bada hiru kiderekin osatuta egongo da.

63. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen funtzioak lau urteko denbora-eperako izango dira; hala ere, Batzar Nagusiak denbora-epe hori bukatu baino lehen kargutik ken dezake, edo beste bat izendatu.

64. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeko kideak nahiz ordezkoak zozketa publikoaren bidez hautatuko dira, hautagai izango ez diren pertsonen artean. Boluntarioak ere hautatu daitezke, betiere Batzar Nagusira bertaratutako kideen bi herenek onesten badute.

2.– Hauteskunde Batzordeko lehendakari eta idazkari gisa, adin handienetakoa eta txikienekoa arituko dira, hurrenez hurren.

3.– Hautagai gisa aurkezten direnak inola ere ezin izango dira izan Hauteskunde Batzordeko kideak. Izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideren batek kargu hori hartzen badu, utzi egin beharko du, eta bere lekua izendatutako ordezkoak hartuko du.

65. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Hautesleen errolda eta hauteskundeetako egutegia onartzea.

b) Aurkeztutako hautagaiak izendatzea eta argitaratzea.

c) Hauteskunde-mahaia izendatzea.

d) Hautetsiak zein diren izendatzea.

e) Aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eta eskaerak ebaztea, eta hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere bai.

f) Hauteskundeak burutzeari eta bere emaitzei zuzenean eragiten dion edozein auzi.

2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.

66. artikulua.– Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin eta gero, hiru kidek osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du; eta ordezkoen kopuru baliokidea ere bai. Lehendakaria eta idazkaria kiderik zaharrena eta gazteena izango dira, hurrenez hurren.

67. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Bozketak behar bezala egitea bermatzea.

b) Boto-emaileak nortzuk diren, eta hautesleak direla egiaztatzea.

c) Emandako botoak baliozkoak diren ebaztea.

d) Bozketa bukatu eta gero botoak zenbatzea.

e) Bozketarekin zerikusia duen beste edonolako gairen inguruan erabakitzea.

2.– Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakien aurka, Hauteskunde Batzordean egin ahal izango da.

VII. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA

68. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioak berezko aurrekontu eta ondare erregimena du.

2.– Federazioaren ondarea hainbat ondasunek osatuko dute zeinen titulartasuna baitagokio.

3.– Federazioak ondorengo baliabideak ditu:

a) Federatuen kuotak.

b) Erakunde publikoek eman ditzakeen diru-laguntzak.

c) Dohaintzak, herentziak, legatuak eta sariak.

d) Antolatzen dituen kirol jardueretan eta lehiaketetan ateratako mozkinak.

e) Industria- eta merkataritza-jardueretan, jarduera profesionaletan edo egindako zerbitzuetan ateratako mozkinak.

f) Bere ondarearen emaitzak, eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik lortutakoa, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 138. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

g) Lortzen dituen mailegu eta kredituak.

h) Bere jarduera garatzerakoan lor ditzakeen bestelakoak.

69. artikulua.– 1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol jardueretan nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretan lor ditzakeen irabaziak eta sariak, osorik bere helburu soziala garatzeko erabiliko dira.

2.– Irabaziak ezin izango dira inola ere federazioko kideen artean banatu.

70. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu ditzake, dirua maileguan har dezake, eta zorraren eta ondare zati alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzake, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138. eta 139. artikuluetan ezarritako kasu eta baldintzei jarraiki.

71. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak goi zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango ditu, betiere erabakia eta ordainsaria zein kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Nagusira bertaratutakoek gehiengo osoarekin onartzen badute, eta Kirol zuzendaritzak kontratu hori egiteko baimena ematen badu.

72. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioak ekitaldi bakoitzaren aurrekontua urtero onartuko du.

2.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da aurrekontuaren proiektua egiteaz, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.

3.– Federazioak gehienez onartu ditzakeen betebeharrak, eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten diren eskubideak aurrekontuan adieraziko dira. Euskadiko Atletismo Federazioaren aurrekontuan, halaber, kirol modalitate horretan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin zerikusia duten betebeharrak adierazi beharko dira.

4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak barne hartuko du, organo osagarrienak edo horien tresna erakundeenak barne. Kudeaketa edo antolamenduko beharrek hala eskatzen dutenean, Euskadiko Atletismo Federazioak kontabilitateko azpi-erakundeak sortu ahal izango ditu zein sistema zentralean behar bezala integratuta egongo baitira.

5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta ez da inola ere defizita duen aurrekonturik onartuko, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurretiko baimena eskuratu gabe.

6.– Behin Batzar Nagusiaren onespena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio.

7.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurrekontu osoaren % 20 gainditzen ez duten aurrekontuari dagozkion aldaketak egitea erabaki dezake.

73. artikulua.– 1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo hiru hilabeteren barruan, Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztu beharko ditu Batzar Nagusian, eta kontu horietan agertu beharko dira: balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta memoria ekonomikoa.

2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak lehendakariak, eta hala dagokionean, diruzainak izenpetu beharko dituzte.

3.– Federazioaren urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorraren egokitze arauekin. Arau hauek, erakunde horien berezitasunak aintzat hartuz, arautegietan ezarriko dira. Arauak ezartzen ez diren bitartean urteko kontuak Kontabilitateko Plan Orokorrarekin egokituko dira.

74. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioan, hala dagokionean, finantzen eta kudeaketaren kontu ikuskaritza burutu beharko da, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 144. artikuluan xedatzen denari jarraiki.

VIII. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA

75. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioa nahitaez ondorengo liburuez arduratuko da:

a) Federazioko estamentuen liburua, zein estamentu bakoitzari dagokion ataletan banatuta baitago. Liburu horretan eguneratutako atalen zerrenda, eta federazioan sartu diren eta handik atera diren data agertuko dira.

b) Federazioaren akten liburua. Bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioaren gainerako organoek hartzen dituzten erabakiak azalduko dira.

c) Kontabilitate liburuak.

d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren Erregistro Liburua.

Liburu hauek Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan bideratu beharko dira.

IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

76. artikulua.– 1.– Euskadiko Atletismo Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegingo da:

a) Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek hala erabakitzen badute, eta artikulu honen bigarren atalean aurreikusitako arrazoiren bat egoten bada.

b) Epaileak erabakitzen badu.

2.– Euskadiko Atletismo Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegingo da:

a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzen bada.

b) Administrazioko funtzio publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa bada.

c) Federazioko organoak gelditzeagatik, eta horren ondorioz, bere funtzionamendua ezinezkoa izateagatik.

d) Eskuordetutako funtzio publikoak betetzen ez baditu.

e) Beste kirol federazio batekin bat egiten badu.

f) Beste kirol federazio batean sartzen bada.

g) Indarrean dagoen legedian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

77. artikulua.– 1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari deituko dio desegiteko erabakia har dezan. Erabakia bi hilabeteko denbora-epean hartu beharko du, desegitea eragiten duen arrazoia ezagutzen den unetik aurrera.

2.– Pertsona federatuek eta Kirol zuzendaritzak lehendakariari Batzar Nagusira deitzea eskatu ahal izango diote, beren ustez aurreko artikuluan aipatutako arrazoiren bat egoten bada.

3.– Batzar Nagusirako deirik egiten ez bada, edo adostasunik lortzen ez bada, edozein federatuk ala eskumena duen kirol Administrazioak berak federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.

4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta dago desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa bada, ala desegitea lortu ezin bada.

78. artikulua.– Behin federazioa deseginda, likidatze aldia hasiko da, bat-egitea ala desegiten den federazioaren aktibo eta pasiboaren lagapen orokorra gertatzen den kasuetan izan ezik.

79. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioa desegindakoan, likidatzen ari den bitartean bere nortasun juridikoa mantenduko du. Fase horretan bere izenaren ondoan "likidazioan" jarri beharko du.

80. artikulua.– Federazioak likidatzen ari dela adierazten duen unetik aurrera Zuzendaritza Batzordeak bere funtzioak utziko ditu, eta likidatzaileek hartuko dituzte haien funtzioak. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek likidazio eragiketak burutzerakoan parte hartu beharko dute.

81. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak likidatzaileak izendatu beharko ditu, eta kopurua beti bakoitia izango da.

2.– Likidatzaileak izendatzen nahiz kargutik kentzen direnean Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko da.

82. artikulua.– Federazioko likidatzaileen funtzioak ondorengoak izango dira:

a) Administrazio organoarekin batera bere funtziotan hastean federazioak duen hasierako balantzea onestea.

b) Federazioko liburuez eta gutunez arduratzea eta horiek zaintzea. Era berean, ondarearen segurtasuna bermatzea.

c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak, nahiz egin beharreko berriak burutzea.

d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak nahitaez enkante publikoan salduko dira. Zuzeneko salmenta Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen kasuetan bakarrik egin ahal izango da.

e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, federazioaren interesentzat komenigarria bada.

f) Hartzekodunei ordaintzea.

g) Federazioaren ordezkari izatea.

83. artikulua.– Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute, eta Batzar Nagusian aurkeztuko da, hauek onartu dezaten. Ondoren, Kirol zuzendaritzari bidaliko zaio.

84. artikulua.– Likidatzaileen funtzioa ondorengo arrazoiengatik bukatuko da:

a) Likidazioa egitea.

b) Batzar Nagusiak emandako botereak baliogabetzea.

c) Kirol zuzendaritzak botereak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.

d) Epaileak erabakitzen badu.

85. artikulua.– Federazioak kaudimenik ez badu, likidatzaileek dagokion lehiaketa adierazpena berehala eskatu beharko dute.

86. artikulua.– Federazioa desegiten bada, batzorde likidatzaileak Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio honek inskripzioa bertan behera uzteari ekin diezaion.

X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK

87. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren estatutuak ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek onartzen badute soilik aldatu ahal izango dira.

88. artikulua.– Estatutuen proiektua onartutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak erabakia hartzen duen unetik aurrera.

89. artikulua.– Aipatutako estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.

90. artikulua.– Federazioaren estatutuak indarrean sartzeko administrazioak onartu egin beharko ditu, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

91. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioak, gutxienez, ondorengoak arautu beharko ditu:

a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.

b) Diziplina erregimena.

c) Hauteskunde erregimena.

d) Gatazken judizioz kanpoko ebazpenen erregimena.

e) Lizentzien erregimena.

92. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioaren arautegiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio honek onar ditzan, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak onartzen dituen unetik aurrera.

93. artikulua.– Arautegiak onesteko eta aldatzeko xede horretarako deitutako ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako kide gehienen aldeko botoa beharko da.

94. artikulua.– 1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz federazioari dagozkion bestelako gaiak jakinarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.

2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aurretiko administrazio onarpenik behar izango.

95. artikulua.– 1.– Lurralde eremuz gaindiko federazioetako estatutuak eta arautegiak federazioari eta horretako kideei zuzenean aplikatu ahal izango zaizkie, soilik euskal federazio hau federazio horietako kidea izateaz gainera hauen eskumeneko arloen inguruan bada. Kasu horretan, Euskadiko Atletismo Federazioak arau horiek zabaldu egin beharko ditu, federazioaren estamentu ezberdinek behar bezala ezagutu ditzaten. Arau horiek federazio honetako hizkuntza ofizialetakoren batean idatzi beharko dute.

2.– Lurralde eremuz gaindiko kirol federazioetako gainerako arauak, ez dira zuzenean aplikagarri izango euskal federazioei eta bere kideei. Federazioaren beraren arautegira erantsiko dira, federazioak eta administrazioak arau horiek onartzen dituztenean, eta Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan izenematea burutzen denean soilik.

3.– Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen arautegiak ezin izango dira Euskadiko Atletismo Federazioan era osagarrian aplikatu. Hala ere, arau horiek era osagarrian aplikatu ahal izango dira, betiere bere arautegietan aipamen berezi bat ezartzen bada, federatuek arau horiek egoki itzulita eskuragarri badituzte, eta behar bezala zabalduta badaude.

XI. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA

96. artikulua.– Euskara eta gaztelera Euskadiko Atletismo Federazioaren hizkuntza ofizialak dira.

97. artikulua.– Euskadiko Atletismo Federazioko organoek federazioaren baitan hizkuntza normalizazioko pixkanakako prozesua bermatuko dute, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraiki.

98. artikulua.– Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira, interesdunak hala eskatzen duenean.

XII. TITULUA
GATAZKEN JUDIZIOZ KANPOKO EBAZPENA

99. artikulua.– Federazioaren eta bere federatu edo kideen artean, nahiz kideen artean gerta daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Zuzenbide Arbitrajearen bidez ebatzi beharko dira, indarreko legedian, Estatutu hauetan eta garatzen ari den arautegian ezarritako baldintzei jarraiki.

100. artikulua.– Arbitraje bidez, edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpenen bidez konpon daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Kirola Arbitratzeko Euskal Epaimahaian aurkeztuko dira.

101. artikulua.– Administrazioak Federazioari eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zerikusia duten gaiak, eta legeriak espresuki kanpo utzitako arbitrajekoak nahiz lege arlokoak ez beste guztiak bide horren bidez ebatziko dira.

102. artikulua.– Federazioko federatu ala kide orok zeinek Estatutu hauek onartzen diren egunetik, edo lizentzia lortzen duen egunetik hilabete batera kargua espresuki uzten ez baitu, Estatutu hauetan nahiz garatzen ari den arautegian aurreikusitako arbitraje-sistemaren eta gatazken judizioz kanpoko ebazpenaren menpean egongo da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehazpen teknikoak onartu arte federazioak lizentziak egoki deritzon formatuarekin ematen jarraitu ahal izango du.

Bigarrena.– Estatutu hauetako 27. eta 37. artikuluetan xedatutako agintaldien mugek ez dute eraginik izango estatutu hauek indarrean sartzean zeuden karguetan, eta ondorioz, kargu horiek gaur egungo agintaldiak bukatu ahal izango dituzte. Kargu horiei hurrengo hauteskunde-prozesuei dagokionean aipatu mugak soilik aplikatuko zaizkie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira 1992ko urtarrilaren 11n onartutako federazioaren estatutuak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartuko dira.

Abadiño, 2007ko otsailaren 2a.

EAFeko lehendakaria,

MIGUEL ÁNGEL MUNITXA.

EAFeko idazkaria,

JUAN MANUEL CÁCERES GÓMEZ.


Azterketa dokumentala