Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2013ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2706

AGINDUA, 2013ko apirilaren 19koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Grupo Matia» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duen espedientea. Hona hemen

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko apirilaren 15ean, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistro Orokorrean sartu zen Jonathan Felgueroso Condek Grupo Matía Fundazioaren izenean eta ordez sinatutako idazki bat, zeinari eskritura publiko baten kopia bikoitz baimendu bat erantsi baitzitzaion. Eskritura 2012ko uztailaren 24an eman zuen Manuel Gómez Martínez jaunak, fundazioaren izenean eta ordez, eta patronatuko idazkaria den aldetik, Donostiako notario Miguel Gutierrez y García de los Ríos aurrean zela (protokolo-zenbakia: 539).

Eskritura publiko horretan sartu zen Manuel Gómez Martínez jaunak –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2012ko maiatzaren 2an –Donostian– emandako ziurtagiria, 2012ko martxoaren 28an Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 2. eta 8. artikuluak aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuen aldaketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legearen 40. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3. artikuluan; eta, Lehendakariak abenduaren 15ean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 20/2012 Dekretuaren 6.1.r) artikuluan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak. Aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Ikusirik aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «Grupo Matia» fundazioaren estatutuetako 2. eta 8. artikuluen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu dadila agintzea. Inskripzioa agindu honen datarekin egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notario Miguel Gutierrez y García de los Ríos-en aurrean 2012ko uztailaren 24an egiletsitako eskritura publikoan ezarrita bezala (539 protokolo-zenbakia).

Estatutuen 2. artikulua aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«Fundazioaren helburua zahartze eta minusbaliotasun arloetan ezagupenak hedatzea da, irakaskuntza, prestakuntza, argitalpen, aholkularitza eta abarren bidez.

Fundazioaren helburu dira, orobat, txiro, zahar eta gaixoei kasu egitea, zerbitzu soziosanitarioak eta laguntzeko zerbitzuak emanez, hala nola elikadura eta nutrizioa, farmazia-atentzioa, garbiketa, ikuzketa, mantenimendua eta garraioa, bai eta garapena, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzea zahartze eta minusbaliotasun arloetan, inkestak, datu-bilketak eta antzeko zerbitzuak eginez, laguntzaileekin bat, eta zientzia, teknologia, enpresa, instituzio eta gizarte arloetan hitzarmenak eginez, beren emaitzak gizarteratzeko.

Fundazioaren helburu izango dira, orobat, zahartzearen edo edozein ezgaitasunaren ondoriozko bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ikerketa, garapen, berrikuntza teknologiko eta zabalkunde zientifikoa.

Aurreko paragrafoetan aipatutako interes orokorreko helburuak betetzeko, fundazioa José Matía Calvo fundazioarekin arituko da lankidetzan, fundazioaren entitate fundatzailea denez gero, bai eta beste entitate batzuekin ere, antzeko helburuak dituzten entitateekin alegia, berarekin lotura estua badute, bai fundazioak edo bere fundatzaileak eratu dituelako, bai horrelako lotura duen beste fundazio batzuekin eratu direlako eta José Matía Calvo fundazioaren hastapeneko printzipioak eta fundazio horren fundatzaileak ezarritako baldintzak errespetatzen badituzte.

Zehatz esanda, fundazioa José Matía Calvo fundazioarekin ez ezik, Instituto Gerontológico Matía (Ingema) fundazioarekin ere arituko da lankidetzan.

Fundazioaren onuradun izango dira, hain zuzen, hala eskatzen duten pertsona juridiko nahiz fisikoen kolektibitate orokor eta zehazgabeak, baldin eta helburu hauek badituzte: zahartze eta minusbaliotasun arloetan ezagupenak hedatzea, txiro eta zaharrei kasu egitea, arlo soziosanitarioan ikerketa teknologikoa garatzea, eta gizarte-zerbitzuak garatzea. Onuradun izango dira, orobat, aurretiaz hala eskatzen dutenak eta arlo soziosanitarioan prestakuntza arloa garatzeko duten inplikazioa egiaztatzen dutenak.

Onura horiek jasotzeko orduan lehentasuna izango dute, hain zuzen ere, ongintzazko edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek, baldin eta hitzematen badute lortutako onurak egoerarik ahulenean dauden kolektiboen alde erabiliko dituztela.

Pertsona fisikoei dagokienez, laguntza soziosanitarioak ez ezik laguntza horiek aplikatzeko baliabideak ere behar dituztenak izango dira onuradun».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 19a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala