Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2015eko ekainaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2608

18/2015 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Lankidetza-hitzarmena, Basauriko Udalarekin izenpetua, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko; II. eranskinean jasotzen da.

– Hitzarmena, Zumaiako Udalarekin izenpetua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza); II. eranskinean jasotzen da.

– Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartearekin (ASNEF) izenpetutako lankidetza hitzarmena, herritarrei Asnef protección izeneko autotxertatzeko fitxategi bat eskaintzeko, haien datu pertsonalak babesteko; III. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 18/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BASAURIKO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO

Basauri, 2015eko martxoaren 25a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziako Sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari moduan, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretutik datozkion eskumenak baliatuz –dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak, eta baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere–; apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuko 18. artikuluaren arabera dagozkion eskumenak erabiliz –Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala dator zehazturik dekretu horretan–; eta betiere Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluan adierazitako eskumenekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiekin bat etorrita.

Bestetik, Andoni Busquet Elorrieta, Basauriko Udaleko alkatea, azken horren ordezkari gisara.

Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian adierazitako baldintzak ere betetzen dira (hor dago zehazturik zein diren Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak).

AZALTZEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Basauriko Udalak, besteak beste, honako betebehar hauek dituzte: herritarrei intereseko zerbitzuak eskaintzea, eraginkortasuna bilatzea baliabide publikoen erabileran, eta administrazio-tramitazioa sinplifikatzea, gardentasun-, parte hartze- eta lankidetza- printzipioekin bat etorrita.

Obligazio horiek bai EAEko Administrazioak bai Toki Administrazioak bete beharrekoak dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 1. artikuluan eta, bereziki, 2.1 artikuluan adierazi bezala. Horretarako, Toki Administrazioarekiko harremanen araubide berezia jasotzen da 9. artikuluan; harremanotan, gai honetan oinarrizkoa den legediari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Legearen I. tituluan xedatutakoari.

Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da herri-administrazioen arteko lankidetza areagotzea. Hain zuzen ere, administrazioek informazioa trukatzeko sistemak sortu behar dira, hartara, herritarrei, izapideak egin behar dituztenean, datuen ziurtagiriak ekartzeko eskatu beharrik egon ez dadin.

2.– Horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkorki aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea benetan betetzeko. Izan ere, lege horren arabera, herri-administrazio guztiak beharturik daude beraiekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko aukera ematera; eta, horretarako, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea lehenbailehen, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal izan dadin.

21/2012 Dekretu, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoak dioenaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidearen erabilera erraztearren, gainerako herri-administrazioekin hitzarmenak egitea sustatuko du Administrazioak, 11/2007 Lege, ekainaren 22ko, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoaren 9. artikuluan jasotakoari jarraikiz. Hitzarmen horietan, zenbait prozedura erabakiko dira, organo lagatzaileek ikus dezaten ea erabili den aipatu eskubidea, sarbide-eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ere parte har dezaten estatu- eta foru-administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan, eta baita geroago erabakitzen direnetan ere, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, autonomia-erkidegoko lurraldean kokatutako toki-erakundeek erraz balia ditzaten aipatu hitzarmenak, hori bai, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

3.– EAEko Administrazioak eta Presidentetzako Ministerioak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten 2010eko urriaren 18an, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, eta EAEko Administrazioak SARA sarean sarbidea izatea dago haren aplikazio-esparruaren barruan. Sare horretan Presidentetzako Ministerioak eta autonomia-erkidegoek garatutako azpiegitura teknologikoak daude, eta nahi duten administrazio guztiek konektatzeko eta aplikazioak trukatzeko sistema bat erabiltzeko aukera ematen du. Hitzarmen horretako II. eranskinean esaten da EAEko Administrazioa konprometitzen dela toki-administrazioek, beraiek erabakitako teknologia, mekanismoak eta prozedurak erabiliz, SARA sarean sarbidea izan dezaten bideratu eta sustatzera.

4.– Gainera, aipatu 30/1992 legeak dio administrazioen betebeharra dela elkarri ematea beren eskumenak erabiliz garatzen duten jarduerari buruz behar duten informazioa, bai eta, era berean, dagokien esparruan, beste administrazioek beren eskumenak eraginkorki erabiltzeko eska ditzaketen lankidetza eta laguntza aktiboak elkarri ematea ere.

Horretarako, aipatutako 30/1992 Legearen 4.2 artikuluak dioen bezala, erakunderen bati zer edo zer eskatzen zaionean, herri-administrazioek haren esku dauden datuak, agiriak edo frogabideak eskatu ahal izango dituzte, eta, era berean, laguntza eskatu ahal izango dute beren eskumenak baliatzeko; horretarako behar adina bitarteko izan beharko dituzte, bereziki elkarri laguntzeko eta lankidetzan aritzeko beren eskumenen lurralde-esparrutik kanpo gauzatu beharreko egintzen tramitazioetan.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta egokituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, herri-administrazioen arteko harremanetan elkarri laguntzea nagusi izan behar dela kontuan hartuta eta beraien jardunean eraginkortasunaren printzipioa eta herritarrei zerbitzu eman beharraren printzipioa aplikatuta, aldeek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, herri-administrazioek dauzkaten datuez den bezainbatean, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatuko dira.

5.– Horregatik, bi aldeek argi ikusten dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen eta prozeduren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Alde horretatik, sinatzaileek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoaren esparruko proiektuen koordinazioa sustatzea, eta haietatik etekinik handiena ateratzea izatea helburua, aldeek jarritako zerbitzuak erabiliz, eta, gisa horretan, administrazioen beharrak nahiz interes publikoa betetzea bilatuz.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemak aukera ematen du datuen transmisio elektronikoen bidez ordezteko paperezko ziurtagiriak eta beste frogagiri batzuk, eta trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen ditu.

Hori, bestalde, halaxe aginduta dago 30/1992 Legearen 35. artikuluan eta 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan, onartu baitute herritarrek ez dutela zertan herri-administrazioek badauzkaten datuak eta dokumentuak atzera berriz ekartzen ibili behar.

6.– Aldeak elkarreragingarritasun-sistema ezartzearen alde daude, trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen baititu.

Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko, eta herri-administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio-printzipioei jarraikiz, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea, sinatzaileek, alde batetik, ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu erkidea egin dezaten; eta, bestetik, informazioa truka dezaten beraien artean.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta aldeetako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera erkidea erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Hitzarmenaren xede nagusia da herri-administrazioen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko eskubidearen erabilera erraztea, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) artikuluan adierazita dagoen bezala; hau da, pertsona interesdunak ados egon edo lege batek hala erabakiz gero.

Hala ere, hitzarmen honi esker, herritarrek emandako datuak egiaztatu edo begiratu egin ahal izango ditu Administrazioak, haien adostasuna izan behar gabe, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 11.2 eta 21. artikuluetan adierazitako moduan.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Basauriko Udalak hitzarmen honetako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte; eranskinak hauek dira:

I. eranskina. Datuen transmisioa.

II. eranskina. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Udalaren arteko datu-bitartekotza.

III. eranskina. Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Era berean, aldeek beste funtzionalitate batzuk ere baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, beste funtzionalitate horiek beste eranskin batean edo batzuetan zehaztu, eta hitzarmen honetara bilduko dituzte. Sinatzaileek adostuko dute zeintzuk, baina, edonola ere, horretarako prozedurak derrigorra izango du bermatzea, beti, zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat jarritako betebeharrak beteko direla.

Hirugarrena.– Informazio-trukearen arduradunak.

1.– Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zein protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

Basauriko Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

2.– Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

Basauriko Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

EAEko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

Laugarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Teknikoa.

Hitzarmen honetan eta eranskinetan erabakitakoaren kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da; kide hauek izango ditu: Basauriko Udalak izendatutako bi pertsona, eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipen Batzorde Teknikoak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipen Batzorde Teknikoari dagokio hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak konpontzea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Gainera, Jarraipen Batzorde Teknikoak hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak ezar ditzake.

Seigarrena.– Araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, aldeek beharrezko inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatuta beren gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko, betiere berez egin ahal izanez gero.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori urtero luzatuko da automatikoki, gehienez ere hamabost urtera arte. Esku hartzen duen edozein administraziok berariaz denuntziatu ahal izango du hitzarmena, gutxienez iraungitze-data baino hiru hilabete lehenago.

Hitzarmenaren formalizazioa eta haren iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Basauriko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren berrikuspena.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

Klausulak berrikusten badira, aldaketak aldeek sinatu beharreko gehigarri batean jasoko dira.

Gainera, aldeek, gehigarrien prozedura hori erabiliz, eranskinak sartzea itundu ahal izango dute, baina horrek ez du berekin ekarriko hitzarmeneko klausulak berrikustea.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek araudi lokalari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari.

Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean aldeen artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.– Komunikazioa.

Aldeek hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatuko dute, bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Basauriko Udaleko alkatea,

ANDONI BUSQUET ELORRIETA.

ERANTSITAKO AGIRIAK
I. ERANSKINA
DATUEN TRANSMISIOA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen artean datuak transmititzeko baldintzak arautzea. Hortaz, bi aldeak informazioaren lagatzaile moduan nahiz lagatakoaren hartzaile moduan ari daitezke.

Lagatzaileak informazioa bere zereginetan diharduen bitartean biltzen du, administrazioa baitira, eta lagapen-hartzaileak, berriz, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko eskatzen du.

Nolanahi ere, informazioa indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta eman eta eskuratuko da beti. Alde horretatik, trukatzen diren datu pertsonalak egokiak eta bidezkoak izango dira, eta ez gehiegizkoak, datu horiek lortzeko arrazoi izandako helburu jakin, esplizitu eta legezkoez nahiz esparruaz den bezainbatean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatu bezala.

2.– Informazioa ematearen helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen mendeko organoek eta erakundeek kudeatutako administrazio-prozeduretan interesa duten pertsonen datuak egiaztatzea, betiere aipatu prozedura horietan datu horiek baldintza badira.

3.– Informazioaren edukia.

Datuen lagatzaile bakoitzak elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa izan eta argitaratuko du lagapen-hartzaile diren erakundeentzat, nahi dutena kontsulta dezaten. Zerbitzu-katalogo horretan, zehatz jasoko dira trukatuko diren datuak, zerbitzuetara sarbidea izateko baldintza teknikoak, izapidetze-baldintzak eta lagapen-hartzaileak jakin beharreko beste edozein informazio.

4.– Informazioa transmititzeko baldintzak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) aplikatuko dira datuen truke bitartekotuan.

5.– Datu pertsonalen babesa.

Aldeak honako hauetan xedatutakoak betetzera konprometitzen dira: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa garatzeko erregelamendua onartzen duena; eta Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, hala nola hura garatzeko estatu- edo autonomia-mailako arautegia.

Aurrekoa oinarri hartuta, eta datuak kontsultatzeko, beharrezkoa izango da datuok nori buruzkoak diren begiratzea eta, gero, haren adostasuna izatea, lege-mailako arau batek kontsulta baimendu ezean. Baimena prozedura abiarazteko eskaeran agertu behar da, edo ondoko zeinahi komunikaziotan, sisteman kontsulta egin baino lehen eginez gero. Baimena modu sinesgarrian agerrarazten ez bada, ezin egin izango da kontsulta. Administrazio-prozeduren hasiera eskatzeko inprimaki edo formulario elektronikoak baimena jasotzeko prestatu behar dira.

Ematen diren datu pertsonalen arduradunak, informazioa laga baino lehen, fitxategi horiek behar bezala deklaratuta eduki behar ditu datuen babeserako kasuan kasuko agentzian. Tratamenduaz norbait arduratzen bada, aurreko arduradun horrek argibide egokiak emango dizkio datuetarako sarbidea eman dezan, hitzarmen honen xede diren zerbitzuak gauzatzeko.

6.– Informazioaren eskuragarritasuna.

Informazio-sistema asteko zazpi egunetako 24 orduetan egongo da eskuragarri.

7.– Ezingo da eskatu informazioa beste sistema batzuk erabiliz bidaltzeko, ez eta herritarrari eskatu ere, banan-banan, ekartzeko informazio hori.

1) Lagapena hartzen duen administrazioak ez dio, lagatzaileari, informazioa, hitzarmenean, eranskinetan edo aldeek ituntzen dituzten aldaketetan adierazitakoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiliz bidaltzeko eskatuko.

2) Lagapen-hartzailea den administrazioak ez die eskatuko pertsona interesdunei lagatzaileak emandako ziurtagiriak edo bestelako agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari; non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori bidaltzea.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako I. Eranskinaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Basauri, 2015eko martxoaren 25a.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Basauriko Udaleko alkatea,

ANDONI BUSQUET ELORRIETA.

II. ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ESTATUKO GAINERAKO ADMINISTRAZIOEN ETA UDALAREN ARTEKO DATU-BITARTEKOTZA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren, eta Estatuko gainerako administrazioen, eta Basauriko Udalaren arteko Datu Bitartekotza arautzea (Basauriko Udala, aurrerantzean, Udala izango da). Bitartekotza hori Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren ondorio da.

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, 2007ko ekainaren 22an, 11/2007 Legea onartu zen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, eta, haren 6.2.b artikuluan, herri-administrazioek dauzkaten datuak eta dokumentuak ez emateko herritarren eskubidea jasotzen da. Lege-aurreikuspen hori eraginkorra izan dadin, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioak datu horien bitartekotza-plataforma bat garatu du.

Plataforma horri esker, interesa duten herri-administrazioek herritarren datuak automatikoki eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu ahal izango dituzte, dela aipatu dokumentuak ekartzeko betebeharra kentzeko, dela datu horiek egiaztatu ahal izateko, betiere lege batek horretarako gaitzen baditu, edo herritarrak baimena ematen badu. Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenari jarraikiz, toki-administrazioek onura atera dezakete administrazio elektronikoaren esparruan garatutako sistemen elkarreragingarritasunetik, eta, Eusko Jaurlaritzaren bidez, sarbidea izan dezakete hitzarmen horretako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuek ematen dituzten funtzionalitateetan, edo etorkizunean gehitzen direnetan. Eusko Jaurlaritzak egingo du bitartekotza, bai estatu-administrazioetan dauden datuak EAEko gainerako administrazioei lagatzeko; bai eta EAEko gainerako administrazio horietan dauden datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta estatuko gainerako administrazioei lagatzeko ere.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela administrazioak lankidetzan aritzea herritarrei zerbitzu integratuak emateko, eta kontuan hartuta, halaber, 11/2007 Legearen 4.e artikuluan jasotako printzipioa, eranskin honen xedea da zehaztea zer baldintza bete behar diren administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua erabili nahi denean, administrazio-zereginak betetzean beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko, legeak eskatutako segurtasun-, osotasun- eta konfidentzialtasun-bermeak betez.

2.– Norainokoa.

Eranskin honen aplikazioak Udalaren mendeko organoen edo erakundeen edozein aplikazio informatiko datuen bitartekotza-zerbitzua erabiltzeko gaitzen du, hitzarmen honetan azaldutako eran.

Zerbitzuaren barruan dago esparru pribatuko datuak trukatzeko oinarrizko plataforma baterako konexioa, oinarrizko zerbitzu batzuk izatea eta segurtasun-politika erkide bat egotea, Euskalsarea sarera konektatutako herri-administrazioen aplikazioen artean informazio-truke segurua egiteko, dokumentu honetan jasotako ezaugarrien eta baldintzen arabera.

Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren bitartekotza-plataformak web-atari informatibo bat izango du, eskainitako elkarreragingarritasun-zerbitzuei buruzko dokumentazio guztia jasoko duena, honako hauek barne: erabilgarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa, zerbitzuetara sartzeko informazio teknikoa, eta haietan sartzeko baimen-formularioak.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berak ematen baitu zerbitzua, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

(i) Udalaren eskura jartzea herri-administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua.

(ii) Zerbitzuak integratzen proba egiteko inguruneak edukitzea, azken erabiltzaileen eskura jarri baino lehenago ondo dabiltzala bermatzeko.

(iii) Udalaren integrazio- eta garapen-ekipoei beharrezko euskarria emateko mekanismoak prestatzea, udal horren aplikazioak zerbitzuekin integra daitezen.

(iv) Beharrezko baliabideak izatea zerbitzuen erabileraren ondorioz sortutako gorabeherak eta kontsultak kontuan hartu eta erantzun egokia emateko.

(v) Egindako eragiketen auditagarritasun-elementuak ematea, transakzioei uko ez zaiela egin ziurtatu ahal izateko.

(vi) Informazioa eta eskainitako bitartekotza-zerbitzuak behar bezala babesteko beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartzea.

(vii) Bitartekotza-zerbitzuak ematearekin zerikusia duten datu guztien eskalagarritasuna, sendotasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.

4.– Zerbitzuen onuradunaren betebeharrak.

Udala, datuen bitartekotza-zerbitzuaren onuraduna izaki, honako hauek egitera konprometitzen da:

(i) Konektibitate- eta hedapen-lan egokiak egitea, bere bulego edo instalazioetatik datuen bitartekotza-zerbitzuan sarbidea izateko Euskalsarearen bidez.

(ii) Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, hura garatzeko arauetan eta, bereziki, datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako benetakotasun-, konfidentzialtasun- eta osotasun-betebeharrak nahiz segurtasun-neurriak betetzea.

(iii) Zerbitzuen errendimendu- edo monitorizazio-probak egingo direla ituntzea Eusko Jaurlaritzarekin, datuak egiaztatzeko sistema hauen gainerako erabiltzaileentzako zerbitzuak beste batzuentzat baliagarri egotea arriskuan ez jartzeko.

(iv) Datuen hartzailea denean, adostasuna eskatzea herritarrei, datuak eskatzeko ahalmena ematen duen legerik egon ezean.

(v) Zerbitzua ondo erabiltzea, baimendutako kasuetan baliatuz.

(vi) Datuen bitartekotza-zerbitzuaren erabilera eta hartarako sarbidea erraztea, sustatzea eta bideratzea bere eskumen-esparruko erakundeei dagokienez, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea dagokion neurrian.

(vii) Zerbitzuaren sistema erabiltzaileak eta aplikazioen administrazio-prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurak betetzea.

5.– Zerbitzuen kalitateari buruzko akordioa.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak aplikatuko dira (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa).

6.– Erantzukizuna mugatzea.

Eusko Jaurlaritza edo haren hornitzaileak inoiz ez dira behartuta egongo beren gain hartzera zerbitzua gaizki erabiltzeagatik edo zerbitzurik ez izateagatik zeharka eragindako edozein kalte edo galera.

7.– Aipamenak.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzuak erabiltzen dituzten erakundeen zerrenda argitaratu ahal izango du onuradunak aipatzen dituen edozein zerrendatan edo argitaratutako edozein prentsa-aldizkaritan, aurretiazko baimenik behar izan gabe.

Udalak zerbitzu horien erabilera aipatu ahal izango du, aurrez Eusko Jaurlaritzaren baimena lortu behar izan gabe.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako II. eranskinaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Basauri, 2015eko martxoaren 25a.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Basauriko Udaleko alkatea,

ANDONI BUSQUET ELORRIETA.

III. ERANSKINA
JAKINARAZPEN ETA KOMUNIKAZIO ELEKTRONIKOEN ZERBITZUA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da baldintzak eta betebeharrak arautzea Udalek erabil dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko aurrerantzean) Administrazioak garatutako jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Nolanahi ere, zerbitzua indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta erabiliko da beti.

2.– Norainokoa.

a) Pertsona interesdunek erretilu birtual bakar batean jasoko dituzten jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak. Erretilu horrek aukera emango du itxura pertsonalizatzeko, Udalen atarietatik erabilia izan ahal izateko.

b) Basauriko Udalaren mendeko organo edo erakundeen edozein aplikazio informatikotarako gaitzen da, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua baliatzeko.

c) Udalak herritarren eskura jartzen dituen prozedura guztietarako erabili ahal izango du EAEko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua, eta bere ardura izango du zerbitzua bere aplikazio informatikoetan funtzionamenduan jartzea, eguneratzea eta mantentzea.

d) Bi aldeek hitzematen dute elkarri jakinaraziko diotela zerbitzuaren bateragarritasunari eragin diezaiokeen edozein informatizazio-neurri.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

EAEk, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen emaile gisa, bere gain hartzen ditu betebehar hauek:

a) Zerbitzuaren funtzionamendu ona zaintzea.

b) Proba-ingurune bat izatea, zerbitzuan hobeto integratzeko.

c) Beharrezko mekanismoak prestatzea, zerbitzuen erabiltzaileak herritarrei informazio- eta arreta-laguntza eman diezaien, eta beharrezko euskarria erakundeei.

4.– Zerbitzuen erabiltzailearen betebeharrak.

Basauriko Udalak, EAEko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen erabiltzaile gisa, bere gain hartzen ditu betebehar hauek:

a) Herritarrei ematea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzeko behar diren bitartekoak.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak jasotzeko prozedurei buruzko informazioa ematea, bai eta jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak jasotzeko zer kanal elektroniko hobesten den adierazteko aukera ematea ere.

c) Herritarrei informazio- eta arreta-laguntza ematea, eta parte hartzea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren antolamenduan.

5.– Ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila.

Eranskin honen xede diren zerbitzuek atal honetan zehazten diren ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila izango dituzte.

a) Zerbitzuaren erabilgarritasuna.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua asteko egun guztietako ordu guztietan erabili ahal izango da.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzurako sarbidea.

Bi modu daude jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuan sartzeko:

Alde batetik, bada interfaze bat, zerbitzua darabilen Udalak behar bezala identifikatu eta baimendutako pertsonentzat. Interneteko nabigatzaile baten bidez sar daiteke.

Bestetik, bada Web-zerbitzuko interfaze automatizatu bat ere, W3C The World Wide Web Consortium (W3C) deritzonean une bakoitzean ezarritako erreferentziazko estandarren araberakoa. Zerbitzurako sarbidea Udalak behar bezala identifikatuta eta baimenduta dituen aplikazioetarako izango da.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzura EAEko herri-administrazioko sarearen (Euskalsarearen) bidez sartuko da.

c) Segurtasun-, konfidentzialtasun- eta auditoria-betebeharrak.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuan interfaze grafikoaren edo zerbitzu-interfazearen bidez egiten diren eragiketa guztiak zifratu egingo dira.

Udalaren aplikazio erabiltzaileen eta jakinarazpen nahiz komunikazio elektronikoen zerbitzuaren arteko komunikazio guztiak dena delako komunikazioaren osotasuna eta benetakotasuna bermatuz egingo dira.

Gainera, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak sisteman egiten diren eragiketen beharrezko jarduera-arrastoak gordeko ditu.

d) Euskarria eta gorabeheren konponketa.

Zerbitzua erabiltzen duen Udalak agintzen du jarriko dituela zerbitzu batzuk martxan, administrazio elektronikoaren zerbitzuen azken erabiltzaileei gorabeheretan laguntzeko; zehazki, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzen duten udal-zerbitzuei. Udalak informazioa emango du bere administrazio-prozedura bereziei buruz, bai eta bere prozeduren esparruaren barruan egiten den jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuaren erabilerari buruz ere.

Eusko Jaurlaritzak bigarren mailako laguntza-zerbitzu bat eskainiko dio Udalari, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren erabileran sor daitezkeen arazoak konpontzeko. Zerbitzu hori kanal elektroniko eta telefonikoen bidez emango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara bitarte.

Hala ere, plataforma asteko egun guztietako ordu guztietan erabilgarri egotea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak gorabeheretan laguntzeko 24x7 zerbitzu bat prestatzeko konpromisoa hartzen du, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren funtzionamendu onari eragiten dioten arazoak konpontzeko.

Ziurtagiriak egiten dituzten Ziurtapenerako Zerbitzu Emaileek eskainiko dituzte ziurtagiri elektronikoen erabilerarekin zerikusia duten laguntza-zerbitzuak.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako III. ERANSKINAren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Basauri, 2015eko martxoaren 25a.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Basauriko Udaleko alkatea,

ANDONI BUSQUET ELORRIETA.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 18/2015 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA ZUMAIAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN AZAROAREN 26KO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO
(EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 19a.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren ordezkari gisa, eta, bestetik,

Iñaki Castor Aguirrezabalaga Alcorta, Zumaiako Udaleko alkate-udalburua, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen Testu Bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua.

Bi aldeek elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administrazioetakoak, dela toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu horretan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Zumaiako Udalaren erregistroetan eraginkortasun osoz aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute. Hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Zumaiako Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Zumaiako Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesdunek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Zumaiako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Zumaiako Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Zumaiako Udalari baliabide egokiak ematea, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Baldin eta hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urterako luzatuko da.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Zumaiako Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira, eta haien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, pertsona interesdunek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Zumaiako Udaleko alkate-udalburua,

IÑAKI CASTOR AGUIRREZABALAGA ALCORTA.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETA RAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 29KO 18/2015 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ, ETA KREDITU ESTABLEZIMENDU FINANTZARIOEN ESPAINIAKO ELKARTEAREN (ASNEF) ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, HERRITARREI ASNEF Protección IZENEKO AUTOTXERTATZEKO FITXATEGI BAT ESKAINTZEKO, HAIEN DATU PERTSONALAK BABESTEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 15a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Estefanía Beltrán DE Heredia Arroniz andrea, Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa.

Bestetik, Oscar Cremer Ortega jauna, Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartearen (ASNEF) presidentea, horren ordezkari gisa.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehenengoak Segurtasuneko sailburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari moduan, Segurtasuneko sailburua izendatzeko 27/2012 Dekretuari, abenduaren 15ekoari, Lehendakariarenari jarraikiz.

Bigarrenak, Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartearen (ASNEF) presidente gisa. Elkarteak Madrileko Valázquez kaleko 64-66. zenbakiko 2 solairuan du helbidea, eta G-28516003 identifikazio fiskaleko zenbakia. 19/1977 Legearen, apirilaren 1ekoaren, mende sortu zuten, eta izaera juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa ditu 1977ko abuztuaren 16tik. Horrenbestez, Elkartearen estatutuetan aitortzen zaizkion ahalmenak egikaritzen ditu.

Bi aldeek beren karguek ematen dizkieten gaitasunen eta funtzioen arabera jardungo dute, eta hitzarmen hau sinatzeko erabateko legitimazioa eta nahikoa ahalmen aitortu diote elkarri. Horrenbestez, aldeek honako hau

AZALTZEN DUTE:

I.– Autonomia Estatutuaren 17. artikuluari eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasunari buruzko politikaren ardura. Halaber, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 Legeak, ekainaren 28koak, xedatzen du Segurtasun Sailari dagokiola Eusko Jaurlaritzaren segurtasun publikoko politika, prebentzioa eta herritarren segurtasunari eusteko eta segurtasuna berrezartzeko jarduerak zuzentzea.

Zehazki, apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoaren, 13. artikuluaren arabera, Segurtasun Sailburuordetzari dagokio Segurtasun Sailari esleitzen zaizkion egitekoak betetzea honako arlo hauetan: pertsona eta ondasunen segurtasuna eta herritarren segurtasuna; udaltzaingoen koordinazioa; segurtasun pribatua; babes zibila eta larrialdiak; meteorologia; trafikoa eta bide-segurtasuna. Halaber, Segurtasun Sailburuordetzari dagokio ausazko jokoen eta ikuskizun zein jolas-jardueren erregimena. Ertzaintza dela-eta, Herrizaingo Saileko sailburuaren goi-agindupean, Segurtasun Sailburuordetzako titularrari dagokio Ertzaintzaren zuzeneko agintaritza eta horren mendeko diren ertzain-unitate eta zerbitzuen zuzendaritza, ikuskaritza eta koordinazioa.

II.– Asociación Nacional de Establecimientos Financieros de Crédito (ASNEF) izeneko elkarteak maileguak eta kredituak ematen dituzten erakundeak biltzen ditu, horien barruan hauek guztiak sartzen direlarik: kontsumo-kreditua, hipoteka-kreditua eta transakzio komertzialen finantzaketa, «actoring» (baliabidearekin edo baliabiderik gabe), eta ekintza horren jarduera osagarriak, hala nola bezeroak ikertzea eta sailkatzea, zordunak kontabilizatzea, eta, oro har, ematen zaizkien kredituak administratzen, ebaluatzen, finantzatzen eta haien segurtasuna bermatzen laguntzen duen beste edozein jarduera, bai eta finantza-errentamendua ere. Honako jarduera osagarri hauek ere barne sartzen dira: lagatako ondasunak mantentzeko eta kontserbatzeko jarduerak; finantza-errentamenduko eragiketa bati –gaur egungoa zein etorkizunekoa izan– lotutako finantzaketa ematea; errentamendu-eragiketetan bitartekaritza edo kudeaketa-lanak egitea; finantzaketakoa ez den errentamendu-jarduerak, erosketa-aukera bat osatu ahalko dutenak ala ez; merkataritza-arloko aholkuak eta txostenak; abalak eta bermeak emateko jarduerak; antzeko konpromisoak hartzekoak, bai eta alderantzizko hipotekak emateko jarduerak ere, abenduaren 7ko 41/2007 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak araututakoak barne. Izan ere, aipatu legeak martxoaren 25eko 2/1981 Legea aldatzen du, zeinak Hipoteka Merkataritza eta hipoteka eta finantza sistemaren beste arau batzuk arautzeaz gain, alderantzizko hipotekak eta mendekotasun-asegurua arautzen eta tributu-arau jakin bat ezartzen baitu, elkartekideen interesak zainduz, lanbidea gauzatzearekin zerikusia duten kontu guztiei buruzko aholkua emanez, eta elkartekideak erakunde publiko eta pribatuetan ordezkatuz.

III.– ASNEFeko kreditu-erakunde bazkideek Iruzurra Prebenitzeko Zerbitzua izeneko saila sortu dute elkartearen Idazkaritza Nagusian. Segurtasun pribatuari buruzko legediaren arabera, Segurtasun Departamentua ere bada, prebentzio lanetan sektorearen lana koordinatzen saiatzeko, sektorearen eta segurtasun gorputzen eta indarren arteko lankidetza bultzatzeko eta kreditu-erakundeen sektorean iruzur-kasuak gutxitzeko.

IV.– Segurtasun Saila hainbat elkarterekin harremanetan dago, haiei eragiten dizkieten delituzko arazoak konpontzeko, delituak prebenitzeko lege-ekimenak babesteko eta Ertzaintzarekin koordinatzeko.

V.– Segurtasun Saila eta ASNEF lankidetza estuan aritu dira, lankidetza-hitzarmen eta protokolo batzuen bidez. 2003ko abenduaren 16an, hitzarmen bat sinatu zuten, akordio markotzat jo daitekeena. Horren helburua elkarrekin lankidetzan aritzea zen, kreditu-erakundeen sektorean iruzurra hobeto ikertzeko eta prebenitzeko jardueretan. 2009ko urtarrilaren 20an, lankidetza-protokoloa sinatu zuten elkarrekin lankidetzan aritzeko eta Ertzaintzari Veraz Persus izeneko autotxertatze-fitxategirako sarbidea emateko. Herritarrek boluntarioki eman zezaketen izena fitxategi horretan, beren nortasuna babeseko. Halaber, tutoretza-eskubidea zuten pertsonek, beren tutoretzako pertsonen izena eman zezaketen.

VI.– ASNEFen ardurapeko ASNEF Protección izeneko autotxertatze-fitxategiak Veraz Persus fitxategia ordeztu du. Horrenbestez, ezinbestekoa da 2009ko urtarrilaren 20ko lankidetza-hitzarmena ordeztea. Gainera, hitzarmen hori baliogabetu egingo da, haren helburua desagertu baita.

VII.– ASNEF Protección izeneko fitxategi berria autotxertaketako fitxategia da, eta edozer pertsonak, bere kabuz edo legezko tutorearen bidez, bere datu pertsonalak sartzeko eskatu ahalko du hirugarrenek ez dezaten datu horien iruzurrezko erabilera egin, eta ez dezaten bere nortasuna, kaudimena eta ondare ekonomikoa kaltetu.

VIII.– Segurtasun Sailak eta ASNEFek badakite kreditu-erakundeen sektorean iruzurra prebenitzea zer garrantzitsua den. Horrenbestez, elkarren interesekoak iruditzen zaizkie hurrengo hauek:

Kreditu-erakundeen sektorean iruzurren prebentzioa eta disuasioa errazten duten prozedurak aztertzeko lankidetza estuan aritzea.

Kreditu-erakundeen sektorean iruzurra aurkitzeko lankidetza aktiboan aritzea, indarrean dagoen legediaren markoan, justiziaren lana erraztuz.

Bi erakundeak prestatzeko lankidetzan aritzea, kreditu-erakundeen sektorean iruzurraren aurkako borrokaren eraginkortasuna hobetzeko.

IX.– Bi aldeek lankidetza estuari eutsi nahi diote. Lankidetza-hitzarmena sinatzeak onurak ekarriko dizkio Euskadiko gizarteari, bi erakundeek Ertzaintzaren eta ASNEFeko erakunde bazkideen arteko lankidetza hobetzeko hainbat ekimen abiarazi baitituzte, eta ildo horretatik jarraitu nahi dute lanean.

Aurretik azaldutakoaren ondorioz, alde sinatzaileek hurrengo klausulen arabera arautuko den lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko interesa dutela honako hau adierazten dute:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– «ASNEF Protección» fitxategiaren definizioa eta helburua.

ASNEF Protección izeneko fitxategiak datu pertsonalak gordetzeko fitxategia da, eta edozer pertsonak, bere kabuz edo legezko tutorearen bidez, bere datu pertsonalak sartzeko eskatu ahalko du hirugarrenek ez dezaten datu horien iruzurrezko erabilera egin, eta ez dezaten bere nortasuna, kaudimena eta ondare ekonomikoa kaltetu.

ASNEF Protección fitxategiak interesdunak edo haren legezko tutoreak emandako datuak bilduko ditu, haren baimenaz, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (AEPD) erregistratu da, 2142060010 zenbakiaz, 2014ko uztailaren 25eko AEPDren 204813/2014 irteera-erregistroari jarraiki. Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren zuzendariak, 2015eko urtarrilaren 21eko Ebazpenaren bidez, baimena eman zuen ASNEF Protección izeneko fitxategiaren datu pertsonalak babesteko ereduzko kodearen inskripzioa baimendu zuen, CT/0001/2014 inskripzio-kodeaz.

ASNEF Protección fitxategiak gaitutako hirugarren erakundeak izan ahalko ditu, fitxategi horretako datuak zabaltzeko eta/edo tratatzeko. Horretarako, ASNEF Protección fitxategia hedatzeko jarduerak zabaltzeko hitzarmena sinatu beharko dute.

ASNEF Protección fitxategia Ereduzko Kodeak ezarritako xedapenen arabera arautzen da. Kode horrek ASNEF Protección fitxategiaren datu pertsonalak babesteko ereduzko kodea izena du (aurrerantzean, Kodea) eta lankidetza-hitzarmen honi erantsi zaio 1. eranskin moduan.

Aurreko lerrokadan adierazitakoaren ondorioz, bi alderdiek adierazi dute Kodearen xedapenak ezagutzen, onartzen eta zorrotz beteko dituztela.

Hitzarmen hau sinatu ondoren Kodeari aldaketarik eginez gero, ASNEFek horren berri eman beharko dio Segurtasun Sailari (Segurtasun Sailburuordetza).

Bigarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren xedea eta helburua.

Hona hemen hitzarmen honen xedea:

Segurtasun Saila hirugarren gaitua izatea, Segurtasun Sailburuordetzaren bidez, ASNEF Protección fitxategiaren ereduzko kodearen 3.5 artikuluari jarraiki.

Segurtasun Sailaren, Segurtasun Sailburuordetzaren bidez, eta Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartearen (ASNEF) arteko lankidetza erregulatzea, ASNEF Protección fitxategiaren funtzionamenduan.

Ertzaintzaren ASNEF Proteccin fitxategirako sarbidea erregulatzea, segurtasun publikoa bermatzeko edo arau-hauste kriminalak saihesteko fitxategiak bildutako datuetara sartu behar badu.

Hirugarrena.– Segurtasun Sailaren konpromisoak.

Segurtasun Sailak hitz ematen du:

Ertzain-etxeetan nortasun-dokumentuen lapurretak salatzera edo haiek galdu dituztela jakinaraztera joaten direnei jakinaraziko dietela ASNEF Protección izeneko fitxategi bat dagoela, eta, hala nahi dutenei, fitxategian beren datuak sartzeko agiriak emango dizkietela.

Herritarrei autotxertaketarako eskubidea egikaritu ahal izateko baliabide teknikoen berri emango dietela, galdutako edo lapurtutako agiriak legez kanpo dituztenek ez ditzaten erabili herritarren nortasuna faltsutzeko, fitxategiaren erabiltzaile finantzen edo merkataritzaren sektoreko establezimenduetan iruzurra egiteko edota fitxategiaren erabiltzaileek horren bidez saihestu ditzaketen bestelako delituetarako. Baliabide horiek hitzarmen honetan eta horren funtzionamendua arautzen duen ereduzko kodean zehaztuko dira.

Beharrezko prestakuntza ematea, funtzionarioek herritarrei fitxategiari eta horren funtzionamenduari buruzko informazio egokia eman ahal izateko.

ASNEF Protección fitxategira sartzea, segurtasun publikoa bermatzeko edo arau-hauste kriminalak saihesteko beharrezkoa denean. Ikerketa zehatz baten helburuak betetzeko sartuko da fitxategira, beti ere 15/1999 Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.– Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartearen (ASNEF) konpromisoa.

Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkarteak (ASNEF) agintzen du:

Segurtasun Sailburuordetzaren eta ASNEFen arteko komunikazioa ahalbidetzeko komunikazio-kanalak bermatuko dituela, herritarrei autotxertaketarako eskubidea emateko, administrazioko sailen bidez. Horretarako, Segurtasun Sailburuordetzak elkarteari jakinaraziko dio autotxertaketarako zer leku eta baliabide gaitu dituen.

ASNEF Protección fitxategiko autotxertatzeko eskubideari buruzko informazioa ematen duten agiriak eta herritarrek eskubidea egikaritzeko dokumentazioa Ertzaintzaren sistema informatikoetara egokitzeko beharrezko fitxategiak Segurtasun Sailburuordetzaren esku jartzea.

ASNEF Protección fitxategirako sarbidea erraztea, segurtasun publikoa bermatzeko edo arau-hauste kriminalak saihesteko fitxategiak bildutako datuetara sartu behar badu.

Bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Segurtasun Sailburuordetzaren bidez, ASNEF Protección fitxategian izena eman nahi duten herritarren arreta aginduko die Ertzaintzaren zenbait unitateri, eta unitate horiek autotxertaketarako eskubidea erabiltzeko beharrezko dokumentua eta informazioa soilik emango dizkiete interesdunei.

Beren datuak fitxategian sartu nahi dituztenek beharrezko dokumentazioa bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, adierazten zaion baliabide teknikoaren bidez. Beraz, Ertzaintzaren unitateek ez dute inoiz datu pertsonalik lagako edo jakinaraziko, eta ez dute autotxertaketa-eskubideari buruzko dokumenturik gordeko. Beste era batera esanda, herritarrei edo interesdunei lankidetza-hitzarmen hau betetzeko beharrezko dokumentuak emango dizkiete soilik.

Horrenbestez, Ertzaintzaren unitateek ez dute autotxertaketa-eskubidearekin lotutako daturik eta eskubide hori egikaritzeko dokumentua sortzeko aldi baterako tratamendu automatizaturik gordeko, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, 15/1999 Lege Organikoa garatzeko erregelamendua onartzen duena betez. Hala, gaitutako bidetik inprimatutako dokumentuaren jatorrizkoa eta kopia ez du erakunde ofizialak gordeko, datuen titularrek baizik, agiria erabiltzeko edo deuseztatzeko.

Ertzaintzaren unitateek segurtasun publikoa bermatzeko benetako arriskuak prebenitzeko edota arau-hauste kriminalak saihesteko beharrezkoa denean sartu ahalko dute fitxategian gordetako datuetara, hitzarmen honetako hirugarren klausulari jarraiki. Adierazitako helburuak betetzeko beharrezkoak diren datuetara soilik sartu ahalko dute. 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute beti.

Seigarrena.– Batzorde Mistoa.

Hitzarmenaren segimenduaz eta garapenaz, gertakarien konponketaz eta gehigarrien proposamenaz 2003ko abenduaren 16an sinatutako hitzarmenak adierazitako Segimenduko Batzorde Mistoa arduratuko da.

Zazpigarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau bi aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta 2015eko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Urtez urte luzatutzat joko da isilbidez, baldin eta bi aldeetako batek berariaz eta idatziz eskatzen ez badu bertan behera uztea hilabete lehenago gutxienez.

Zortzigarrena.– Lankidetza hitzarmena suntsiarazteko kausak.

Hurrengo hauek lankidetza-hitzarmena suntsiarazteko kausak izango dira:

Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.

Alderdietako batek hitzarmen honetako obligazioak ez betetzea.

Bederatzigarrena.– Arautzea eta jurisdikzio eskuduna.

Klausula hauek aplikatzean gatazkarik sortzen bada eta Batzorde Mistoak konpontzen ez baditu, Administrazioarekiko Auzien epaitegietara eta auzitegietara eramango dira.

Eta bi alderdiak ados daudela argi uzteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan aipatutako lekuan eta datan.

Segurtasunéko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA.

ASNEFen presidentea,

OSCAR CREMER ORTEGA.

HITZARMENAREN ERANSKINA
EREDUZKO KODEA FITXATEGI HONETAKO DATU PERTSONALAK BABESTEKO: ASNEF PROTECCIÓN
SARRERA

Enpresa-erakunde bat da Kredituzko Finantza Erakundeen Elkarte Nazionala (hemendik aurrera, ASNEF edo Elkartea), sindikatu-elkarteak eratzeko eskubidea arautzeko eman zen apirilaren 1eko 19/1977 Legeak arautua, eta, izaera hori duen aldetik, ezinbesteko lotura-lana egiten du Espainian kontsumoari finantzazioa emateko espezializazioa duten kreditu-erakundeen eta herri-administrazioen, Espainiako eta Europako beste elkarte profesionalen artean, eta, bere lanaren bidez, kontsumo eta produkzioko ondasunak eskuratzeko bidea errazten die kontsumitzaileei, profesionalei eta enpresariei.

Espainia osoan egiten du lan ASNEF elkarteak, haren kide baitira kreditu-erakunde espezializatu ia guztiak, kredituaren alorreko eta beste jarduera-sektore batzuetako konpainia ugari, eta, horrez gainera, eztabaidarako foro bat ere bada; izan ere, haren lan-batzordeen bidez, elkarteko kide diren erakundeen kezkak eta proiektuak aztertzen ditu, kontsumorako kredituen jarduera hobetze aldera.

ASNEF elkarteak Iruzurra Prebenitzeko Zerbitzua du, Idazkaritza Nagusian kokatuta. Kideen arteko batasun eta lankidetza sentimendu bat sortu nahi du Elkarteak gai horren inguruan, iruzurra prebenitzeko prestakuntza indartu nahi du, eta, finean, iruzurraren aurkako lanaren eraginkortasuna handitu. Iruzurra Prebenitzeko Zerbitzuak koordinatutako egitura operatiboaren bidez egin nahi du hori guztia.

Gai-alor horretan, abenduaren 15eko 15/1999 Legeak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoak, arautzen du haren xedea dela, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatu eta babestea, eta, batez ere, norberaren zein familiaren ohorea eta intimitatea.

Adostasunaren edo autodeterminazioaren printzipioa da abenduaren 15eko 15/1999 Legeak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoak, oinarri zuen printzipioetako bat, eta interesdunak haien datu pertsonalekiko izan behar duten kontrola da printzipio horren xedea (Auzitegi Gorenaren 292/2000 sententzia).

Adostasunaren printzipioa da ASNEF Protección fitxategiaren oinarri juridikoa, eta, zehazki, adierazitako legearen 6.1 artikulua: «Izaera pertsonaleko datuak tratatzeko, ukituaren zalantzarik gabeko adostasuna beharko da, salbu eta legeak beste zerbait xedatzen duenean».

Hori horrela, ASNEF Protección fitxategia ASNEF elkartearen beste urrats bat da iruzurraren aurka egiteko. Fitxategi horren helburua da merkatuarentzat eta herritarrentzat kaltegarriak diren jokabideak prebenitzea. Esparru horretan, fitxategi horretan sartzea eska dezakete beraien ondare ekonomikoa babestu nahi duten pertsonek, haien nortasunaren ordezkapenen ondorioz gerta daitezkeen iruzurrak prebenitzeko.

Bi helburu hauek betetzeko ezartzen da ereduzko kode hau: ASNEF Protección fitxategiko interesdunen izaera pertsonaleko datuak egokitasunez, leialtasunez eta datuen babeseko gai-alorrean indarrean diren arauak agindutako moduan tratatuko direla bermatzeko, eta herritarren eta kontsumitzaileen interesak babesteko, gardentasunaren eta malgutasunaren printzipioen baitan.

Helburu horiekin beraiekin, legezko ezgaitasun-egoeraren bat aitortua duten pertsona guztiak babesten ditu fitxategi honek. Hori horrela, haien lege-tutoreen bidez, ASNEF Protección fitxategiak babesa emango die azken horiei urritasun psikikoak dituzten pertsonak, mendekotasun-egoeran dauden adinekoak, adingabekoak edo legezko ezgaitasun-egoeraren batean dauden pertsonak beren kabuz sar daitezen fitxategian. Errespetu osoz jokatuko da pertsona horien intimitatearekin eta ezgaitasun-egoerarekin, eta behar bezala bermatuko da isilpean gordeko dela beren burua legezko tutoreen bidez ASNEF Protección fitxategian sartzea erabakitzen duten pertsona horien lege-ezgaitasunaren arrazoia.

Egin dira, lehenago, ASNEF Protección fitxategiaren antzeko ezaugarriak dituzten beste fitxategi batzuk, eta ASNEF haien partaide izan da, baina, gure aburuan, ezinbestekoa da ereduzko kode baten bidez ezartzea autoerregulazioaren esparruko jardueraren oinarriak berriak baitira oraindik ere ezaugarri horiek dituzten fitxategiak. Ereduzko kode horren xedea izango da datu pertsonalak babesteko gai-alorrean indarrean dauden legeetako printzipioak eta xedapenak betetzeko behar diren bermeak iristea. Iaz sortutako fitxategiaren aldean, ASNEF Protección fitxategiaren ezaugarri nagusia izango da Elkartea izango dela haren arduraduna, eta kontrol osoa izango duela fitxategiaren helburu, erabilera eta kudeaketarekiko, zerbitzua gardentasun osoz emateko.

Ezinbestekoa da berme nahikoak izango dituen prozedura antolatzea, eta xede hori aintzat hartuta, ASNEF elkarteak konpromiso-arau nahitaezko batzuk ezarri dizkie fitxategi horretan sartu nahi duten enpresei, pertsonen intimitateak behar duen babesa handitzeko izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatuan.

Horrenbestez, helburu hauek lortu nahi ditu ASNEF elkarteak ASNEF Protección fitxategia ereduzko kodea aurkeztean:

Erakunde erabiltzaileek nahitaez bete beharrekoa izango duten portaera-kode bat ezartzea, eta haien jarduera koordinatzea interesdunen datu pertsonalak babesteko.

Izaera pertsonaleko eskubideen erabilera erraztea eta azkartzea.

Beharrezko publizitate-esparru bat erabakitzea, kontsumitzaileen eta herritarren ondare ekonomikoaren aurka egiten dituen portaerekiko defentsaren eremuan baliatu den formari erreparatuta, eta, haren funtzionamendua argitaratu ondoren, kezka sozialeko faktoreen sorrera murriztea.

Nahitaezkoa da ereduzko kode honi atxikitzea ASNEF Protección fitxategian parte hartzeko. Enpresa eta erakunde publiko eta pribatuak, mota guztietakoak, atxiki daitezke ereduzko kodera, baldin eta ereduzko kode honen helburuak eta xedeak lortzen lagunduko baldin badute edo iruzurraren aurkako borrokan laguntzen badute. Lehen adierazi den moduan, kredituzko finantza-establezimenduek egiten dituzten jardueretako bat edo batzuk egitea da ASNEF elkarteak biltzen dituen enpresen ezaugarri nagusia; betiere, indarrean den araubideak agintzen duenari erreparatuta. Era berean, ereduzko kode honetara atxikitzeko aukera izango dute finantzazio-erakundeen izaerarik ez duten bestelako erakundeek. Hori horrela, finantzazioaren sektorea ordezkatzen du kodeak, baina, gerora, sektore baten baino gehiagoren ordezkari izan daiteke, beste sektore batzuetako erakundeak atxikitzen bazaizkio.

Hauek dira ASNEF Protección fitxategian parte hartu eta ereduzko kode honetara atxikitzearen abantailak:

Pertsonen ondare ekonomikoa babesten da beren buruak fitxategi horretan sartzea eskatzean, eta prebentzio-kontrolak ezartzen dira, ondare hori zamatu edo kaltetu dezaketen jokabiderik gerta ez dadin.

Interes publikoak sustatzen dira, iruzurra prebenitzeko lana egiten baitu; egonkortasuna ematen dio merkatuari; merkataritza-trafikoaren jario arrunta garbitzen eta babesten du, eta hori guztiak arau-esparru baten baitan egiten du, izaera pertsonaleko datuak babesteko eskubidea betetzen eta zaintzen dela bermatuz.

Ekarpen bat egiten da sozietateen helburuak hobetzeko; ekonomia onbideratzea sustatzen da; merkatu garden eta integratuagoa sortzen da, eta berme gehigarriak ematen dira eragiketak egilesteko baldintzetan bai eskaintza-egileentzat, bai eskatzaileentzat.

Ereduzko kode honek arautzen du ASNEF Protección fitxategia, eta berau sortu da abenduaren 15eko 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzkoak, 32. artikuluan agintzen duen moduan eta izaera pertsonaleko datuak babestekoa den 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamenduak, 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onartuak, 71. artikulutik 78. artikulurako xedapenek agintzen dutena beteta, eta, ondorioz, Datuen Babeseko Erregistroan gordailatuko da.

ARAU-ESPARRUA

Datuen babesari buruzko legeak bete behar ditu ASNEF Protección fitxategiko ereduzko kodeak:

15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa (hemendik aurrera, 15/1999 Lege Organikoa edo DPBLO).

1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen araudia onartzen duena (hemendik aurrera, 1720/2007 Errege Dekretua edo DPBE).

LEHENENGO KAPITULUA
PRINTZIPIO OROKORRAK

1. artikulua.– Definizioak.

Kode honetan, esanahi hau izango dute ondorengoek:

ASNEF Protección fitxategia: Auto-barneratze fitxategia da, eta edonork eska dezake, bere kabuz edo bere legezko tutorearen bidez, fitxategian sartzea, hirugarrenek norberaren datu pertsonalen iruzurrezko erabilerarik egin ez dezaten, norberaren nortasunaren, kaudimenaren eta ondare ekonomikoaren kaltetan.

ASNEF Protección fitxategian parte hartzen duten erakundeek neurri eta berme gehigarriak hartuko dituzte auto-barneratu den pertsonaren kaudimenean, nortasunean edo ondasunean kalterik sor ez dadin.

Xede horrekin berarekin, fitxategiak babesa ematen die ezgaitasuneko edozein legezko egoeratan dauden pertsonei eta adingabeei, haien legezko ordezkariaren edo tutorearen bidez barneratzen baldin badira.

Ez dira inoiz ere tratatuko 15/1999 Lege Organikoaren 7. eta 8. artikuluetan adierazten diren babes bereziko datuak. Ereduzko kode honen 17. artikuluan adierazten dira ASNEF Protección fitxategian tratatuko diren datuak.

Fitxategiaren arduraduna: Asociación Nacional de Establecimientos Financieros de Crédito (hemendik aurrera, ASNEF) elkartea izango da fitxategiaren arduraduna.

Tratamenduaren arduraduna: Soluciones Confirma ASNEF-SIGNE, S.L. sozietatea izango da tratamenduaren arduraduna, eta haren egitekoa izango da ASNEF Protección fitxategian sartzen diren datuen gaineko zerbitzuak ematen direla bermatzea eta DPBL eta DPBE arauen xedapenak betetzea, ASNEF elkartearen kontura eta haren izenean.

Onuraduna: pertsona fisikoak, beraien kabuz edo legezko tutorearen bidez, borondatez informazio pertsonala ASNEF Protección fitxategian sartzea eskatzen dutenak, haien gaineko iruzurrik gerta ez dadin eta beraien nortasuna, kaudimena eta interes ekonomikoak babesteko.

Ukitu edo interesdunak: pertsona fisikoak, fitxategiko onuradun gisa edo izaera hori gabe jardun dezaketenak, edo datu pertsonalen babeserako araudiak babestutako eskubideak erabiltzen dituztenak.

Erakunde erabiltzaile edo atxikiak: ereduzko kode honetara atxikitzen diren erakundeak, baimenduak eta Espainian legez jarduten dutenak. Enpresa eta erakunde publiko eta pribatuak, mota guztietakoak, atxiki daitezke ereduzko kodera, baldin eta ereduzko kode honen helburuak eta xedeak lortzen lagunduko baldin badute, kode honen 3.4 artikuluak adierazten dituen baldintzak beteta.

Solaskide edo koordinatzaileak: erakunde erabiltzaileek haien antolamenduaren baitan izendatutako pertsonak, haien erakundean behar adina espezializazio, profesionaltasun eta prestasuna dutenak onuradunak identifikatzeko neurri gehigarriak ezarri eta beteko direla bermatzeko, haien intimitateari zor zaion errespetuaz jokatuz.

Kontrol-batzordea: ikuskaritzako organoa da, eta haren egiteko nagusia da ereduzko kode honetan hartutako neurriak beteko direla bermatzea.

Hirugarren gaituak: ASNEF Protección fitxategiaren laguntzaile dira, fitxategia zabaltzeko eta/edo datuak tratatzeko lanetan. Hirugarren gaituak izan daitezke erakunde publiko eta pribatuak. Erakunde erabiltzaile moduan parte har dezakete fitxategian. Hirugarren gaituek jarduera-protokolo bat izenpetuko dute fitxategiaren arduradunarekin ASNEF Protección fitxategiaren zabaltze-ekintzetarako, eta, horrez gainera, zerbitzu emateko kontratu bat izenpetuko dute, 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan eta DPBE arauko 20. artikulutik 22. artikulura zehaztutakoaren arabera, baldin eta datu pertsonalen tratamendua egiten baldin badu fitxategian. Tratamendu horretan baliatuko diren bitartekoak eta prozedurak ezarri eta zehaztuko dira kontratu horretan.

ASNEF Protección bereizgarria: ASNEF Protección fitxategiaren konfiantza-bereizgarria izango da, eta haren bidez identifikatuko dira ereduzko kode honetan parte hartu eta haren jokabide-arauak betetzen dituzten erakunde erabiltzaileak. ASNEF Protección bereizgarriak gida-lanak egin nahi ditu onuradunentzat edo haien tutoreentzat, haien nortasuna edo ondare ekonomikoa babesteko berme eta neurri gehigarriak hartu dituzten erakundeak identifikatu eta ezagutu ditzaten.

Disoziazio-prozedura: datu-pertsonalak tratatzeko modu bat da, eta, haren bidez, onuradunak, eragindakoak edo interesdunak identifikatzeko biderik ematen ez duten datuak lortzen dira.

Datuen lagapena edo komunikazioa: datuen tratamendu honen bidez, datuen berri ematen zaio interesduna ez den pertsona bati.

Datu-hartzailea: komunikatutako datuen hartzailea.

Datuak ezereztea: ereduzko kode honetan, emandako adostasuna ezeztatzea izango da.

Gobernu-batzordea: ASNEF elkartearen zuzendaritza osoa bere gain hartzen duen organoa, haren xedeak lortzeko. Batzordeak gutxienez hamabi kide elkartu ditzake eta hamasei gehienez, guztiak ere zuzenean hautatuak berariaz horretarako deitutako batzar orokor batean. Bere ordezkaria izendatutako du hautatutako erakunde bakoitzak, eta ordezkari horrek ordezkatuko du hura gobernu-batzordean. ASNEF elkarteko kide izan eta gobernu-batzordean ordezkaritza duten erakundeek ez dute ASNEF Protección fitxategiaren erakunde erabiltzaileak izan beharrik, eta horrek haien independentzia bermatzen du. Ekitatezko ordezkaritza izango dute gobernu-batzordean, bai sektoreek, bai enpresa-tamaina ezberdinek.

2. artikulua.– Xedea.

ASNEF Protección fitxategiaren antolamendu-baldintzak eta funtzionamendu-erregimena ezartzen ditu ereduzko kode honek, eta bere xedea da datu pertsonalak babesteko gai-alorrean indarrean diren arauek agindutakoa baino berme handiagoak ematea onuradunei.

Era berean, merkatuaren gardentasunaren, malgutasunaren eta garbitasunaren alde egingo du fitxategiak, onuradunen eta erakunde erabiltzaileen arteko merkataritza-harremanak hobetzen lagunduko du, eta harreman pertsonalizatuko esparru bat ezarriko du, herritar/kontsumitzaileen eta erakunde erabiltzaileen interesak batuko dituena, datu pertsonalen iruzurrezko erabileren aurka.

Erakunde erabiltzaileak finantzazio-erakundeen sektoreko erakundeak dira agiri honen sarreran adierazi diren baldintzetan, eta, ondorioz, izaera sektoriala du, hasiera batean.

Hala ere, beste sektore batzuetan jarduten duten hirugarren erakundeak atxiki daitezke, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako xedearekin bat egiten baldin badute.

Auto-barneratze fitxategia da ASNEF Protección, eta edonork eska dezake –bai bere kabuz, bai bere legezko tutorearen bidez– fitxategian sartzea hirugarrenek ez ditzaten beren datu pertsonalak iruzurrez erabili, norberaren nortasunaren, kaudimenaren eta ondare ekonomikoaren kaltetan.

Horrenbestez, erakundeetan eragiketa egitea eskatzen duen pertsona borondatez sartzen diren datuen egiazko titularra dela ziurtatzeko behar diren neurri gehigarriak prestasun eta isilpeko irizpideak betez hartzeko konpromisoa hartzen dute erakunde erabiltzaileek. Titularra behar bezala identifikatzean, neurri gehigarri horiek bermatu behar dute ahalik eta berandutza txikiena sorraraziko zaiola onuradunari.

3. artikulua.– Eremu subjektiboa.

3.1 artikulua.– Fitxategiaren arduraduna.

Fitxategiaren «arduraduna» Asociación Nacional de Establecimientos Financieros de Crédito elkartea da, Espainiako araubidea betez eratua, G-28516003 identifikazio fiskaleko kodea duena eta helbidea Madrilgo Velázquez kalean duena, 64-66-2. solairua.

Horregatik guztiagatik eta bere xede orokorrak betetzeko, ASNEF elkarteak bere kabuz edo hirugarren gaituekin egindako itunen bidez kudeatuko du auto-barneratzeko fitxategi bat, ASNEF Protección fitxategia izenekoa, eta bete egingo ditu 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoa, eta hura garatzeko arauak. Berariaz beteko ditu gai-alor horretako legediak interesdunei ematen dizkieten eskubideak, baina, hala ere, kode honen 15. artikuluan adierazten diren erakunde erabiltzaileek betetzekoak izango dituzte haien betebeharrak.

3.2 artikulua.– Tratamendu-eragilea.

Soluciones Confirma, ASNEF-SIGNE, S.L. sozietateak (hemendik aurrera, Soluciones Confirma) egingo du ereduzko kode honi IV. eranskin moduan erantsi diren adostasuneko formulazioen gestio informatikoa, tratamendua eta kudeaketa. Hark egingo ditu, era berean, informazio-zerbitzuak emango direla eta DPBL eta DPBE arauen xedapenak beteko direla ziurtatzeko jarduerak, eta, horien baitan, bereziki hartuko ditu kontuan fitxategian sartuta dauden pertsona fisikoen banakako eskubideak. Fitxategiaren erabilera bidegaberik ez dela egingo bermatzeko kontrola egitea eta kudeatzea izango da beste jardueretako bat.

Era berean, Soluciones Confirma sozietateak bitartekaritza-zerbitzuak beteko ditu ASNEF elkartearen eta ASNEF Protección fitxategirako sarbidea kontratatu nahi duten bezeroen artean, eta haren sarbidea eta kontsulta kontratatzea sustatu eta lotuko ditu, fitxategiaren arduradunaren kontura.

Alde horretatik, ASNEF elkarteak emandako jarraibideak beteko ditu Soluciones Confirma sozietateak, eta bere gain hartzen du fitxategian tratatutako datu pertsonalen isilpekotasun osoa gordetzeko konpromisoa. Edonola ere, beti bermatuko du bete egingo direla 1720/2007 Errege Dekretuak, izaera pertsonaleko datuak babestekoa den 15/1999 lege organikoa garatzeko erregelamendua onartzekoak, arautzen dituen segurtasun-neurriak. Xede horren harian, zerbitzu-kontratu bat izenpetuko dute ASNEF elkarteak eta Soluciones Confirma sozietateak, eta kontratu horretan idatziz jasoko da, argi eta zehatz adierazita, atal honetan ezarri diren alderdi guztiak, behar bezala betetzeko DPBLko 12. artikuluak eta DPBEko 20. artikulutik 22 artikulurako xedapenek agintzen dutena.

Kode honen I. eranskinean jasotzen da tratamenduaren arduradun bat kontratatzeko betetzekoak izango diren eskakizun formalak betetzeko klausula-eredua.

3.3 artikulua.– Zerbitzuak azpikontratatzea.

Fitxategiaren arduradunak eskumena ematen dio tratamenduaren arduradunari ASNEF Protección fitxategiak funtzionatzeko behar dituen zerbitzu hauek zuzenean eta arduradunaren izenean eta kontura kontrata ditzan hirugarren fidagarri eta independenteekin:

Sistemen teknika: elementu informatikoak, hardwarea eta softwarea konfiguratu, instalatu eta administratzeko jarduerak hartzen dituen zerbitzua da. Zerbitzu horretako jarduerak ASNEF Protección fitxategiaren zerbitzuak emateko baliatzen dira, eta haien jabetza fitxategiaren arduradunarena, tratamenduaren arduradunarena, azpikontratistarena edo hirugarrenena izan daiteke. Informatika-elementu hauek izan daitezke: sistema handiak (mainframe), bitarteko sistemak (midrange), talde-laneko sistemak (micro-lan), lanpostuak (Pc, eramangarriak) eta eremu lokaleko sarea (sareko elektronika).

Sistemen eragiketa: sistemen teknikako zerbitzuari dagozkion informatika-elementuak ikuskatu eta haiekin eragiteko ohiko jarduerek osatzen dute zerbitzu hau. Horietako batzuk dira intzidentziak kontrolatzea, alertak hautematea eta lanen eskuzko eragiketak egitea.

Babesa eta leheneratzea: informazioaren segurtasun kopiak gailu fisikoetan gordetzeko zerbitzua da, informazioa ekipo egokietan gordetzen eta leheneratzen baita, fitxategiaren arduradunak, tratamenduaren arduradunak eta azpikontratistak zehaztutako prozedurak betez.

Sistemen arkitektura eta proiektuen kudeaketa: informatika eta komunikazioko irtenbideak diseinatu eta aztertzeko jarduerak hartzen ditu zerbitzu honek ASNEF Protección fitxategiaren zerbitzu-beharrizanak asetzeko. Sistemen teknikariek irtenbide teknikoak ezartzeko egin ditzaketen proiektuen abiapuntua izan daitezke jarduera horiek.

Zerbitzu-mailaren kudeaketa: ASNEF Protección fitxategiak behar duen zerbitzu-maila kontrolatu, egiaztatu eta jarraitzeko jarduerek osatzen dute zerbitzu hau. Jarduera horietako batzuk dira zerbitzuaren metrika-txostenak egitea, zerbitzuak izandako intzidentzien txostenak egitea, zerbitzua kudeatzea hura erabilgarri ez dagoenean eta hura narriatu denean edo zerbitzua bera ikuskatzea.

Eremu zabaleko sarearen ekipamendu-hornidura (WAN): eremu zabaleko sare-ekipamenduei dagozkien identifikazioko, eskurapeneko, instalazioko eta abian jartzeko jarduerek osatzen dute zerbitzu hau. Ekipamendu horietako batzuk dira: bideratzaileak (routerrak), datuak komunikatzeko lineak, aurreko ekipoak ikuskatzeko telefono-linean, datu-lineak akoplatzeko gailuak, bezeroen aurreko lineak konektatzeko azpiegitura zentrala eta datu-linea korporatiboak.

Sare-konexioen diseinua eta arkitektura: sareko diseinu- eta arkitektura-jarduerak ematen ditu zerbitzu honek, datuen egoitza zentraletako bezero guztien konexioak eta sarbide korporatiboak gauzatzeko (delegazioak, atzerriko egoitzak, urrutiko sarbidea, etab.).

Gutunak inprimatu eta postetxean entregatzea: zerbitzu honetan sartzen dira datu-fitxategia hartzea, diseinatutako maketa-ereduen arabera inprimatzea gutunak, gutunak tolestu eta itsastea, inprimatutako gutunak posta-kodeen arabera antolatzea eta haiek postetxean entregatzea posta-zerbitzuarekin ezarritako prozedurak betez.

Gutunak inprimatu eta postetxean entregatzeko zerbitzuaren kudeaketa: ematen den zerbitzuaren kontrolari dagozkion jarduerak egiten ditu zerbitzu honek. Jarduera horien artean, nabarmentzekoak dira inprimatzearen kalitatearen kontrola, tolestearen eta auto itsastearen kalitatearen kontrola, ekoizpenaren kudeaketa, berariazko kontrola eginda inprimatzeen erreferentzia-zenbakiekin eta postetxera entregatzeko albaranekin.

Tratamenduaren arduradunak izendatzen duen azpikontratistak behar bezala bermatu behar du tratatutako informazioaren konfidentzialtasuna, eta segurtasun-neurri egokiak erantsiko dizkio informazio hori. Kode honek tratamenduaren arduradunari agintzen dizkion betebehar berak bete behar ditu. Alde horretatik, fitxategiaren arduradunak eta haren azpikontratistek kontratu bat izenpetuko dute, eta kontratu horretan idatziz jasoko dira, argi eta zehatz adierazita, DPBLaren 12. artikuluak eta DPBEren 20. artikulutik 22. artikulura arautzen diren alderdiak.

Fitxategiaren arduradunak, hala ere, gerora, ahalmena eman diezaioke arduradunari ASNEF Protección fitxategiak funtzionatzeko beharrezkoa izan dezakeen bestelako zerbitzuren bat kontratatzeko. Ahalmena ematen horren xedea izango da hirugarren fidagarri eta independenteak izendatzea, fitxategi horren funtzionamendu zuzena bermatzeko.

Ez dago pentsatuta zerbitzurik azpikontratatzea Europako Ekonomia Eremutik kanpo.

Kode honen I. eranskinean jasotzen da tratamenduaren arduradun bat kontratatzeko betetzekoak izango diren eskakizun formalak betetzeko klausula-eredua.

3.4 artikulua.– Erakunde erabiltzaileak.

ASNEF Protección fitxategian parte hartu nahi duten erakundeek nahitaezkoa izango dute ereduzko kode honetara atxikitzea, eta haren xedapenak modu fidelean betetzeko konpromisoa hartu behar dute. Horrez gainera, ASNEF Protección fitxategira sarbidea izateko kontratu bat izenpetu behar dute, botere askietsia duen legezko ordezkari baten bidez. Berariaz onartu behar da hura, eta erakunde erabiltzaileak bere gain hartu behar du haren xedapenak zorrotz betetzeko konpromisoa.

Erakunde erabiltzaileek erakunde baimenduak izan behar dute eta legez jardun behar dute Espainian, haiei dagokien modalitatean. Enpresa eta erakunde publiko eta pribatuak atxiki daitezke ereduzko kodera. Erakunde horiek, beraien jarduera-esparruan, kredituzko eta finantzazio-izaerako eragiketak egin behar dituzte, edozein modalitatekoak, ondasun higigarrien ordainketa geroratuen bidez, bai kontsumo iraunkorrekoak edo ekipokoak, edo kreditu-txartelak jaulkitzekoak; atxikitzeko aukera izango dute, era berean, zerbitzu-enpresek –ura, argia, gasa, telefonoa- eta iruzurraren aurkako borrokan lan egiten duten erakundeek, baita ereduzko kode honen helburuak eta xedeak lortzen parte hartzen duten entitate eta erakunde publikoek ere.

Kode baten bidez identifikatuko dira erakunde erabiltzaileak eta hirugarren gaituak. Informazioa hartu eta bidaltzen duten guztietan eta fitxategietan egindako kontsultetan ageriko da kode hori.

ASNEF Protección fitxategira atxikitzeko eskaera egiten duen erakundea ez onartzeko erabakia jakinaraz diezaioke kontrol-batzordeak fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari, baldin eta irizten baldin badu erakunde horrek ezin dituela bete ereduzko kode honetan ezarritako helburuak eta xedeak.

Horrenbestez, erakunde eskatzaileak ASNEF Protección fitxategian parte hartzea bidezkoa den ala ez aztertuko du kontrol-batzordeak, eta fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari jakinaraziko dizkio erakundeak ez onartzeko erabakiak. Fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeak hartuko ditu ez onartzeko erabakiak. Fitxategiaren arduradunak idatziz eta arrazoiak azalduz jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari ez zaiola ASNEF Protección fitxategian parte hartzen utziko.

Ezingo da sektoreko kidetasuna arrazoitu atxikitze-eskaerak ukatzeko, edozein entitate edo erakundek parte hartu baitezake ASNEF Protección fitxategian, zer jarduera egiten duen, publikoa edo pribatua, aintzat hartu gabe.

Atxikitako erakundeen zerrenda jasoko da kode honen II. eranskinean. Kodeari atxikitzen diren erakundeekin eguneratuko da zerrenda hori.

3.5 artikulua.– Hirugarren gaituak.

ASNEF elkarteak berariazko itunak izenpetu ditzake hirugarren gaituekin ASNEF Protección fitxategia zabaltzeko ekintzak egiteko; hala ere, ekintza horietan ezingo da datu pertsonalen tratamendurik egin.

ASNEF Protección fitxategiaren arduradunak izenpetu behar ditu hirugarren gaituekin kontratatzen edo harpidetzen diren itunak, baldin eta datu pertsonalen tratamendua egiten baldin bada horietan.

ASNEF Protección fitxategiko erakunde erabiltzaile guztiak izan daitezke hirugarren gaituak. Hirugarren gaitu izan daitezke, era berean, enpresa edo erakunde publiko eta pribatuak, ASNEF Protección fitxategian parte hartzen duten ala ez kontuan izan gabe, bai eta iruzurraren kontra egiten duten erakundeak, kreditu-txartelen igortzaile edo aseguruen kudeatzaile direnak, baldin eta, ereduzko kode honen helburuak eta xedeak lortzen lagun baldin badezakete. Azken horiek beren gain hartu behar dute fitxategi horretako datuak zabaldu eta/edo tratatzeko ekintzetan behar bezalako prestasunez jarduteko konpromisoa.

Hirugarren gaituak jarduera-protokolo bat izenpetuko du fitxategiaren arduradunarekin, ASNEF Protección fitxategia zabaltzeko ekintzetarako.

Horrez gainera, hirugarren gaituak datu pertsonalen tratamenduak egin behar baldin baditu fitxategian, zerbitzu-emateko kontratu bat izenpetuko du ASNEF elkartearekin, 15/1999 Lege Organikoko 12. artikuluak eta DPBEaren 20. artikulutik 22. artikulurako xedapenek agintzen duten moduan. Tratamendu horien bitartekoak eta prozedura ezarri eta zehaztuko dira kontratu horretan, berme egokiak baliatuta.

Kode honen I. eranskinean jasotzen da tratamenduaren arduradun bat kontratatzeko betetzekoak izango diren eskakizun formalak betetzeko klausula-eredua.

Edonola ere, hirugarren gaitu horiek bermatu behar dute ASNEF Protección fitxategiko datuak tratatzean bete egingo direla kode honen 4. eta 5. artikuluak fitxategiaren arduradunari agintzen dizkion informazioa emateko eta adostasuna eskuratzeko konpromisoak. Horrez gainera, hirugarren gaituek behar bezala bermatu behar dute tratatutako informazioaren konfidentzialtasuna, eta segurtasun-neurri egokiak erantsiko dizkiote informazio hori. Kode honetan tratamenduaren arduradunari agintzen zaizkion betebehar berak bete behar dituzte.

Hirugarren gaituen zerrenda jasoko da kode honen III. eranskinean.

BIGARREN KAPITULUA
AUTO-BARNERATZEA

4. artikulua.– Informatzeko betebeharra.

ASNEF elkarteak betetzekoak izango ditu fitxategiaren arduradun den aldetik betetzekoak dituen betebeharrak, eta, horiek beteta, alderdi hauek jasoko ditu ASNEF Protección fitxategian auto-barneratzeko eskaera-ereduan:

Fitxategiaren xedea eta informazioaren hartzaileak. Informazioa erabiltzen duten erakunde erabiltzaileen jarduera-mota adieraziko da.

ASNEF Protección fitxategian jaso daitezkeen datu pertsonalak. Datuak jasotzeko, azalpenezko dei edo ohar baten bidez adieraziko dira fitxategi horretan nahitaez jaso behar diren datu pertsonalak, ezinbestekoak direnak haren xedea betetzeko. Ereduzko kode honen 17. artikuluan zehazten dira datu horiek.

ASNEF Protección fitxategian dituzun datuak kontsultatzearen ondorioak.

Interesdunek nola erabil ditzaketen datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, kentzeko eta ezerezteko dituzten eskubideak eta aurrez datu pertsonalak tratatzeko eman duten adostasuna ezeztatzeko eskubideak.

Fitxategiaren arduradunaren nortasuna eta helbidea.

Informazio hori argi eta irakurtzeko moduan adierazi behar da auto-barneratzeko eskaera-ereduetan. Hori horrela izan dadin, auto-sarbiderako formularioa erantsi da ereduzko kode honen IV. eranskinean, informazio-eskubidea betetzeko ereduarekin.

5. artikulua.– Adostasuna eskuratzea.

Interesdunaren adostasun argia eskuratuko du ASNEF elkarteak, pertsona horrek, bere kabuz edo bere legezko tutorearen bidez, auto-barneratzeko eskaera behar bezala beteta eta izenpetuta aurkezten duenean.

Adostasuna, beraz, idatziz edo hura eman dela egiaztatuko duen bestelako moduren batez eskuratu behar da, eta auto-barneratzeko ereduetan txertatu behar da, aurreko artikuluan adierazi den informazio-klausularen ondoren.

Edozein unetan ezezta daiteke eman den adostasun hori.

Adostasunaren eskurapen egokiaren bermea indartzeko, euskarri dokumental edo informatiko baten artxibatuko da hura, eta eskatzaileak emandako adostasuna jasoko da. Segurtasun-neurri egokiekin zainduko da hura, DPBLOE arauak agintzen duena betez.

Xede horrekin, interesdunen adostasuna eskuratzeko eredua erantsi da ereduzko kode honen IV. eranskinean.

6. artikulua.– Auto-barneratzeko eskubidea.

Pertsona orok, bere kabuz edo bere legezko tutorearen bitartez, bere datu pertsonalak ASNEF Protección fitxategian barneratzeko eskaera egin dezake, bere nortasuna edo kaudimena babesteko eta/edo bere ondasun ekonomikoak galtzea, dokumentazioa lapurtzea edo nortasunaren ordezte-iruzurrak eragozteko. Borondatezko eskaera da, eta edozein unetan ezezta daiteke.

Hauek aurkeztu behar dira interesduna bere kabuz barnera dadin:

Auto-barneratzeko eredua behar bezala beteta eta izenpetuta.

Nortasun-agiri nazionalaren, AIZen, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko bestelako agiriren baten fotokopia.

Polizia-etxeren batean edo Guardia Zibilaren posturen batean jarritako salaketa, agiri horiek ez izatea egiaztatuko duena.

Interesduna ezgaitasun-egoeraren batean baldin badago edo adingabekoa baldin bada, berme gehigarri hauek eskatuko zaizkio haren legezko tutoreak auto-barneratzea egin dezan:

Legezko ordezkariak bere ordezkari-izaera egiaztatu behar du adingabekoaren edo gaitasungabetuaren ordezkari dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopiaren bidez.

Auto-barneratzeko ereduaren datuak bete behar dira, eta kode honen 17. artikuluak arautzen dituen nahitaezko identifikazio-datuak eman behar ditu, legezko ordezkari den aldetik. Legezko tutoreak izenpetu behar du eredu hori.

Nortasun-agiri nazionalaren edo haren nortasuna egiaztatzeko bestelako agiriren baten fotokopia.

Eskaera hori formalizatzeko, interesdunak erakunde erabiltzaileengana jo dezake, baldin eta hura, aldi berean, hirugarren gaitua baldin bada. Era berean, fitxategiaren arduradunarengana edo beste edozein hirugarren gaituren batengana jo dezake, eta berariaz adierazi fitxategian barneratu nahi dituela beren datu pertsonalak, kode honen IV. eranskinean atxikitzen den ereduari jarraituz. Eskaera horrekin batera, interesdunaren nortasunaren egiaztapena emango da, eskaera baliozkoa izan dadin.

Eskatzailearen nortasuna egiaztatu eta informazioa ASNEF Protección fitxategian barneratu ondoren, jasotako dokumentazioa zainduko du fitxategiaren arduradunak –auto-barneratzeko formularioa eta nortasuna egiaztatzeko dokumentazioa–, eta neurri tekniko eta antolamendu-neurri egokiak hartuko ditu, datuen segurtasuna bermatzeko eta haiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamenduak eta sarbideak eragozteko, DPBLOE arauak agindutako moduan.

Izaera pertsonaleko datuen tratamendu leiala eta bidezkoa egingo da, eta kode honetan adierazitako xedeak betetzeko soilik jaso daitezke. Ezin dira erabili xede horiekin bateragarriak ez diren xedeak betetzeko.

Tratatuko diren datuek hasiera bateko helburu zehatzak eta bidezkoak lortzeko egokiak, egoerari dagozkionak eta neurrikoak izan behar dute, ez gehiegizkoak.

Ukituarengandik zuzenean jasotako datu pertsonalek datu zehatzen izaera izango dute. Tratatzen diren datu pertsonalak osorik edo zati batean zehatzak ez baldin badira edo osatu gabe badaude, kode honetako 11. eta 12. artikuluetan arautzen dena beteko da. Datuak aldez aurretik komunikatu baldin bada, kode honetako 13. artikuluak arautzen duena beteko da.

Datu pertsonalak ezabatu egingo dira, zertarako jaso edo erregistratu diren dagoeneko helburu hori lortzeko balio ez dutenean. Dena den, datu horiek denbora tarte batean gordetzeko aukera egongo da, hain zuzen ere harreman edo obligazio juridikoren batengatik, kontraturen bat betearazteagatik edo interesatuak eskatuta kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeagatik erantzukizunen bat eskatzeko aukera baldin badago.

Aurreko paragrafoetan aipaturiko epea bete eta gero, datuak gordetzeko modu bakarra horiek banatzea izango da, baina kontuan izan beharko da 15/1999 Lege Organikoan eta erregelamendu honetan aurreikusten den blokeo-obligazioa.

Datu pertsonalak tratatzerakoan, horietara iristeko eskubidea bermatu behar da, datu horiek ezereztu beharrekoak ez diren artean.

Pertsona orok, bere kabuz edo legezko tutorearen bidez, eska dezake bere datu pertsonalak ASNEF Protección fitxategian barneratzea web-formulario baten bidez. Horretarako, www.asnefproteccion.es orrira jo behar dute edo ASNEF elkartearekin ASNEF Protección fitxategia zabaltzeko ekintzetarako jarduera-protokoloa sinatua duten hirugarren gaituen orriak erabili behar dituzte. Auto-barneratzeko formulario horretan datu pertsonalak betetzeko eskatuko zaio interesdunari. Formularioa bete eta barneratzea onartu ondoren, ASNEF Protección fitxategian barneratuko dira datuak.

Web-formularioa betetzeaz gain, honako hauek aurkeztu behar ditu interesdunak berak:

Nortasun-agiri nazionalaren, AIZen, pasaportearen edo nortasuna egiaztatzeko bestelako agiriren baten fotokopia.

Polizia-etxeren batean edo Guardia Zibilaren posturen batean jarritako salaketa, agiri horiek ez izatea egiaztatuko duena.

Interesdunak ez baldin baditu agiri horiek bidaltzen, datuak ezereztu egingo dira auto-barneratzeko eskaera egin ondorengo 10 egun igarota, eta horren berri emango zaio interesdunari.

Interesduna ezgaitasun-egoeraren batean baldin badago edo adingabekoa baldin bada, web-formularioa betetzeaz gain, honako berme hauek eskatuko zaizkio, haren legezko tutoreak auto-barneratzea egin dezan:

Legezko ordezkariak bere ordezkari-izaera egiaztatu behar du adingabekoaren edo gaitasungabetuaren ordezkari dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopiaren bidez.

Nortasun-agiri nazionalaren edo haren nortasuna egiaztatzeko bestelako agiriren baten fotokopia.

Interesdunak ez baldin baditu agiri horiek bidaltzen, datuak ezereztu egingo dira legezko tutoreak auto-barneratzeko eskaera egin ondorengo 10 egun igarota, eta horren berri emango zaio interesdunari.

Fitxategiaren arduradunak eskura dituen bitarteko egoki guztiak baliatuko ditu interesdunek ASNEF Protección fitxategian erraztasunez auto-barneratzeko aukera izan dezaten, baina, beti, informatzeko eta adostasuna emateko betebeharrak betetzen direla bermatuta. Horretarako, interesdunek auto-barneratzeko behar dituzten tresna gehigarriak jarriko ditu: posta arrunta, faxa eta e-posta, eta tresna horien artean izango da hirugarren gaituekin itunak egiteko aukera, interesdunen datuak ASNEF Protección fitxategian barneratzeko. Hirugarren gaitu horiek bermatu behar dute datuak barneratzean bete egingo direla kode honen 4. eta 5. artikuluak fitxategiaren arduradunari agintzen dizkion informazioa emateko eta adostasuna eskuratzeko konpromiso guztiak.

ASNEF Protección fitxategian interesdunak edo haren legezko tutoreak eskatuta auto-sartzeko eskubidea erabiltzean, langile espezializatuek datu pertsonalak eta identifikazio-datuak berrikusiko dituzte haiek erakunde erabiltzaileei aurkezten dizkieten eskaeretan. Langile horiek modu berezian zainduko dute konfidentzialtasuna eta zorrotz gordeko dute haien intimitatea, eta ahalegina egingo dute informazioaren egiazkotasuna ziurtatzeko eta interesdunak duen borondatea, bere nortasuna, kaudimena eta ondare ekonomikoa babestekoa, betetzen saiatzeko.

Fitxategiaren arduradunak edo hark gaitutako hirugarrenek barneratuko dituzte datuak, 3 egun balioduneko epean gehienez, interesdunak behar bezala bete eta izenpetutako eskaera jasotzen duenetik kontatzen hasita.

Onuradunak, datuak barneratzeko baimena ematen duen idatzian bertan, datu horiek noiz kanporatu behar diren zehaztu dezake, kode honetako 9. artikuluak arautzen duen kentzeko eskubidea baliatuz.

Auto-barneratzeko idatziak ez badu egunik zehazten informazioa ezeztatzeko, kode honek 12. artikuluan arautzen duen ezeztatzeko eskubideak arautzen duena beteko da.

7. artikulua.– Nazioarteko datu-transferentziak.

Ezingo da datu pertsonalen aldi baterako edo behin betiko transferentziarik egin DPBLO arauaren pareko mailarik ematen ez duten herrialdeetara, salbu eta, aldez aurretik, Espainiako Datuen Babeserako Agentziako zuzendariaren baimena lortzen bada.

Ez da aurreko paragrafoan xedatzen dena beteko, baldin eta ukitutako pertsonak berariaz eman baldin badu transferentzia egiteko baimena edo transferentzia hori egitea beharrezkoa baldin bada DPBLO arauaren 34. artikuluak arautzen dituen egoeretan onuradunaren aldeko zerbitzu edo kontratu bat bete behar baldin bada.

Gaur egun ez dago datuen nazioarteko transferentziarik egiteko aurreikuspenik.

HIRUGARREN KAPITULUA
INTERESDUNEN ESKUBIDEAK

8. artikulua.– Interesdunen eskubideen erabilera.

Interesdunek aukera izan dezaten DPBLO arauak aitortzen dizkieten eskubideak ASNEF Protección fitxategiarekin erabiltzeko, fitxategiaren arduradunak interesdunen, onuradunen eta legezko tutoreen esku jarriko ditu zenbait idatzi-eredu, haien eskubideak balia ditzaten, haiei dagokien identifikazio-egiaztagiriekin batera –NANaren, AIZren, pasaportearen edo antzeko agiriren baten eta, legezko ordezkarien kasuan, izaera hori egiaztatzen duen agiriaren fotokopia–. Ereduzko kode honen V., VIII. eta XI. eranskinetan atxikitzen dira eredu horiek.

DPBLO arauak eta hura garatzeko arauek interesdunei aitortzen dizkieten eskubideak erabiltzen direnean, Soluciones Confirma sozietateak erantzungo die, fitxategiaren arduradunaren izenean eta haren kontura, tratamenduaren arduraduna den aldetik. Ukitutako pertsonari erantzungo dio sozietate horrek, haren datu pertsonalak ASNEF Protección fitxategian jasota dauden ala ez begiratu gabe.

Interesdunak borondatezko ordezkari baten bidez edo mandatari baten bidez erabil ditzake bere eskubideak, baldin eta baldintza hauek betetzen baldin badira:

1.– Interesdunaren izenean eta haren kontura baliatu behar ditu ordezkariak eskubide horiek guztiak. Horrenbestez, interesdunak mandatu edo ahalorde bat eman behar du, honela:

Ahalordeak esanbidezkoa izan behar du eta baliatu nahi den eskubide zehatzari buruzkoa.

Ahalordeak berariaz aipatu behar du eskubidea zer fitxategirekiko erabili nahi den, eta jarduera bakoitzaren jardun-eremu zehatza mugatuko du.

Ahalordea agiri pribatu baten bidez edo eskritura publiko baten bidez eman daiteke.

Ahalordea agiri pribatuan ematen denean nahiz eskritura publikoan ematen denean, nahitaezkoa izango da sinadura bitartekoren batez kautotzea, fitxategiaren arduradunak ziurtasunez jakin dezan borondatea ukitutako pertsonak emandakoa dela; horrenbestez, ahalordetze horren jatorrizko ordezkariak eman beharrekoa da bitarteko hori.

2.– Interesdunari berari, eta hari bakarrik, dagokio mugatzea nola baliatuko duen eskubidea une bakoitzean. Horretarako, egoera bakoitzaren ezaugarriei erreparatuko zaie eta eskubideak zer fitxategiekiko baliatu nahi dituen ikusiko da.

Kode honen 13. artikuluak «informazioaren hartzaileen berri emateko betebeharra» izenburupean arautzen duena aintzat hartuta, onuradunaren datu pertsonalak kontsultatu dituzten erakunde erabiltzaileei sei hileko epean jakinaraziko zaie datuak zuzentzeko, ezerezteko edo adostasuna ezeztatzeko eskubideak onartu direla, onuradunak erabili asmo duen eskubidea gauzatu aurretik. Onuradunari horren berri emango zaio fitxategiaren arduradunak erabili den eskubideari dagokion erantzuna ematen duenean.

Onuradunak datuetara sartu edo haiek zuzentzeko eskubideak baliatzen baldin baditu, eskatzen duen eskubideari dagokion erantzuna ematen zaionean, jakinaraziko zaio zer erakunde erabiltzailek kontsultatu dituzten haren datu pertsonalak hark erabiltzea eskatu duen eskubidea baliatu aurreko sei hileko epean, erakunde horiengana jo dezan, hala nahi izanez gero, bere interesen defentsan.

Era berean, interesdunek tratamenduaren arduradun batekiko balia ditzakete beraien eskubideak, eta beraien eskubideen erabiltzea eska diezaiokete hari. Eskubide bat erabiltzea eskatzen baldin badiote, fitxategiaren arduradunari bidaliko dio eskaera arduradunak, eskaera ebatzi dezan. Horren salbuespena izango da bi erakundeen artean dagoen harremanean araututa izatea arduradunaren kontura hartuko direla interesdunek haien sarbideko, zuzenketako, ezereztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko egiten dituzten eskaerak.

Aurrez adierazitako eskubideak betetzekoak izango dira, eta betetzekoa izango da, era berean, herritarren eskubideen zaintza, Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren esku geratzen dena, 15/1999 Lege Organikoaren 18. artikuluan aitortzen eta arautzen den moduan.

9. artikulua.– Kanporatzeko eskubidea.

Onuradunak, datuak barneratzeko baimena ematen duen idatzian bertan, datu horiek noiz kanporatu behar diren zehaztu dezake. Alde horretatik, fitxategiaren arduradunak neurri egokiak hartuko ditu ASNEF Protección fitxategian, onuradunak zehaztu duen epea betetzeko. Bi epe hauek izango ditu azken horrek aukeran: 6 hilabete edo bi urte, fitxategiaren arduradunak eta hark gaitutako hirugarrenek bere eskaera jasotzen duten egunetik kontatzen hasita. Onuradunaren beste aukera bat izango da denbora mugagabe baterako jarraitzea ASNEF Protección fitxategian; hala ere, beti izango du, edozein unean erabilgarri, kode honen 12. artikuluak arautzen duen moduan, adostasuna ezeztatzeko eskubidea.

Onuradunak ez baldin badu bere kanporatze-eskubideari buruzko aukerarik adierazten, ulertuko da denbora mugagabez jarraitu nahi duela ASNEF Protección fitxategian, eta beti izango du, edozein unetan erabilgarri, adostasuna ezeztatzeko eskubidea.

Onuradunak bere kanporatze-eskubidea erabiltzea hautatzen baldin badu, eta 6 hileko edo 2 urteko iraunaldia markatzean, bere posta elektronikok helbidea eman baldin badu, fitxategiaren arduradunak, ASNEF Protección fitxategian informazioari baja eman baino 15 egun lehenago, komunikazio bat igorriko dio onuradunari, eta bertan baja gertatzera doala jakinaraziko dio, gerta baitaiteke auto-barneratzeko izan zituen arrazoiak bere horretan irautea eta onuradunak hura berritzeko asmoa izatea kode honen 6. artikuluan arautzen den auto-barneratzeko eskubidea baliatuz edo 8. artikuluak eskubideak baliatzeko ezartzen duen prozedura erabiliz.

10. artikulua.– Datuetan sartzeko eskubidea.

Datuetan sartzeko eskubidea erabiltzean, kontsulta-sistema hauek aukera ditzake interesdunak informazioa jasotzeko:

Pantailan ikustea.

Posta bidez bidalitako idazkia, kopia edo fotokopia.

Telekopia.

Posta elektronikoa edo komunikazio elektroniko bidezko beste sistemaren batzuk.

Fitxategiaren konfigurazioarentzat edo ezarpen materialarentzat nahiz tratamenduaren ezaugarrientzat egokia den beste edozein sistema, tratamenduaren arduradunak eskainia.

Interesdunak nahi adina alditan erabil dezake ASNEF Protección fitxategian sartzeko eskubidea, 30 egunetik gorako epeetan.

Datuetara sartzeko eskubidea DPBLO eta DPBLOE arauen araututako moduan erabiltzen baldin bada, fitxategiaren arduradunak, tratamenduaren arduradun den Soluciones Confirma sozietatearen bidez, ziurtagiri bat emango du 15 egun balioduneko gehienezko epean eskaera jaso denetik kontatzen hasita, eta fitxategian dauden datuak jasoko ditu ziurtagiri horrek.

Datuetara sartzeko eskubidea erabiltzeko eskaerari erantzutean, interesdunari jakinaraziko zaio edozein unetan erabil dezakeela datuak zuzendu edo ezerezteko eskubidea eta adostasuna ezeztatu dezakeela. Era berean, eskatutako informazioarekin batera, onuradunari jakinaraziko zaio zer erakunde erabiltzailek kontsultatu duten ASNEF Protección fitxategiak pertsona horri buruz duen informazioa haren eskaera fitxategiaren arduradunaren bulegoetan sartu deneko data baino sei hil lehenagoko epean.

Eskaerak ez baldin baditu betetzen datuen babeseko gai-alorrean indarrean den araubideak agintzen dituen eskakizun formalak, haiek zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari, datuetara sartzeko eskubidea erabiltzeko modua izan dezan.

Datuetara sartzeko eskubidea erabiltzeko eredua jasotzen du kode honen V. eranskinak, eta eskubide horren erabilerari emandako erantzunarena VI. eranskinak, sartzeko baimena ematen duena. Era berean, datuetara sartzeko eskubideari zuzenketak eskatuz erantzuteko eredua atxiki da VII. eranskinean.

11. artikulua.– Datuak zuzendu eta aldatzeko eskubidea.

Zehaztugabeak edo osatugabeak deritzen datuak zuzentzeko eska dezake onuradunak. Horretarako, eskaera hori oinarritzeko behar diren agiriak eman behar ditu eta zehaztugabeak edo osatugabeak irizten dituen datuak adierazi behar ditu.

Horrez gainera, ASNEF Protección fitxategian dituen datuak aldatzeko eska dezake onuradunak. Onuradunen konturako eragiketa izango da ASNEF Protección fitxategian dituzten datuak eguneratzeko eta osatzeko eragiketak, eta haien betebeharra izango da fitxategiaren arduradunari edo hark gaitutako hirugarrenei jakinaraztea zer datu aldatu, eguneratu edo osatu behar diren, ASNEF Protección fitxategiaren helburu eta xedeei egokitutako babes-estaldura emateko datu horiei guztiei.

Halaber, prozedura hori bera erabilita, datuak kanporatzeko erabaki duen epea alda dezake interesdunak kode honen 9. artikuluan adierazten diren epeen baitan. Hala ere, edozein unetan erabili ahal izango ditu datuak ezerezteko eta emandako adostasuna ezeztatzeko eskubideak.

Fitxategiaren arduradunak 7 egun balioduneko epean ebatziko du eskaera, modu arrazoituan. Interesdunak jakinarazpenetarako adierazi duen helbidean jakinaraziko du bere erabaki arrazoitua fitxategiaren arduradunak edo onuradunak eskaera egiteko erabili duen bitarteko bera erabil dezake horretarako.

Ereduzko kode honen VIII. eranskin gisa atxikitzen da ASNEF Protección fitxategian datuak zuzendu edo aldatzeko eskubidea erabiltzeko eredua, eta eskubide horren erabilerari erantzuna emateko eredua IX. eranskinean. Era berean, datuak zuzentzeko eskubideari baldintzak zuzentzeko eskatuz erantzuteko eredua atxiki da X. eranskinean.

12. artikulua.– Datuaz ezereztatu edo adostasuna ezeztatzeko eskubidea.

Edozein unetan ezezta daiteke emandako adostasuna, DPBLOaren 6. artikuluko 3. puntuak arautzen duena betez. Emandako adostasuna ezeztatzeko eska dezake onuradunak edo haren legezko tutoreak, horren arrazoirik eman beharrik izan gabe. Emandako adostasuna ezeztatzeak ez du atzerako eraginik izango.

Onuradunaren eskaeraren ondorioz ezereztatzen baldin badira haren datuak, adostasuna ezeztatu duela ulertuko da ondoren guztietarako, eta, ondorioz, artikulu honek arautzen duen prozedura beteko da egoera horietan.

Onuradunen eskubideak erabiltzeko baimenduta dauden bitartekoen bidez –osta arruntez, posta elektronikoz, Internetez, gerora baimen daitezkeen gainerako bitartekoen bidez eta hirugarren gaituen bidez– eskatuko zaio fitxategiaren arduradunari adostasuna ezeztatzea, eta azken horrek, DPBLOak banakoen eskubideak zaintzeko betebeharra ezartzen dion aldetik, arau horrek eta hura garatzeko arauek agindutako moduan izapidetuko du eskaera. Edonola ere, interesdunak adostasuna ezeztatzeko eskubidea erabiltzen baldin badu, 7 egun balioduneko epean gauzatuko da hura gehienez.

Onuradunak edo haren legezko tutoreak izenpetu behar dute adostasuna ezeztatzeko eskaera, eta, ondorioak izan ditzan, nortasuna egiaztatzeko agiriak edo ordezkatze-agiriak aurkeztu behar dira.

Adostasuna ezeztatzeko eskaerak ez baldin badu aurreko paragrafoan adierazi diren eskakizunetakoren bat, fitxategiaren arduradunak, kautela-neurri moduan, egutegiko 10 egunez blokeatuko du ASNEF Protección fitxategian dagoen informazioa, eta horren berri emango dio interesdunari. Azken horren zuzendu egin beharko ditu eskaerako akatsak.

Interesdunak ez baldin badu adierazitako epean bidaltzen bere eskaera onesteko behar den dokumentazioa, ASNEF Protección fitxategian dagoen informazioa desblokeatuko du fitxategiaren arduradunak. Aldez aurretik emango zaio horren berri interesdunari.

Jasota utziko da interesdunak adostasuna ezeztatu duela, eta, horretarako, ezeztatze horren eskaera gordailatuko da. Segurtasun-neurri egokiak baliatu behar dira gordailatze- edo zaintze-lan hori egiteko.

Ereduzko kode honen XI. eranskin gisa atxikitzen da ASNEF Protección fitxategian datuak ezereztu edo adostasuna ezeztatzeko eskubidea erabiltzeko eredua, eta eskubide horren erabilerari erantzuna emateko eredua XII. eranskinean. Era berean, datuak ezerezteko edo adostasuna ezeztatzeko eskubideari baldintzak zuzentzeko eskatuz erantzuteko eredua atxiki da XII. eranskinean.

13. artikulua.– Datu-hartzaileei informazioa emateko betebeharra.

Fitxategiaren arduradunak, Soluciones Confirma tratamenduaren arduradunaren bidez, onuradunak edo legezko tutoreak erabili nahi duen datuak ezerezteko edo adostasuna ezeztatzeko eskubidearen egokitasuna aztertu ondoren, eskubidea hori erabili baino sei hilabete lehenagoko epean haren datuak kontsultatu dituzten erakunde erabiltzaileen harremanetarako pertsonei jakinaraziko die baja hartu dutela fitxategian, kontsultak egin dituzten erakunde erabiltzaileek haien egungo egoera ezagutu dezan.

ASNEF Protección fitxategiko informazioari baja eman ondorengo hiru egunetan egingo da, gehienez, komunikazio hori.

Bestalde, fitxategiaren arduradunak, aurreko paragrafoan adierazitako epe berean, onuradunaren eskaeraz datuak zuzendu edo aldatu direla jakinaraziko die eskatutako zuzenketa edo aldaketa egin aurreko sei hiletan ASNEF Protección fitxategia kontsultatu duten erakunde erabiltzaileei. Egoera horiek gertatzen direnean, fitxategiaren arduradunak erakunde horiei adieraziko die onuradunak datuen zuzenketa edo aldaketa egitea eskatu duela, eta jakinaraziko die, beharrezkoa baldin bada, onuradunak ASNEF Protección fitxategian dituen datuak kontsultatu behar dituztela.

LAUGARREN KAPITULUA
ERANTZUKIZUNA

14. artikulua.– Fitxategiaren arduradunaren betebeharrak.

Fitxategiaren arduradunak bere kabuz edo tratamenduaren arduradun den Soluciones Confirma sozietatearen bidez hartuko ditu bere gain ereduzko kode honek agintzen dizkion betebeharrak, eta, zehazki, egokitasunez kudeatuko ditu ASNEF Protección fitxategian sartzea eskatzen dutenen datu pertsonalak, eta behar bezala izapidetuko ditu interesdunek erabili nahi dituzten eskubideak, kode honen hirugarren kapituluan adierazten direnak.

Fitxategiaren arduradunak, tratamenduaren arduradun izango den Soluciones Confirma sozietatearen bidez, kode honen 19. artikuluan adierazten diren segurtasun-neurri egokiak jarriko dizkio ASNEF Protección fitxategiari, informazioaren izaera konfidentziala bermatzeko eta informazio horren trafikoa eta erabilera desegokia eragozteko, eta ez du inolako bitartekorik erabiliko fitxategiko informazioa zabaltzeko.

Fitxategiaren arduradunak eragotzi egingo du fitxategian jasotzen den informazioa ereduzko kode honetan adierazten ez diren xedeetarako erabiltzea.

Betetzekoak dituzten betebeharrak jakinaraziko dizkie fitxategiaren arduradunak hirugarren gaituei, baldin eta azken horiek datuak jaso eta grabatzen baldin badituzte ASNEF Protección fitxategian edo onuradunen eskubideen erabileraz artatu behar baldin badute. Horrez gainera, hirugarren gaituek behar bezala bermatu behar dute tratatutako informazioaren konfidentzialtasuna, eta segurtasun-neurri egokiak erantsiko dizkiote informazio hori. Kode honetan tratamenduaren arduradunari agintzen zaizkion betebehar berak bete behar dituzte. Alde horretatik, fitxategiaren arduradunak eta hirugarren gaituek kontratu bat izenpetuko dute, eta kontratu horretan idatziz jasoko da, argi eta zehatz adierazita, atal honetan ezarri diren alderdi guztiak, behar bezala betetzeko DPBLko 12. artikuluak eta DPBEko 20. artikulutik 22 artikulurako xedapenek agintzen dutena.

Fitxategiaren arduradunak jendearentzat eskuragarri izango honako hauei buruzko informazio eguneratua: erakunde erabiltzaileak, hirugarren gaituak, ereduzko kode honen edukia, atxikitze-prozedurak eta kodea betetzeko bermeak. Hemen izango da eskuragarri informazio hori: www.asnefproteccion.es

Fitxategiaren arduradunak urteko memoria bat bidaliko dio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta, memoria horretan, zehaztuko da ea zer jarduera egin diren ereduzko kodearen berri zabaltzeko eta kode horretara jende gehiago erakartzeko; zer egin duten kodea bete ote den egiaztatzeko eta egiaztapen-lan horren emaitzak; izapideturiko kexak eta erreklamazioak eta zein bide jarraitu duten. Era berean, nabarmendu beharrekoa irizten den beste edozein alderdi adieraziko da memoria horretan.

Fitxategiaren arduradunaren egitekoa izango da aldiro ebaluatzea kode honen efikazia, eta, horretarako, erakunde erabiltzaileen eta ukitutako pertsonen asebetetze-maila neurtuko du, eta, beharrezkoa baldin bada, haren edukia eguneratuko du, datuen babeserako araubidera egokitzeko. Lau urtean behin egingo da ebaluazio hori, salbu eta epe laburragoren batean aldatzen baldin bada betetzekoa den araubidea.

Fitxategiaren arduradunaren egitekoa izango da pertsona guztiak ereduzko kode honi buruz eskuragarri dagoen informaziora irits daitezen laguntzea. Orri honetatik irits daiteke: www.asnefproteccion.es

Fitxategiaren arduradunaren egitekoetako bat da ziurtatzea kontrol-batzordeak behar bezala funtzionatzen duela –kode honen 24. artikuluan zehazten dira hura eratzeko modua eta haren eginkizunak–, eta, zehazki, bermatu behar du batzorde hori behar bezala eratu dela eta bete egiten dituela kode honek ebazpenak emateko arautzen dituen epeak.

Fitxategiaren arduradunaren egitekoa izango da datuen babesaren alorreko prestakuntza-ekintzak egitea, kode honen jarduerarekin lotutako pertsona guztientzat. Prestakuntza-ekintza horiek eragin berezia izango dute ukitutako pertsonekin harremanetan dauden pertsonei zuzentzen zaizkienean. Prestakuntza-ekintza horiek egiteko, kanpo-erakundeen laguntza eska dezake fitxategiaren arduradunak. Ekintza hauek egingo dira, kodearen bilakaerari erreparatuta finka daitezkeen ekintzez gain:

E-posta bidezko prestakuntza-ekintza aldirokoak – Fitxategiaren arduradunak aldiro bidaliko ditu, hiru hiletik gorakoa izango ez den maiztasunez, kodearen jarduerari buruzko prestakuntza-komunikazioak. Datuen babeseko berariazko prestakuntza-komunikazioak jasoko dira horien artean.

Datuen babesari buruzko urteko jardunaldiak, arreta berezia jarrita ASNEF Protección fitxategiaren jarduerari, Ezaugarri hauek izan ditzakete:

– datuen babesaren gai-alorrean prestigio aitortu izan eta bost urtetik gorako esperientzia duten pertsonek emandakoak izan daitezke,

– edo web-bidezko auto-prestakuntzako jardunaldiak izan daitezke, ereduzko kodearen ulermena hobetzeko xedea izango dutenak.

15. artikulua.– Fitxategiaren erakunde erabiltzaileen betebeharrak.

Onuradunei banakako arreta emateko konpromisoa hartzen dute erakunde erabiltzaileek, eta haiek identifikatzeko neurri gehigarriak hartuko dituzte, langile espezializatuen bidez, haien interesak babesteko. Konpromiso horrek ez du kosturik izango onuradunarentzat, konfidentzialtasunaren bermea eta epe laburrak ezarriko dira, arrazoirik gabeko berandutzarik gabe.

Erakunde erabiltzaileek beraien gain hartzen dute ASNEF Protección fitxategia kontsultatzeko konpromisoa, ereduzko kode honen helburuak eta xedeak betetzeko beharrezkoa den egoera guztietan.

Erakunde erabiltzaileek beren gain hartzen dute kontrol-batzordeari laguntza osoa emateko konpromisoa kode honen organo ikuskatzailea den aldetik, bai ASNEF Protección fitxategiaren funtzionamendu zuzena zaintzeko, bai onuradunen babes osoa bermatzeko.

Era berean, erakunde horien egitekoa izango da ASNEF Protección fitxategiak dituen datuen konfidentzialtasunari eustea eta haiei erabilera ona ematea; horretarako, kode honek arautzen dituen xedapenak bete behar dituzte, ez dute informazioaren trafikorik edo erabilera ezegokirik egin behar eta beraien gain hartu behar dute fitxategiko informazioa ezein bidetatik zabaltzeko konpromisoa.

Era berean, erakunde erabiltzaileak eragotzi egingo du fitxategian jasotzen den informazioa ereduzko kode honetan adierazten ez diren xedeetarako erabiltzea.

Erakunde erabiltzailearen egitekoa izango da haren antolamenduaren baitan pertsonak modu egokian izendatzea, kode hau behar bezala beteko dela zaintzeko. Hori horrela, kodearen 19. artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde erabiltzaileek solaskideen edo haiek izendatutako pertsonen konfidentzialtasuna, egitekoak eta betebeharrak adieraziko dituzte beraien segurtasun-agirian.

16. artikulua.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.

ASNEF eta erakunde erabiltzaileen artean izenpetutako kontratuen bidez ezarritako betebeharrak izango ditu tratamenduaren arduradunak.

Zehazki, eta ereduzko kode honen 3.2 artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, kudeaketa informatiko egokiaren ardura izango du eta informatika zerbitzuak emango direla eta DPBLO eta DPBLOE arauen xedapenak –bereziki, fitxategian ageri diren pertsona fisikoen banako eskubideei dagozkienak– beteko direla bermatzeko jardueren arduradun izango da, eta jarduera horien artean izango dira kontrol egokiak egitea eta kudeatzea, fitxategiaren erabilera ezegokirik ez dela egingo eta DPBLOE arauak ezartzen dituen segurtasun-neurriak beteko direla bermatzeko.

Alde horretatik, ASNEF elkarteak emandako jarraibideen arabera jardungo du Soluciones Confirma sozietateak, eta bere gain hartzen du fitxategian tratatzen diren datu pertsonalen gaineko konfidentzialtasun osoa gordetzeko konpromisoa. Halaber, Soluciones Confirma sozietateak ez du erabiliko informazioa kontratuak eta ereduzko kode honek agintzen duten xedeetatik aparte, eta erantzule zuzena izango da kontratua urratzeagatik modu pertsonalean egiten dituen arau-urratzeetan.

BOSGARREN KAPITULUA
FUNTZIONAMENDU-ARAUAK

17. artikulua.– Fitxategiko datuak.

ASNEF Protección fitxategiak ez ditu inoiz ere hartu eta tratatuko 15/1999 Lege Organikoaren 7. eta 8. artikuluek arautzen dituzten babes bereziko datuak. Datu hauek izango ditu ASNEF Protección fitxategiak:

Fitxategiaren onuradunaren datuak. Auto-barneratzeko datu derrigorrezkoak.

Izen-abizenak; onuradunaren NAN, IFZ, pasaportea, AIZ, identifikatzailearen jaulkitze-data (informazio hori eskura duenean), jaiotze-data, harremanetarako helbide osoa (helbidea, herria/probintzia, posta-kodea) eta harremanetarako telefono-zenbakiak (finkoa, mugikorra eta lanekoa).

Fitxategiaren onuradunaren beste datu batzuk. Aukerako datuak.

Harremanetarako bigarren helbide osoa (helbidea, herria/probintzia, posta-kodea), posta elektronikoko helbidea (emaila), kontu korrontearen zenbakia, harremanetarako bigarren eta hirugarren telefono-zenbakiak, Gizarte Segurantzako zenbakia, galdu edo lapurtutako data (informazio hori emango da baldin eta datua barneratzeko arrazoia Galdua/Lapurtua dagoela baldin bada).

Tutorearen edo legezko ordezkariaren datuak. Nahitaezko datuak legezko ordezkari bidez auto-barneratzeko.

Izen-abizenak edo sozietate-izena; NAN/IFZ, harremanetarako helbide osoa (helbidea, herria/probintzia, posta-kodea) eta harremanetarako telefono-zenbakiak (finkoa eta mugikorra).

Datuak barneratzearen arrazoiaren identifikazioa derrigorrezko eremua da, eta aukera hauek izango ditu onuradunak hura betetzeko:

Galdua/ Lapurtua: NAN / Pasaportea Galdua edo Lapurtua.

Ordeztua: Nortasunaren ordezteak eragoztea.

Adingabekoa: Adingabekoaren interesak babestea.

Ezgaitua: Ezgaituaren interesak babestea.

Banantzea: Banantze-prozesuan diren ezkontideen interesak babestea.

IFZ berezia: IFZ berezien erabilera eragoztea.

Bikoizketa: NAN bikoiztu bat izatea.

Bestelako arrazoiak: onuradunak ez du arrazoirik zehaztuko. Aukera hau adieraziko da onuradunak arrazoirik adierazten ez baldin badu.

Erakunde erabiltzailearen datuak: erakundearen izena, erakundearen kodea, erakundearen jarduera.

Hirugarren gaituaren datuak: erakundearen izena, erakundearen kodea, jarduera.

Kudeaketari laguntzeko datuak: Auto-barneratzeko eskaeraren harrera-data, aldaketa-data eta kanporatze-data.

18. artikulua.– Kontsulta-prozesua.

ASNEF Protección fitxategia kontsultatzea ez da inoiz ere arrazoirik gabeko berandutzarako arrazoia izango, titularrak eskatutako eragiketa onartu edo ezetsi behar den garaian.

Bere baitako antolamendua eragiketa bat eskatzen den guztietan kontsultatuko du erakunde erabiltzaileak ASNEF Protección fitxategiko informazioa.

Erakunde erabiltzaileek fitxategia kontsultatzen dutenean, onuradunak emandako informazioaren identifikatze-lana egitera mugatuko da, konfidentzialtasun-bermeak hartuta eta interesdunen intimitatea guztiz errespetatuta.

Langile gaitu eta espezializatuek egingo dute kontsulta hori. Fitxategiaren arduradunak alerta-sistema bat jarriko du langile gaitu eta espezializatu horiek kontsultak egin ditzaten. Alerta-sistemak abisu bat bidaliko du erakunde erabiltzaileak haren antolakundearen baitan izendatutako pertsonen terminal edo plataformara, informazioa kontsulta dezaten. ASNEF Protección fitxategiko informazioa kontsultatzeko aukera izango dute pertsona horiek, egindako eskaera izapidetzeko interesa duen eskatzailearen nortasuna konprobatu eta egiaztatzeko, eta ahalik eta eperik laburrenean igorriko dute eskatutako eragiketari dagokion erantzuna. Eskatutako eragiketa aztertze-gasean dagoela soilik jakingo dute erakunde erabiltzaileko gainerako langileen erakunde horren terminalaren edo teknologia-plataformaren bidez.

Interesdunen batek eragiketaren bat egiteko eskatu baldin badio, adierazitako moduak baliatuz kontsulta dezake erakunde erabiltzaileak ASNEF Protección fitxategia, NAN, IFZ, pasaportea edo AIZ zenbakiak baliatuta.

Egindako kontsultei erantzuteko, onuradunaren identifikazio egokia bermatzeko mekanismoak abiaraziko dituzte erakunde erabiltzaileek, eta langile espezializatuek emandako banakako arretaren bidez.

ASNEF Protección fitxategiko informazioak ez du balorazio pertsonalik jasoko.

19. artikulua.– Fitxategiaren segurtasuna.

ASNEF Protección fitxategiak segurtasun-sistema bat du ezarria, 15/1999 Lege Organikoari eta haren garapeneko araubideari, DPBLOE arauari, egokitua.

Alde horretatik, ASNEF Protección fitxategiak onuradunek emandako datuak tratatzen dituela aintzat hartuta, DPBLOE arauak fitxategiei eta tratamendu automatizatu eta ez automatizatuentzat arautzen dituen maila ertaineko segurtasun-neurriak hartzea erabaki du, segurtasun-neurri egokiak bermatzeko.

Horrez gainera, neurri hauek bermatuko ditu fitxategiaren arduradunak:

Baimendutako sarbideak jasoko dira sisteman. Sarbide horien eguna, ordua eta sarbidea izan duen erakundea jasoko dira. Era berean, ezetsiak izan diren sarbide-saiakerak erregistratuko dira. Urtebetez gordeko da informazio hori.

Hirugarren gaituen eta fitxategiaren arduradunaren nahiz tratamenduaren arduradunaren artean informazioa trukatzean edo informazio-euskarriak banatzean, zifratu egingo dira haietan jasotzen diren datu pertsonalak, edo, horrela egiten ez bada, bestelako mekanismoren bat erabiliko da, behar bezala ziurtatzeko informazio hori ez dela ulergarria izango eta igorpenetan ez dela manipulatuko.

ASNEF elkarteak, edo, tratamenduaren arduradun den aldetik, Soluciones Confirma sozietateak sektore-txostenak edo estatistikarako soilik erabili behar baldin badute fitxategiko informazioa, disoziatuta aurkeztuko da informazio hori, ezinezkoa izan dadin onuradunekiko loturarik egitea.

ASNEF Protección fitxategiko datuen segurtasuna bermatzeko erabili dituzten bitartekoei buruzko kapitulu berariazko bat jasoko dute erakunde erabiltzaileek haien segurtasun-agirian. Tratamendu automatizatuetan eta ez automatizatuetan erabilitako bitartekoak jasoko dira, eta bereziki jasoko dira solaskideen edo erakundeak izendatutako pertsonen konfidentzialtasunaren, funtzioen eta betebeharren gainekoak.

20. artikulua.– Datuen iraupena fitxategian.

Kode honen xedapenetan adierazten den m moduan, fitxategiaren onuradunak berak erabakiko du zer denboran iraungo duten haren datuek ASNEF Protección fitxategian. Alde horretatik, onuradunak aukeran izango du bere datuak 6 hilabete edo 2 urteko epea igaro ondoren kanporatzeko erabakia hartzea bere datuak auto-barneratzea eskatzen duen unean edo, gerora, adostasuna ezeztatzeko eskubidea erabiliz kode honen 12. artikuluan arautzen duen moduan. Onuradunaren beste aukera bat izango da haren datuak denbora-epe mugagabe batez barneratzea.

Fitxategian irauteko denbora-aukerarik adierazten ez baldin badu, interesdunak datuak denbora mugagabez barneratzea erabaki duela ulertuko da. Fitxategiaren arduradunak horren berri emango dio interesdunari auto-barneratzeko ereduan.

Onuradunak, edozein unetan, bere datuak tratatzeko adostasuna ezereztea edo ezeztatzea eska dezake, arrazoi justifikaturik gabe. Doakoa eta atzera eraginik gabea izango da eragiketa hori, kode honen 12. artikuluan arautzen den moduan.

SEIGARREN KAPITULUA
PUBLIZITATEA ETA ZABALKUNDEA. ASNEF PROTECCIÓN KONFIANTZA-BEREIZGARRIA

21. artikulua.– Ereduzko kodearen publizitatea.

21.1 artikulua.– Fitxategiaren arduradunak eta hirugarren gaituek zabaltzea.

Fitxategiaren arduradunak, ASNEF elkarteak, eta tratamenduaren arduradunak, Soluciones Confirma sozietateak, ereduzko kode honen kontsultarako ale bat emango die hura eskatzen duten onuradun eta interesdunei. Horretarako, doan jarriko du haren web-orrian ereduzko kode honen eduki oso eta eguneratua.

Halaber, fitxategiaren arduradunak auto-barneratzeko formularioetan jakinaraziko du kode honen doako kopia bat dagoela Interneten, berariaz prestatutako web-orrietan.

Ereduzko kodeak ASNEF Protección elkarteak Interneten duen web-orrian zer kokapen duen jakinaraziko dute hirugarren gaituek, eta, posible den guztietan, ASNEF Protección elkartearen web-orrirako esteka bat jarriko dute.

21.2 artikulua.– Erakunde erabiltzaileek zabaltzea.

Ereduzko koderako sarbidea eman behar diete erakunde erabiltzaileek onuradunei eta interesdunei. Hura kontsultatzeko aukera emango diete, bai paper formatuan, bai haien web-orrian, bai esteka bat ezarrita ereduzko kodearen edukia ikusteko ASNEF Protección elkartearen web-orrian.

Doakoa izango da beti sarbide hori.

22. artikulua.– ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria.

22.1 artikulua.– Xedea.

ASNEF Protección konfiantza-bereizgarriak aditzera ematen du erakunde erabiltzaileak ereduzko kode honi atxikitzen zaizkiola eta hartan parte hartzen dutela. Kode honetako arauak betetzearekin lotuko dira, hertsiki, bereizgarriak eman, kendu edo galtzeko egoerak.

ASNEF Protección konfiantza-bereizgarriak erakusle-lana egin nahi du onuradunentzat edo haien legezko tutoreentzat, haien nortasuna edo ondare ekonomikoa babesteko berme edo neurri gehigarriak hartu dituzten erakundeak identifikatu eta ezagutu ditzaten. Horrez gainera, tresna eraginkorra gertatzen zaie onuradunei, haien eskubide eta datu pertsonalak babesteko berme handiak ematen dituzten erakundeak bereizi eta hautatzeko.

22.2 artikulua.– Lorpena.

Kode honetara borondatez atxikitzen diren erakunde erabiltzaile guztiek erabil dezakete «ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria», ASNEF Protección fitxategian parte hartzen dutenaren eta fitxategiaren ereduzko kodearen helburuak eta xedeak betetzen dituztenaren bermea eta ikurra den aldetik.

Erabiltzaileek borondatezkoa dute bereizgarri hori erabiltzea, baina, erabiliz gero, kodeko eta artikulu honetako xedapenak bete behar dituzte.

Kode honetara atxikita dauden denboran erabiliko dute ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria hura erabiltzea erabakitzen duten erakunde erabiltzaileek. Horrenbestez, erakunde erabiltzaileak behin-behineko izaeraz edo behin betirako erabakitzen baldin badu atxikita izateari uztea, modu automatikoan galduko du bereizgarria erabiltzeko eskubidea eta, berehala, une horretatik aurrera, bereizgarria kendu behar du euskarri guztietatik, bai paperezkoetatik, bai automatizatuetatik.

ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria erabiltzeko, idatzizko eskaera bat aurkeztu behar dio erakunde erabiltzaileak fitxategiaren arduradunari. Artikulu honetako xedapenak ezagutzen dituela eta haiek betetzeko konpromiso fidela hartzen duela adierazi behar du eskaera horretan.

Bereizgarria erabiltzeko eskubidea galduko da baldin eta kode honen 25. artikuluak, zehapen-araubideari buruzkoak, adierazitako egoeraren batean gertatzen baldin bada.

22.3 artikulua.– ASNEF Protección konfiantza-bereizgarrira atxikitako erakundeen zerrenda zabaltzea.

ASNEF Protección fitxategiaren konfiantza-bereizgarria erabiltzen duten erakunde erabiltzaileen zerrenda argitaratu eta onuradunen eta interesdunen eskura jarriko du fitxategiaren arduradunak, uneoro eta eguneratuta, haren web-orrian.

Erakunde erabiltzaileek esteka bat jarri behar dute kodearen edukira jotzeko ASNEF Protección web-orrian, eta ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria erabiltzen duten erakunde erabiltzaileen zerrendara joateko aukera emango dute.

22.4 artikulua.– Erabilera-modalitateak.

Interes orokorrekoa da ASNEF Protección bereizgarria ahalik eta gehien zabaltzea, eragiketak konfiantza osoz egiteko aukera ematen dieten erakundeak identifika ditzaten fitxategiaren onuradunek.

Erakunde erabiltzaileek konfiantza-bereizgarri hori jar dezakete orri elektronikoetan, inprimakietan, aurkezpen-gutunetan, jendaurrean jartzen diren kartel eta paneletan, informazio edo publizitateko esku-orrietan edo kontsumitzaileei zuzendutako gainerako agirietan.

Erakunde erabiltzaileak ezin du ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria erabili haren berezko marka baten modua.

22.5 artikulua.– ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria erabiltzeko arauak betetzen direla kontrolatzea.

ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria erabiltzen duten erakunde erabiltzaileen berrikuspen sistematikoak eta ausazkoak egiteko programa bat sortuko du kontrol-batzordeak, kode honek agintzen dituen arauak betetzen direla egiaztatzeko.

Ereduzko kode honen neurrien egokitasuna eta haren xedapenak betetzen ote diren adierazi behar dute berrikuspen-txostenek, eta egiten dituzten adierazpenen oinarri diren gertakariak eta oharrak azaldu behar dituzte.

Berrikuspen-txostenaren emaitzei erreparatu ondoren, kontrol-batzordeak egiaztatzen baldin badu kode hau urratu dela, kode honen 25. artikuluak, zehapen-araubideari buruzkoak, arautzen duena beteko du, gertakarien larritasunari begiratuta.

Onuradunek eta interesdunek erreklamazioak egin ditzakete kontrol-batzordean, baldin eta uste badute enpresaren erabiltzaileren batek kode honen arauren bat urratu duela. Kode honen 8. artikuluak arautzen duen epean ebatziko da erreklamazioa, eta ebazpen horrek nahitaez jaso behar du erakunde erabiltzaileak ASNEF Protección konfiantza-bereizgarriaz egiten duen erabileraren egokitasunari buruzko ebazpen bat.

Kode honen XIV. eranskinean jaso da kontrol-batzordean erreklamazioak egiteko eredua.

22.6 artikulua.– «ASNEF Protección konfiantza-bereizgarriaren» ikurra.

(Ikus .PDF)

Egitura grafikoa: ASNEF elkartearen bereizgarriak betidanik duen irudiari eusten dio logoak, eta hiruki berdearen forma du, atzealde zuriaren gainean. Barrualdean «Asnef Protección» konfiantza-bereizgarriaren izena ikusten da, eta haren gainean giltzarrapo zuri baten ikonoa ageri da.

Testua: ASNEF Protección logoaren azpian, testu hau ageri da: «Protección de la identidad»

Tipografia: ASNEF Protección logoak «Franklin Gothic Demi» letra darabil, 62pt eta 32pt tamainakoa, eta «Protección de la identidad» testuak «Franklin Gothic Demi Cond» letra darama, 26pt tamainan.

Koloreak: #FFFFFF eta #007449 (zuria eta berdea, hurrenez hurren).

ZAZPIGARREN KAPITULUA
KODE-ARAUAK BETETZEN DIRELA KONTROLATZEA

23. artikulua.– Solaskideen eta erakunde erabiltzaileek izendatutako langileen izendapena, eginkizunak eta betebeharrak.

23.1 artikulua.– Izendapena.

Fitxategiaren erakunde erabiltzaileek, ereduzko kode honetara atxikitzen baldin badira, pertsona bat edo batzuk izendatu behar dituzte solaskide-lanak egiteko haien erakundeetan. Koordinazio-lanak egingo dituzte pertsona horiek erakunde erabiltzailearen eta fitxategiaren arduradunaren, tratamenduaren arduradunaren, kontrol-batzordearen eta fitxategiaren onuradunen artean.

Espezializazio-irizpideak erabili behar dira solaskideak izendatzeko. Intimitatea errespetu eta prestutasun handiz gorde behar dute, eta haien erakundeetan ereduzko kode honek agintzen dituen xedapenak betetzen direla zaindu behar dute. Sekretu-betebehar egokia betetzeko konpromisoa izan behar dute.

Erakunde erabiltzaileak ASNEF Protección fitxategirako sarbidea izateko izenpetzen duen kontratuaren eranskin batean izendatu behar dira solaskideak, funtzioen eta prozesuen koordinazioa eta erakunde erabiltzailearekiko komunikazioak koordinatzeko.

Hori horrela, kodearen 15. artikuluak eta 19. artikuluak arautzen dutena aintzat hartuta, erakunde erabiltzaileek solaskideen edo haiek izendatutako pertsonen konfidentzialtasuna, egitekoak eta betebeharrak adieraziko dituzte beraien segurtasun-agiriko berariazko kapitulu batean.

23.2 artikulua.– Eginkizunak eta betebeharrak.

Hauek dira solaskide edo koordinatzaileen eginkizunak eta betebeharrak:

Ahalik eta lasterren ebaztea ereduzko kode honek sortutako sistemak adierazten dituen eragiketak. Onuradunarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, erakundearen haren eragiketa-eskaerarekiko hartu duen erabakia jakinarazteko.

Prestutasun handienaz bermatzea onuradunak identifikatzeko neurri gehigarriak ezarri eta betetzen direla, haien intimitatea behar bezala errespetatuz.

Haiek ez daudenean haien eginkizunak beteko dituzten pertsonak izendatzea.

Kontrol-batzordeari laguntzea eta batzorde horrek berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar duen informazioa ematea.

24. artikulua.– Kontrol Batzordea.

24.1 artikulua.– Eratzea.

ASNEF Protección fitxategian abian jarri baino lehen, egin beharrekoak diren izapideak eta probak amaitu ondoren, kontrol-batzordea eratuko da formalki, ikuskatze-organotzat jardun dezan kode hau betetzen dela bermatze aldera.

Erakunde erabiltzaileekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak. ASNEF elkarteko 2 ordezkari izango ditu batzordeak, Soluciones Confirma ordezkari 1 eta fitxategiaren erakunde erabiltzaileek izendatutako pertsonen artean hautatutako 3 ordezkari. Kontrol-batzordeko buru jardungo duen pertsona izendatuko du ASNEF elkarteak bere ordezkarien artean.

ASNEF elkartearen gobernu-batzordeak eta Soluciones Confirma sozietatearen administrazio-kontseiluak izendatuko dute haiei dagokien ordezkaritza, eta haiek erabakiko dute nork ordezkatuko dituzten ordezkariak, haiek falta direnerako.

Ereduzko kode honi lehen eperako atxikitzen diren lehen hiru erakundeek izendatuko dituzte erakunde erabiltzaileen ordezkariak eta haiek falta direnean ordeztu behar dituzten pertsonak. Hurrengo epeetan, aurreko bi urteetan fitxategian kontsulta gehien egin dituzten hiru erakunde erabiltzaileek izendatuko dituzte ordezkari horiek. Fitxategiaren arduradunak erakunde erabiltzaileei jakinaraziko die izendapen hori, erakunde erabiltzaileek arduradunari jakinaraz diezaioten, 10 eguneko gehienezko epean, haien ordezkariak eta ordezkoak.

Kontrol-batzordeko kideek bi urteko mandatu-aldia izango dute, eta berriro hautatuak izan daitezke iraupen bereko epeetarako.

Batzordeko buruaren botoa erabakigarria izango da berdinketarik gertatzen baldin bada erabakiak hartzerakoan.

24.2 artikulua.– Eskumenak eta eginkizunak.

Eskumen hauek ditu kontrol-batzordeak:

ASNEF Protección fitxategia behar bezala erabiltzen dela eta ereduzko kode honetako xedapenak betetzen direla zaintzea.

Fitxategia behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea eta haiek erakunde erabiltzaileei jakinaraztea.

Erakunde erabiltzaileen eta hirugarren gaituen funtzionamendu-arauak eta datuen transmisiorako arauak betetzen direla kontrolatzea eta onuradunek baliatzen dituzten eskubideei dagozkien informazio-eskakizunak zaintzea.

Zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko informazioa eta zerbitzuaren akatsak nahiz haren gaineko zalantzak eta iradokizunak jasotzea erakunde erabiltzaileengandik, fitxategia hobetzeko helburuz, baldin eta hori posible baldin bada.

Onuradunaren eskaerari erantzunez, haren eta erakunde erabiltzailearen artean sor daitezkeen auziak eta erabiltzailearen eta fitxategiaren arduradunaren artean sor daitezkeenak erabakitzea kode honen 26. artikuluak arautzen dituen jarraibideak eta epeak betez, eta onuradunari jakinaraztea erabaki hori.

Berrikuspen sistematiko eta ausazkoen programa bat egitea, gutxienez urtebeteko aldizkakotasuna izango duena, ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria darabilten erakunde erabiltzaileekin, kode honetan adierazten diren arauak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Erakunde erabiltzaileek ereduzko kode hau urratzen dutenean egiten dituzten arau-urratzeei dagozkien kalifikazio-txostenak eta zehapen-proposamenak bidaltzea fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari. Gobernu-batzordeak, erabakia hartu ondoren, erabaki horren berri emango dio erakunde erabiltzailearen arduradunari.

Arrazoitutako txostenak bidaltzea fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari, erakunde erabiltzaileen kanporatzea proposatzeko, baldintza tekniko edo datuen segurtasun-baldintza egokirik ez dutelako. Gobernu-batzordeak, erabakia hartu ondoren, erabaki horren berri emango dio erakunde erabiltzailearen arduradunari.

Txostenak bidaltzea fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari, ereduzko kode honetan egin behar diren aldaketak edo egokitzapenak erabaki ditzan. Gobernu-batzordeak hartuko ditu ereduzko kode hau aldatu edo egokitzeko erabakiak, erabaki horiek beteko ditu eta ASNEF Protección fitxategiaren erakunde erabiltzaileei jakinaraziko dizkie erabaki horiek.

Erakunde erabiltzaileek ASNEF Protección fitxategian izango duten partaidetzaren aurretiazko azterketa egitea. Fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari bidaltzea fitxategian parte hartzeko eskaera egin duten erakundeak ez onartzeko erabakiak, baldin eta erakunde horiek ez badute haren helburuak eta xedeak betetzeko ekarpenik egiten. Fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeak hartuko ditu ez onartzeko erabakiak. Fitxategiaren arduradunak idatziz eta arrazoiak azalduz jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari ez zaiola ASNEF Protección fitxategian parte hartzen utziko.

Datuen Babeserako Espainiako Agentziarekin lan egitea eta hari laguntzea, hau da, haren eginkizunak betetzeko eskatzen dituen informazioak eta dokumentazioa ematea, ikuskapen-lanak erraztea fitxategiaren arduradunaren esparruan eta erakunde erabiltzaileen esparruan, eta haren eskura jartzea kode honen 25. artikulua betez erakunde erabiltzaileei ezarritako zehapenak eta haiei dagozkien espedienteetako dokumentazioa.

25. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Fitxategiko arauak urratu direla ageri den egoera guztietan esku hartuko du kontrol-batzordeak, alderdiren batek horrela eskatuta edo ofizioz jardunda. Aldeak entzun eta kontrajartzeko printzipioak beteko ditu kontrol-batzordeak haren jardunean, eta espedientea abiarazi duten gertakarien ikerketa bukatu ondorengo bi hileko epean ebatziko du gehienez.

Ikerketak egiteko, egoki irizten dituen bitartekoak balia ditzake kontrol-batzordeak, eta informazioa eskatuko die erakunde erabiltzaileei. Horrez gainera, egoki iritzitako jarraipenak egin ditzake, fitxategia behar bezala erabiltzen dela zaintzeko.

Kontrol-batzordeari laguntzeko betebeharra dute espedientearen eraginpeko erakunde erabiltzaileek.

Kontrol-batzordearen egitekoa da fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeari bidaltzea erakunde erabiltzailek egin dituzten urratzeen kalifikazioa eta zehapen-proposamena edo, kasuan kasu, largeste-proposamena jasoko duten txostenak.

Fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeak erabakiko du zer zehapen ezarriko diren, eta, haiek behar bezala arrazoituta, dagokion erakunde erabiltzailearen arduradunari igorriko zaio erabakia. Gobernu-batzordean ordezkaria duen erakunde erabiltzaile bati eragiten baldin badio espedienteak, erakunde horren ordezkariak ez du botorik emango espediente hori ebazteko bozketan.

Artikulu honek arautzen duen zehapen-araubidea betetzekoa izanda, betetzekoa izango da, era berean, 15/1999 Lege Organikoak, hura garatzeko arauek eta harekin bat datozen arauek Datuen Babeserako Espainiako Agentziari ematen dioten zehapen-eskumena.

25.1 artikulua.– Arau-hauste arinak.

Erakundea arrazoirik gabe berandutzea onuradunak eskatu duen eragiketari dagokion erantzuna ematean.

Koordinatzailea edo solaskidea ez izendatzea eta hura falta den denboran haren ordezkorik ez izatea.

Onuradunek eskatutako eragiketa-eskaeren arreta pertsonalizaturik ez egitea.

Arau-hauste arinen bat eginez gero, ohartarazpen bat egingo zaio erakunde erabiltzaileari, arau-haustea egiteari utz diezaion. Horrez gainera, esango zaio zer epetan berrezarri behar dituen prozedurak eta prozesuak, arau-hausterik berriro ez egiteko beharrezkoak diren kontrol egokiak ezartzeko. Kontrol-batzordeak edozein unetan eska diezaioke informazio erakunde erabiltzaileari, eta egoki irizten dituen jarraipenak egin ditzake, fitxategia behar bezala erabiltzen dela bermatzeko.

25.2 artikulua.– Arau-hauste larriak.

ASNEF Protección fitxategiko informazioa ez kontsultatzea.

Fitxategian sartzean ez hartzea DPBLOE arauak agintzen dituen segurtasun-neurrian.

Onuradunek fitxategian sartutako informazioa identifikatu eta kautotzeko neurri gehigarriak ez hartzea.

Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Fitxategia sei hilera bitarteko epe batean erabiltzeari uzteko zehapena ezarriko zaie arau-hauste larriei. Etendura-denbora horretan, behin-behineko izaeraz kenduko zaio erakundeari ASNEF Protección konfiantza-bereizgarriak eta behin-behineko izaeraz kanporatua izango da ereduzko kodetik. Denbora-epe hori luzatzeko erabakia hartu dezake gobernu-batzordeak, baina baita hura laburtzeko erabakia ere, baldin eta horretarako arrazoia ikusten baldin badu erakunde erabiltzaileak arau-hausteak berriro ez egiteko ezarri dituen neurriei erreparatuta edo kontrol-batzordeak egindako jarraipenaren emaitzei begiratuta.

25.3 artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

Kode honek araututakoez bestelako helburu baterako erabiltzea datuak.

Fitxategikoak ez diren hirugarrenei ematea fitxategiko datuak.

ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria maulaz eta iruzurrez erabiltzea.

Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Bi urtez fitxategian baja emango zaie arau-hauste oso larriak egiten dituztenei. Fitxategian baja hartuz gero, behin betiko kenduko da ASNEF Protección konfiantza-bereizgarria eta behin betiko kanporatuko da kode honetatik.

25.4 artikulua.– Preskribatzea.

Arau-hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatuko dira; larriak bi urteren buruan, eta arinak urtebetera.

Preskripzio-epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da.

26. artikulua.– Erreklamazioak kontrol-batzordeari.

Onuraduna edozein unetan zuzendu dakioke kontrol-batzordeari, idatziz eta bere nortasuna egiaztatuta, onuradun horren eta erakunde erabiltzaileen edo fitxategiaren arduradunaren artean sortutako auziak ebatz ditzan. Hala ere, kode honek arautzen dituen eskubideak erabiltzeko aukerari eutsiko dio beti onuradun horrek.

Kode honen XIV. eranskinean jaso da kontrol-batzordean erreklamazioak egiteko eredua.

Erreklamazio horiek tramitatzean, erreklamazio hori hartu duela adieraziko du kontrol-batzordeak. Azken horrek dokumentazioa eska diezaioke onuradunari, gertakariak egiaztatu edo haien gaineko informazioa zabaltzeko.

Kontrol-batzordeak erakunde erabiltzaileari eta/edo fitxategiaren arduradunari igorriko die jasotako informazioa eta eskuratutako dokumentazioa, alegazioak aurkeztu eta informazioa eman dezaten, gehienez ere 10 egun balioduneko epean.

Jasotako informazioari eta dokumentazioari erreparatu ondoren, erreklamazioa ebatziko du kontrol-batzordeak, hari dagokion erantzuna emango du eta alderdi interesdunei jakinaraziko die hilabeteko gehienezko epe batean, onuradunaren erreklamazioa jaso zuen egunetik kontatzen hasita.

Erreklamazioa tramitatzean agerian geratu baldin bada fitxategiko arauak edo ereduzko kode honetako xedapenak urratu direla, aurreko artikuluan azaldu den zehapen-araubidea beteko du kontrol-batzordeak.

27. artikulua.– Erakunde erabiltzaileen baja.

Erakunde erabiltzaileek fitxategian baja hartzeko erabakia har dezakete euren kabuz. Baja hartzeko, idatzizko komunikazio bat igorri behar dio erakundeko pertsona baimendu batek ASNEF Protección fitxategiaren arduradunari.

Fitxategiaren arduradunaren gobernu-batzordeak, aurreko artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, ofizioz izapidetu ditzake, kode honek ematen dizkion eskumenetan oinarrituta, erakunde erabiltzaileen bajak.

AZKEN XEDAPENAK.– Ereduzko kodearen iraupena, indarrean jartzea eta haren abantailen laburpena.

Ereduzko kode hau Datuak Babesteko Erregistro Nagusian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iraupen mugagabea izango du kode honek, baina fitxategiaren izaerak edo lege-aginduek bultzatuta, aldatu egin daiteke, hura eguneratu edo egokitzeko. Kode honen 24.2 artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuta, kontrol-batzordeak egingo ditu egoera horietan egin beharreko aldaketak, eta Datuen Babeserako Espainiako Agentziari jakinaraziko dizkio aldaketa horiek, hark onar ditzan.

Horrez gainera, erakunde erabiltzaile guztiei jakinaraziko zaizkie ereduzko kode honi egiten zaizkion aldaketa guztiak. Erakundean aldaketak onartzen eta bereganatzen dituela ulertuko da, baldin eta jakinarazpen hori jaso ondorengo 15 epean ez baldin badu haien kontrako borondaterik adierazten.

Azkenik, erakunde erabiltzaileak ASNEF Protección fitxategian parte hartzearen eta ereduzko kode honi atxikitzearen abantailak nabarmenduko dira, datu pertsonal leialak eta indarreko legedia betetzen dutenak tratatuko direla bermatzen duten aldetik:

Pertsonen ondare ekonomikoa babesten da beren buruak fitxategi horretan sartzea eskatzean, eta prebentzio-kontrolak ezartzen dira, ondare hori zamatu edo kaltetu dezaketen jokabiderik gerta ez dadin.

Interes publikoak sustatzen dira, iruzurra prebenitzeko lana egiten baitu; egonkortasuna ematen dio merkatuari; merkataritza-trafikoaren jario arrunta garbitzen eta babesten du, eta hori guztiak arau-esparru baten baitan egiten du, izaera pertsonaleko datuak babesteko eskubidea betetzen eta zaintzen dela bermatuz.

Ekarpen bat egiten da sozietateen helburuak hobetzeko; ekonomia onbideratzea sustatzen da; merkatu garden eta integratuagoa sortzen da, eta berme gehigarriak ematen dira eragiketak egilesteko baldintzetan bai eskaintza-egileentzat, bai eskatzaileentzat.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala