Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2015eko uztailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3316

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 14koa, Justiziako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia ebazten duena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko apirilaren 13ko Aginduaren bidez, (2015eko apirilaren 22ko EHAA, 74. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko 2015ean burutuko diren proiektuetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Bigarrena.– Eskaerak aztertu ondoren, eta deialdiaren Aginduaren 10. artikuluan aurreikusitakoa jarraituz, Balorazio Batzordea 2015eko ekainaren 29an bildu zen, eta diru-laguntza emateko proposamena egin zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justiziako zuzendaria da Ebazpen hau emateko eskuduna, horrela ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten duen Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko apirilaren 13ko Aginduak bere 13. artikuluan.

Bigarrena.– Aipatu deialdiaren Aginduak, bere 6. artikuluan adierazten duenez, Justizia Zuzendaritzari dagokio, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez, aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea eta horiek eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

Hirugarrena.– Deialdiaren Aginduaren 11. artikuluak xedatzen duenez, eskabideak hurrengo balorazio-irizpide eta puntuazio-eskalen arabera baloratuko dira:

1.– Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala honen arabera baloratuko dira:

1.1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.1.– Erakundearen ibilbidea presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan: 0-10 puntu.

a) Giza eskubideen arloan, nazioarteko edo europako aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea: 9-10 puntu.

b) Giza eskubideen arloan, espainiako edo autonomia bateko aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea: 8-9 puntu.

c) Onura publikoko deklaraturik dagoen erakundea: 7 puntu.

d) Presoen gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan 10 urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 4-6 puntu.

e) Presoen gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan 5 urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 0-3 puntu.

1.2.– Proiektuari dagokionez:

1.2.1.– Proiektuak presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko prozesuari egingo dion ekarpena: 0-15 puntu.

a) Espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen duten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

b) Bestelako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

1.2.2.– Proiektuaren egokitasuna edo gizarte-interesa: 0-15 puntu.

a) Problematika espezifikoa duten kolektiboei (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak eta osasun mentala duten pertsonak) zuzendutako proiektuak, horietan parte hartzen duten pertsonen kopuru eta intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

b) Bestelako proiektuak, horietan parte hartzen duten pertsonen kopuru eta intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

1.2.3.– Proposatzen diren jardueretan, erakundearen lankidetzarako eta baterako parte-hartzearen maila: 0tik 10 puntura.

a) Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin egindakoak: 8-10 puntu.

b) Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazioekin egindakoak: 0-7 puntu.

1.2.4.– Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0-5 puntu.

a) Autofinantzaketa duten proiektuak, horien ehunekoen arabera: 3-5 puntu.

b) Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egin behar izan da: 0-2 puntu.

1.2.5.– Boluntarioen parte hartzea: 0-5 puntu.

a) Boluntarioak diru-laguntzarako aurkeztu den proiektuan, kopuruaren arabera: 3-5 puntu.

b) Boluntarioak erakundearen beste proiektu batzuetan, kopuruaren arabera: 0-2 puntu.

2.– Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

3.– Diru-laguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

Laugarrena.– Bestalde, Aginduaren 12. artikuluak, zenbatekoa zehaztekoari buruzkoak, bere lehenengoko artikuluan adierazten du Justizia Zuzendaritzak, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez, aukera izango duela, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen, diruz laguntzekoak ez diren gastuen edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuen diru-kopuruak doitzeko.

Balorazio-irizpideetan 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen zenbatekoa zehazteko, artikuluak hurrengo prozedura ezartzen du:

– Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. 60 puntu lortu dituen eskabideari (gehienez ere) portzentaje teoriko bat aplikatuko zaio, eskatutako kopuruaren % 100. Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

– Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura gainditzen bada, diru-laguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, diru- laguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaielarik. Portzentaje hori eragiketa hau eginez kalkulatuko da: diru-hornidura zati zenbateko teoriko guztia.

– Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura ez bada gainditzen, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura bera jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren % 100.

Edozein modutan, proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehienezko diru-laguntza 50.000 eurokoa izango da.

Bosgarrena.– Diru-laguntzaren ordainketa eta erakunde onuradunek egin beharreko justifikazioa, diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak bete dituztela eta diru-laguntzaren xede den proiektua burutu dutela egiaztatzekoa, deialdiaren Aginduak xedatutakoarekin bat etorriko dira. Diru-laguntzak emateko betekizunak betetzen ez badira, Aginduaren 18. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Horregatik guztiagatik eta Balorazio Batzordeak egin duen ebazpen-proposamena ikusita,

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde eta proiektuei bertan agertzen diren diru-laguntzak ematea.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, erakunde interesdunei jakinarazteko xedez, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten duen Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko apirilaren 13ko Aginduak 13. artikuluan xedatzen duenari jarraituz.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.

Justiziako zuzendaria,

MANUEL VALÍN LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala