Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2015eko uztailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3318

EBAZPENA, 2015eko uztailaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroko zerbitzua garatzeko diru-laguntzen 2015. urteko deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko uztailaren 22ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du enplegu-zentroko zerbitzua garatzeko diru-laguntzen 2015. urteko deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroko zerbitzua garatzeko diru-laguntzen 2015. urteko deialdia argitaratzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2015eko uztailaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bitartez onartu eta gero. Ebazpen honen eranskinean dator aldaketa.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ENPLEGU-ZENTROEN ZERBITZUA GARATZEKO DIRU-LAGUNTZEN 2015. URTEKO DEIALDIA, LANBIDE EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta dago zerbitzu horiek ematera.

Enplegurako orientazio-zerbitzutzat hartzen dira informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea, eta bertan joan daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko.

Orobat, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona erabiltzaileen autonomia sustatu nahi du, eta horretarako, haien eskura jartzen du enplegu-zentroko zerbitzua. Han, autokontsultarako tresnak aurkituko dituzte, enplegua bilatzeko prozesuan erabiltzeko.

Gaur egun, langabezia-tasa gero eta handiagoa da, eta beraz, gero eta pertsona gehiagok erabili beharko dute enplegu-zentroaren zerbitzua. Hori dela eta, beharrezkoa da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan zerbitzu hori emango duten erakundeak aukeratzea.

Deialdi honen bitartez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duen enplegu-zentroko zerbitzua zehazten da, bai eta, gainera, hura finantzatzeko laguntzak ere.

Era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegu-zentroko zerbitzua gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2015eko uztailaren 22ko batzarrean, enplegu-zentroko zerbitzua garatzeko diru-laguntzen 2015. urteko deialdia onartu du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 2015ean deialdiko 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeei eman ahal izango dizkien laguntzak arautzea. Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentroko zerbitzua emateagatik emango ditu laguntza horiek.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.892.000 eurokoak dira, horietatik 946.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 946.000 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduna:

1.– Deialdi honen babesean, hurrengo paragrafoan deskribatutako enplegu-zentroek –5. artikuluan adierazitako erakundeek gauzatutakoek– jaso dezakete diru-laguntza, jarduera-esparruak eta diru-laguntza jaso dezaketen enplegu-zentroen kopurua zehazten dituen I. eranskinean aurreikusitako terminoetan.

2.– Enplegu-zentroak espazio fisiko egonkorrak dira, eta haietan, erakunde laguntzaileak erabiltzailearen edo enplegu-eskatzailearen eskura jartzen ditu enplegua bilatzeko baliabideak, bere kasa kontsulta ditzan. Halaber, enplegu-zentroetan, lanaldi oso bat beteko duten orientatzaileak eta, dagokionean, laguntzaileak ere egongo dira, erabiltzaileari edo enplegu-eskatzaileari lan-munduan txertatzeko eta horretarako tresnak erabiltzeko laguntza pertsonalizatua emango diotenak.

3.– Deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu-zentroko zerbitzua erakunde onuradunen langile propioen bitartez gauzatuko da, azpikontrataziorik gabe.

4.– Enplegu-zentroek talde-ekintzak eskaini beharko dituzte 15 egunean behin, gutxienez ere lau parte-hartzailerekin. Ekintzek 3 orduko iraupena izango dute gutxienez, eta norberak enplegua bilatzeko erabil ditzakeen tresnen berri emateko helburua izango dute." Halaber, enplegu-zentroek talde-jarduerak eskaini beharko dituzte, gutxienez bi hilabetean behin, eta jarduera horien ardatz nagusia genero-berdintasuna izango da.

5.– Enplegu-zentrorako bideratutako espazio fisikoa zerbitzu horretarako baino ez da erabiliko, eta ezin izango da bestelako jarduera batzuekin partekatu.

6.– Enplegu-zentroaren zerbitzuak jendearentzat irekita egon beharko du gutxienez 7 orduz egunean astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldietan edo astean 35 orduz.

7.– Diruz lagundutako enplegu-zentroen jarduera urtebetekoa izango da. Denbora hori jarduera hastean hasiko da. Edozein kasutan, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo 15 egun baliodunen epean hasiko da jarduera, 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Enplegu-zentroen erabiltzaileak.

1.– Pertsona hauek erabil dezakete enplegu-zentroa:

a) Langabeak, zentzu zabalean.

b) Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.

2.– Edonola ere, enplegu-zentroaren erabiltzaileek aldez aurretik Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altan edo etenduran egon behar dute.

5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren entitate laguntzaileak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede den enplegu-zentroko zerbitzua, eta hartarako aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da 3. artikuluan definitutako jarduerak behar bezala gauzatzeko baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea.

2.– Gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeei zuzendutako enplegu-zentroen kasuan, diru-laguntzaren eskaerarekin batera memoria bat aurkeztu beharko da. Memori horretan, zentroak izango dituen laguntza eta egokitzapen teknikoak adierazi beharko dira, desgaitasuna duten pertsonek erabili ahal izan dezaten. Laguntza tekniko horiek bermatu egin beharko dute maila desberdinetako entzumen- eta ikusmen-urritasunak dituzten pertsonek eta mugikortasun urria duten pertsonek zentroa erabili ahal izatea. Gizartetik baztertuta dauden edo egon daitezkeen pertsonak eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko helburua duten erakundeek soilik jaso ahal izango dituzte gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako enplegu-zentroaren jarduera garatzeko deialdi honetan aurreikusita dauden diru-laguntzak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin.

3.– Enplegu-zentroan baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

– Jardueraren hasieran, giza baliabide propio hauek izatea: gutxienez, lanaldi oso bat beteko duten orientatzaileak izango ditu; orientatzaileek unibertsitate-ikasketak izan beharko dituzte burututa, eta urtebetetik gorako esperientzia, bereziki, enplegurako orientazio-funtzioetan; gainera, ofimatikako, Interneteko eta lan-merkatuari buruzko ezagutzak izan behar dituzte. Orientatzaileez gain, behar denean, laguntzeko administrazio-langileak ere egongo dira enplegu-zentroan. Horrez gain, erabiltzaileei EAEko bi hizkuntza ofizialetan arreta emateko gai izango diren langileak izateko konpromisoa hartuko du.

– Gutxi gorabehera 30 metro karratuko areto bat, enplegu-zentro gisa erabiltzeko, gutxienez lau ordenagailurekin pertsona erabiltzaileentzat. Ordenagailu bakoitzean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen esteken zerrenda egongo da, gutxienez ere. Halaber, zerbitzuaren erabiltzaileek eskura izango dute enplegua bilatzeko behar den dokumentazio eguneratua.

– Sareko laser-inprimagailu bat, ordenagailu guztiei zerbitzua emateko, edo inprimagailu bat ordenagailu bakoitzeko.

– Interneterako sarbide eraginkorra (gutxienez 5 Megako banda zabala), Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

– Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei arreta ematen espezializatuta dauden erakundeek, berriz, orientazio-materialak desgaitasun mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.

– Lokala egokitzea irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dagoen araudira. 20/1997 Legea eta lege hori garatzeko arau teknikoak.

4.– I. eranskinean aipatutako izaera partekatua izan dezaketen esparrutzat hartutako esparruetan, enplegu-zentroa herri batean baino gehiagotan egin ahal izango da astean zehar. Kasu horretan, egoera horren berri eman beharko da eskaeran. Jarduera zer herritan eta leku fisikotan egingo den zehaztuko da, eta herri eta leku horiek 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, zerga-betebeharretatik salbuetsita egongo ra Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-erakundeak, baita erakunde horietako batek edo gehiago partaidetutako elkarteak ere.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Enplegu-zentroaren zerbitzua garatzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 44.000 eurokoa izango da, urtebeteko aldirako, kostu hauek estaltzeko: orientatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioen kostuak, eta jarduerari lotutako gainerako kostu zuzenak eta zeharkakoak.

Edonola ere, diruz lagundu daitekeen gastuaren gehieneko zenbatekoa, aurreko paragrafoak aipatzen dituen kontzeptuak direla-eta, lanaldi oso bat beteko duten orientatzaileen gastu zuzenen % 140 izango da, goian ezarritako gehieneko diru-laguntzaren mugarekin. Langileen gastu zuzenak honako hauek izango dira: enplegu-zentroaren zerbitzuaren bitartez eskatzaileei arreta ematen dieten orientatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 12 hilabeteko aldian.

2.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa urtebeteko aldiari dagokio. Diruz lagundutako enplegu-zentroaren exekuzio-epea urtebetetik beherakoa izango balitz, gehieneko zenbatekoa txikitu egingo da, modu proportzionalean.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Erakunde bakoitzak adierazi beharko du zer jarduera-esparrutan egingo duen enplegu-zentroaren jarduera.

Deialdi honen 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako erakundeek soilik eskatu ahal izango dute «erakundeak – zailtasun bereziak» gisa markatutako eremuetako enplegu-zentroetarako diru-laguntza.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Azken 10 urteetan, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren babesean Eusko Jaurlaritzak egindako deialdien esparruan edota Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011, 2013 eta/edo 2014ko orientazio-deialdien esparruan, enplegu-zentroko zerbitzua ematen egindako jardueraren akreditazioa, hala badagokio.

c) Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barnean dela.

d) Kokalekuari dagokionez, informazio hau aurkeztu beharko da:

– Erakunde eskatzailearen kokalekuaren ezaugarriei buruzko deskribapen-txostena. Enplegu-zentroaren jarduera egingo den tokiaren neurrien eta instalazioen planoak erantsi beharko dira.

– Lokala irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela ziurtatzen duen agiria, teknikari eskudunak egina. 20/1997 Legea eta lege hori garatzeko arau teknikoak.

e) Erakunde eskatzailearen sozietate- edo sortze-xedea egiaztatzen duen dokumentazioa. Xede horretan, gizartetik baztertuta dauden edo egon daitezkeen pertsonak eta/edo urritasunen bat duten pertsonak orientatzeko edota laneratzeko funtzioa aipatu behar da.

f) Urritasuna duten langileen portzentajea adierazten duen zinpeko adierazpena, halako langilerik badu.

g) Enplegu-agentziaren izaeraren akreditazioa. Horretarako, dagokion administrazio-ebazpena aurkeztu behar da, baldin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izaera hori baimendu badu.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbidek bere web orrian argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeintzuek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako entitateek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar eguneko epea izango dute, web orrian horien berri ematen den egunetik aurrera kontaturik. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariazko ebazpena eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

4.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2015eko irailaren 4an amaituko da.

8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Aurkezten diren eskabideak hurrengo artikuluan aurreikusitako ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Presidentea: Gotzone Sagardui Goikoetxea, Lan Aktibazioko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesús M.ª Ordoñez Orzaiz, Lan Aktibazioko Zuzendaritzako Laneratzeko Arloko arduraduna.

– Bokalak: Leire Ormazabal Larisgoitia eta Ángel Altuna Urcelay, Laneratze Arloko langile teknikoak.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat egingo du. Hartan, proposatzen dituen diru-laguntzak jaso, behin-behineko pertsona onuradunak eta enplegu-zentroak adierazi, eta zenbatekoak proposatuko ditu. Horrez gain, zer eskaera ukatu proposatu eta ukapenaren zergatiak azalduko ditu, eta ordezkoak adieraziko. Horren guztiaren berri emango zaie pertsona interesdunei, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

4.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

Ebazpen-proposamenak ez die proposatutako onuradunei eskubiderik sortzen Administrazioarekiko.

5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik kontaturik. Epe hori igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Ebazpenak adieraziko du zer pertsona onuraduni esleitu zaizkien enplegu-zentroak, eta zer eskaera ukatu diren (ukapenaren zergatiak azalduta). Orobat, jarduera-esparru bakoitzeko, deialdiaren baldintzak bete eta ordezko izendatutako erakunde guztien zerrenda ordenatua gehituko da, deialdi honen 9. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-irizpideak aplikatu ondorengo ordenaren arabera.

7.– Edonola ere, diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da enplegu-zentroaren jarduera hastea eta horren berri Lanbideri ematea. Lanbideri jarduera hasi dela jakinarazteko, 15 egun balioduneko epea egongo da, eta epea ebazpena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Epea amaitutakoan jarduera hasi dela jakinarazi ez bada, ebazpena bertan behera geratuko da baldintza hori betetzen ez duten erakundeen kasuan. Kasu horretan, dagokion lurralde-esparruan ordezkoa den erakundeari emango zaio diru-laguntza, deialdiaren ebazpenean adierazitako ordenaren arabera. Aldez aurretik, diru-laguntza ematen duen organoak jakinaren gainean ipiniko du ordezko erakundea.

Ordezko erakundeak jarduera hasi eta horren berri eman beharko dio Lanbideri, onuraduna dela jakin eta hurrengo 15 egun baliodunen barruan.

8.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea eta honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

9.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako zenbatekoak adierazita.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Honela jardungo da enplegu-zentroko zerbitzuari lotutako diru-laguntzaren eskaerak eta esleipena ebaluatzeko:

1.– Bulegoaren jardun-eremuren batean erakunde bakarrak eskatu badu diru-laguntza, erakunde horri emango zaio.

2.– Erakunde batek baino gehiagok eskatu badu diru-laguntza jardun-eremu berean, era honetan esleituko da diru-laguntza:

a) Lehentasuna izango dute lehendik ere udal-erakundeek edo udalaz gainekoek, bai eta haien mendeko erakundeek ere, eta haien artetik udalaz gainekoek.

b) Udalaz gaindiko hainbat erakundek edo eta toki administrazioen mendeko hainbatek eskatu badute diru-laguntza, enplegu-zentroko zerbitzua ematen ibilbide luzeagoa egin izana frogatzen duen erakundeak izango du lehentasuna, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren edota Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011ko, 2013ko eta/edo 2014ko orientazio-deialdien babesean.

c) Eskatzaileen artean arestian adierazitako erakunderik ez badago, honako hauek izango dute lehentasuna, betiere, ordena honen arabera:

• Bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboak edota urritasunen bat duten pertsonak orientatzen edo laneratzen espezializatuta dauden erakundeek.

• Lanbide Heziketako ikastetxe publiko nahiz itunduek.

• Sindikatuek edo enpresa-elkarteek.

• Irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek.

• Gainerako erakundeek.

Idatzi-zati honetan aipatutako hainbat erakundek eskatu badute diru-laguntza, enplegu-zentroko zerbitzua ematen ibilbide luzeagoa egin izana frogatzen duen erakundeak izango du lehentasuna, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren edota Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011ko, 2013ko eta/edo 2014ko orientazio-deialdien babesean.

d) Mota bereko hainbat erakundek eskatzen badute diru-laguntza, lehentasuna izango du Enplegu Agentzia izateko baimena duenak.

e) Berdinketa apurtu ez bada, erakundeek plantillan dituzten desgaituen ehunekoaren arabera emango da lehentasuna.

f) Azkenik, berdinketak jarraituz gero, lehentasuna izango du deialdi hau EHAAn argitaratu arte enplegu-zentroetan pertsona gehieni lagundu dien erakundeak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 2011., 2013. eta 2014. urteetan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko egindako laguntzen deialdiaren babesean.

3.– Eskuarki, erakunde bakoitzak enplegu-zentro baterako diru-laguntza baino ez du jasoko jarduera-esparru berean. Ondorio hauetarako, jarduera-esparruren batean enplegu-zentro bat baino gehiago aurreikusten bada, erakunde eskatzaileak artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako baldintzen arabera ordenatuko dira, eta ordena horri jarraituz, enplegu-zentro bat esleituko zaio erakunde bakoitzari. Zentroren bat esleitu gabe geratuko balitz, dagokion esparruan enplegu-zentro baterako baino gehiagorako diru-laguntzak eskatu dituzten erakundeei esleituko zaizkie.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehendabizi, 2015. ekitaldian, ebazpena argitaratu ondoren, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da. Diru-laguntzaren zati hori jasotzeko, erakunde onuradunak ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar du jardueraren hasiera eta kontratatutako pertsonen identitatea, eta Lanbidek ziurtatu beharko du pertsona horiek alta emanda daudela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean.

Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, entitateek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra, eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu.

Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.

– Bigarren zatia, gainerako % 50a edo justifikazioaren ondorioz geratzen den zenbatekoa, 2016. ekitaldian ordainduko da. Horretarako, enplegu-zentroko zerbitzua amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Emandako zerbitzuak, haien iraupena eta erabiltzaileei ezarritako enplegu-politika aktiboetako ekintzak zehatz-mehatz azaltzeko memoria.

– Diruz lagundutako jardunak egin dituzten orientatzaileen eta laguntza-langileen soldata-kostuei buruzko ziurtagiria, eta nominen nahiz Gizarte Segurantzako kotizazioko dokumentuen (TC1 eta TC2) kopiak.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradun diren entitateen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliz.

b) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.

c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

d) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

e) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundutako finantzaketa dela aipatzea laguntza hauen komunikazio ekintza eta material guztietan.

g) Enplegu-zentroa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailetzat identifikatzea, Lanbidek onuradunei ematen dizkien jarraibideen arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu izana eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:

1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen bidez lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategia batean («Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak») sartuko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak; fitxategi hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduan dago araututa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala