Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2015eko irailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3961

EBAZPENA, 2015eko irailaren 16koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeetarako eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzako laguntzak ematen dituena, 2015erako, erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

Deialdi honen bidez, bete egiten da otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuan xedatutakoa, 2015erako, bertan arautu baitira Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak, hain zuzen ere nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan garatzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak emateko (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 50. zk., 2007ko martxoaren 12koa). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, baina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

Dekretu horren arabera, diru-laguntzen deialdia urtero egin behar da, eta beti adierazi beharko da zein den deialdirako zenbateko osoa, zein den gehienezko zenbatekoa hautagai bakoitzarentzako oinarrizko dotazioan, eta zein den luzapenetarako zenbatekoa. Halaber, hautagaiak aukeratzeko irizpide bakoitzak baloratuko dituen alderdiak zehaztu behar dira, baita horien haztapena, eskabideak aurkezteko lekua, epea eta eskabide-eredua ere.

Deialdi hau egiteko eskumenari dagokionez, eta dekretu hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, lehendakariarena; eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua; Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen erakundea.

Aipatutako laguntzak kudeatzeari eta eman beharreko ebazpenei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren organoena da eskumena; betiere, honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta erregulatzeari buruzko ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 4.b) artikulua; eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren funtzionamendu eta antolaketari buruzko Erregelamenduaren –martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuak onartutakoaren– 5.b) artikulua.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezkaritza Kontseiluaren oniritzia jaso zuela 2015eko maiatzaren 6an egindako bilkuran.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen helburua da: Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeetarako eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzako laguntzak ematea, 2015eko ekitaldirako, erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako dotazio ekonomikoa 300.000 eurokoa izango da.

2.– Luzapenetara zuzendutako zenbatekoa 240.000 eurokoa izango da. Luzapenak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2016rako aurrekontuan.

Luzapenetarako eskabide kopuruaren ondorioz zenbateko hori agortzen bada, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak horren berri eman beharko du, luzapen gehiagorik onar ez dadin.

Edonola ere, luzapenetarako zenbatekoak ezingo du laguntza berriei zuzendutako zenbateko osoaren % 80 gainditu.

3. artikulua.– Diru-laguntza.

1.– Hautagai bakoitzaren oinarrizko dotazioa 18.000 eurokoa izango da.

2.– Herrialde hartzaileen bizi-mailaren ondoriozko osagarria kalkulatzeko, kontuan hartuko da Nazio Batuen Garapenerako Programako bidekoen eskala. Informazio hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren www.elankidetza.euskadi.net webgunean egongo da; eta agendan bertan emango zaio eskatzen duen orori. Edonola ere, osagarri horretarako osagarriak ezin izango du gainditu hautagai bakoitzaren oinarrizko dotazioaren % 5, hau da, 900 euro.

3.– Lankide boluntarioak agentzia multilateralen eremuan jasotako prestakuntza espezifikoak –erakunde eskatzaileak antolatua edo emana denak– eragindako gastuek ezin izango dute gainditu hautagai bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 2, hau da, 360 euro.

4.– Era berean, erakunde eskatzaileek hautagaien aurretiazko hautaketa eta beken jarraipena egiteko administrazio-lanek eragindako gastuek ezin izango dute gainditu hautagai bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 1, hau da, 180 euro.

5.– Aurretik esandakoa gorabehera, otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Agentziako Artezkaritza Kontseiluak proposatu ahal izango du, txosten arrazoitua jaso ondoren, 6. artikuluko 1. idatzi-zatian berariaz jasota ez dagoen beste edozein kontzeptu onartzea.

4. artikulua.– Eskariak aurkeztea.

I. eta II. eranskinetan jasota dagoen eredu normalizatuari jarraikiz aurkeztuko dira eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo aurrera hilabeteko epean. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bideren bitartez ere aurkeztu ahal izango dira, honako leku honetara zuzenduta:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz

2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuan xedatutako baldintza guztiak osorik eta berariaz onartzea.

5. artikulua.– Hautagaiak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapena.

Hautagaiak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapena honako hauek izango dira:

1) Nazioarteko Erakundeak adierazitako lanari egokitzen zaion lanbide-profila eta horri titulazio akademikoa: 20 puntu, gehienez.

a) 10 puntu: adierazitako lana betetzeko titulazio egokia duela egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: lanak eskatzen duen profilerako, gutxienez urtebeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.

2) Garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloko prestakuntza espezifikoa: 20 puntu gehienez.

a) 15 puntu: master-ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: adituentzako ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.

c) 5 puntu gehienez: garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloarekin loturiko ikastaro espezifikoak egin dituela egiaztatzen badu.

– 20 eta 40 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 1, ikastaro bakoitzeko.

– 41 eta 60 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 2, ikastaro bakoitzeko.

– 61 ordu edo gehiagoko iraupena duten ikastaroak: 4 puntu.

3) Lankidearen lana txertatuta duten programen edo proiektuen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik bultzatzen den lankidetzaren arteko lotura sinergikoa: 20 puntu gehienez.

a) 20 puntu: zeregina garatzen bada Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekiko lankidetza-hitzarmena sinatuta duen nazioarteko erakunderen bateko bulegoetan.

b) 10 puntu: zeregina txertatuta badago honako jardun-sektoreak biltzen dituzten programetan edo proiektuetan: eskubide unibertsalak, gobernantza demokratikoa eta tokiko boterea, tokiko garapen ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta kontserbazioa, emakumezkoen ahalduntzea.

4) Lankideak ekintza garatuko duen bulegoak eskatzen duen/dituen hizkuntza/k jakitea: 10 puntu gehienez.

a) 5 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B1 mailaren baliokidea.

b) 8 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B2 mailaren baliokidea.

c) 10 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko C1 mailaren baliokidea.

5) Euskal Autonomia Erkidegoko izaera sozial eta humanitarioko erakunde edo programei aktiboki lotuta egotea: 20 puntu gehienez.

a) 20 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan 5 urte edo gehiagoko esperientzia egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urtetik bostera bitarteko esperientzia egiaztatzen badu.

c) 5 puntu gehienez: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urte baino gutxiagoko eta gutxienez hiru hilabeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.

6) Lankideak bere ataza garatzen duen eremu geografikoa: 10 puntu ataza honako herri hauetako batean gauzatzen bada: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Brasil, Kuba, Bolivia, Kolonbia, Ekuador eta Venezuela; Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal, Palestina eta India.

6. artikulua.– Prozedura kudeatuko duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro hau kudeatzeko atazak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo du Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio Balorazio Batzordeari. Hartarako batzarturik, batzorde horrek proposamena egingo dio organo eskudunari, hain justu ere bekak esleitzeari buruzkoa.

7. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Aurreko artikuluan aipatu Balorazio Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Ainara Arrieta Archilla, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren arduraduna.

– Batzorkidea: Nicolás Basarrate Hormaechea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

– Batzorkidea: Amaia Etxabarri Saiz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Administrazio Orokorreko teknikaria.

– Idazkaria: Ana Isabel Rojo González, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

8. artikulua.– Esleipena egiteko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria da deialdiko bekak esleitzeko eskumena duen organoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz xedatuta ez dagoen ororako, honako hiru hauetan jasotako xedapenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak arautzen dituen otsailaren 13ko 22/2007 Dekretua, hain zuzen ere nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan garatzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak emateko xedea duena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala