Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2015eko abenduaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5331

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 1ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, elkartegintza sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko diru-laguntzak arautzen dituena (2016ko ekitaldia).

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 24.3 artikuluan, EAEko herri-administrazioei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, eta emakumearen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak.

Bestalde, 4/2005 Legeak 15.1 artikuluan xedatzen duenez, legealdi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du, non euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak jasoko diren, koordinatuta eta orokorki. Berdintasunerako V. Planaren egituran, berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko arloa dago, eta lehentasunezkoak diren hiru ardatz estrategiko daude; horietako bat da, hain zuzen ere, balioak aldatzearen eta emakumeen ahalduntzearen ardatz estrategikoa. Horregatik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ustez, beharrezkoa da emakumeen elkartegintzari laguntzen jarraitzea. Izan ere, emakumeen sustapena xede duten emakume-elkarte, federazio eta fundazioek –egiten dituzten jardueren bidez– zuzenean eragin dezakete emakumeek euskal gizartean izango duten parte-hartzean eta sustapenean.

Horrenbestez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreikusita dauka irabazi-asmorik gabeko elkarte eta federazioei eta fundazioei diru-laguntzak ematea 2016ko ekitaldian. Horien jardute-eremu eta helburu bakarra izango da emakumeen sustapena, emakumeen garapenari eta jarduerei laguntzea; emakumeen ahalduntzea eta emakume-elkarteena; eta pixkanaka emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua lortzea. Horretarako arautzen da diru-laguntzen deialdia, publizitate, lehia eta objektibotasun irizpideen arabera. Hala ere, aurreko ekitaldietan egin zen bezala, orain arte aurkeztu diren proiektuen ezaugarriak ikusita eta kontuan hartuta gero eta elkarte sortu berri gehiagok parte hartzen duela, baliabide ekonomikoak zuzentasunez banatzen ahaleginduko gara betekizunak betetzen dituzten elkarte eta federazio guztien artean.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2016ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioei eta xede eta jardute-eremu bakarra emakumeak sustatzea duten fundazioei Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emango dizkien diru-laguntzak arautzea, hain zuzen ere erakundearen xede eta helburuei loturiko proiektu zehatzak egiteko 2016ko ekitaldian, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eta kreditu-mugetatik atera gabe.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa hirurehun eta hirurogeita hamasei mila (376.000) eurokoa izango da.

2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzak Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuko irabazi-asmorik gabeko elkarte eta federazioek eska ditzakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen aplikazio-eremuko fundazioek, baldin eta helburu eta jarduteko eremu bakarra emakumeen sustapena badute. Beharrezkoa izango da jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatzea eta egoitza soziala ere Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako planaren esparruan, eta Erakundearen helburuei jarraikiz, diruz lagunduko diren proiektuak edo jarduerak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira, eta honako hauek egiteko izango dira:

a) Emakumeen eskubideak aniztasun ikuspuntutik, emakume-mugimenduaren historia eta pentsamendu feminista zabaltzeko programak, bereziki Emakumeen kontrako Diskriminazio era Guztiak Ezabatzeko Konbentzioaren (CEDAW) barruan kokatuta daudenak.

b) Emakumeen erreferentziak eta genealogiak sortzeko programak.

c) Emakumeen elkarte-mugimendua dinamizatu, motibatu eta bultzatzeko jarduera-programak, hain zuzen ere, emakumeak ahalduntzen laguntzen dutenak eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten emakume-elkarteen sareak sortu, sustatu eta indartzen dituztenak, bereziki aniztasuna lantzen duten programak.

d) Jardueren bidez, emakume guztiek politika, ekonomia, gizarte eta kulturaren arloetan parte hartzea sustatuko duten programak, emakumeen elkarteak bultzatzekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen arteko mugimenduak koordinatzekoak.

e) Gizartea emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz sentsibilizatzeko eta horri buruzko informazioa emateko programak, eta informazio-baliabideetan eta komunikabideetan emakumeen eta gizonen irudi berdinzalea, askotarikoa eta estereotiporik gabea sustatzen duten ekimenak.

f) Etxeko lanetan eta arduretan eta zaintza-lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzen duten programak, norberarentzat, aisialdirako, familiarako eta lanerako dugun denbora arrazionaltasun eta berdintasun handiagoz banatzea helburu dutenak.

g) Berdintasunaren arloko prestakuntza-programak, hainbat arlotakoak: hezkuntza, kultura, kirola, prestakuntza-enplegua, osasuna, gizarte-partaidetza, aniztasuna.

Trebetasunen ikaskuntzarako proiektuak (eskulangintza, elektrizitatea, sukaldaritza, arotzeria, etab.), diru-laguntzak jaso ahal izateko, beste jarduera batzuekin osatu beharko dira; hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko sentsibilizazio-, informazio- edo trebakuntza-jarduerekin, eta genero-ikuspegia barne hartu behar dute.

2.– Erakunde bakoitzeko, gehienez ere, hiru proiekturi emango zaie diru-laguntza. Eta ez zaie diru-laguntzarik emango honako hauei:

a) Aisialdirako baino ez diren jarduera-proiektuak.

b) Beste erakunde batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzeko proiektuak.

c) Genero-ikuspegirik gabeko proiektuak.

3.– Aurkeztutako eskabide baten helburua ez badator bat diru-laguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean sar daitekeela, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroa kudeatzen duen organoari, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango zaio, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Erakunde eskatzaileak epe horretan aurka egiten ez badu, lerro-aldaketa hori onartu egin duela ulertuko da.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzak esleitzeko, artikulu honen 5. paragrafoan aurreikusitako norgehiagokaren prozedura erabiliko da.

Horretarako, garaiz eta behar den eran aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Onartzen den aurrekontuaren % 100 finantza daiteke, 10. artikuluan zehaztutako irizpideei eta artikulu honen 4. paragrafoan jarritako baremoei jarraikiz, eskaera bakoitzari 12.000 euro emanez, gehienez ere. Hor, programatutako ekintza guztiak sartuko dira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako aurrekontua onartzeko, besteak beste, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Gehienez, 12.000 euroko aurrekontua kontuan hartuko da, proiektu guztiak batuko dituena.

– Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira funtzionamendu-gastu arruntak ez diren kostuak, jarduera egiteko beharrezkoak direnak.

– Ebazpen honetan zehaztutako araubidearen babesean, diruz lagun daitezkeen gastutzat jotzen dira funtzionamendu-gastu arruntak, hain justu ere, erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu banakatu eta zehaztuan azaltzen direnak eta jarduera garatzearekin zuzeneko lotura dutenak. Gastu horiek ezingo dute gainditu proiektuari guztira emandakoaren % 30.

– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta lansariak baino ez dira sartuko.

– Diruz lagun daitezkeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko.

3.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, baremo hauen arabera kalkulatuko da:

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 41 eta 50 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 40 arte, esleipen-irizpideen arabera 31 eta 40 puntu artean lortzen dutenentzat.

Diru-laguntza emango da balorazioan gutxienez 31 puntu lortzen badira.

5.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:

a) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei dagozkien diru-laguntzak esleituko dira, eta deialdirako emandako guztizko dotazioaren hainbanaketa egingo da, baldin eta dotazio hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera diru-laguntzak ordaintzeko.

b) 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei laguntzak eman ondoren deialdirako emandako guztizko dotazioa agortzen ez bada, gainerako saldoa erabiliko da 31 eta 70 puntu bitartean lortu dituzten proiektuei laguntzak esleitzeko. Kasu horretan, a) idatzi-zatian aurreikusitako modu berean jardungo da.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea, eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko urtarrilaren 30ean amaituko da (egun hori barne).

2.– Eskabideak bertara joanda aurkeztu ahal izango dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali (Manuel Iradier kalea 36, 01005, Vitoria-Gasteiz). Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu beharko dira. Eskabide-eredua euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/2016/elkarteak/y22-izapide/eu

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, erakundeek bide elektronikoak erabil ditzakete. Horrela, eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.net-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/2016/elkarteak/y22-izapide/eu

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak -aurrez aurrekoa edo elektronikoa- ez dakar bide hori erabili beharra prozeduraren hurrengo izapideetan, edozein unetan alda baitaiteke bidea.

5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

1.– Orokorrean, eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoak:

1.1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak dituela, honako hauek egiaztatzeko:

– Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan.

– Elkarte eskatzailearen edo federazio eskatzailea osatzen duten elkarteen estatutuetan emakume izatea eskatzen dela kide izateko betekizunen artean.

– Fundazio eskatzailearen xede eta jardute-eremu bakarra emakumeen sustapena dela.

– Erakunde eskatzaileak dagokion kide kopurua duela egun.

– Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.

– Erakunde eskatzailea BEZa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

– Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).

– Erakunde eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.

– Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.

– Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.

1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.

1.3.– 2016ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko jardueren programa. Diruz lagundu nahi den jarduera bakoitzeko, II. eranskina (osorik) bete beharko da. Erakunde bakoitzak, gehienez ere, hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

1.4.– Proiektua garatu behar duenak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza eta/edo esperientzia duela egiaztatzen duen dokumentazioa, 10.1 artikuluan jasotako irizpideak egoki baloratzeko.

1.5.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.

2.– Lehenagoko diru-laguntzetan dokumentazio hau aurkeztu ez dutenentzat edo diru-laguntzan aldaketak egiten direnerako:

2.1.– Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.

2.2.– http://www.emakunde.euskadi.eus/u72-subemaku/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

3.– Emakunden dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ez da derrigorrezkoa izango aurrez baimena ematea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak automatikoki egiazta dezan betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua), eta egiazta ditzan, halaber, nortasun-datuak eta Datuen alta/Hirugarren interesdunari buruzko datuak.

4.– Administrazioak edozein unetan eska diezaieke eskatzaileei proiektua baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio oro, eta dokumentu originalak aurkezteko ere eska diezaieke, baldin eta horien kautotasuna egiaztatu nahi badu.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta hamar eguneko epea emango dio (jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzekoa). Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki.

9. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.

1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako diru-laguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.

2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:

Presidentea: Ana Alberdi Zubia andrea, idazkari nagusia.

Bokalak:

– Rafael Junguitu jauna, Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

– Raquel Raposo Acevero andrea, Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna (programa eta prestakuntza arloa).

– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoko Arlo-arduraduna.

– María Teresa Santamaría Zaraín andrea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren alorreko teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Programaren kalitate teknikoa. 45 puntu, gehienez.

– Proiektuaren azalpen argia: helburuak formulatzea, lan-prozesuaren deskribapena, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema,.; eta proiektuaren bideragarritasuna, egingo den lanaren prozesuaren ezaugarriak, aurrekontua eta helburu horretarako ezarritako egutegia kontuan hartuta. 15 puntu, gehienez.

– Diru-laguntza eskatzen duen erakundearen baliabideak eta kudeaketa-ahalmena, metodologia eta ebaluazioa egokiak. 15 puntu, gehienez.

– Balio-aldaketarako eta emakumeen ahalduntzerako elementu berritzaileak (helburuei, jarduerei eta metodologiari dagokienez), eta/edo emaitza ona izan dutela egiaztatu duten esperientzia berritzaileak transmititzea. 5 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitate osoa; kontuan hartuko da genero-ikuspegia sartzea eta indarrean dagoen berdintasun-planarekin bat etortzea. 10 puntu, gehienez.

b) Programaren gizarte-onura eta eragin biderkatzailea. 40 puntu, gehienez.

– Programak zenbat hartzaile dituen eta zein kolektibori zuzentzen zaion; kontuan hartuko da eskatzaileak zein lurralde-eremutan jarduten duen. 5 puntu, gehienez.

– Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, hots, hainbat lurralde historikotako pertsonek jardueran duten partaidetza erreala eta/edo erkidego mailako lankidetza-jarduerak egitea beharrak, jardunbide egokiak edo proiektuaren helburuarentzako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk identifikatzeko. 5 puntu, gehienez.

– Beste elkarte batzuekin sare-lana egitea. 5 puntu, gehienez.

– Hedapen-bideak. 5 puntu, gehienez.

– Programan aniztasuna eta askotariko bereizkeria kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak. 10 puntu, gehienez.

– Genero-ikuspegia aurkeztutako proiektuetan sartzeko dagoen eskarmentua, proiektu horien jarraipena eta lurralde-eremua. 10 puntu, gehienez.

c) Irisgarritasunaren eta bateragarritasuna ahalbidetzen duten elementuen sustapena. 10 puntu, gehienez.

– Zailtasun bereziak dituztenentzat irisgarritasuna ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu, gehienez.

– Bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzea ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu, gehienez.

d) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu, gehienez.

2.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 31 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatuek helburu berarekin ematen dituztenekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak hartutako esleipen-ebazpenak amaitu egingo du prozesua, eta emandako eta atzera botatako laguntzak adieraziko ditu. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera, ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi (EHAA) eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, baita jasotzen dituzten bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak ere, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

e) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gorde (dokumentu elektronikoak ere bai), egiaztatzekoak eta kontrolatzekoak izan daitezke eta.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agertaraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: % 75 ordainduko da 2016ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, 13.a) artikuluan aipatutako epea –uko egin gabe– igaro ondoren, eta gainerakoa, % 25, 2017ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla; bigarren zatia ordaintzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira 2017ko martxoaren 1era arteko epean (egun hori barne):

– Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira. Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (elkartekoak, federaziokoak edo fundaziokoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (proiektua gauzatzeko kontratatu direnak edo proiektua aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko proiektuaren onurak jasoko dituztenak) (III. eranskina).

– Diruz lagundutako jardueratik ateratako produktua, halakorik balego.

– Balantze ekonomikoa, diruz lagundutako jarduera bakoitzeko (III. eranskineko ereduaren arabera).

– Diruz lagundutako gastua egin dela justifikatzen duten fakturak edo agiriak edo Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak; kasu horretan, Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta, ondoren, erakunde interesdunari itzuliko dizkio; funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar beste xehetasun eman beharko da. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2016ko abenduaren 31 izango da, gehien jota. Bitarteko elektronikoen bidez justifikatzen bada, dokumentu originala bidali ahal izango da, eskaneatuta eta sinadura elektronikoarekin.

– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta lansariak justifikatzeko agiriak.

– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarteek edo federazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

15. artikulua.– Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira –betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada–, eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez; horretaz gainera, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu –hala behar denean–, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du –hala badagokio–, eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak ezartzen dituen baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.

17. artikulua.– Itzulketa prozedura.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura hau izango da, baldin eta ezarritako baldintza eta/edo obligazioak betetzen ez badira:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beka, laguntza eta diru-laguntzen fitxategi automatizatuan sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori lehendakariaren urtarrilaren 24ko 3/2012 Dekretuak arautzen du, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago. Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko bakarrik erabiliko da fitxategi hori. Interesdunek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko, Legearen arabera. Eskubide horietaz baliatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari: Manuel Iradier kalea 36, 01005, Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala