Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2015eko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5503

AGINDUA, 2015eko abenduaren 14koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduan ezarritako agiriak idazteko laguntzen deialdia egiten duena.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduak (2007ko maiatzaren 9ko EHAA, 88. zenbakia) birgaitzeko edo berritzeko eta jasotze topografikoak egiteko diru laguntzak arautzen ditu. Agindu horren 1. artikuluak bere esparruko diruz laguntzeko jarduerak jasotzen ditu. Aipatzekoa da, baina, honako deialdi hau partziala dela, 2007ko maiatzaren 2ko Agindu horren 1.1 artikuluan aipatutako dokumentuak idazteaz besterik ez baita ari. Obrak egiteko deialdia beste ekitaldi baterako uzten du, orduan aurrekontu-zuzkidura handiagoa izango delakoan.

Beraz, aipatutako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1. artikuluaren arabera, deialdi honen xedea dokumentu hauek idaztea da:

a) Hirigune historikoei dagokienez:

a.1.– Hirigune historikoei buruzko Azterlan Soziourbanistikoak edota Hirigune historikoak Birgaitzeko Plan Bereziak, eta 1/200 edo 1/500 eskalako jasotze topografikoak idazteari buruzkoak.

a.2.– Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko beharrezko obrei buruzko proiektuak, betiere obra horiek Birgaitze Plan Berezietako zehazpenetan halakotzat bildu badira eta Areako jabeei obra horien kostua esleitzen ez bazaie urbanizazio- betebehar gisa.

a.3.– Birgaitze Integratuko Areetako urbanizazioen –bereziki, eraikin eta urbanizazioak eraitsi ondoren egin diren urbanizazioen– lehen ezarpenerako obrei buruzko proiektuak, betiere obra horiek halakotzat barne hartuta badaude Birgaitze Plan Berezietan.

a.4.– Urbanizazioak erabat edo partzialki eraisteko obrei buruzko proiektuak, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinaren xedeak badituzte eta betebeharrak betetzen badituzte, birgaitzeko esku-hartzeak zehazteari dagokionez.

b) Bizitegi Area Degradatuei dagokienez:

b.1.– Bizitegi Area Degradatuei buruzko Azterlan Soziourbanistikoak, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako dokumentazioarekin batera: eremuaren mugaketa, Deskribatzeko eta justifikatzeko memoria, Azterlan ekonomiko- finantzarioa eta Jardun Programa.

Bizitegi Area Degradatuei buruzko Azterlan Soziourbanistikoak idatzita badaude, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako agiri osagarriak idazteko ere laguntza eskatu ahal izango da.

Birgaitze Integratuko Plan Berezia idatzi behar bada, Azterlan ekonomiko-finantzarioa eta Jardun Programa aurkeztea ez da beharrezkoa izango.

b.2.– Birgaitze Integratuko Plan Bereziak edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoak.

Agindu honen xedeetarako, Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoaren agirian jardun endogeno eta exogenoei buruzko proposamenak biltzen dira. Hain zuzen ere, irekitako eremuak edo 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatu zaien eremuak birgaitu eta berritzeko helburuak lortzea da jardun horien guztien xedea.

b.3.– 1/200 edo 1/500 eskalako jasotze topografikoak.

b.4.– Urbanizazio-elementuak –eta, hala badagokio, hiri-altzariak– kontserbatzeko, zaharberritzeko, eraberritzeko edo zabaltzeko obra jakinei buruzko proiektuak, betiere obra horiek Birgaitze Plan Berezietako edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoetako zehazpenetan halakotzat bildu badira eta Areako jabeei obra horien kostua esleitzen ez bazaie urbanizazio-betebehar gisa.

b.5.– Urbanizazioen –bereziki, eraikin eta urbanizazioak eraitsi ondoren egin diren urbanizazioen– lehen ezarpenerako obrei buruzko proiektuak, betiere obra horiek halakotzat barne hartuta badaude Birgaitze Plan Berezietan edo Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoetan.

b.6.– Urbanizazioak erabat edo partzialki eraisteko obrei buruzko proiektuak, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinaren xedeak badituzte eta betebeharrak betetzen badituzte, birgaitzeko esku-hartzeak zehazteari dagokionez.

Bestalde, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 4. artikuluak ezartzen duenez, dagokion laguntza-deialdia egingo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduaren bidez.

Aipatutako guztiaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Birgaitze Integratuko Areetan edo Bizitegi Area Degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1.1 artikuluak aipatutako dokumentuak idazteko laguntzetarako deialdia egitea.

2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 1.1.a) artikuluko 2., 3. eta 4. puntuetan eta 1.1.b) artikuluko 4., 5. eta 6. puntuetan aipatutako obra-proiektuak idazteko laguntzak emateko, honako hau bete beharko da: proiektu horietan garatutako eremuak Birgaitze Integratuko Area edo Bizitegi Area Degradatu deklaratu izana Agindu bitartez.

Agiriak idazteko aurreikusitako laguntzen eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Laguntza horiek emateko zazpiehun mila (700.000) euro bideratuko dira guztira, eta honela banatuko dira:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– 1.– Baliabide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako eskariak eta ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide hauetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/bia_ad_birgaitzea/y22-izapide/eu

3.– Eskaeraren ondoko izapideak honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkezteko aukera izango dute. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskaerekin batera 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren II. eranskinean aipatutako dokumentazioa aurkeztu behar da. Etxebizitza Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran hutsegite bat edo zehaztu gabeko zerbait dagoela edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko, eta hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio.

Laugarrena.– Honako pertsona hauek osatutako dute balorazio-batzordea:

– Etxebizitzako zuzendaria; batzordeko burua izango da.

– Lurralde Antolamenduko arduraduna.

– Etxebizitza Zuzendaritzako lurzoruaren zerbitzuari atxikitako teknikari bat; batzordeko idazkaria izango da.

Bosgarrena.– Prozeduraren gehieneko iraupena amaitutakoan interesdunei esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bazaie aurkeztutako eskaerei dagokienez, eskaera horiek ezetsi egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Seigarrena.– Onuradunek zortzi hilabeteko epea izango dute inbertsioak gauzatzeko, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten zaien egunetik zenbatzen hasita; Birgaitze Plan Berezien kasuan, ordea, epea hogeita lau hilabetekoa izango da. Jarduerak deialdiaren ebazpena argitaratu ondoren hasi beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, agindu honetan arautako laguntzen ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 14a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala