Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2015eko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5510

AGINDUA, 2015eko abenduaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerak garatzeko 2016. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, horretarako, honako agindu honen bidez antzerkiko profesionalak prestatzeko diru-laguntzak emango ditu.

Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web-orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea, 2016. urtean zehar burutuko diren antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea da.

2.– Ez dira diruz lagunduko, goi mailako hezkuntzaren arloren bateko edozein eremuri atxikitako programa erregelatuak aurkezten dituzten proiektuak, zentro publikoetako zein pribatuetakoak izan.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 88.000 eurokoa da; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra era honetan banatuko da deialdi honek dituen bi laguntza-modalitateen artean:

a) 83.000 euro antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako ikastaroak antolatzeko.

b) 5.000 euro antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerak antolatzeko.

3.– Proiektu-proposamenik ez dagoelako edo proiektuek gutxieneko kalitatea ez dutelako modalitateetako bati dagokion zuzkidura agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak gainerako kopurua beste modalitateetako proiektuetara bideratuko du, baldin eta horiek jasoko dituen modalitatea oraindik ebatzi gabe badago eta kalitate-eta bideragarritasun-betekizun egokiak dituzten proiektuei laguntzeko erabiltzen badira. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4.– Administrazio publiko desberdinetatik jasotako guztizko gehienezkoak ezin gaindituko du honako aginduan aurreikusitako edozein laguntza-motarako eskatutako jardueraren kostuaren % 70, ezein kasutan.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Honako agindu honetan berariaz ezarritako beste eskakizun guztien kaltetan izan gabe, diru-laguntzak ondoko eskakizunak betetzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte:

– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea.

– Deialdi hau argitara eman aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baitako antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotea eta pertsona juridikoa izanez gero, antzerki-jarduerak gauzatzearekin bat datorren xede edo helburu soziala edukitzea.

2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango. Hala, bada, balorazio hobea lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira.

3.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

5.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dira:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.net gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/antzerki_prestakuntza/y22-izapide/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero.

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:

a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehaztuarekin batera, euskadi.net webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta.

b) 2014-2015 ikasturtean zehar garatutako prestakuntza-formazioaren memoria.

c) Proiektuaren sarreren eta gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua, euskadi.net webgunean aurkituko duzun inprimakia erabiliz.

d) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan minimis arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

8. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Batzordekideak: bi teknikari, bata Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proposaturiko Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailordeko teknikaria eta bestea Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak proposaturiko Hezkuntza Sailordeko teknikaria, biak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

– Idazkaria: Batzordeko idazkari gisa, hitzez baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.

2.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

11. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko eta horien zenbatekoa finkatzeko orduan, Balorazio Batzordeak ondorengo ataletan ezarritako irizpideak erabiliko ditu:

2.– Antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako programei diru-laguntzak emateko irizpideak:

a) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako programak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35 balioko du).

b) Arte dramatikorako indarrean dauden arauek ezartzen dutenarekiko zentroaren egokitasuna (instalazioak, curriculum-a, irakasle-taldea) (Guztizko puntuazioaren % 25a. Gehienezko puntuazioa arte dramatikoko titulazio ofiziala lortzeko Hezkuntzari buruzkoa den maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoa betetzen duten zentroek izango dute).

c) Euskararen erabilera. Prestakuntza-programak lurralde historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

3.– Antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerentzako diru-laguntzak emateko irizpideak:

a) Baloratu behar den programaren interes artistikoa eta kalitatea. Irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35eko balioa izango du.

b) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako programak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (% 25).

c) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

d) Euskararen erabilera. Prestakuntza-programak lurralde historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

4.– Baztertu egingo dira eta ez dira aukeraketaren baitan sartuko gutxienez balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak.

5.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Nolanahi ere den, bai laguntza jasoko duten proiektuen kopurua bai ematen zaien diru-zenbatekoa ere agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamenak ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, jakinarazpena jaso eta biharamunetik zenbatzen hasiko den hilabeteko epean. Horrela xedatu da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetako 2.4 artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, beti ere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

14. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki aipatzea. Material hori guztia euskaraz egingo da, nahiz eta beste hizkuntza batzuk ere erabili.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Emandako diru-laguntzen ordainketa honako modu honetan gauzatuko da:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75 esleipen-ebazpena egin eta 14.a) artikuluan ezarritako epearen ondoren ordainduko da.

b) Gainontzeko % 25a diruz lagundutako jarduera burutu eta jarduera osoa 16. artikuluan aurreikusitako moduan erabat justifikatu ondoren.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, Euskadi.net webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, Euskadi.net webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak).

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

e) Katalogo, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

17. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

18. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 50era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea eta diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

19. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 araudian ezarritako «minimis» arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, enpresa jakin bati emandako diru-laguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango bermatzeko hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala