Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2016ko urtarrilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
9

2160/2015 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Erosketa Publiko Berritzaileko prozesuak artikulatzeko proposatutako erronkei erantzun berritzaileak emateko ideien deialdi irekia onartzen da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eraginkortasun- eta efizientzia-konpromisoa du Administrazioaren diseinuan eta funtzionamenduan, Estatutu Sozialetan ezarritako helburuak lortzeko lan egiten duen bitartean; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien osasunaren babesaren zein zainketaren esparruan eraginkortasunik handiena lortzeko lanean dagoen bitartean.

Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ikerkuntza eta berrikuntza ezagutza sortzeko elementu nagusiak direla aitortzen dute, osasuna eta osasun-sistemaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetze aldera.

Ildo horretatik, Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak berrikuntza irekia sustatzera zuzendutako jarduerak bultzatzen dituzte, unibertsitateen, ikerkuntza-zentroen, zentro teknologikoen eta enpresa pribatuen arteko elkarlana bideratzeko eta, aldi berean, enpresa txiki eta ertainak jarduera berritzailean sartzearen alde egiteko.

Hori dela eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren konpromisoetako bat berrikuntza sustatzeko administrazio-jarduerak egitea da, eskaritik merkatu berritzaile berriak indartuz. Helburu horrekin, Erosketa Publiko Berritzailea erabiltzea sustatuko du, berrikuntzako politika-tresna gisa. Erosketa horren amaierako xedea berrikuntza eta nazioartekotzea dinamizatzea da, eskari teknologikoa artikulatuz eta indartuz, horretarako, I+G sustatzeko jarduerak eta ondasun eta/edo zerbitzuen kontratazio publikoko jarduerak konbinatuta.

Konpromisoa betetzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Erosketa Publiko Berritzaileko Bulego batez hornitu da; alde batetik, jarrera publiko berritzaile horiek estimulatzeko eta, bestetik, egun erantzunik ez duten edo dauden erantzunekin modu egokian betetzen ez diren egungo sistema sanitarioaren beharrei erantzun hobea ematen laguntzeko.

Horretarako, Erosketa Publiko Berritzaileko Bulegoan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aurre egin behar dien erronka teknologikoen zerrenda bat egin da, horiek baitira identifikatutako lehenengo ildo gakoak sistema sanitarioaren kalitatea eta iraunkortasuna hobetzeko eredu eta produktu berriak garatzeko, betiere, erosketa publiko berritzailearen ereduaren testuinguruan. Erronka teknologiko horiek dokumentu honen eranskinean jasota daude.

Erosketa Publiko Berritzaileko prozesuen plangintza egin aurretik eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erosketa Publiko Berritzaileko ereduarekin eta prozedurekin bat etorriz, hizketaldi teknikoko prozesu bat sustatzea interesgarria dela ulertzen da, erantzun berritzaileen ideien deialdi ireki baten bidez, proposatzen diren erronka teknologikoetarako erantzunak identifikatzeko.

Horri dagokionez, Obretako, hornidurako eta zerbitzuetako kontratu publikoak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/CE Zuzentarauaren zortzigarren kontuan hartuzkoak hau aitortzen du: kontratu bat esleitzeko prozedura bat atera aurretik, botere esleitzaileek, «elkarrizketa tekniko» baten bidez, baldintzen plegua zehazteko erabiliko den aholkularitza eskatu edo onartu ahalko dute, aholkularitza horrek lehia desagerrarazten ez duen bitartean.

Deialdi hau Erosketa publiko berritzaileari buruzko gidaren gomendioetan ere jasotzen da, Ministro Kontseiluak erosketa publiko berritzaileari buruz hartutako erabakiak proposatuta, orduko Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak 2011ko uztailaren 8an argitaratu zuen horretan, alegia.

Horregatik guztiagatik, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. eta 12. artikuluek emandako eskumenez baliatuz, honako hau.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da pertsona fisiko zein juridikoen parte-hartzea sustatzea, eranskinean adierazitako erronka teknologikoei erantzuten dieten erantzun berritzaileetako ideien proposamenak identifikatzeko.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak.

Deialdia irekia da eta parte hartu eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin kolaboratu nahi duten pertsona fisiko zein juridikoei zuzenduta dago, aipatutako erronkei erantzuteko helburuarekin; bai haien definizioan eta irismenean, bai garapenean eta berrikuntza teknologikoan esparru sanitarioaren barruan.

Administrazioak parte-hartzaileei berdintasuneko tratua emango die, ez diskriminatzailea, eta haien partaidetza gardentasunaren printzipiora egokituko da.

Hirugarrena.– Kontratu-legediaren printzipioak aplikatzea.

Deialdian parte-hartzeak ez dakar, Administrazioari dagokionez, aurkeztutako proposamenak finantzatzeko edo onartzeko beharrik.

Era berean, deialdian parte-hartzeak, parte-hartzaileekin izandako hizketaldiek edo informazio-trukaketek ezingo dute ez-diskriminatzeko eta gardentasuneko komunitateko printzipioei eragin, eta ez dute lehia murriztu edo mugatuko, eta ez dituzte abantaila desleialak edo eskubide esklusibo ez ebentualik emango ondoren deitu ahal diren kontratazio-prozeduretan.

Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak beharrezko neurriak hartuko ditu, aipatutako printzipioak zaintzen direla bermatzeko, bai deialdi hau garatzerakoan, baita ondorengo edozein kontratazio-prozedura garatzerakoan ere.

Zehazki, tratu berdintasuneko eta gardentasuneko printzipioak aplikatuz, beste parte-hartzaile, hautagai edo lizitatzaileei deialdi honen esparruan edo horren ondorioz elkarrekin trukatutako edozein informazio jakinaraziko zaie, prozesuko agente interesdun guztiak jakinaren gainean egon daitezen. Aurreko etapa batean, bermatuko da espezifikazio funtzionalak sektore publikoko kontratuen legedian jarritakoa errespetatuz definitzen direla eta produktuaren bizi-zikloaren metodologiara egokituta daudela. Era berean, eskaintzak eta parte hartzeko eskabideak jasotzeko epe egokiak ezarriko dira, balio eskaintzak prestatzeko beharrezkoa eta arrazoizkoa izan daitekeen denbora kontuan izanik.

Laugarrena.– Proposamenak aurkeztea.

Proposamenak aurkezteko oinarrizko arau hauek bete beharko dira:

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erantzun berritzaileak behar dituzten erronka teknologikoak ezarriko ditu, erronkei erantzun partziala edo erabatekoa emateko eta dagoenari balioa eransteko.

2.– Parte hartzeko interesa duten pertsonek, fisikoek zein juridikoek, posta elektroniko bat bidali beharko dute EPBbulegoa.oficinaCPI@osakidetza.eus helbidera, fitxarekin (eskuragarri webean), proposamenak aurkeztuko badituzte. Aukeran, fitxekin batera egokia deritzozuen dokumentazio osagarria bidali ahalko duzue; hots, proposamena xehetasun handiagoarekin garatzen duen dokumentazioa.

Pertsona- edo entitate-talde batek proposamena batera aurkeztuko balu, ordezkaria zein den identifikatu beharko du, Administrazioarekiko harremanetarako.

Edonola ere, interesdun bakoitzak parte-hartzetik sortutako balizko kostuak bere gain hartu beharko ditu.

3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak elkarrizketa teknikoko fase honetan aurkeztutako proposamenak ikertuko ditu eta Erosketa Publiko berritzailea kontratatzeko proiektuak definitzeko prozesuan erabili ahalko ditu. Interesekoa dela ulertuko balitz, parte-hartzaile zehatzei banaka deitu ahalko zaie, aurkezpen xeheago bat egiteko edo haien proposamenaren, produktuaren edo zerbitzuaren gaineko informazioa zabaltzeko. Aurkezpena publikoa balitz, hori beste partaideei jakinaraziko zaie. Proposamenen aurkezpenetik sortutako informazioaren trukaketa erabili ahalko da, hala badagokio, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore publikoko kontratuen legearen testu bateginaren 117. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, ondoren deitu ahal diren ondasun edo zerbitzuen kontratazio-prozeduretan erabili ahal diren espezifikazio funtzional xeheak definitzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, deitu ahal diren balizko kontratazio-prozeduretako hautagaien artean gardentasuna eta aukera-berdintasuna bermatzeko, proiektu bakoitzaren definizioan emandako aurrerapausoei buruzko informazioa jakitera emango du.

4.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, proposamenak kontuan izanda eta aplikagarri diren kontratu-arauak betez, erronkei lotutako proiektuak gauzatzeko kontratazio-prozedura egokiak izapidetu ahalko ditu.

Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena izango du proiektuen garapen eta gauzatze prozesuan kontuan izango diren proposamenen eta hautagaiek proiektu horiei eginiko ekarpenen aurkezpen publikoa egiteko eta baita publikoki aitortu daitezen beharrezko hedapena egiteko ere.

Bosgarrena.– Isilpekotasuna.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak prozeduraren parte-hartzaileen harremanetarako datuak biltegiratuko ditu. Datu horiek proposamenaren fitxetan jasoko dira; horietan, gainera, haien berariazko adostasuna eta deialdiaren oinarrien onarpena jasoko dira, Administrazioak prozesuan parte hartu dutela hedatzeko aukera barne hartuz, garrantzitsua balitz.

Beste alde batetik, prozesuaren gardentasuna, ahalik eta informazio gehiena eskuragarri dagoela eta esperientziak eta iritziak modu eraginkorrean partekatzen direla bermatzeko, parte-hartzaileek berariaz adierazi beharko dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aurkeztutako proposamenen beharrezko informazioa, osoa edo zatiren bat, eskuragarri eta eguneratua mantentzearekin ados daudela.

Elkarrizketa tekniko honetan jasotako ideietatik garatuko diren etorkizuneko Erosketa Publiko Berritzaileko prozesuen espezifikazio funtzionalak hedatzeko aukerari kalterik egin gabe, Administrazioak ezingo du parte-hartzaileek eta horiek izendatutakoek emandako informazio teknikoa edo merkataritzakoa hedatu.

Seigarrena.– Jabetza intelektuala eta industriala ustiatzeko eskubideak.

Erronkak ebazteko aurkezten diren erantzunen ideia posibleek ezingo dute fabrikazio edo jatorri zehatz bat edo prozedura zehatz bat aipatu, eta ezingo diote marka, patente edo mota, jatorri edo ekoizpen zehatz bati erreferentziarik egin.

Modu berean, deialdian parte-hartzeak berekin dakar Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari aurkeztutako proposamenen edo erantzunen gaineko jabetza intelektuala ustiatzeko eskubidea lagatzea, etorkizuneko Erosketa Publiko Berritzaileko prozesuen espezifikazio teknikoak definitu ahal izateko, sektore publikoko kontratuen legedian ezarritakoarekin bat etorriz. Gainera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren edo bere enpresa kolaboratzaileen eskubidea izango da horiek hedatzea, argitaratzea eta modu librean erabiltzea etorkizunean proiektuak garatzerakoan. Hori guztia eskubide horiek irauten duten bitartean eta lurralde-mugapenik gabe.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Proiektuen kontratazioa.

Garatu beharreko sistemen/zerbitzuen/produktuen espezifikazio funtzionalak definitu ondoren (deialdi honen emaitza gisa jasotako erantzun berritzaileen ideiak oinarri izanik), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak dagokion kontratazio-prozedurak hasi ahalko ditu, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, hots, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina ezartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

Administrazio-baldintzen pleguetan eta esleitutako kontratuetan, hautatutako eskaintzaren erantzun teknikoek jabetza industrial zein intelektualarekin lotutako alderdietan, aspektu hauek izan beharko dira kontuan:

a) Jabetza intelektual edo industrialeko eskubide batek babestutako produktu bat garatzea edo eskaintzea helburu duten kontratuetan eta enpresa berritzaileen merkatuen itxaropenak mantentzeko xedearekin, esleipendunak aipatutako jabetza mantentzea ezarri ahalko da, baina, gutxienez, Administrazio kontratatzaileari erabiltzeko lagapena eta emandako teknologiak bere beharrei egokitzeko aukera emango zaio. Horretarako, Administrazioak softwarearen iturri-kodea duela bermatuko da. Era berean, Administrazioak aukera izango du 3.1 artikuluan aipatzen dituen sektore publikoko ente, erakunde eta entitateei produktuaren erabilera baimentzeko. Aurreikusi ahalko dira erabilera-baldintzen berrikuspena eta aldaketa ere, beste bezero batzuek etorkizunean baldintza hobeak lortzen badituzte, horiek berdindu arte.

b) Zerbitzu publikoetarako erantzun berritzaileen garapen errentagarria errazteko, ikerkuntza eta garapeneko kontratuetan, merkatu-baldintzekin bat datozen mekanismoak ezarriko dira, enpresa esleipendunekin ikerkuntza zientifiko zein teknikoaren arriskuak eta onurak partekatu ahal izateko, Administrazioak egindako ekarpenaren proportzioaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Proposamenen eta, egonez gero, kontratuen ebaluazioa.

Administrazioak espezifikazio funtzionalak definitu aurretik, dagokion garapenaren erabiltzailea izan daitekeen Adituen Batzordearen parte-hartzea beharrezkoa izango da, ebaluatu ditzaten. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egoki irizten dituen agente eta baliabideek ebaluazioan parte hartu ahalko dute. Era berean, kontratazio-prozeduretan, lizitatzaileek eskainitako erantzun teknikoak eta garapen teknologikoak aipatutako langileek ebaluatuko dituzte; horretarako, dagokien txostenak eskatuko zaizkie.

AZKEN XEDAPENA

Proposamenak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Erronkei dagokien deialdia itxiko da beharrezko definizio-maila lortu ondoren. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko pertsona titularrak horretarako agindua emango du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Elkarrizketa tekniko hauen argitalpenari eta ondorengo itxierari kalterik egin gabe, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erronka berriak web inguruneen bidez argitaratzeko sistema ezarriko du.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 17a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

ERANSKINA

A) Erronka teknologikoak.

1.– Jarduerak Emergentzian eta Etxez Etxeko Asistentzian.

Emergentziako asistentzia eta etxez etxeko asistentzia osatzen duten elementuen kontrola eta kudeaketa; anbulantzien kudeaketa aktibotik hasi eta Historia Klinikoarekin dauden konexioetan amaitu, arreta medikoan ezarritako prozedura-dokumentuak betez.

2.– Larrialdien kudeaketa. Osakidetza- Euskal osasun zerbitzua.

Pazienteei arreta emateko denbora hobetzea eta baita baliabideak optimizatzea ere, kontrol eta kudeaketa egokiaren bidez eta, bertan, paziente-fluxuaren informazioa sartzea.

3.– Pazientearen segurtasuna hobetzea.

Baliabideak, bai fisikoak zein informatikoak, garatzea, historia klinikoari, medikoari eta erizaintzakoari konektatuta, Osakidetzako langileen lanaren prozedura ohikoenen segurtasuna handitzeko eta errazteko aukera ematen baitute: pazientea zalantzarik gabe identifikatzea, farmakoak modu seguruan administratzea, etab.

4.– Historia Soziosanitarioa.

Historia Kliniko bakarrean paziente baten datuak eta pazienteak ebaluatzeko eta, hortaz, bere konplexutasun handian ezagutzeko aukera eskaintzen duten protokoloak edo tresnak bateratzea, eta horrekiko sarbidea pazienteen arretan konprometitutako erakunde ezberdinetatik integratzea.

5.– Baheketa Programak.

Baheketa eta antzeko ekintzen programak kudeatzea eta integratzea, Historia Klinikoarekin batera, pazientearen kudeaketa integrala lortzeko (abisuak, emaitzen jakinarazpena, inkesta, etab.)

6.– Pazientea ahalduntzea.

Gaixo kronikoen urrutiko kudeaketako erantzun berritzaileak, erabiltzaileak aktibatzen dituztenak, horiek gaixotasun kronikoekin bizitzeko ezagutzak, gaitasunak eta konfiantza lortzeko tresnak direla ulertuz, paziente eta hezitzaileen arteko topaketarako eta trebakuntzarako aukera izan dadin.


Azterketa dokumentala