Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2016ko urtarrilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
22

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinen bidez xedatzen baita EAEko Merkataritzaren I. Esparru Akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailatzea, 2015eko azaroaren 25etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean indarrean egongo dena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko azaroaren 25ean aurkeztu zen REGCONen EAEko Merkataritzaren I. Esparru Akordioari buruzko nahitaezko dokumentazioa.

Bigarrena.– Negoziazio-batzordeak 2015eko azaroaren 25ean izenpetu zuen akordio hori.

Hirugarrena.– 2015eko azaroaren 26an, zuzenketa eskatu zen, akordio horren sinatzaileek helaraz zezaten akordioa gordailatu, erregistratu eta argitaratzeko eskaera izapideak egiteko aurkeztu behar duen pertsona izendatzeko idazkia. 2015eko azaroaren 26an bete da eskatutakoa

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorriz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i artikuluarekin (2014-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailatzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko EHAA).

Bigarrena.– Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan xedatutako eskakizunak betez sinatu da akordioa.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 2a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.

EAEKO MERKATARITZA ARLOKO ESPARRU AKORDIOA

1. artikulua.– Langile- eta jardun-esparrua.

Merkataritzan diharduten eta Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Merkataritzako egungo hitzarmen kolektibo probintzialen jardun-esparruetan barne hartutako, edo gerora barne hartuko diren enpresen eta enpresa horietan zerbitzu egiten duten langileen lan-harremanetan aplikatuko da hitzarmen hau; hitzarmen horiek izango dira: a) indarrekoak, eta b) Langileen Estatutuari buruzko Legearen (aurrerantzean, LE) 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galduagatik, legitimatutako alderdiek negoziatzen jarraitzen dituztenak edo negoziazioei bi alderdien adostasunez berrekiten zaienak, eta galera horren ondoren sinatzen direnak, horrela estatutu-indarraldia berreskuratuz.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

EAEko lurralde-eremu osoan aplikatuko da akordio hau.

3. artikulua.– Indarraldia eta denuntzia.

Alderdiek erabaki dute sinatzen denetik 2017ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango duela akordioak.

Akordio hau denuntzia dezakete horretarako legitimatutako alderdiek, LEren 86. artikuluaren arabera: idatziz egin beharko da, amaitu baino 30 egun lehenago, eta berrikusi nahi diren manuak barne hartuko ditu, baita berrikusketaren irismena ere.

Denuntziarik ez bada, automatikoki luzatuko da akordioa, LEn ezarritakoaren arabera.

4. artikulua:

a) Sektoreko negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektibo probintzialen aplikazio-lehentasuna EAEn.

Akordio-esparru honen sinatzaileek uste dute EAEn sinatutako egungo merkataritzako hitzarmen kolektibo probintzialek, edo egungoak berrituz alderdi legitimatuek negoziazio-esparru berean sina ditzaketenak, indarrekoak izan zein ez, aplikazio-lehentasuna izan behar dutela estatu-mailako indarreko edo sina daitekeen bestelako hitzarmen edo akordioren gainetik, LEren 83.2 artikuluaren arabera.

Horregatik, akordio honen oinarrizko helburua da, EAEko merkataritza-sektorean, egun indarrean dauden hitzarmen kolektibo probintzialen nagusitasuna ezartzea estatu- edo autonomia-mailako aldibereko hitzarmen edo akordioen gainetik; merkataritza-sektoretzat hartzen da EAEko merkataritzako egungo hitzarmen kolektibo probintzialen jardun-esparruaren barnean dauden sektoreak, indarrekoak zein LEren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galdu dutenak, eta estatutu-indarraldi hori galdu eta gero sinatzen direnak, horrela indarraldia berreskuratuz.

Beraz, arau hauek erabakitzen dira, LEren 83.2 artikuluan xedatutakoaren arabera:

1.– EAEko Merkataritzako Esparru Akordioa.

Estatu-mailako sektoreko edo lanbide arteko aldibereko esparru-akordio ororen gainetik, lehentasunez aplikatuko da esparru-akordio hau, baita, merkataritza-sektoreko ezein negoziazio kolektiboaren egiturari dagokionez, esparru bereko sektoreko beste hitzarmen kolektibotan xedatutakoaren gainetik ere, bai aurretik existitzen direnean, bai akordio hau sinatu ostekoak direnean.

2.– Aplikatzeko lehentasuna.

Alderdi sinatzaileek uste dute merkataritzaren sektoreko negoziazioa hitzarmen kolektibo probintzialen bidez egituratzen dela, zeinek Lurralde Historiko bakoitzaren berezitasunei erantzun ohi izan baitiete.

Akordio-esparru honek, LEren 83.2 artikuluan xedatutakoaren babesean, bermatzen du EAEn sinatutako eta egun arlo guztietan indarrean dauden hitzarmen kolektibo probintzialak aplikatzeak duela lehentasuna, sektoreko estatuko edo autonomiako beste hitzarmen edo akordio kolektibotan xedatutakoaren gainetik, izan akordio hau sinatu aurrekoak zein ostekoak. Horregatik, probintzia-eremuko berezko arlo esklusibotzat hartzen dira merkataritzako hitzarmen kolektibo probintzialak, eta, ondorioz, eremu horretarako bereizitzat, hargatik eragotzi gabe estatuko eremuari dagokionez LEren 84.4 artikuluan xedatutakoa.

Egungo indarreko merkataritzako hitzarmen kolektiboen ordez edo LEren 86.3 artikuluaren arabera indarraldia galduagatik negoziatzen segitu diren edo, negoziazioa etenik ere, berriz ekin zaien merkataritzako hitzarmen kolektiboen ordez gerora sinatuko direnek, negoziazio-esparru berean, aurreko paragrafoko aplikazio-lehentasun bera izango dute sinatu eta gero.

Negoziazio-esparru bera esatean, ulertzen dugu aurrekoa ordezkatzen duen hitzarmen kolektibo probintziala, jardun-esparru berean, eraginpeko enpresei, sektoreei edo azpisektoreei dagokienez.

Gerora, negoziazio-esparru berrietan sina litezkeen merkataritzako hitzarmen kolektibo probintzialek lehenengo paragrafoan ezartzen den aplikazio-lehentasun bera izango dute sinatzen direnetik, baina berau negoziatzeko legitimitatea duten alderdiek aho batez hala erabakitzen badute, betiere.

Negoziazio-esparru berria esatean, ulertzen da jardun-esparru berri batekin merkataritzako hitzarmen kolektibo probintzial bat sorrarazten duena, baina barne hartzen duena, osorik edo partez, egun dauden hitzarmen kolektibo probintzialen bateko jardun-esparruan barne hartutako merkataritzako sektoreak, azpisektoreak edo enpresak, izan indarrekoak edo izan LEren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz indarraldia galdu dutenak, baina negoziatzen jarraitzen direnak edo negoziatzera berriz ekin zaienak.

Dena den, akordio honetako Batzorde Mistoari jakinarazi beharko zaio esparru-akordio honetako jardun-esparruan barne hartutako sektoreko negoziazioko –probintziala edo autonomiakoa– esparru berrietako negoziazioa sustatzen dutela indarreko lan-arloko legeriak legitimatutako subjektuek.

b) Merkataritza-esparruan, sektoreko negoziazio kolektiboa desblokeatzea.

Akordio hau sinatu duten alderdiak engaiatzen dira behar diren jarduketa guztiak hastera benetako negoziazio-egoeran baina sinatu gabe dauden eta, LEren 86.3 artikuluan eta 3/2012 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren ondorioz, indarraldia galdu duten merkataritzako hitzarmen probintzialak desblokeatzea errazteko.

5. artikulua.– Batzorde Misto Paritarioa.

Batzorde Paritario bat ezartzea adostu da, akordio hau eta sortzen den arazo oro interpretatzeko eta betetzen dela behatzeko; Legeak edo berau aplikatzearen ondoriozko akordioek emango diote eskumena batzorde horri.

Hitzarmen hau sinatu duten sindikatuetako kide banak eta haiek adina nagusien ordezkarik osatuko dute Batzorde Paritarioa.

Lan Harremanen Kontseiluarena izango da Batzorde Paritarioaren egoitza: Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua, Bilbao.

Batzorde honek aholkularien zerbitzuak erabili ahal izango ditu bere eskumenekoak diren arloetan, zeinak alderdi bakoitzak izendapen askez izendatu ahal izango baititu horiek, eta negoziazio-mahaian duen ordezkaritzaren arabera hartuko ditu bere erabakiak batzordeak.

Batzorde Mistoaren egoitzan idazkia jasota, jasotzaileak Batzorde Mistoko kideak deitu ahal izango ditu bilera egiteko.


Azterketa dokumentala