Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2016ko urtarrilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
372

6/2015 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreformari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2015 Foru Araua, abenduaren 23koa, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreformari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadila agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2015eko abenduaren 23a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

ZIOA

Aberastasunaren edo, hala nahi izanez gero, ondarearen tributazioa oso eztabaidatua da gaur egun, eta zerga arloko adituek ikuspuntu askotatik aztertua da.

Aurreko agintaldian Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Araua onartu zen, eta indarrean jarraitzen du Gipuzkoan. Zerga horrek hainbat berrikuntza ekarri zituen, baina horietako batzuk berrikusi egin behar dira.

Garrantzi berezia du jarduera ekonomikoei atxikitako elementuen eta entitate jakin batzuetako partaidetzen zerga tratamenduak. Argi dago lurralde historikoarentzat garrantzitsua dela Gipuzkoako enpresa sarearen eginkizuna. Horregatik, arreta berezia merezi du, sendotasunez ekonomia hobetu eta kalitatezko lanpostuak sortu ahal izateko. Hori dela eta, premiazkoa da tributazioa gure inguruko errealitate fiskalera egokitzea, are gehiago Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, inolako bereizkeriarik egon ez dadin. Horrela, 100eko 75eko hobariaren ordez zergatik salbuetsita gelditzen dira goian aipatutako elementu atxikiak eta partaidetzak, beharkizun jakin batzuk betez gero.

Zerga oinarria kalkulatzeko balorazio arauei dagokienez, berrikuntza garrantzitsu bat sartzen da ondasun higiezinen eremuan. Horren arabera, zerga oinarrian hiru balioetako handiena (katastro balioa, balio egiaztatua edo eskurapen balioa) aintzat hartzen zuen sistemaren ordez, balio bakarra (katastro balioa) kontuan hartuko duen beste sistema bat ezartzen da. Horrela, aurrera egiten da beste bi lurralde historikoekin harmonizatzeko bidean. Gainera, desagertu egiten dira aurreko sistemak sor zitzakeen justizia tributario horizontaleko arazoak, zeren eta antzeko ondasun higiezinak zergan balio desberdinen arabera hartu behar baitziren aintzat, kasuaren arabera.

Bestetik, begi bistakoa da zerga tasak edozein zerga figuraren oinarrizko osagaiak direla eta, horregatik, bai eta aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergarenak ere. Baztertu gabe lurralde historikoetako erakundeei esleitutako eskumenak eta, zehazki, Gipuzkoari tributazio arloan, beharrezkoa da kontuan hartzea gainerako lurralde historikoen egoera ere, araudietan harmonizazio maila handiagoa lortzeko, betiere herri mailako kohesio handiagoa ahalbideratze aldera. Egokitzapen hau zerga-bilketa gutxitu gabe egiten da; noski, alderdi horrek garrantzi berezia du, adibidez gizarte arloko prestazioak edo inbertsio publikoa kaltetu ez daitezen. Horrenbestez, eta baztertu gabe etorkizunean harmonizaziorako ahalegin handiagoa komenigarri izatea, orain berrikusi egiten da zergaren tarifa, Bizkaian eta Araban indarrean daudenetara hurbilduta.

Azkenik, aldaketa tekniko batzuk sartzen dira, nagusiki aipatutako aldakuntzen eraginez.

Foru arau honetan, bakar-bakarrik jasota daude premiarik handienaz egin beharreko aldaketak. Beraz, foru araua zergaren hurrengo sortzapen eguna (abenduaren 31) iritsi aurretik onartu ahal izateko, zergaren erreforma partziala aurkezten da orain. Beraz, horregatik foru arau honekin ez dira amaituko ondarearen tributazioari buruzko arau aldaketak. Aitzitik, ondarearen gaineko zerga berri bat onartzeko behar diren lanak egingo dira, gaur egun indarrean dagoen zerga ordezkatzea nahi baita. Lan horietan, alderdi garrantzitsuak aztertuko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin batera osatzen den muga eta garrantzizko beste alderdi batzuk. Izan ere, Gipuzkoan ondarearen gaineko zerga modernoa eta gaurkotua ezarri nahi da, ahal den neurrian gainerako lurralde historikoekin harmonizatua.

Horrenbestez, foru arau honetan sartutako erreformen asmoa da jarduera ekonomikoei atxikitako elementuen eta partaidetza enpresarial jakin batzuen zerga tratamendua hobetzea, justizia tributario horizontalaren arloan hobera egitea eta lurralde historikoen artean tributazioa harmonizatzeko saioa areagotzea.

Foru arau honek artikulu bakarra, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat,xedapen indargabetzaile bat,eta amaierako lau xedapen, ditu. Era berean, artikulu bakarrak hamaika apartatu ditu, hain zuzen ere Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauaren beste hainbeste artikulu aldatzen dituztenak.

Artikulu bakarra.– Aldatzea Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Araua.

Aldatu egiten da Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Araua. Hona hemen horren aldaketak:

Bat.– Aldatu egiten da 6. artikuluaren 12. apartatua, eta hari 14. apartatua gehitzen zaio. Hona hemen haien edukia:

«12.– Nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza edo basogintzako jardueretara nagusiki bideratutako ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera horiek pertsona fisikoek egiten badituzte pertsonalki eta zuzenean, eta ondasun eta eskubide horiek ez badaude atxikita, foru arau honen 6. bis artikuluan jasotako eran, zergadunaren errenta iturri nagusia diren jarduera ekonomikoei; orobat, landa izaerako ondasun eta eskubideak, landa lurreko finkak edo nekazaritza ustiategiak, baldin eta Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko lagatzen badira, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak eta funts hori garatzeko erregelamenduek xedatutakoari jarraikiz.

Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez».

«14.– Pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak eta merkatu antolatuetan kotizatuta edo kotizatu gabe dauden entitateen kapital edo ondareko partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufrukturako eskubidea, foru arau honetako 6 bis artikuluan jasotako beharkizunak betetzen direnean».

Bi.– Beste artikulu bat gehitzen da, 6 bis. Hona hemen haren edukia:

«6 bis artikulua.– Jarduera ekonomikoei atxikitako ondasunak eta partaidetza jakin batzuk salbuesteko beharkizunak.

1.– Zergatik salbuetsita egongo dira pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta bere errenta iturri nagusia bada. Halaber, salbuetsita daude senar-emazteek edo izatezko bikoteko kideek komunean dituzten ondasun eta eskubideak, ezkontideetako edo bikote-lagunetako baten jarduera ekonomikoan erabiltzen direnean, baldin eta apartatu honetako beharkizunak betetzen badira.

Zergadunaren errenta iturri nagusitzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 50 dena delako jarduera ekonomikoen etekin garbietatik datorkion errenta. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko ez artikulu honen 2. apartatuan aipatutako entitateetan betetzen diren zuzendaritza funtzioen ordainsariak eta ez entitate horietan parte hartzeak dakarren beste edozein ordainsari.

Zergadunak berak bi jarduera ekonomiko edo gehiago ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten dituenean, haiei atxikitako ondasun eta eskubide guztiak egongo dira salbuetsita. Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako, errenta iturri nagusia jarduera guztien etekinen batura osoa izango da.

2.– Era berean, zergatik salbuetsita egongo dira merkatu antolatuetan kotizatuta edo kotizatu gabe dauden entitateetako partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufrukturako eskubidea, baldintza hauek betetzen badira:

a) Entitatearen jarduera nagusia ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa ez izatea. Ulertuko da entitate batek ez duela ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzen eta, beraz, jarduera ekonomiko bat egiten duela, baldin eta, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikulua aplikaturik, entitate horrek ez baditu beharrezko baldintzak betetzen bere aktiboaren erdia baino gehiago baloreez osatuta edo jarduera ekonomikoei atxiki gabe dagoela pentsatzeko.

Entitateak beste entitate batzuetan ere parte hartzen duenean, ulertuko da ez duela ondare higigarri bat kudeatzen, baldin eta, entitate horietako bakoitzean zuzenean gutxienez boto eskubideen 100eko 5 edukita, partaidetzak zuzendu eta kudeatzen baditu baliabide pertsonal eta materialak antolatuz. Horretarako, beharrezkoa izango da entitate partaidetuen jarduera nagusia ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa ez izatea, aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera.

b) Entitateak sozietate izaera duenean, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikuluan jasotako kasuak ez gertatzea.

c) Zergadunak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez 100eko 5ekoa izatea, banaka aintzat hartuta, edo 100eko 20koa berearekin batera ezkontidearena, izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena aintzat hartuta, ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotea edo adopzioa izanik.

d) Zergadunak entitatean zuzendaritza lanak egitea benetan, eta horregatik bere jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekin guztien 100eko 50etik gorako ordainsaria jasotzea.

Aurreko kalkulua egitean, jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekinen artean ez dira zenbatuko artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako jarduera ekonomikoaren etekinak. Entitatean duen partaidetza aurreko c) letran aipaturiko pertsonetako batekin edo batzuekin batera duenean, zuzendaritza funtzioak eta hortik datozen ordainsariak gutxienez ahaidetasun taldeko pertsona batek izan behar ditu, salbuespenerako eskubidea denek izatea eragotzi gabe.

Pertsona bera zuzenean hainbat entitatetako partaidetzen titularra denean eta haietan apartatu honetan jasotako baldintzak betetzen direnean, letra honetan aipatutako portzentajearen kalkulua bereizita egingo da entitate horietako bakoitzarentzat. Horretarako, entitate bakoitzean betetako zuzendaritza funtzioengatik jasotako ordainsariak lan etekin guztien eta zergadunaren jarduera ekonomikoengatik izandako ordainsarien aldean hartzen duen portzentajea zehazteko, ez dira sartuko beste entitate horietan zuzendaritza funtzioetatik etorritako etekinak.

Honako kargu hauek zuzendaritza funtziotzat hartuko dira, eta modu fidagarrian frogatu beharko dira kontratu edo izendapen bidez; lehendakaria, zuzendari nagusia, gerentea, administratzailea, departamentuko zuzendaria, kontseilaria eta administrazio kontseiluko edo administrazio organo baliokideko kidea, baldin eta kargu horietako edozein betetzeak berekin badakar benetan enpresaren erabakietan esku hartzea.

Ondorengo 6. apartatuan jasotakoa eragotzi gabe, ez da salbuetsita egongo jarduera ekonomikoa egiteko beharrezkoak ez diren aktiboen balioarekin bat datorren partaidetzen balioaren zatia, balio hori foru arau honek 14. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan jasotako arauei jarraituz zehaztuta eta hartatik ez datozen zorren zenbatekoa gutxituta. Entitatearen aktiboen nahiz zorren balioa haren kontabilitatetik eta foru arau honetako 14. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan eta 19. artikuluan jasotako arauen aplikaziotik ondorioztatuko da, baldin eta kontabilitatean modu fidagarrian jasotzen bada entitatearen benetako ondare egoera. Horretarako, balio guztiak foru arau honetan jasotakoaren arabera zehaztuko dira, kontabilitaterik ez dagoenean edo horrek modu fidagarrian jasotzen ez duenean entitatearen benetako ondare egoera.

3.– Artikulu honetan aipatutako ondare elementuen titularrak adingabe edo desgaituak badira, exijitutako beharkizunak betetzat hartuko dira haien legezko ordezkariek beharkizun horiek konplitzen dituztenean.

4.– Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, aktibo bat jarduera ekonomiko bat egiteko beharrezkoa dela ulertuko da hari atxikitako elementu bat denean, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 26. artikuluan ezarritakoari jarraituz, salbu haren 1. apartatuko c) letraren amaierako puntuan jasotako aktiboei dagokienez.

Foru arau horrek 27. artikuluko 5. eta 6. erregeletan eta Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 31. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotako aktiboak atxikitzat hartuko dira xedapen horien arabera kengarriak diren gastuen proportzio berdinean.

5.– Artikulu honetan aipatutako salbuespena aplikatzeko beharkizun eta baldintzek zerga honen sortzapena gertatzen den momentua hartuko dute kontuan, salbu ondorengo 6. apartatuko a) eta b) letretan batez besteko plantillari dagokionez jasotakoa.

6.– Honako hauei inoiz ez zaie aplikatuko salbuespen hori:

a) Aurreko 1. apartatua aplikatuz salbuetsita dauden ondasun higiezinei, horiek laga badira edo beren gainean eskubide errealak eratuak badituzte. Tartean dira haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, haien izena edo izaera edozein izanik ere. Dena den, salbuespen hura aplikagarria izango da aipatutako ondasunak higiezinen errentamenduko jarduera ekonomiko bati lotuta daudenean, eta hura egiten duen zergadunak urteko batez besteko plantillan gutxienez besteren konturako bost langile dituenean soldatapean, lanaldi osoan, eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Horretarako, ez dira zenbatuko artikulu honen 2. apartatuko c) letran aipatutako zergadunarekin harremana duten langileak edo Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluan jasotakoari jarraituz lotuta dauden pertsonatzat hartzen diren langileak.

b) Ustiapen ekonomikoei atxiki gabeko ondasun higiezinei dagokien partaidetzen balioaren zatia. Era berean, salbuespena ez zaio aplikatuko aurreko 2. apartatuan aipatu eta ondasun higiezinei dagokien aurreko 2. apartatuan aipatutako partaidetzen balioaren zatiari, hala jasotzen baitu foru arau honek 14. artikuluaren 5. apartatuko a) letraren azken paragrafoan, higiezin horiek lagatzen direnean edo horien gainean eskubide errealak eratzen direnean. Tartean dira haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, haien izena edo izaera edozein izanik ere. Dena den, salbuespen hura aplikagarria izango da aipatutako ondasunak higiezinen errentamenduko jarduera ekonomiko bati lotuta daudenean, eta hura egiten duen zergadunak urteko batez besteko plantillan gutxienez besteren konturako bost langile dituenean soldatapean, lanaldi osoan, eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Horretarako, ez dira zenbatuko artikulu honen 2. apartatuko c) letran aipatutako zergadunarekin harremana duten langileak edo Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluan jasotakoari jarraituz lotuta dauden pertsonatzat hartzen diren langileak.

Batez besteko plantilla zehazteko, kontuan hartu beharko dira aurreko paragrafoan jasotako beharkizunak betetzen dituzten eta zergadunak zuzenean edo zeharka 100eko 25eko partaidetza edo handiagoa duten entitateen multzoan aritzen diren langileak, baldin eta partaidetza horiek artikulu honetan jarritako beharkizunak betetzen badituzte. Zentzu horretan, eta batez besteko plantilla zehazteko kontuan hartu daitezkeen entitateen multzoa definitzeko helburu bakarrarekin, 2. apartatuko a) eta b) letretan jarritako beharkizunak zergadunak zuzenean edo zeharka parte hartuak diren entitate guztietan bere beharko dira, eta 2. apartatuko d) letran jarritako beharkizuna zergadunak zuzenean parte hartuak diren entitateetan bete beharko da bakar-bakarrik.

Letra honetan jasotako salbuespena ez da aplikatuko Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko VIII. kapituluan jasotako araubide berezia aplikatzen duten entitateetako partaidetzen kasuan, foru arau horrek 115. artikuluaren 1. apartatuan aipatutako kasuetan.

c) Aurreko 2. apartatuan aipatu eta bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei eta foru arau honetako 16. artikuluan jasotako ibilgailuei, urontziei eta aireontziei dagozkien partaidetzen balioaren zatia, betiere foru arau honek 14. artikuluaren 5. apartatuko a) letraren azken paragrafoan jasotakoaren arabera.

Ez da salbuespenetik kanpo geldituko, ordea, letra honetan aipatzen den bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei dagokien partaidetzen balioaren zatia, baldin eta balore horiei dagokienez gutxienez boto eskubideen 100eko 5 badu, betiere partaidetzak giza baliabideen eta bitarteko materialen antolaketaren bidez kudeatuz gero.

d) Inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak».

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 12. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Ondasun hiritar edo landatarrak balio katastralaren arabera hartuko dira aintzat.

Ondasun higiezinek ez badute balio katastralik zergaren sortzapen datan edo atzerrian kokatuta badaude, eskurapen balioaren arabera hartuko dira aintzat, betiere Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 45. artikuluko 2. apartatuan jasotako koefizienteen bidez eguneratuta».

Lau.– Honela idatzita gelditzen da 13. artikulua:

«13. artikulua.– Jarduera ekonomikoak.

1.– Pertsona fisikoek jarduera ekonomikoei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak beren kontabilitatetik ondorioztatzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktiboaren eta pasiboaren arteko kenketa eginez, baldin eta kontabilitatea Merkataritza Kodean jasotakoarekin bat badator. Halere, ondasun higiezinak, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak foru arau honek hurrenez hurren 12. eta 16. artikuluetan jasotakoaren arabera hartuko dira aintzat beti, salbu kontabilitate balioa handiagoa bada xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino.

2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauei jarraituz jarduera ekonomikoei atxikitzat hartuko dira ondasunak. Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 27. artikuluko 5. eta 6. erregeletan jasotako aktiboak hartuko dira xedapen horien arabera kengarriak diren gastuen proportzio berdinean atxikitzat.

3.– Kontabilitaterik ez badago, edo kontabilitatea ez bada Merkataritza Kodearen araberakoa, zerga honen gainerako arauak aplikatuz egingo da balorazioa».

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 14. artikuluaren 5. apartatua:

«5.a) Aurreko 4. apartatuan aipatutakoak ez bezalako akzio eta partaidetzen kasuan, balorazioa onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa izango da.

Dena den, zerga honen zerga oinarria zehazteko, ondasun higiezinen, bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreen, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzen eta foru arau honek 16. artikuluan jasotako ibilgailuen, urontzien eta aireontzien kontabilitate balio garbiaren ordez ezarriko da foru arau honek hurrenez hurren 12. artikuluan eta 14. artikuluaren 2. eta 4. apartatuetan eta 5. apartatuko b) letran eta 16. artikuluan jasotakoaren arabera hartzen duten balioa, salbu kontabilitate balio garbia handiagoa denean xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino. Era berean, kontuan hartu beharko da zeharka beste entitate batzuetako partaidetzen bidez edukitzen diren ondasun higiezinen, bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreen, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzen eta ibilgailuen, urontzien eta aireontzien balioa, eta horiei dagokienez paragrafo honetan jasotakoa aplikatu beharko da, baldin eta partaidetza portzentajea entitate horien kapitalaren 100eko 5 edo handiagoa bada. Horretarako, aintzat hartu beharko da zergadunaren partaidetza nahiz ezkontidearena, izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena, ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotea edo adopzioa izanik, edo Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluaren arabera lotuta dagoen pertsona edo entitate batena.

b) Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialari edo ondare funtsari dagozkion akzio eta partaidetzak zergaren sortzapen egunean duten likidazio balioaren arabera hartuko dira aintzat; balantzean sartutako aktiboak erakunde horien berariazko legerian jasotako arauei jarraikiz baloratuko dira, eta hirugarrengoekin dauden obligazioak kengarriak izango dira.

c) Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzaren balioa zehazteko, kontuan hartuko da ordaindutako ekarpen sozialek –nahitaezkoek zein borondatezkoek– onartutako azken balantzean eratzen duten zenbateko osoa, eta egotzitako eta konpentsatu gabeko galera sozialak egonez gero, horiek kendu egingo dira.

d) 5. apartatu honetan jasotakoaren ondorioetarako, entitateek balorazioen ziurtagiriak eman beharko dizkiete bazkideei edo partaideei.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 24. artikulua:

«24. artikulua.– Zergaren tarifa.

1.– Zergaren oinarri likidagarria tarifa honetako tasak aplikatuta kargatuko da:

(Ikus .PDF)

2.– Zerga honen ondorioetarako, batez besteko karga tasa efektibotzat hartuko da tarifaren aplikaziotik ateratzen den kuota osoa oinarri likidagarriarekin zatituz lortutako zatidura 100ekin biderkatuz ateratzen den emaitza. Batez besteko karga tasa bi zenbaki hamartarrez adieraziko da».

Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 25. artikulua:

«25. artikulua.– Kuota likidoaren kontzeptua.

1.– Kuota likidotzat hartuko da kuota osoari kapitulu honetan jasotakoen artean bidezkoak izan daitezkeen kenkarien zenbatekoa gutxituz ateratzen den kopurua.

2.– Kuota likidoa inoiz ezin da negatiboa izan.

3.– Obligazio errealagatik ateratzen den kuota likidoa inoiz ezin izango da handiagoa izan zergaduna bere aberastasun osoari dagokionez obligazio pertsonalarengatik zergari lotuta egongo balitz aterako litzatekeen kuota likidoa baino».

Zortzi.– Edukirik gabe uzten da 27. artikulua.

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen dira 31. artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa eta 3. apartatua:

«Era berean, autolikidazioak sinatu eta aurkeztera behartuta egongo dira, aurreko paragrafoan jasotako zirkunstantzia gertatzen ez denean, zergaren arauei jarraituz zehaztutako zergadunaren ondasun eta eskubideen balioa –salbuetsiak barne– 3 milioi eurotik gorakoa denean».

«3.– Zergadunek autolikidazioa egitean kontuan jaso beharko dute haien titulartasuneko ondasun eta eskubide guztien zerrenda, bai eta foru arau honetako IV. kapituluan jasotako erregelen arabera duten balorazioa ere, ondasun horiek salbuetsita egotea eragotzi gabe. Era berean, autolikidazioarekin batera bertan ezartzen diren agiriak eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Bereziki, autolikidazioan jasota utzi beharko dituzte jarduera ekonomikoei dagozkien ondasun, eskubide eta zorrak, horien balioarekin batera, bai eta foru arau honetako 6. bis artikuluan ezarritakoaren arabera kasu batean zein bestean salbuetsita gelditzen diren partaidetzak eta horien balioaren zatia ere».

Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 33. artikulua:

«33. artikulua.– Zergadunen betebehar formalak.

Zergadunak behartuta egongo dira preskripzio epearen barruan ondasun eta eskubideen eta zor eta obligazioen titulartasun eta balorazioari buruzko frogagiriak eta egiaztagiriak gordetzera, bai eta autolikidazioetan jasota gelditu behar diren kenkariei buruzkoak ere».

Hamaika.– Edukirik gabe uztean da amaierako zazpigarren xedapena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru arau honen amaierako lehen xedapenean aurreikusitako ondorioak eragotzi gabe, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren zerga-egitateak eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarenak gertatu badira 2015eko urtarrilaren 1etik foru arau hau indarrean jarri bitarteko epean, aplikagarria izango zaie, oraindik ere, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergak 2014ko abenduaren 31ra arte indarrean izan duen erregulazioa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2015. urterako soil-soilik ondorioak izateko, foru arau honek aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauan gehitu duen 6 bis artikuluko 6. apartatuaren a) eta b) letretan aurreikusitako baldintza bete beharrean, alegia, urteko batez besteko plantillan gutxienez soldatapeko bost langile izatea lanaldi osoan eta dedikazio osoarekin, baldintza hau bete beharko da: urteko batez besteko plantillan gutxienez soldatapeko langile bat izatea lanaldi osoan eta dedikazio osoarekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira foru arau honetan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Bereziki, indarrik gabe gelditzen da 1999ko abenduaren 21eko 118/1999 Foru Dekretua, enpresa eta lanbide jarduerek eta entitateetako partaidetzek ondarearen gaineko zergaren salbuespenak aplikatzeko bete beharreko beharkizun eta baldintzak zehazten dituena.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta, amaierako hirugarren eta laugarren xedapenean jasotakoak salbu, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Aldatzea Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua.

Xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako lurralde historikoaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

1.– Honela idatzita gelditzen dira 41. artikuluaren 2. apartatuko c) eta d) letrak:

«c) Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 6. bis artikuluan aipatzen dituen enpresa edo partaidetzen kostu gabeko eskualdaketetan, ezkontidearen, izatezko bikotearen edo aurreko zein ondorengo ahaideen alde egiten direnean, betiere beharkizun hauek betetzen badira:

Lehenengoa.– Eskualdatzaileak hirurogeita bost urte edo gehiago izatea edo ezintasun iraunkorra edukitzea, dela absolutua dela elbarritasun handikoa.

Bigarrena.– Eskualdatzaileak, zuzendaritza lanak bete izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari eta dagozkien ordainsariak jasotzeari uztea.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide hutsa izatea ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.

Hirugarrena.– Dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan eskuratzaileak bere eskuetan eduki behar ditu jasotako enpresa edo partaidetzak, salbu eta epe horren barruan hiltzen bada. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik gauzatu zuzenean edo zeharka, eskurapen balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Adierazitako epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan, eta ondare irabazia edo galera ekitaldi horretan gertatu dela joko da.

Eskuratuak izan eta gero zergadunak ondare elementuak lotzen badizkio jarduera ekonomikoari, ezinbestekoa izango da elementu horiek gutxienez bost urtez eta etenik gabe egon izana jarduerari lotuta eskualdaketa egin aurretik.

c) Letrak aurreikusitakoa gorabehera, partaidetzen eskualdaketetan, ulertuko da ondare irabazia edo galera dagoela jarduera ekonomikoari atxiki gabeko aktiboen balorearen –jardueratik ez datozen zorren zenbatekoa gutxituta– eta erakundearen ondare garbiaren balorearen artean dagoen proportzioari dagokion zatian. Arau horiek berak ezarriko dira partaidetutako entitatearen partaidetzak baloratzeko, erakunde edukitzailearen partaidetzen balorea zehazteko.

d) Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 6 bis artikuluan aipatzen dituen enpresa edo partaidetzen eskualdaketetan, enpresako langile baten edo batzuen alde egiten direnean, baldin eta aurreko letran ezarritako beharkizunak betetzen badira, berezitasun hauek kontuan hartuta:

Lehenengoa.– Aurreko letrako hirugarren baldintzaren lehen paragrafoan aipatutako bost urteko epea enpresaren edo beronen partaidetzen eskualdaketa datatik aurrera zenbatuko da; eskualdaketa eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso beharko da, eta eskritura edo agiri hori Zerga Administrazioari aurkeztuko zaio.

Bigarrena.– Enpresa edo horren partaidetzak eskualdatu aurretik, enpresako edo entitateko langile guztiei eskaintza bat egin beharko zaie, guztiei baldintza berdinetan, eta inor diskriminatu gabe.

Partaidetzen eskualdaketen kasuan ere, aurreko c) letrako azken paragrafoan aurreikusitakoa aplikatu behar da».

2.– 60. artikuluko 2. apartatuko a) letraren bigarren paragrafoa honela idatzita gelditzen da:

«Zergaren sortzapen egunean ondasun higiezinek ez badute balio katastralik, haren ordez hartuko da aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko balioaren % 50».

Hirugarrena.– Aldatzea Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua.

Aldaketa hauek sartzen dira Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan:

1.– Edukirik gabe uzten da 17. artikuluko 3. apartatua.

2.– Honela idatzita gelditzen dira 19. artikuluko 5. eta 6. apartatuak:

«5.– Baldin eta hildakoaren ezkontideak edo, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotakoaren arabera osatutako izatezko bikoteak direnean, izatezko bikote kideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek edo hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek «mortis causa» eskuratzen badituzte Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6 bis artikuluan araututako salbuespena aplikagarria zaien enpresa indibidual bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak edo haien gaineko usufrukturako eskubideak, eskurapen horiek 100eko 75eko murriztapen bat izango dute zergaren zerga oinarrian, betiere eskuratutakoari kausatzailea hil ondorengo hamar urteetan eusten badiote, salbu epe horretan eskuratzailea hiltzen denean.

Aurreko paragrafoan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko usufrukturako eskubideak eskuratzen direnean, murriztapena kalkulatzeko, kontuan hartu behar da jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioaren –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioa; erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako eskurapenari eusteko beharkizuna betetzen ez bada, murriztapenaren ondorioz ordaindu ez den zergaren zatia eta berandutze interesak ordaindu beharko dira.

Apartatu honetan jasotako hobaria aplikatzearen ondorioetarako, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6 bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizun eta baldintzen konplimenduaren aipamena oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuari buruzkoa izan beharko da. Zehazki, 6 bis artikuluaren 2. apartatuko d) letran aipatzen den baldintzaren konplimenduaren aipamena kausatzailea hil den zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari buruzkoa izan beharko da.

6.– Ezkontideak edo 2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikote lagunak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek «inter vivos» eskuratzen badituzte banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak, eta horiei aplikagarri bazaie 2012ko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarenak, 6 bis artikuluan araututako salbuespena, orduan eskurapen horrek 100eko 75eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Dohaintza emaileak hirurogeita bost urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon, dela erabatekoa dela baliaezintasun handia.

b) Dohaintza emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin du jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.

Ondorio horietarako, besterik gabe sozietatearen administrazio kontseiluko kide izatea ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.

c) Dohaintza hartzaileari dagokionez, dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 10 urteetan, bere esku mantendu behar du eskuratutakoa, eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauaren 6. bis artikuluan araututako salbuespen eskubidea eduki behar du, non eta epe horretan ez den hiltzen. Halaber, dohaintza hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Entitateetako partaidetzen eskurapenetan, murriztapena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duten elkarren artean jarduera ekonomikoari atxikitako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxitua– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetan aipatzen diren beharkizunak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murriztapenaren ondorioz ordaindu ez den zerga zatia eta bidezkoak diren berandutze interesak.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, dohaintza emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuan bete behar ditu 2012ko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarenak, 6 bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizun eta baldintzak. Dena den, 6 bis artikuluaren 2. apartatuko d) letran baldintza betetzeari dagokionez, dohaintza emailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa hartuko da kontuan, hain zuzen ere eskualdaketa egin aurreko lehen zergaldiari dagokiona».

Laugarrena.– Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua.

Edukirik gabe uzten da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 42. artikuluaren 5. apartatua.


Azterketa dokumentala