Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2016ko urtarrilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
374

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 7koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Ereiten fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu egin da Ereiten fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko ekainaren 22an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean jaso zen Ereiten fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Fundazio hori San Lorentzo Monasterioko Beneditarrek eta Mikel Goiaingeruaren Parrokiak sortu dute (biak Oñatikoak, Gipuzkoa). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko urriaren 28an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:

Fundazioaren helburua hezkuntzakoa, kulturakoa, prestakuntzakoa eta gizarte-sustapenekoa da, batez ere Oñatiko eta Debagoieneko haurren eta gazteen zerbitzura, jasotzen, sortzen edo parte hartzen duen kultura-, gizarte- edo hezkuntza-establezimenduen bitartez. Establezimendu horiek kalitate-maila handikoak izango dira, eta, horien bidez, haurrei eta gazteei prestakuntza integrala emango zaie, funtsezko bi printzipiotan oinarrituta: A) Gizakiaren eta gizartearen ikuspegi kristaua. B) Euskal Herriko kultura-balioekiko fideltasuna, eta erabateko inplikazioa euskara babestu eta sustatzeko lanean.

Laugarrena.– Estatutuen 6. eta 7. artikuluetan xedatzen denaren arabera, fundazioaren egoitza hemen egongo da: San Lorentzo Monasterioa, Arantzazuko Ama kalea 18, Oñati (Gipuzkoa). Bestalde, fundazioak bere jarduerak, batez ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan burutuko ditu.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c artikuluak.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

– Lehendakaria: Oñatiko San Lorentzo Monasterioko abadesa, María Jesús Sáez de Vicuña Sáez de Urabain.

– Lehendakariordea: Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokiako parrokoa, José Antonio Larrañaga Urain.

– Idazkaria: María del Carmen Galdos Irizar, Oñatiko San Lorentzo Monasterioaren ordezkaria.

– Diruzaina: Ainhoa Garmendia Guzmán, Oñatiko San Lorentzo Monasterioaren ordezkaria.

– Bokala: Luis María Madina Arrondo, Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren ordez.

– Bokala: Juan Carlos Olaeta Álvarez, Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren ordez.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-397 erregistro-zenbakiarekin: Oñatiko (Gipuzkoa) «Ereiten Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok esanbidez onartu dituzte euren karguak, 2015eko otsailaren 19an Mercedes Hernáiz Gómez-Dégano notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 129); eskritura hori zuzendu eta osatu egin zuten 2015eko apirilaren 27koek (protokolo-zenbakiak: 329 eta 130).

Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 7a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala