Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

euskadi.eus

Hemen zaude:
  1. Lehendakaritzako hasiera
  2.  
  3. Bakea eta Bizikidetza Idazkaritza Orokorra

Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die 1976ko martxoaren 3ko biktimei

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza

2012(e)ko Martxoak 03

Mendiak gogorarazi du biktimak "beren eskubideen alde borrokatzen" ari ziren langileak zirela, eta gertatutakoa "beste testuinguru edo konnotazio politiko batzuei zegokiela esatea ez litzatekeela hil zirenen memoriarentzat bidezkoa izango" esan du

Idoia Mendiak, Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia eta Herri Administrazio sailburuak, lore-sorta bat jarri du Zaramaga auzoan (Gasteizen), 1976ko martxoaren 3an hil ziren langileen oroimenez. Eusko Jaurlaritzak sufrimendu bidegabe horien biktimak aitortzeko antolatzen duen lehenengo omenaldia da, biktimak aintzatesteko dekretua lantzeko espirituari jarraiki (dekretua zirriborro-fasean dago, eta herritarren partaidetzarako irekita dago).

Idoia Mendiak azpimarratu du beharrezkoa dela instituzioek "herrialde honetan gertatu denaren istorioa sortzea" eta 1976ko martxoaren 3an "langileak beren eskubideen alde borrokatzen ari zirela" gogoratzea. "Hori beste testuinguru edo konnotazio politiko bati dagokiola esatea ez litzateke bidezkoa izango han hil zirenen memoriarentzat", erantsi du.

Ekitaldia 1976ko martxoaren 3ko Zaramagako biktimen oroimenez jarri zen monumentuan egin da, loreak jarri dira, eta bertan izan dira CCOO eta UGT sindikatuen ordezkari nagusiak, Iñaki Sordo eta Dámaso Casado, hildako langileak sindikatu horietako kideak baitziren.

Eusko Jaurlaritzak prestatu duen dekretu-zirriborro honen xedea da biktima-izaera aitortzea eta biktima moduan merezi duten erreparazio osoa ematea bidegabeko sufrimenduak jasan dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan 1968. eta 1978. urteen artean, hau da, aldi horretan izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz horrelako sufrimenduak jasan dituztenei. Aitorpen eta erreparazio oso honen norainokoak, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gizarte-elkartasuntzat ulertzen duena aplikatzeko duen borondateari erantzuten dio, bai eta elkarbizitzari eta zuzenbide-estatuaren legitimazioari egin nahi dion ekarpenari ere.

Testuinguru horretan, bidegabeko sufrimendutzat hartzen dira heriotza, baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor partziala eta baliaezintasun gabeko lesio iraunkorrak. Sufrimendu hauek dira segurtasun-indarretako agenteek edo beste funtzionario publiko batzuek, beren eginkizunak betetzean edo betetze horretatik kanpo, eragindako egintza bidegabeen, zuzeneko edo zeharkakoen, dolozko edo erruzkoen, ondorioz izandako sufrimenduak, bai eta administrazio publikoa osatzen ez duten hainbat estamentutako kanpoko laguntzaile batzuek eragindakoak ere.

Testuak adierazten du ez direla, inola ere, sufrimendu bidegabetzat hartuko edozein jarduera indarkeriazko egiten ari zirenek edo egiteko asmoa zutenek jarduera horiek egiterakoan jasandako sufrimenduak, nahiz eta heriotza edo lesioak indarkeria-ekintza hori zuzenean saihesteko edo eragozteko agintaritzaren egintza legitimoen ondorioz gertatu.

Aldaketak zergen sisteman

Hedabideen galderen aurrean, Jaurlaritzak egungo Ongizate Estatua mantentzeko euskal zerga-sistema berrikustearen alde egin duen apustua berretsi du, eta "nahi dugun herrialderako zein zerga-sistema nahi dugun" erabakitzeko hausnartzea "erabakigarria" dela esan du. "Zerga-sistema aldatu nahi ez badugu, zein herrialde nahi dugu? Guk argi dugu", azpimarratu du.

Mendiak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza krisirako "beste irtenbide" bat bilatzen ari dela, gure inguruko beste gobernu batzuk ematen ari direna ez den beste irtenbide bat, alegia; izan ere, "ez du defizita sakratutzat jotzen". Patxi Lópezen gobernuak "ez die gizarte-zerbitzuei eta daukagun kalitateari uko egingo".

"Jaurlaritzatik gastua arrazionalizatzen eta murrizten ahalegindu gara, eta gure politikak ahal beste lehenesten saiatu gara, bi helbururekin: batetik, ekonomia sustatzeko, enpresak manten daitezen, eta lana manten eta sor dezaten, eta, bestetik, Ongizate Estatuaren oinarriak mantentzeko, hau da, hezkuntza, osasuna, justizia eta gizarte zerbitzuak", azpimarratu du.

 

Euskadi, auzolana