Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2024ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1827

45/2024 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxeei 2023-2024ko ikasturterako zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxeei 2023-2024ko ikasturterako zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia onartu zuen, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxeei 2023-2024ko ikasturterako zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. Erabakia ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 9KO 45/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA-ZAILTASUN BEREZIKO ITUNPEKO IKASTETXEEI 2023-2024KO IKASTURTEAN ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71. artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek beharrezkoak diren baliabideak izango dituzte ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena lor dezaten, bai eta lege horretan oro har ezarritako helburuak lor ditzaten ere. Halaber, hezkuntza-administrazioei dagokie behar diren baliabideak bermatzea hezkuntza-premia bereziak izateagatik hezkuntza-arreta arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek ahalik eta gehien garatu ditzaten beren gaitasun pertsonalak, eta, betiere, ikasle guztientzat oro har ezarritako helburuak lor ditzaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legearen helburuen artean, berriz, irakaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea dago, aukera-berdintasunari dagokionez. Irakaskuntza horretan, ikasle guztiek aukera izan behar dute kalitatezko hezkuntza jasotzeko eta bizitzarako gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko, eta, horretarako, guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatu behar dira.

Hezkuntza-sistemak ekitatibotzat jotzen dira biztanlerian dauden desberdintasun sozioekonomikoak leuntzeko gai direnean eta, hala, gai direnean ikasleei kalitatezko hezkuntza lortzeko aukera berdinak eskaintzeko eta haien errendimendu akademikoa ahaleginaren eta gaitasunaren araberakoa izatea bermatzeko, haien jatorrizko herrialdea, sexua eta testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala edozein direla ere. Abiapuntu horretatik, Euskal Hezkuntza Sistemak ekitateari eusten dio, eskolatze zabala eginez, baldintza berdinetan, eta neurriak hartzen segitzen du jatorrizko desberdintasunak konpentsatzeko zein eskolan porrot egiteko eta eskola uzteko arriskua murrizteko.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari, besteak beste, Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak dagozkio araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, haien etapa eta maila guztietan; halaber, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuari jarraikiz, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzeko itunen eta akordioen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea dagokio Hezkuntza Sailari, sistemaren plangintzara egokituta betiere.

Hori horrela, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu du modu berezian laguntzeko gizarte- eta hezkuntza-kalteberatasun nabarmena duten gazteen ehuneko handiak dituzten eta funts publikoekin funtzionatzen duten ikastetxe guztiei. Hori dela eta, erabaki honen bidez, laguntza-lerro bat antolatu nahi du hezkuntza-konplexutasun handiena duten itunpeko ikastetxeentzat, ikastetxe horiek indartzeko eta, hartara, ikasle kalteberen eskola-emaitzak hobetzera eta ikastetxean jarraitzeko ehunekoa handitzera ikastetxeek bideratutako jarduerei laguntzeko.

Aipatutako itunpeko ikastetxe horien artetik, laguntzen hartzaile izan daitezen, 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea dutenak hautatu dira (2020ko eskalako 20 puntu baino gehiago dituztenak). Indize horren helburua ikastetxeak bere ikasleekiko duen egoera baloratzea da, eta, horretarako, hainbat adierazle erabiltzen dira, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Sailak konpromisoa hartzen du hautatutako ikastetxeei baliabide gehigarri ez-finkagarriak emateko, horretarako bideratutako aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Horren bidez, irakasleak kontratatuko ditu, eta, hartara, ikasle kalteberei arreta emateak dakartzan erronka akademikoetara hobeto egokitzen lagunduko du.

2023-2024ko ikasturtea trantsizio-ikasturtea da, hain zuzen, hezkuntza-konplexutasunaren indize altua kontuan hartuta hezkuntza-konplexutasun handiena duten ikastetxeentzat egokitzat jotzen diren irakasle-baliabide gehigarriak etorkizunean ituntzeko.

Kasu honetan, ezinezkoa da dirulaguntza horien konkurrentzia publikoa sustatzea, haien xedearen eta onuradunen berezitasuna eta espezifikotasuna aintzat hartuta. Izan ere, laguntza horiek hezkuntza-konplexutasuneko egoera zehatz eta espezifikoan oinarrituta daude, hau da, ISEI-IVEIk objektiboki zehaztutako eta onuradun izateko proposatutako ikastetxeetako ikasle kalteberen ehuneko handi batek eragindako hezkuntza-konplexutasuneko egoera zehatzean oinarrituta. Izan ere, beharrezkoa eta eraginkorra da ikastetxe horietako ikasleen hezkuntza-prozesuan, interes orokorreko testuinguru batean, eta horrek justifikatzen du laguntza horiek zuzenean ematea.

Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, ekimenak hitzez hitz dioenetik argi eta garbi ondorioztatzen da ekimenak ezinbesteko erregulazioa eta zuzkidura ekonomiko objektiboa dituela bete nahi den premiari erantzuteko.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatzen da. Artikulu horretan ezartzen denez, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, eta sail interesduneko sailburuak proposatuko ditu. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoitu baten eta memoria dokumental baten bidez egiaztatu beharko dira horiek justifikatzen dituzten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da hezkuntza-konplexutasun handiena duten eta I. eranskinean ageri diren Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea 2023-2024ko ikasturtean, salbuespenez, eta erabaki honetan ezarritako estipulazioen arabera.

2.– Dirulaguntzaren helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxe pribatuak indartzea, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan errefortzuko irakasle bat izan dezaten hezkuntza-lerro bakoitzeko, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetze aldera eta, azken batean, hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntze aldera.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Erabaki honen onuradun 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea (2020ko eskalako 20 puntu baino gehiago) duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak izango dira (I. eranskinean daude zerrendatuta).

Hezkuntza-konplexutasunaren indizea Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak kalkulatzen du.

Hirugarrena.– Diruz lagundutako gastua.

2023-2024ko ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko gastua baino ez da diruz lagunduko, hau da, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastua.

Laugarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 2023-2024ko ikasturtean, 2.650.669,67 euro bideratuko dira hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle gehigarri baten lanaldia kontratatzearen ondoriozko gastua ordaintzera.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, kontabilitatean, Zuzendaritzaren aurrekontu-aplikazioei egotziko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretako partida honetan: 11, 42221 programa, 45301 kontzeptua.

2.– Lehen Hezkuntzako etapan zein Bigarren Hezkuntzako etapan hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle bat kontratatzera bideratutako zenbatekoa kalkulatzeko, 2024ko Aurrekontuen Legearen IV. eranskinean jasotako ekonomia-itunaren moduluaren zenbatekoa hartu da kontuan.

Eta ateratzen den zenbatekoa I. eranskinean finkatutakoa da.

Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntza irakasle berriak kontratatzearen ondoriozko gastua ordaintzeko izango da, eta irakasle horiek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiliko dira.

2.– Kontratazio horretan, bermatu beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatu egingo du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa betetzen dela.

Halaber, bermatu egin beharko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:

a) Zer irakaskuntza emateko kontratatu diren, irakaskuntza horiek emateko behar den titulazioa.

b) Zer irakaskuntzatarako kontratatu diren, irakaskuntza horien hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna.

3.– Diruz lagundutako gastuak 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin.

Epez kanpo egindako gastuak ez dira hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat.

4.– Ezin da diruz lagundutako jarduera azpikontratatu, irakasteari dagokionez.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa hauek arautzen dute: batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak (Administrazio Elektronikoari buruzkoa) eta, bestetik, Informatikako eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, Platea E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa onartzen duenak.

3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta horren inguruko gainerako argibideak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1230802

4.– Justifikazioa Nire Karpeta atalaren bidez egin behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki honen bidez, dirulaguntza hauek zuzenean emango zaizkie I. eranskinean zerrendatutako pertsona juridiko guztiei.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako beste batzuekin, baldin eta finantzaketa bikoitzik eragiten ez badute. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastua gainfinantzatuz gero, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 16. artikulua).

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da:

– Lehenengo zatia emandako guztizkoaren % 50 izango da, eta Gobernu Kontseiluak erabaki hau onartu ondoren ordainduko da.

– Bigarren zatia, gainerako % 50a, justifikazioa egiaztatu ondoren egingo da.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– Justifikazio-dokumentazioa formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan bidali behar da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora, Nire Karpeta atalaren bidez (helbidea: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Dokumentazio hori hiru epetan aurkeztu behar da:

– Hasierako dokumentazioa erabaki hau argitaratu ondoren aurkeztu behar da, hilabete igaro baino lehen. Zehazki, dokumentazio hau:

a) II. eranskina, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatua.

b) Kontratatutako irakasleen zerrenda, III. eranskinean jasotako informazioarekin.

c) Irakasleen lan-kontratuak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena kontratatutako langileek titulazio- eta hizkuntza-eskakizunak betetzen dituztela eta ez dituztela kondenatu epai irmo bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (IV. eranskina).

e) Erantzukizunpeko adierazpena, edozein administraziok edo entitate publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo eskuratzeari buruzkoa. Baiezkoa bada, zenbatekoa eta entitate emailearen izena adierazi beharko dira (IV. eranskina).

f) Kontratatutako irakasleen nominak.

g) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-orriak.

– 2024ko ekainaren 1etik ekainaren 30era bitartean, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) II. eranskina, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatua.

b) Kontratatutako irakasleen zerrenda, III. eranskinean jasotako informazioarekin.

c) Kontratatutako irakasleen nominak.

d) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-orriak.

– 2024ko irailaren 1etik irailaren 30era bitartean, amaierako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko da; zehazki, dokumentu hauek:

a) II. eranskina, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatua.

b) Kontratatutako irakasleen zerrenda, III. eranskinean jasotako informazioarekin.

b) Kontratatutako irakasleen nominak.

c) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-orriak.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez, eta hasieran eskatu ez diren frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango dio onuradunari. Egiaztagiri horiek zaintzapean eta eskura eduki beharko ditu hark.

3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak gainditu egiten dituela benetan egindako gastuak, dirua itzultzeko behar den prozedura abiaraziko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izan daiteke laguntza errebokatzeko.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituzten egiaztapenei men egin beharko die onuradunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluan zehazten den moduan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoriak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, eta arauetan baimendutako kasuetatik kanpoko ekarpenak lortzen badira betiere aldi berean, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko erabakia, dirulaguntzei buruzko legedian ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Akordio honetan egindako emakidaren ondorioz ezarritako baldintzaren bat eta ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada –besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako–, arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

2.– Laguntza itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikulutik 42. artikulura bitartean horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, alde batera utzi gabe hartu behar diren gainerako neurriak.

Azken apartatuetako lehenengoa.– Erabaki honetan emandako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Azken apartatuetako bigarrena.– Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.

Azken apartatuetako hirugarrena.– Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala