Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2024ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1834

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 19koa, Migrazio eta Asiloko zuzendariarena, Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroaren lan-batzordeetan parte hartzeko eskatzeko epea irekitzen duena.

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa sortzen duen maiatzaren 9ko 67/2023 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezartzen denez, osoko bilkuran eta lan-batzordeen eta batzorde iraunkorraren bidez jardungo du foroak.

Era berean, dekretu horren 4.2 artikuluak dio lan-batzordeak, hasiera batean, hamar hauek izango direla, eta iraunkorrak izango direla: (1) Gizarte-baliabideetakoa eta etxebizitzakoa, (2) Lanekoa, (3) Berme juridiko eta giza eskubideetakoa, (4) Hezkuntzakoa, (5) Osasunekoa, (6) Partaidetzakoa, kulturakoa eta sentsibilizaziokoa, (7) Harrerakoa eta bizikidetzakoa, (8) Berdintasunekoa, (9) Asilokoa eta (10) Euskarakoa eta hizkuntza-aniztasunekoa.

Halaber, 12.1 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzako sailen, erakundeen, unibertsitateen, erakundeen eta elkarteen ordezkariak izango direla lan-batzordeetako kideak, eta dekretu horretan xedatutakoaren arabera hautatuko direla ordezkari horiek.

Hain zuzen ere, elkarteek parte hartzeko prozesuari dagokionez, hauxe dio 16.1 artikuluak: Immigrazioaren eta asiloaren arloan lan egiten duten elkarteek lan-batzordeetan parte hartzeko prozesua antolatzeko, eta horretarako bakarrik, eskabideak aurkezteko epe bat jarriko da bi urterik behin eta EHAAn argitaratuko da.

Ildo horretan, Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroaren osoko bilkurak, fundazio-bileran, Idazkaritza Teknikoak proposatuta, aho batez onartu zuen barne-funtzionamendurako araudia, baita Foroaren lan-batzordeetan parte hartu nahi duten elkarteek parte hartzeko prozesua irekitzea ere.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 60 eguneko epea zabaltzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, lan-batzorde horietan parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahal izan ditzaten immigrazio-arloan lan egiten duten elkarteek (etorkinek osatutako elkarteek zein etorkinak babesteko elkarteek).

Bigarrena.– Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa sortzen duen maiatzaren 9ko 67/2023 Dekretuaren Eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak (95. EHAA, 2023ko maiatzaren 22koa).

Hirugarrena.– Elkarteek, 18.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea eta, horrekin batera, aurreko urtean egindako jardueren memoria ere bai, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak –edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzak– jarritako epean eta eranskineko ereduaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 19a.

Migrazio eta Asiloko zuzendaria,

XABIER LEGARRETA GABILONDO.


Azterketa dokumentala