Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 1998ko uztailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
3233

AGINDUA, 1998ko ekainaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 1998-99 ikasturtean zehar burutzekoa den bertso lanketarako laguntza deialdia zabaltzeko dena.

Hezkuntza,Unibertsitate eta Ikerketa Saila, bere NOLEGA programaren bidez, eskola giroa euskalduntzeko hainbat ekintza antolatzen eta burutzen ari da. Ekintza horietariko bat, azken urteetako ibiliak erakusten duenez, eskola giroan hizkuntzarekiko klase emankizun formalez gainera hizkuntz lanketarako ariketa bizi eta naturalak bideratzea da; hots, euskara asignatura huts moduan eman ordez, ikasle-irakasleen interes eta sentipenak kilikatuz hizkuntza lantzea. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, euskararen ahozko erabilera, hitzen ebakera zuzena eta doinuera egokia, bat-bateko jariakortasuna eta hitz etorria bultzatzeak umearen hizkuntz gaitasunari begira duen aparteko garrantziaz jabeturik, bertso lanketak gure ikasle-irakasleen artean duen hedadura eta garrantzia handitu nahirik eta azken urteotako ibiliari jarraiki, Eskola Bertso-lanketarako laguntzabideak eskaini beharra ikusten du.

Guzti honen haritik

ERABAKI DUT:

Atal bakarra.– Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 1998-99 ikasturtean zehar burutzekoa den eskola bertso-lanketarako laguntza deialdi hau onartzea, Agindu honen Eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Oinarri-arauetan jardupide gaietan aurrikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.– Interesatuak deialdia eta oinarri-arauak inpugnatu ahal izango ditu, bai eta horien ondorioz Administrazioak egin ditzan egintza oro ere, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.– Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritzak deialdi hau mamitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

Laugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko ekainaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.– Deialdi honetako laguntza-jasotzaileak Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxeak izango dira, Eskola Bertso-lanketan diharduten eta 1998-99 ikasturtean hurrengo oinarrietan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten taldeak dituztenak. Honetarako Euskal Autonomi Erkidegoko 1998ko aurrekontuetatik 8.100.000 PTAko diru-partida erabiliko da.

2.– Laguntza deialdi honek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako bertso lanketa hartuko du kontuan.

3.– Laguntza deialdi honetara A, B eta D irakastereduetan ari diren ikasleen bertso lanketa bildu ahal izango da.

Eskatzaileek ezin izango dute lehendik zabalik eduki Herri Administrazioek emandako antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk.

4.– Oinarriz ondoko hauek hartuko ditu laguntza deialdi honek kontuan: hasi bertso-paperak irakurtzetik eta, aurrez prestaturiko bertso abestuak barne, bat-bateko bertsoetaraino. Saio hauetan bertsoak ezezik, bestelako adierazpideak ere erabili daitezke, hala nola kontakizunak, alegiak, pasadizoak, txisteak eta ahozko adierazmena indartzeko balio lezakeen beste edozein baliabide.

5.– Euskara hutsean prestaturiko bertso lanketara mugatzen da laguntza deialdi hau.

6.– Bertso taldeek, beren osakerari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitatekoa ez den irakaskuntzan diharduten ikaslez osaturik egotea.

b) Arduradun bat izatea; oinarriz bertso lanketan ari diren ikasleen ikastetxeko irakaslea izango da.

7.– 1998-99 ikasturtean burutuko den bertso lanketa hartuko da kontuan deialdi honetan.

8.– Bertso taldeek hiru emanaldi egin beharko dituzte gutxienez. Lehenengoa, bere ikastetxean bertako ikasle eta/edo gurasoentzat; hurrengo biak eskualdeko beste bi ikastetxetan, beraietako ikasleentzat. Laguntza deialdi honetan ez dira lagunduko ikastetxeetatik kanpora egindako emanaldiak.

9.– Bertso lanketako eginkizunok ikasleen ikastetxeko planaren barruan kokatu beharrekoak dira; beraz, bertako zuzendariak jakinaren gainean eta ados egon beharko du.

10.– Laguntza deialdi honetara bildu nahi duen edozein ikastetxek, 1998ko irailaren 1etik hasi eta 1998ko urriaren 10 bitartean, egun biak barne, berariazko eskabide orria bete eta, beharrezko adostasun azalpena arduradunak eta zuzendariak sinaturik eta ekintzaren begiz jotako aurrekontua eta eskatzen den laguntza zehaztuz, lekuan lekuko Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu beharko du. Bestela, epe horren barruan postan sobre irekian aurkeztu beharko du ziurtatzera, zigilua eta data eskabideari berari ezarri ahal izateko, eta honako helbide honetara bidali: Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila (Nolega Atala). Wellingtongo dukearen kalea 2, Lakua, 01010 Vitoria-Gasteiz (edota Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko zaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 atalean ezartzen den edozein administrazio gunetan aurkeztu).

Eskabide orriak Hezkuntza Ordezkaritzetan eskura daitezke.

Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat somatuko balitz, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan ez bada eskabidea osatzen, besterik gabe artxibatu egingo da.

11.– Oinarriz, ondoko fase hauek hartuko dira kontuan:

a) Prestakuntza fasea: bertso lanketaren lehen asmoarekin hasten den unetik lehen emanaldiaren eguna arteko langintza.

b) Emanaldiak. Ebazpen eta Jarraipen Batzordearen esku dago emanaldi-irteera proposamenak modulutan egokitzea. Egokitzapen hauen berri zehatza jasoko du Ebazpen eta Jarraipen batzordearen aktak.

12.– HUISaren onarpena jasotako eskabideek, bertsogintzako lana prestatu eta gutxienez hiru emanaldi eskaintzeagatik, dirulaguntza eskuratuko dute, beti ere 1998ko aurrekontuek hartarako bidea ematen duten neurrian.

Dirulaguntzak ondoko eginbehar hauei erantzuteko erabiliko dira:

– Joan-etorri gastuak, eskualde barruko emanaldiei dagozkienak.

– Eginkizuna aurrera eraman ahal izateko behar diren baliabide materialen gastuak.

Irizpide nagusi bezala, kontuan izan bedi eskola bertsogintzako deialdi honek hizkuntz gaitasuna indartzeko helburua duela. Baliabide materialen gastuak ere ikuspegi horretatik bideratzekoak dira: tresneria eta entzungailu sofistikatuak eskuratzeko egin litezkeen gastuak, beraz, ez dira lehenengo mailakotzat hartuko.

13.– Deialdi honetara biltzen diren ikastetxeek langintza horregatik beste erakunderen baten dirulaguntza jaso edo jasotzekoa badute, horren azalpen zehatza egin beharko dute. Edozein modutan ere, bi dirulaguntzen baturak ezingo du gainditu gastuaren %100.

14.– Dirulaguntza jaso dezaten ikastetxeek, ikasturte amaiera baino lehen, bertako bertso-taldeen emanaldi-irteerei dagozkien ebaluaketa-fitxak, emanaldia jasotzen duten ikastetxeek beteak, eta langintzaren zernolakoa azaltzen duten galdekizunak behar bezala beteta bidali beharko dituzte 10. oinarrian adierazitako helbidera.

Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, laguntza itzuli egin beharko du, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-2-7ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

15.– Dirulaguntzen Erabaki eta Jarraipen Batzorde bat eratuko da, honako kideok osaturik:

– Bertsolaritza munduko bi ordezkari

– Pedagogi Berrikuntzarako zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa.

– PATetako Hizkuntz Normalkuntzako hiru teknikari.

– NOLEGA ataleko bi teknikari.

Batzorde honetako kideak Hezkuntza sailburuordeak izendatuko ditu. Batzorde horren eginkizuna aurkeztutako eskabideak aztertu eta ikastetxeei laguntzak eman dakizkien proposatzea da, honako irizpideok hartuko dira kontuan laguntza zenbatekoak finkatzeko:

– Ikastetxea Hizkuntz Normalkuntzako programan sartuta egotea.

– Ikasmaila.

– Saioaren neurria eta zailtasuna.

– Emanaldi kopurua.

– Emanaldiotarako mugitu beharreko ikasle kopurua.

– Eskabide kopurua eta deialdiaren erantzuteko ahalbideak. 16.– Batzordeak laguntza deialdiaren erabaki-proposamena helaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari eta honek dagokion Erabakia hartuko du 1998ko azaroaren 30a baino lehen.

Aipaturiko epean erabakia espresuki ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da.

Erabaki horrek ez du Administrazio bidea agortzen eta bere aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

17.– Ordainketa diru-sarrera bakarrean gauzatuko da eta Erabakia argitaratu ondoren jarriko da tramitean.

18.– Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomi Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontuen Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza jasotzailea.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Lehen oinarri-arauan deialdi honetarako jarritako guztirako diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskaeren guztirako zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste dirulaguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik.


Azterketa dokumentala