Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2015eko urtarrilaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
7

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 11koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, zeinen bidez, zehazten den hedaduran eta aldian, Donostiako Alde Zaharra turista-olde handiko gune deklaratzen baita, merkataritza-ordutegien ondorioetarako.

Ikusi da Donostia turista-olde handiko gune deklaratzeko Donostiako Udalak aurkeztutako proposamena, Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko azaroaren 19an, Donostiako Udalak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean idazki bat aurkeztu zuen, zeinetan proposatzen baitzuen Donostia turista-olde handiko gune deklaratzea, 2015eko uztail eta abuztuko hileetarako, Donostiako Alde Zaharra zehazkiago, hauek muga hartuta: San Juan kaleko alde bakoitiak, Boulevard-eko alde bikoitiak, Urgull mendia eta Kaiko Pasealekua. Eskabide-idazkiarekin batera, Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako akordioaren kopia aurkeztu zen.

Bigarrena.– Toki-korporazioak aurkeztutako agirietan jasotzen denez, 2014ko irailaren 24an, Merkataritzako Aholkularitza Batzordeari dei egin zitzaion Donostia turista-olde handiko gune izendatzeko uztail eta abuztuko hileetarako, eta organo horretako kide guztiek hala onartu eta berretsi zuten.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Hazkunde, lehiakortasun eta efizientziarako presako neurriak onartzeko uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legea. Aipatu aldaketarekin, 200.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien biztanle-atalasea gutxitzen da 100.000 biztanle baino gehiago izatera, eta ostatu-gauena, 1.000.000 baino gehiago izatetik 600.000 izatera pasatzen. Honela, gutxienez turista-olde handiko gune bat deklaratu beharra duten hirien kopurua handitzen da. Kategoria honetan sartzen diren hirien artean dago Donostia.

Bigarrena.– Aipatu errege-dekretuaren arabera, sei hilabeteko epea dago autonomia erkidego eskudunek zehatutako inguruabarrak gertatzen diren udalerrian turista-olde handiko gune bat gutxienez deklara dezaten; hala egin ezean, udalerri osoa deklaratuko da turista-olde handiko gune, eta merkatariek askatasun osoa izango dute haien establezimenduak urte osoan irekitzeko.

Hirugarrena.– Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluan dioenaren arabera, turista-olde handiko gunetzat hartuko dira inguruabar hauetakoren bat gertatzen den udalerri osoa zein haren zati bat:

a) Nahikoa ostatu-plaza eta turismo-establezimendu izatea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.

b) Gizadiaren Ondare izendatua izatea edo historia- eta arte-ondarean kultura-intereseko higiezinen bat izatea.

c) Muga-guneen eragin-eremuak izatea edo haien ondoan egotea.

d) Estatu-mailako edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.

e) Itsas bidaia turistikoak gelditzen diren eta bisitari asko dituzten portuetatik hurbil egotea.

f) Erakargarritasun nagusia erosketa-turismoa duten guneak izatea.

g) Hala justifikatzen duten baldintza bereziak izatea.

Turista-olde handiko guneetan dauden establezimendu eta dendek, lurralde nazional guztian, askatasun osoa izango dute zehazteko zein egunetan eta zein ordutan izango diren publikoari irekiak.

Laugarrena.– Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluaren 4. paragrafoan xedatzen denez, autonomia erkidegoei dagokie, zein bere udalen proposamenez, turista-olde handiko guneak zehaztea zein bere lurralde-eremurako.

Udal-proposamenak bi mugaketa ezartzen ditu, bata espazioari dagokiona eta bestea denborari dagokiona. Aipatu 5. artikuluan xedatzen denez, baldin eta bertan zerrendatutako inguruabarrak gertatzen badira eta udal interesdunaren proposamenak denbora- edo lurralde-izaerako mugaketa bat badu, oinarritzat hartutako arrazoiak justifikatu beharko dira proposamenean, merkataritza-interesekin, turistikoekin bat eta kontsumitzailearen onurarako.

Udal-proposamenari, Donostia turista-olde handiko gune deklaratzeko txostena erantsi zaio, eta, bertan, erreferentzia egiten zaio Alde Zaharreko elementuen konfluentziari, zeinetan oinarritu baita gune hori hala dela deklaratzeko: interes historikoko eraikin eta elementuen kontzentrazioa, portu- eta muga-guneen hurbiltasuna, merkataritza-, kultura-, gastronomia eta aisia-jardueren kontzentrazioa Alde Zaharrean, baita Espainia mailako eta nazioarteko kirol- eta kultura-ekitaldi handiak ospatzea eta erosketa-turismoko erakarmen guneak egotea ere. Halaber, txosten horretan justifikatzen da denbora-mugaketan ere –2015eko uztaila eta abuztua– turista-olde handiko gune deklaratzea, hilabete horietako bisitari- eta turista-kopuruaren emendatze nabarmena dela eta, izan ere, 2014an, bereziki nabarmen igo da ostatu-gauen kopurua.

Bosgarrena.– Bestalde, egiaztatu da toki-administrazioaren eremuan sektoreari eta inplikatutako administrazioei kontsulta-izapide bat egingo zaiela Merkataritzako Aholkularitza Batzordearen bidez; batzorde hori parte-hartze sektorialeko eta kontsulta-izaerako udal-organo bat da, Toki Erakundeen Antolamendu, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoko Erregelamenduan xedatutakoaren arabera sortua. Haren egitekoen artean dago tokiko merkataritza hobetzen laguntzen duten politikak eta ekimenak proposatzea, kontsultatzea, eta haiek diseinatu eta martxan jartzen parte-hartzea.

Organo horretan ordezkaturik daude hiriko merkataritzako entitate eta erakunde publiko-pribatuak. Aurrekarietan adierazi bezala, 2014ko irailaren 24an, Merkataritzako Aholkularitza Batzordeari dei egin zitzaion Donostia turista-olde handiko gune izendatzeko, eta aipatu organoko kide guztiek onartu eta berretsi dute goian aipatutako gunea hala izan dadila uztail eta abuztuko hileetan.

Seigarrena.– Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan esleitzen zaizkion eskumenei jarraikiz, eta ikusirik Donostiako Udalak egindako proposamena eta Merkataritza Zuzendaritzaren justifikazio-memoria,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostia turista-olde handiko gune deklaratzea, Donostiako Alde Zaharra zehazkiago, hauek muga hartuta: San Juan kalea alde bakoitietan, Boulevard-a alde bikoitietan, Urgull mendia eta Kaiko Pasealekua.

Bigarrena.– Deklarazio hau 2015eko uztailaren 1etik 2015eko abuztuaren 31ra bitartelp aldira mugatzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 11.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

ITZIAR EPALZA URQUIAGA.


Azterketa dokumentala