Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2016ko urtarrilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
7

AGINDUA, 2015eko abenduaren 18koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Santurtzi udalerriko 4. Partzelan, San Juan-Rompeolas 1eko eremuan babes ofizialeko 32 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua bertan behera uzteari buruzkoa.

GERTAKARIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko ekainaren 19ko Aginduaren bidez, Santurtzi udalerriko 4. Partzelan, San Juan-Rompeolas 1eko eremuan babes ofizialeko 32 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasi zen eta hainbat zehaztasun finkatu ziren. Agindu hori 2015eko ekainaren 29an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Agindu horrek, besteak beste, honako hau ezartzen zuen: sustapen honi zegozkion baldintzak betetzen zituztenek esleipen prozedura horretan parte hartzea eskatu behar zutela 2015eko irailaren 7tik 18ra bitarteko epean. Epe hori amaitu ondoren, ordea, 16 eskaera bakarrik jaso dira, eta horietatik, baldintzak betetzen dituztenak 10 espediente besterik ez dira.

2.– Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (Visesa) baltzu publikoak sustatu du, eta arestian aipatutakoa kontuan hartuta, baltzu publiko horrek 32 etxebizitzak esleitzeko prozedura bertan behera uztea eskatu dio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hori ematea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 4.a) artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 87.2 artikuluak hau xedatzen du: prozedura bertan behera utziko da, era berean, gerora sortutako arrazoiak direla-eta prozedura ezin bada inola aurrera eraman. Horretarako emango den ebazpenak, betiere, arrazoitua izan behar du.

3.– Bestalde, lege horretako 42.1 artikuluaren bigarren paragrafoak hau xedatzen du: preskripzioa gertatu, eskubideari uko egin, prozedura iraungi edo eskaeran atzera eginez gero, baita prozeduraren xedea gerora desagertzen denean ere, gertatutako ingurumariak adieraztea, horixe izango da ebazpena, betiere, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuta.

4.– Visesak eraginkortasuna kontuan hartu behar du kudeaketa bikaina izate aldera. Beraz, bere egitasmoek bideragarriak izan behar dute bai ekonomikoki eta bai sozialki ere. Etxebizitza publikoaren sustapenari dagokionez, oinarrizkoa da etxebizitzen erabilpena ziurtatzea, baliabideak alferrikako izan ez daitezen. Hori dela eta, funtsezkoa da sustapenen bideragarritasuna ziurtatzea, sustapen horiek aurrera ateratzeko nahiko eskaera dagoela aurreikusiz, sor zitezkeen galera ekonomikoak ekiditeko.

Azken urteetan pairatu dugun finantza-krisiak eta lan-segurtasun ezak sustatutako etxebizitza bakoitzeko gutxieneko eskatzaile kopuru bat bermatzera behartu du Visesa, hutsik gera litezkeen etxebizitzak sustatu gabe.

Esleipen prozedurari hasiera ematen zion 2015eko ekainaren 19ko Aginduaren arabera, prozedura horretan parte hartzeko epe bat ezarri behar zen; epe hori bukatu ondoren, Bizkaiko Etxebizitza Ordezkaritzak adierazi du 10 espedientek bakarrik betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak.

Nabaria da, beraz, eskaera ez dela nahikoa sustapen honetako etxebizitzak esleitzeko.

Visesaren betebeharra da dauden baliabide ekonomiko urriak erabiltzea nahikoa eskaera duten sustapenak aurrera eramateko, eta eskatzaile faltagatik etxebizitza babestuak hutsik egon daitezen ekiditea. Sozietate publikoak, sustatzaile den aldetik, eska dezake behin behineko kalifikazioari uko egitea eta esleitzeko prozedurarekin jarraitzeko sortutako ezintasuna deklaratzea. Kasu horretan, administrazioak prozedura amaitutzat eman behar du, eta horrekin jarraitzeko sortutako ezintasuna deklaratu.

Eskatzaile faltagatik sustapena aurrera eramateko ezintasuna eta, horren ondorioz, Visesak 32 etxebizitzak eraikitzeari uko egitea gerora sortutako arrazoiak dira, 2015eko ekainaren 19ko Aginduaren bitartez hasitako etxebizitzen esleipen prozedurarekin jarraitzea eragozten dutenak. Beraz, prozedura hori bertan behera utziko da.

Hori guztia dela-eta, aipatutako aginduak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Santurtziko San Juan Rompeolas eremuan proiektatutako babes ofizialeko 32 etxebizitzak esleitzeko prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa dela adieraztea, gerora sortutako arrazoiak direla-eta. Horregatik, prozedura hori bertan behera utziko da.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 18a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala